Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/11/20 20:12:57.896 GMT+1

Veleiako iruzurra baieztatu da

Duela bi urte doi-doi, blog hau sortu berritan, Veleiako gaia izan nuen mintzagai. Orduan aurreratutako jarrera ezkorra azkenean baieztatu egin da: aditu talde batek faltsutzat jo ditu ustez erromatar garaikoak ziren euskal izkribudun ostrakak. Ikus xehetasunak Berrian eta Sustatun.





Nork: Jurgi.2008/11/20 20:12:57.896 GMT+1
Etiketak: araba historia veleia | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/05/29 11:31:49.362 GMT+2

Euskal mintegia Oxforden

Datorren ekainaren 9an mintegi bat egingo da Oxfordeko Unibertsitatean galeseraren eta euskararen historia soziala konparatuz: 'Out of Paradise: Welsh and Basque Languages Facing Modernity (1800-2008)'.


Euskal Herriko zein Galesko adituak mintzatuko dira, bai historialariak, soziolinguistak zein filologoak, eta azken bi mendeotako gorabeherak aztertuko dituzte ikuspegi konparatu batean. Izatez aurten Oxforden garatzen ari naizen ikerketa proiektuaren parte da mintegi hau.

Baten batek etortzeko asmorik balu ongi etorria izango da (sarrera librea da). Ekitaldia 70 Woodstock road kaleko European Studies Centre ikerketa gunean izango da, goizeko 9etan hasita. Hona egitaraua:

9:00 – 9:30. Welcoming Remarks

9.30 - 11:00. Panel 1 - The Nineteenth and early Twenty century

Prof Geraint Jenkins: ‘A million or more!’ The Welsh Language and its Speakers 1801-1911’

Dr Jurgi Kintana: ‘Natural Selection? The Basque Language in a Comparative Perspective, 1800-1936’

11:00 - 11:30. Tea / Coffee

11:30 - 13:00. Panel 2 – The Twentieth century

Dr Irene López-Goñi: ‘The Rebirth of the Basque School in Navarre during Franco’s Regime, 1957-1975’

Dr Marion Loeffler: ‘From Neglect to Promotion: The Welsh Language, 1911 to 2001’

 13:00 - 14:30. Lunch

 14:30 - 16:00. Panel 3 – The Present and the Future

Prof Colin Williams: ‘From Promotion to Regulation: The Prospects for Welsh in the 21 st Century’.

Dr Jokin Aiestaran: ‘Basque in the 21st Century: Present Situation and Challenges Ahead’

 16:00 – 16.15. Concluding remarks

 16:15. Tea / Coffee


Nork: Jurgi.2008/05/29 11:31:49.362 GMT+2
Etiketak: oxford historia | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

2008/05/17 19:18:49.029 GMT+2

Euskal Herri imajinarioaz gehiago

Aurrekoan iruzkinduriko Santi Leoné-ren Euskal Herri imajinario baten alde liburuaren haritik, kontu gehigarri batzuk aipatuko ditut. Zer da Euskal Herri imajinarioa? Nola eraiki da historikoki? Zertan daude horren gaineko ikerketak?

Horiek dira, nire gusturako, Leoné-k bere liburu bestalde bikainean nahikoa landu gabe utzitako auziak. Nik ere ez ditut hemen merezi bezala landuko, baizik soilik zirriborratuko.

Ikerketa postmodernoak euskal historian

Imajinarioaren ikuspegia hein handiz jakintzaren inguruko egungo paradigma postestruktural / postmodernoari dago lotuta. Izan ere, garai batean, "Egia" historikoa bilatu nahi zen, dela XIX. mendeko ikertzaileen modu positibistan (batez ere gertaera politikoak aztertuz), dela XX. mende erdialdeko historialari estrukturalisten ildoan (historialari marxistak, Annales eskola, etab, nagusiki egitura sozial eta ekonomikoei eskaintzen ziotenak arreta).

Egungo paradigma postmodernoan, aldiz, "Egia" bezalako gauza potoloak albo batera utzi eta gehiago jotzen da diskurtsoak aztertzera, testu, sinbolo edo narrazio baten atzean dagoen historia, esanahiak, mekanismoak, helburuak eta eragileak zeintzuk diren argitzera. Hori da adibidez Leoné-k bere liburuan egin duena navarristen eta Nabarraldeko metanarrazioak deseraikitzean. Izatez ikerketa ildo horretan aditua da Leoné, eta memoria lekuen inguruko hainbat lan interesgarri eginak ditu (adibidez San Frantzisko Xabierrek sinbolo gisa izan dituen esanahien inguruan, edo foruek Nafarroako memoria leku gisa izan duten erabileraz).

Azterbide postmodernistak literatur kritikan du iturri nagusietako bat, eta izatez Euskal Herriko historiaren ikerketetara ere bide horretatik iritsi ziren paradigma honen lehen eraginak. Hola, aitzindarien artean Jon Juaristiren 1987 urteko El linaje de Aitor liburua aipa liteke. Bertan, XIX. mendeko literatura foruzalea aztertuz, euskal identitatea nola eraiki zen aztertzen zuen. Juaristiren lana, ordea, berez kalitate handikoa izan arren, bere asmo "desmitologizatzaile" militanteak zamatzen zuen: testuak deseraikitzeko tekniketan joera berrietan kokatu arren, abertzaleen "gezurra" salatu nahiak, paradigma zaharreko "Egian" sinestera eramaten zuen, "Egia" hau aski interesatua izanik.

Ikuspegi postmodernora modu beteagoan (eta akademikoagoan) egokitu zen Juan María Sánchez Prieto historialaria eta bere 1993ko El imaginario vasco liburukotea (mila bat orrialde). Honek ere, XIX. mendeko euskaldunen identitateari lotutako testuak aztertzen zituen, baina literarioak baino gehiago historiografikoak eta etnografikoak, bai Euskal Herrikoak zein Europan zeharrekoak.

Historialari izan gabe, Joseba Zulaika antropologoaren eragina ere aipa liteke ikuspegi postmodernoa Euskal Herrira ekartzen lagundu dutenen artean. Del cromañón al carnaval liburuan (1996), adibidez, haitzuloetako euskaldunei buruzko narratiba historiko-antropologikoa nola sortu zen ederki azaltzen du.

