Ingelesaren lekua EHko unibertsitateetan

Aspalditik bueltaka dabilen debatea da. Zer leku izan behar du ingelesak Euskal Herriko unibertsitateetan? Auziak hainbat aurpegi ditu. Hemen ohar batzuk baino ez ditut egingo, Historialari Euskaldunen V. Topaketetan entzundakoaren haritik.

Ingelesaren alde

Zenbait hizlarik aipatu zuten euskaldun historialariok (eta berdin beste arloetako unibertsitario euskaldunek)
ingelesez gehiago idatzi beharko genukeela. Izatez Euskal Herriko unibertsitateetako arduradunek eta ebaluazio
agentziek bide hori bultzatzen dute gero eta gehiago: ekoizpen akademikoak inpaktua