Halako aitzindariak eta nazioarteko eraginak tarteko, 1990eko hamarkadatik postmodernismoak euskal historialari askorengan izan du oihartzuna. Sarritan, ordea, azaleko eragina izan da, eta gutxi izan dira paradigma berriaren lanabes eta kontzeptuak behar besteko sakontasunaz baliatu dituztenak beren ikerketetan. Gutxi horietako bat da, hain zuzen, Leoné. Ikerketa ildo berean beste nafar gazte bat ere nabarmendu beharra dago, Iñaki Iriarte, bai euskaraz, zein gaztelaniaz ekoitzi duena. Leoné eta Iriarte dira, nik ezagutzen dudanetik, euskal historiografian bide postmodernoa modurik finenean lantzen ari direnak une honetan, batez ere Nafarroako identitatearen inguruko gaiekin.

Beste nafar bat ere aipatu beharko nuke, Xabier Zabaltza. Euskal eta nafar identitateaz idatzi dituen lanak -Mater Vasconia tesia eta Gu, nafarrok saiakera besteak beste- biziki gomendatu dizkidate, baina aitortu behar dut ez ditudala oraindik irakurri. Nire mugak tarteko injustizia Zabaltzari ez ezik beste hainbat autoreri ere egingo diet, ez bainoa izen gehiago aipatzera euskal historialari postmodernoen zerrendatxo honetan (merezi dutenak egongo badira ere).

Baiezta dezakedana da historiografia postmodernoaren ildotik, hainbat gai jorratu direla: euskal identitatearen eraikuntza literaturan, diskurtso antropologikoetan, historiografian, nafar/euskal/espainiar identitateen arteko harremana memoria lekuetan...

Adibide bat: euskal lurraldetasuna

Teoriarekin luzatu naiz eta bada garaia Euskal Herri imajinarioaren etsenpluren bat azaltzeko. Azkueri buruzko tesia idazten ari nintzenean ohartu nintzen XIX. mendean egun jakintzat ematen dugun "euskal kanon nazionala" finkatu gabe zegoela hainbat arlotan.

Adibidez, gaur egun "Euskal Herria" hitza aipatzean zazpi probintziek osaturiko mapa imajina dezakegu. Edo mapa hori ikustean berehala identifikatzen dugu eta badakigu zein lurralderi dagokion. Aldiz 1890 urteko euskaldunei zazpi probintzien mapa bat erakutsi izan bagenie ia inork ez zuen jakingo zer zen hura. Garai hartan egon bazegoen euskalduntasun ideia bat, baina ideia horren baitan ez zen sartzen zazpi probintzien mapa.

Izan ere, garai hartan praktikoki ez zen halako maparik existitzen. Salbuespenetako bat Bonaparte printzeak 1863 urtean egindako euskalkiena zen, zazpi probintziak biltzen zituena. Baina mapa horren oso tirada txikia egin zen eta oso jende gutxik ezagutzen zuen. Azkuek, adibidez, ez zuen 1899 urtera arte (hogeita hamabost urte zituen orduan) sekula ikusi. Eta hori bera garaiko euskaltzaleen artean mugitzen zela eta hainbat dokumentu ibili zituela esku artean.

Are gehiago: "Euskal Herria" izena, hiztun arrunten ahotan bizi arren (hainbat bariante dialektaletan), jatorriz euskara mintzatzen zen lurraldeari egiten zion erreferentzia, ez zazpi probintzien osotasunari. Beraz Enkarterriak, Araba gehiena eta Nafarroaren hegoaldea, XIX. mendeko euskaldun arrunt batek ez zituen Euskal Herritzat joko, baizik Erdal Herritzat. Izatez garaiko euskaldun gehien-gehienek jakin ere ez zuten jakingo euskararen lurralde eremua zehazki noraino heltzen zen.

Pertsona ikasi beraien artean euskal lurraldetasun ideia aski finkatu gabe zegoen: hirurak bat, laurak bat, zazpiak bat... Lelo hauek pertsona berberak erabil zitzakeen. Ohartzekoa da nolanahi ere zazpiak bat leloa ez zela agertu 1892 urtera arte. Lehenago, jakina, pertsona ikasi batzuk aipatua zuten zazpi euskal probintzia zeudela (Axular, Larramendi, Abadia...), nahiz autore guztiak ez etorri bat definizio horietan (Oihenartek adibidez Akitania osoa zuen euskal lurraldetzat). Nolanahi ere kuriosoa da ikustea irurac bat leloa 1763 urtetik bueltaka zebilen bitartean, zazpi probintzien batasun ideia ez zela lelo gisa finkatu ehun urte geroagora arte.

Laburbilduz: euskal lurraldetasun ideia "kanonikoa", hau da, argia, zehatza, edozein euskaldunek identifika zezakeena, ez zen existitzen 1890 aldera. Egon bazeuden euskal lurraldetasun ideia lauso batzuk, baina nahiko nahasiak (herritar arrunten Euskal Herri ideia linguistikoa, irurac bat, provincias vasco-navarras...). Imajinario territoriala geroztik joan da finkatzen eta sinbolo argietan materializatzen (zazpi probintzien mapa, zazpiak bat leloa, Euskal Herria izena), eta gaur erreferentzia ezaguna da edozein euskaldunentzat.

Ondorioa

Euskal identitatea eta kultura, ez da "hor", "berez", "betidanik" dagoen gauza bat. Ezta antzina argi zegoen zerbait  (Nafarroa independentearen garaian, edo historiaurrean, edo beste noizbait) eta orain "berreskuratu" behar duguna ere. Lurraldetasun ideia eraikiz joan den bezala beste horrenbeste gertatzen da hainbat konturekin: XX. mendean zehar bihurtu direla euskal identitate elementu kanonikoak, edozeinek "euskal" gauza gisa identifikatzen dituenak:

  • Ikurrina (Sabino Aranak 1894an Bizkairako sortua)
  • "Euskal" pertsona izenak (batzuk osoki asmatuak, beste batzuk inork oroitzen ez zituen testu zaharretatik atereak)
  • Euskara batua (ofizialki 1968an sortua)
  • "Euskal" kantak (Ez dok amairu moduko mugimenduek 1960-1970etan sortuak edo ezagun bihurtuak)
  • Txalaparta (Gipuzkoako herri jakin batzuetan baino ezagutzen ez zena)
  • Olentzero (Gipuzkoa-Nafarroa arteko zonalde batekoa)
  • "Euskal" pastela (jatorriz Lapurdi aldekoa)
  • ...
Horiek guztiak eta gehiago egungo euskal nortasun politiko, kultural edota folklorikoarekin lotzen ditugu. Baina ez da beti hala izan. Historia hurbilean sortuz, asmatuz, aldatuz, eraikiz, hedatuz, joan dira, batzutan eztabaida eta gatazka artean. Hori da Euskal Herri imajinarioa. Eta historialari gisa on litzateke imajinario hori aztertzea, deseraikitzea, ulertzea.
 

Nork: Jurgi.2008/05/17 19:18:49.029 GMT+2
Etiketak: historia | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (1)

2008/05/03 20:53:18.894 GMT+2

Euskal Herri imajinario baten alde (liburu aipamena)

Euskal nazioa asmatua da. Eta zer? Munduko nazio guztiak dira asmatuak. Horixe da Santi Leoné nafar historialariak Euskal Herri imajinario baten alde liburuan defendatzen duena (Elkar, 2008).



Liburua saiakera labur bat da (92 orrialde), arin eta erraz irakurtzen dena. Izatez, ingeles historialarien estilo atsegin eta dibulgatiboa ekarri dit gogora. Zaldi Eroaren marrazkiek umore puntu gehigarri bat eransten diote.

Liburuaren abiapuntuko ideia aski ezaguna da ikertzaileen artean: nazioak komunitate imajinatuak dira, ez dira betidanikoak, ezta berezkoak ere, baizik aski berriak, nagusiki XIX. mende aldera eraikiak, sortuak, asmatuak...

Nazioak ulertzeko modu hau agian harrigarria egingo zaio irakurle ez espezializatuari. Izatez, asmakizunaren ideia gure artean batez ere autore espainolistek zabaldu dute, euskal abertzaletasuna salatzeko asmoz: "Euskal Herria nazio asmatua da, beraz ez da egiazkoa, baizik gezur bat". Hori da, sinplifikatuz, maiz iristen zaigun mezua. Horregatik da eskertzekoa Leoné-ren saiakera, asmakizunaren norabide bakarreko mezua ("euskal nazioa asmatua da"), beste alderantz ere zuzentzen baitu, publiko zabalari ezagutaraziz: euskal nazioa asmatua da, bai, munduko nazio guztiak diren bezala, baita espainiar nazioa ere. Zeren oraindik orain, asko dira Espainian, baita historialarien artean ere, beren nazioa milenario gisa aurkezten dutenak. Horrexen hainbat adibide agertzen (eta kritikatzen) ditu Leoné-k.

Liburuak, gainera, arreta berezia eskaintzen dio Nafarroako kasuari. Bertan, alde batetik, eskuin navarristak, Nafarroaren historia esentzialki espainol gisa aurkeztu izan du, gauza berezko eta betidanikoa bailitzan. Beste aldetik, navarrismo espainolista horri aurka egin nahian, euskal abertzale batzuk, Nabarralde proiektuaren inguruan bilduak, Nafarroaren historia esentzialki euskaldun gisa aurkeztu nahi izan dute (Nafarroa = Euskal Estatua). Kasu bietan, historia modu dogmatiko, manikeo eta politizatuen erabili da, ez iragana ezagutzeko baizik batez ere egungo proiektu bat ala beste justifikatzeko. Erabilera makur hori da liburuak kritikatzen duena. Eta horren aurrean Euskal Herri imajinarioaren aldeko apustua egiten da: "Euskaldunak bagara, ez da iraganak behartuta, historiaren manatuak bultzatuta, hildakoen ahotsak hartaratuta. Euskaldunak bagara, izate horri edukia guk ematen diogulako da" (91.orr).

Esan beharrik ez dago guztiz bat egiten dudala liburuaren planteamenduarekin. Zenbait puntutan, ordea, apur bat labur geratu zait. Neurri handiz, nire deformazio profesionala da arazoa, urtetan nazionalismoaren historia gaiak erabili baititut esku artean, eta alde horretatik gauza gutxi egin zaizkit berriak. Alta, aitortu behar dut egileak adibide xume eta egokiak hautatuz zehatz transmititzen dituela ideia nagusiak.

Bereziki polita iruditu zait Jaime Ignacio del Burgoren faltsifikazioaren etsenplua (ezezagun zitzaidana): politikari navarristaren interpretazioan XVI. mendeko nafar gorteen akta batean hispanitatearen defentsa garbia egiten zen (spanidad, Del Burgoren irakurketan), izatez, jatorrizko testuan, kristautasuna aipatzen zenean (christiandad).

Halaber, Nabarraldeko autoreen estilo literarioari buruzko kritika originala eta guztiz pertinentea egin zait: idaz-tankeraren auziak garrantzi gutxikoa eman badezake ere, Leoné-k antzeman duen bezala, Nabarraldekoen estilo solemne eta handinahia bat dator guztiz beren liburuek egia absolutua agertzeko duten asmoarekin.

Agian Leoné-ren liburuan urrien egin zaidana izenburuko helburuaren garapena da, hots, Euskal Herri imajinarioaren aldeko jarduna. Izan ere, liburuan ez da azaltzen zer den Euskal Herri imajinario hori, nola joan den berau historikoki sortzen (demagun diskurtso mailan, edo sinboloetan), edota imajinario horrek zer interes izan dezakeen. Berriki, modu irrigarri batean, Volgako batelariek imaji-Nazio horren aldeko hainbat proposamen aurkeztu dituzte. On izango zen Leoné-k ere bereak azaltzea. Nire partetik, behinola, historia arloko euskal curriculumari buruzko artikulu batean gaia zertxobait ukitu nuen.

Edozein kasutan, eta amaitzeko, liburuak aise lortzen du argitaratu den Eztabaida bildumaren izenari ohore egitea. Jada zenbait iritzi desberdin sortarazi ditu. Irakurle guztiei biziki aholkatzen diet.

Nork: Jurgi.2008/05/03 20:53:18.894 GMT+2
Etiketak: historia nafarroa | Permalink | Erantzunak (13) | Errenferentziak: (0)

2008/04/11 18:29:40.901 GMT+2

Galeseraren historia soziala

Gales eta Euskal Herria hainbat arlotan dira antzekoak: neurri eta biztanle kopuru ia bera dute (biek 20.000 km2, eta 3 milioi biztanle inguru), bietan bertako hizkuntza gutxitua dago (galesera biztanleen %21ak daki, euskara %28k), eta bilakaera historikoan ere parekotasun handiak dituzte.

Antzekotasun horren haritik ikerketa konparatu bat egiten ari naiz. Egia esan Erresuma Batura etorri nintzenean uste nuen galeseraren historiari buruz euskararen historiari buruz bezain ikerketa gutxi egongo zirela eginda. Baina oker nengoen. Laster topatu nuen A Social History of the Welsh Language liburu bilduma. Geraint H. Jenkins Galesko unibertsitateko historialariak koordinaturiko proiektu bat da, Erdi Arotik gaur egunera arteko hizkuntzaren historia soziala aztertuz. Dozenaka ikertzailek parte hartu dute proiektuan eta emaitza 11 liburutako bilduma izan da 1997 eta 2001 artean argitaratua. Izatez 5 libururen bi bertsio egin dira, bata galeseraz eta bestea ingelesez, eta hamaikakoa osatzeko falta den liburua elebitan argitaraturiko datu estatistikoen tomo bat da, irudian ageri den hauxe:

           

Euskal Herrian, jakina, badira ikerketak euskararen historia sozialari buruz. Ez dago, ordea, Galesen bezalako proiektu zabal eta koordinaturik.

Euskararen iragana ikertu duten pertsona gehienak banaka aritu dira, eta arlo bat edo beste bat arakatu dute, ez historia osoa. Askotan, gainera, filologoak eta literatur kritikariak izan dira halako lanak burutu dituztenak, ez historialariak. Ez dut esan nahi hizkuntzan adituen ekarpenak eskasak direnik. Aitzitik beren lana beharrezkoa da eta ondo egiten dute. Arazoa da literatura eta filologia arloetatik kanpoko hizkuntza-gaiak, propioki historialariei dagozkienak, inork gutxik lantzen dituela.

Galesen bezala beharrezkoa litzateke gure artean ere, proiektu kolektibo bat, unibertsitate mailako ikerketa talde batek antolatua, zenbait urtetakoa, beharrezko aurrekontuarekin eta dozenaka aditu bilduko dituena. Eredua Galesek eskaintzen digu.

Nork: Jurgi.2008/04/11 18:29:40.901 GMT+2
Etiketak: historia gales | Permalink | Erantzunak (13) | Errenferentziak: (1)

2008/03/17 21:26:57.464 GMT+1

Film aipamena: 'The Other Boleyn Girl'

Zehaztasun historikoak, gidoi interesgarriak, aktoreen lan txukunak eta edertasun bisualak bat egiten dute XVI. mendeko Ingalaterran kokaturiko istorio honetan.


            

Filma Las hermanas Bolena izenburupean ikus liteke egunotan Hegoaldean (badirudi Iparraldean oraindik ez dela estreinatu). Mary eta Anne Boleyn ahizpen istorioa kontatzen du, Ingalaterrako Henry VIII erregearen maitale izan zirenak. Filmean ez dira elementu asmatuak falta, batez ere harreman pertsonalen ingurukoak, baina oro har kontakizuna ez da asko aldentzen errealitatetik.

Fikzio historikoa baino historia fikzionalizatua dela esan liteke, egia baita bi ahizpa hauek existitu zirela, erregearekin harreman hurbila izan zutela, bai eta filmean azaltzen diren gertaera nagusiak hala jazo zirela. Izatez iturri historikoetan dauden hutsuneek erraztu dute istorioaren zati bat asmatu ahal izatea, xehetasun guztiak egiazki nola izan ziren ez baitago jakiterik. Hola gidoilariek, historia bortxatu gabe, irudimenerako tarte bat izan dute, kontakizun sinesgarri eta erakargarri bat osatuz.

Historiaren ikuspegitik filmak Aro Berriko errealitatea ulertzeko hainbat elementu biltzen ditu. Adibidez:
  • familia-leinuen lehentasunezko lekua garaiko gizartean
  • ezkontza-estrategien garrantzia familiak sozialki gora egiteko
  • emakumeen menpeko rola estrategia horietan
  • norbanakoen saioak jokoaren baitan urrunago iristeko
  • familiako kideen arteko elkartasun eta hurbiltasuna
  • erresumen izaera familiarra, non erregearen aferak estatu-arazo ziren...
Filmeko estetika nabarmendu beharrekoa da orobat. Hainbat eszena garaiko koadroak balira bezala osatuta daude, eta nobleen luxuzko janzkera (perfekzio handiz islatua) begien gozagarri da.

Ikustea merezi duen filma, zalantzarik gabe.


Nork: Jurgi.2008/03/17 21:26:57.464 GMT+1
Etiketak: historia | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2008/02/15 14:51:14.691 GMT+1

Metropolis: iraganeko etorkizuna

1927 urtean estreinatu zen Fritz Lang aleman zuzendariaren Metropolis filma. Etorkizunean, zehazki 2026 urtean, giroturiko istorioa kontatzen du. Ezin esan iragarpenetan asmatu zuenik, baina filma ispilu aparta da iraganaz eta orainaz ohartzeko.



Istorio futuristetan ohikoa izaten da uneko perspektibak, puntako joerak, azken modak, esperantzak eta beldurrak etorkizunera proiektatzea. Hola, gertatuko denaren irudi bat baino gehiago istorioa kontatu den une harexen erretratu exageratu bat azaldu ohi da. Beti egon liteke, jakina, intuizio zuzenen bat, baina irudi nagusia jatorrizko garaiari dagokio. Horixe gertatzen da Metropolis filmean ere: 2026 urtea baino gehiago 1927 urtea erakusten duela.

Gainera, 1927an bertan kokaturiko film arrunt batek ez bezala, Metropolis-ek gure XXI. mende hasiera irudikatu nahi duenez, aurrez aurre jartzen dizkigu behinolako ikuspegiak eta egungo errealitateak. Eta mundua benetan asko aldatu da, baina ez 1927an uste zitekeen bideetatik.



Filmeko Metropolis etxeorratz erraldoiz osaturiko hiri bat da. Bertako biztanleak bi klase nagusitan zatituta daude: planifikatzaileak eta langileak. Klase biak arlo guztietan bereizten dira. Planifikatzaileek hiriaren goialdean dute bizigunea, aginte politiko zein ekonomikoa beren esku dago eta luxuzko bizitzaz gozatzen dute. Langileak hiriaren lurrazpiko etxeetan bizi dira, fabrikako makinetan 10 orduko lan-txanda itogarriak egin behar dituzte, eta bizimodu miserablea dute. Formetan ere guztiz desberdinak dira klase biak: langileek uniforme ilunak daramatzate, bai lanean eta bai etxean; planifikatzaileek traje eta jantzi garestiak dituzte; langileak oinez ibiltzen dira, planifikatzaileak autoan... Eta batzuen eta besteen bizimodua hain antagonikoa izanik, filmeko munduan, langileen matxinada gertatzeko aukera handia dago.

Historia, ordea, ez da bide horretatik joan. Klaseen arteko zatiketa eta iraultza arriskua inoiz baino urrunago daude gaur egun. Horiek 1927ko arazoak ziren, ez XXI. mende hasierakoak.

Planifikatzaileei dagokionez, Metropolis-eko iragarpena ez da guztiz okerra gertatu. Gure munduan, filmea egin zen garaikoan bezala, botere politikoa eta ekonomikoa estuki lotuta mantentzen dira, nahiz agintea ez den Metropolis-en bezain modu zentralizatuan ezartzen. Errealitatean jazotako aldaketa nagusia langileen bizi baldintzetan gertatu da.

1927ko filmak imajinatu ere ez zuen egiten XXI. mende hasieran langileek auto propiorik izan ahalko zutenik, jantzi garestiak erosi ahalko zituztenik, oporretan atzerrira joan ahalko zirenik... Langileen eros ahalmena izugarri hazi da, eta kontsumo gizartea sortu. Horri lotuta, igoera sozialerako aukera hedatu da: klase zatiketa finkatu barik lausotu egin da, eta behinolako fabriketako langileen seme-alabei bide sozio-laboral berriak ireki zaizkie.

Genero arloko aldaketa ere nabarmena izan da. Metropolis-ko mundu futuristan fabrikako langile guzti-guztiak gizonak dira. Beren emazteak etxean geratzen dira (uste izatekoa da etxeko lanetan). Planifikatzaileen taldean ere, erabakiak hartzen dituzten bakarrak gizonak dira. Janzkeran bertan markatzen da rol bereizketa: emakume guztiak gonaz janzten dira, gizonak prakekin. Egoera hori, jakina, 1927ko munduari dagokio, ez XXI. mende hasierari. Emakumeen rolean jazotako aldaketa, beraz, oso handia izan da. Emakumeak garai batean maskulinotzat hartzen ziren hainbat esparrutan sartu dira: fabriketan, bulegoetan, praketan...

Gizonen rolean jazotako aldaketa txikiagoa begitantzen zait. Etxeko lanetan parte hartze zertxobait eta elementu estetiko "femenino" gutxi batzuk onartzea (gonarik adibidez ez, baina bai belarritakoa eramateko aukera, ile luzea uztekoa, eta ez asko gehiago).

Gizartearen homogeneotasun etnikoan antzeman liteke beste aldaketa handi bat. Metropolis-ko langileak zein planifikatzaileak, denak, zuriak dira. Ez da afrikarrik, asiarrik edo beste jatorriko jenderik ikusten. Salbuespen bakarra night club bateko ikuskizun batean agertzen diren beltz banaka batzuk dira. Baina hor ere gizarte errealitatetik kanpo ageri dira, dantzaldi exotiko bateko figurante geldi gisa (taparrabos batekin jantzita gainera). Beraz, 1927an ez zuten susmatu ere egiten mende baten buruan nolako immigrazio fenomenoak gertatuko ziren Europara. Ezta 1927an kolonia ziren lurraldeetan nolako aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak jazoko ziren ere. Mundu europozentrikoa zen guztiz Metropolis-ekoa, gaur egungoa ez hainbeste.



Teknologia arloan ere ez zuen askorik asmatu filmeak. Oro har oso labur geratu zen. Ordenagailurik eta telebistarik, adibidez, ez da ageri. Metropolis-ko auto eta hegazkinak, 1920etako tankera berekoak dira. Aparaturik modernoena, agian, bideofono bat da (argazkian), egungo webcam-ordenagailu batekin aldera litekeena. Baina, jakina, egun mugikor soil batek ere eskain dezake irudi-soinu zerbitzu hori, filmeko bideofonoak kabina handi eta finko bat behar duen bitartean. Zentzu horretan 2026ra iritsi gabe ere, teknologia izugarri aurreratu da.

Filmean ageri den androidea (ala cyborg-a?) da momentuz gure munduan garatuta ez dagoen teknologia bakarra. Agian 2026ra arte itxaron beharko da horretara iristeko. Bitartean Metropolis filmea goza dezakegu, bere estetika inpresionista, art decó eta blog honetan kontatu gabe utzi dudan istorioarekin.

Nork: Jurgi.2008/02/15 14:51:14.691 GMT+1
Etiketak: historia zinema | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2007/11/15 15:18:28.438 GMT+1

Liburu aurkezpena: Sabino Arana Goiri, Euzkadiren aita

Azaroaren 20an, 19:00etan, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15) "Sabino Arana Goiri: Euzkadiren aita" liburua aurkeztu eta gaiaren gaineko mahai-ingurua egingo da.

                     

Liburu egilea neu banaiz ere, ez naiz mintzatuko debatean. Aitzitik, atzerrian egonik ez zait posible ekitaldira joatea, eta horregatik Elkarreko arduradunek aurkezpen-saio alternatibo bat prestatu dute. Bertan Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Aizpuru eta Josune Ariztondo arituko dira, hau da, goi mailako bi historialari eta EAJko arduradun nagusietako bat, moderatzaile lanetan Xabier Mendiguren Elizegi editorea arituz. Zentzu horretan, egile gisa autopropaganda egitea oso dotorea ez bada ere, bederen mahai-inguruaren interesagatik uste dut merezi duela ekitaldiaren berri emateak.

Sabino Aranari buruz bertan esandakoak ondoren norbaitek hemen aipatu nahiko balitu benetan eskertuko nituzke. Ziur naiz, ohiko topikoetatik urrun, gauza berriak aipatuko direla.

Nork: Jurgi.2007/11/15 15:18:28.438 GMT+1
Etiketak: historia arana-goiri | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2007/10/22 21:41:25.634 GMT+2

Armeniar genozidioa turkiar ikuspegitik

Gertaera ezaguna da 1915-17an turkiar estatuak ehundaka mila armeniar hil zituela. Gaur egun Turkia Europar Batasunean (EBn) sartzeko aukeraren haritik mendebaldean askok eskatu diote genozidioaren aitortza ofiziala. Auzi hau, memoria historikoak gaur egun duen eraginaren adibide argi eta mingarria da.

Egun hauetan turkiar unibertsitari batzuk ezagutzeko aukera izan dut: Kerem, Mehmet eta Nazan. Beraiekin egon aurretik sekula ez zitzaidan bururatuko noizbait armeniar auziaren turkiar bertsio bat entzuteko parada izango nuenik. Bestalde, aukera suertatuta ere, ba al dute turkiarrek genozidioaren aitorpen burumakurretik haratago beste ezer esateko? Alternatiba negazionismoa da, hots, armeniar hilketak jazo zirela ukatzea, neonaziek juduen holokaustoa ukatzen duten bezala. Izatez Turkiako gobernuak ez du ofizialki onartzen genozidio bat izan zenik. Hildakoak izan zirela bai onartzen du, baina kopuruak gutxitzen ditu, eta bertsio ofizialaren arabera turkiar-armeniar gerra baten baitan gertatu zen dena, I. mundu gerraren testuinguruan. Nolanahi ere nekez espero zitekeen unibertsitateko kide batzuk halako sasi-istorioetan eroriko zirenik. Izatez ez nuen pentsatzen ezagutu nituen turkiarrek gaia aipatzeko gogorik izango zutenik. Baina oker nengoen. Gaiari aurrez aurre oratu zioten, eta ezusteko bideetatik.

Genozidioaren arazo eta erabilerak

Mehmet zuzenbidean doktoratzen ari da. Bere aburuz nazioarteko zuzenbidea aplikatuz 1915-17ko hilketak ezin dira epaitu “genozidio” salaketapean. Izan ere, “genozidio” delitua askoz geroago definitu zen nazioarteko zuzenbidean, eta ikuspegi juridikotik legeei ezin zaie atzeranzko aplikaziorik eman.

Esandakotik eman dezake Mehmet abokatu sofista horietako bat izateko prestatzen ari dela, legeen zirrikituak baliatzen dituena krimen izugarriak ukatzeko eta errugabetzeko. Baina ez. Ikuspegi legaletik eta nazioarteko zuzenbidearen argitan zehatza izan nahi du, zeren gauza bat baita gertatu zena, eta beste bat ea gertatu zen hori juridikoki genozidio gisa epaitu ote daitekeen gaur egun. Gertatu zenari buruz Mehmetek ez dauka zalantzarik. Bere hitzetan (eta Kerem zein Nazan bat datoz) “dei dadin genozidio, sarraski, garbiketa etniko edo 1915-17ko gertaerak ez da dudarik armeniarren hilketa masibo, programatu eta sistematiko bat burutu zela turkiar goi-agintaritzak erabakita.” Zentzu horretan genozidio gertatu zela argi dute, eta ukatu egiten dute guztiz Turkiako gobernuaren bertsio ofiziala. Hala ere turkiar unibertsitari hauek ez dira oso eroso sentitzen genozidio hitzarekin. Aipatu aipatzen dute, baina aukeran izena saihestuz mamian zentratzeko. Zeren, berehala ikusiko denez, genozidio hitzak oztopatu egiten du armeniar auziaz hitz egiteko aukera Turkian. Gainera, beren larruan jarrita, ez du erraza izan behar norbere kontzientziaren aurrean hitz gordin horrekin aitortzea “nire nazioak genozidio bat burutu zuen”. Nolanahi ere, genozidio hitzarekin duten arazo nagusia Turkian eragiten duen eztabaida antzutzailea da.

Azaldu didatenez, gaur egun Turkian, gobernuak eta iritzi publikoak, printzipioz ez dute ezer entzun nahi armeniar auziaz. Baten bati gaia ateratzea otutzen bazaio eta beste turkiarren bati aipatzen badio, honek galdera bakarra egingo dio: “zuk genozidio bat izan zela uste duzu, bai ala ez?” Besteak “ez” erantzuten badu, kito, denak lasai eta gaia amaitu da. Ez dago hizketan segitu beharrik. “Bai” erantzuten badu, hori esan duena turkiar txar bat da, aberriari traidorea eta kasu horretan ere elkarrizketa amaitu da. Hola bada, gaur egungo Turkian, genozidioaren gaiak, bai/ez dikotomiarekin, ez du irteerarik eskaintzen.

Genozidioaren gaia, gainera, atzerritar presio bidegabe gisa sentitzen da Turkian. Izan ere, Frantziako edo Estatu Batuetako parlamentuetan onartu diren ebazpenek, armeniar hilketak salatuz eta Turkia kritikatuz, agresio gisa pertzibitzen dira Turkian. Nazanek dioenez: “Nor dira frantsesak edo estatubatuarrak turkiarroi moral lezioak emateko? Zer egin dute beraiek Vietnamen, Aljerian edo Iraken? Noiz eskatu dute beraiek barkamena?” Mehmetek eta Keremek erantzuten diote: “ados, baina hori aski arrazoi al da guk ezer ez egiteko?”

Testuinguru horretan EBn sartzeko baldintza gisa armeniar genozidioa aitortu beharra eskatzea (EBn sartzeko gainerako europar herrialdeei antzeko eskaririk egin ez zaienean) umiliazio bezala bizi du Turkiako iritzi publikoak, eta jarrerak herstea eragiten du. Izatez, ezagutu ditudan turkiar unibertsitariek esan didatenez, Frantzian armeniar auzia interesatuki erabiltzen ari dira Turkiaren EBrako sarrera galerazteko. Izan ere, ez da sekretua frantses gehienak Turkia EBn sartzearen aurka daudela. Beraz armeniarren genozidioa ez dute aipatzen hainbeste armeniarrak egiazki inporta zaizkielako, baizik badakitelako Turkia ez dela makurtuko hori onartzera, eta beraz EBtik kanpo uzteko aitzakia perfektua dela. Auzi honetan, jakina, alde bakoitzak bere jokoa egiten du: ohorearen aitzakian Turkiak ez du gertatutakoa onartzen, frantsesek interesatuki baliatzen dute, eta armeniar taldeei ere ondo etorri zaie EB-Turkia arteko ezinkonpondua noizbait ebazpen hauek bultzatzeko.

Zentzu horretan Kerem-ek argi dauka: “Frantziak edo AEBk egiten duenak ez du laguntzen debatea Turkian, eta herrialdeak denbora gehiago behar du gauzak onartzen hasteko. Baina, jakina, armeniarrek arrazoiz esango dute: 'zenbat denbora gehiago? 90 urte daramatzagu zain, ihes egitea lortu zuten azken armeniarrak hiltzen ari dira. Ez al dute aitortza bat ikusteko eskubiderik?' Eta arrazoi osoa dute.”

Armeniarrei zer eskaini

Armeniar aldetik ere ikusten dute arazoren bat turkiar unibertsitariek. Izan ere, armeniar diasporan, orotariko taldeak badira ere, nahiko jarrera hedatua omen da hiru gauza eskatzea: 1) genozidioaren aitortza, 2) konpentsazioak, 3) lurraldearen itzulera bertan armeniar estatu zabalago bat sortzeko. Turkiar ikuspegitik, ordea, ez da errealista pentsatzea beren gobernuak “genozidio” hitza onartuko duenik inoiz, zail ikusten da konpentsazio zuzenak ematea, eta ezinezkoa lurraldea ematea bertan armeniar estatu zabalago bat eraikitzeko. Horregatik Mehmetek, zintzoki adierazten du zer egingo lukeen berak Turkiako agintean balego:

“Gutun bana idatziko nieke bizirik atera ziren armeniarrei eta beren ondorengoei. Bertan Turkiako herriaren izenean aitortuko nieke sarraski eta kanporaketa bidegabeak izan zirela beraien eta beren senideen aurka, eta ohartzen naizela beren minaz eta benetan sentitzen dudala. Halaber Turkiako herritar izateko aukera eskainiko nieke, eta beren arbasoen herrira itzultzeko aukera, bisitan zein bertan bizitzeko hala nahi badute. Seguruenik ez dira asko izango itzuli nahiko dutenak bizitzera, baina eskubidea behintzat izan behar dute. Orobat herri horietan hildakoengatik oroigarriak jartzen eta suntsitutako eliza armeniarrak eta bestelako monumentuak berreraikitzen ere lagunduko nuke. Izan ere, agian ez da posible konpentsazio ekonomiko zuzenak ematea, baina adibidez Turkiako armeniar ondare historikoa babesteko dirulaguntzak eman litezke. Azkenik Estatuaren artxiboak irekiko nituzke bai turkiarrentzat, bai armeniarrentzat eta bai nazioarteko ikertzaileentzat ere, gertatua inolako zentsura eta muga gabe azter dezaten, bakoitzak bere ikuspegitik.”

Kerem-ek eta Nazan-ek bat egiten dute Mehmetekin. Beren aburuz, ordea, arazo nagusia Turkiako gobernua da, orain arte ez duena ezertxo ere egin, ezta pauso txikiena eman ere. Eta nazioarteko presioak ez du errazten irekidura. Ataka horretan, Kerem-en ustez, gobernuaren zain egon gabe norbanako mailan hasi behar da hurbilketa. Izatez berak aukera izan du diasporako zenbait armeniarrekin biltzeko eta auzi hauetaz hitz egiteko. Haiek esanda daki 1915-17 artean salbatu ziren armeniarretarik asko auzokide turkiarrek lagunduta salbatu zirela. Horregatik, nahiz agian zail izan “armeniar nazioa” eta “turkiar nazioa” adiskidetzea, posible da Kerem, Nazan edo Mehmet bezalako pertsonek zubiak eraikitzea Armenian zein munduan zehar bizi diren hainbat Krikor, Vartouhi edo Anahit-ekin.


Nork: Jurgi.2007/10/22 21:41:25.634 GMT+2
Etiketak: historia turkia armenia | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2007/07/09 01:48:36.561 GMT+2

Iruñea: baskoi eta bisigodo artean (V-VIII m)

Goi Erdi Aroa historiako garairik ilunenetako bat da. Erromatar inperioa krisian sartu, barbaroek eraso, eta sistema osoa hankaz gora jarri zen. Zer gertatu zen Euskal Herrian?

Auzi honi buruz hitzaldi interesgarria eskaini zen iragan astean Eibarren, UEUko historia arloko udako ikastaroen baitan. Hizlaria Juan Jose Larrea izan zen, EHUko Erdi Aroko historia irakaslea, Goi Erdi Aroan aditua. Larreak ideia zinez berriak eskaini zituen, azken aldiko historiografiaren ekarpenak sintetizatuz. Ondoko lerroetan bere azalpenak biltzen saiatuko naiz.

Germaniar erresumak eta erromatar hiriak

Mende pare bateko krisi, gatazka eta gorabeheren ondoren, V. mendean germaniar barbaroek definitiboki suntsitu zuten erromatar inperioa. Europa osoan germaniar erresumak ezarri ziren, nahiz eta haien parez pare, eta askotan haiekin tentsioan, erromatar jatorriko zenbait hirik iraun zuten. Izatez soilik hiririk handienek lortu zuten ez desagertzea, batzutan germaniar erresumen menpe geratuz, beste batzuetan boterea haiekin elkarbanatuz.

Antolaketa berriak Euskal Herrian

Euskal Herrian krisi hartatik soilik Pompaelo-Iruñeak lortu zuen bizirautea. Edonola ere erromatar garaiko sistema hankaz gora geratu zen eta era guztietako talde armatuak zabaldu ziren V-VI. mendeen artean. Hola, batetik germaniar barbaroak zeuden (sueboak, bandaloak, bisigodoak), Iberiar Penintsulara bidean Pirinioak zeharkatu eta Euskal Herritik pasatzen zirenak, eraso eta lapurreta artean. Horiei aurre egin guran, Iruñeko hiriak, Europako beste hainbat hirik bezala, bere miliziak antolatu zituen. Eta garai berean, krisi ekonomikoak jotako nekazari eta artzainen matxinadak eta bandidajea hedatu ziren (bagaudak). Talde armatu hauetara erromatar zein germaniar desertoreak biltzen ziren seguru asko, esperientzia militarra ekarriz.

Hola bada, erromatar garaiko antolaketa sozial eta urbanoa desagertu egin zen eta haren lekuan gizarte berri bat eratuz joan zen, gatazka kultura hartan ernea. Iruñetik kanpo, Euskal Herriko landa eremuan, frankoen eredua imitatzen zuen antolaketa sozial bat sortu zela dirudi. Fenomeno kuriosoa da, hemen ez baitzen propioki germaniar jatorriko leinurik ez eta erresumarik finkatu, baina badirudi V-VI mendeetako gatazketan, landa eremuan ibili zen jendeak, gerlari frankoen antolaketa ikusi eta haren antzeko zerbait sortu zuela, bertsio apalagoan beti ere. Garaiko testuetako aipu bakanak eta azken aldiko aurkikuntza arkeologikoak konbinatuz hipotesi hori plantea liteke.

Hola, ematen du, Iruñetik kanpoko Euskal Herrian, buruzagi gerlarien inguruan antolatuko zela gizartea, frankoen estiloko arma, apaingarri eta sinboloak hartuz. Antolaketa berri horretan euskarak garrantzia soziala berreskuratuko zuen, erromatar garaiko eliteen latinizazio bidea baztertu eta elite gerlarien artean euskara bihurtuko baitzen ohiko hizkuntza, herritarren artean bezalaxe. Euskaldun gerlari hauek lirateke garaiko iturriek "baskoi" deitzen zituztenak, eta inguruko botere politikoetatik independenteak izango ziren praktikan. Baskoi horien isla arkeologikoa lirateke Aldaietako nekropolia (Araban), Finagako ehorzketa (Bizkaian), eta beste hainbat aztarnategi (Nafarroan, Gipuzkoan...).

Baskoi gerlari hauen aldean, Iruñeak tradizio erromatarragoak gordeko zituen: hiriko buruzagi erlijioso eta politikoa apezpikua zen, behinolako erromatar kuria laikoaren oinordekoa; eta litekeena da hiriko eliteek latin hizkuntza atxikitzea (Europa osoko erromatar jatorriko hirietan ohiko zenez). Hala ere, landa inguruko elite baskoien eta Iruñeko eliteen artean harreman handiak zeudela dirudi. Izatez Iruñeko hiriak bisagra papera egingo zuen baskoien eta bisigodoen artean.

Iruñea baskoien eta bisigodoen artean


Bisigodoak, V. mende amaieran ezarri ziren Iberiar Penintsulan. Hala ere, ez zuten lortu sakon errotzea VI. mende amaieran katoliko bihurtu ziren arte. Ordutik aurrera, Hispaniako hirietako apezpiku katolikoak (beraz hirietako agintariak) bisigodoen erresumako biltzar politiko nagusiko (Toledoko kontzilioko) partaide bihurtu ziren. Iturrien arabera Iruñeko apezpikua ere Toledoko kontzilioetan ibili zen. Formalki, beraz, Iruñea bisigodoen erresuman integratu zen. Aipatzekoa da integrazio hau botere banaketa batean oinarritzen zela: bisigodoek erresumako erregetza eta aginte militarra kontrolatzen zituzten, eta hispaniar hirietan, bertako apezpikuei (erromatar garaiko eliteetatik zetozenak) agintea errespetatzen zitzaien.

Izatez Iruñeko apezpikuak, bere hirian agindu ez ezik, Toledoko erresumako aferetan ere eskua sartu nahi zuela dirudi, bisigodoen artean zeuden fakzio desberdinekin aliatuz, eta gorteko konspirazioetan inplikatuz. Eta hor, bisigodoen arteko gatazketan eskua sartzeko, oso baliagarria zen baskoien indar armatua baliatu ahal izatea. Hola, arkeologiak erakusten du Iruñea eta baskoiak ez zirela bi elementu guztiz desberdin, baskoi estiloko ehorzketak (frankoen itxurakoak) hirian bertan aurkitu baitira. Hortaz, Iruñea landa eremuko gerlari baskoiei lotuta ageri da, nahiz hiriko elitea seguru asko erromatar tradiziokoa izan, eta politikoki bisigodoen auzietan parte hartu. Beraz hiria baskoi eta bisigodoen arteko artikulazio puntu bat zen.

Iruñeak ez zuen seguruenik landa eremuko baskoien gaineko kontrol politiko zuzenik. Are gutxiago kontrolatuko zituzten bisigodoek baskoiak. Auzia bestela izango zen: landa eremuko baskoiek batzutan beren kabuz, bestetan Iruñeko agintariekin koordinatuz, bisigodoen aurkako erasoak egingo zituzten, batzutan harrapaketa gisa, bestetan beren lurraldea defenditzeko eta beste batzutan bisigodoen aferetan eskua sartzeko.

Auzia, esan bezala ez dago guztiz argi, baina sintomatikoa da 711 urtean, musulmanak iberiar penintsulan sartu zirenean, bisigodoen erregea Euskal Herri aldean zebilela baskoien aurka borrokan, baskoiak bisigodoen beste fakzio batekin aliatuta zebiltzalarik.

Jada musulmanen konkista gertatuta, Iruñeko agintarien eta baskoien arteko aliantza mantendu zela dirudi. Aliantza horretatik sortuko zen urte gutxiren buruan Iruñeko erresuma. Erresuma berrian Iruñeko hiriaren tradizioa (erromatar jatorrikoa) eta baskoien tradizioa (germaniar eredukoa baina hizkuntzaz euskalduna) definitiboki uztartuko ziren.

Nork: Jurgi.2007/07/09 01:48:36.561 GMT+2
Etiketak: historia erdi_aro | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

bisitari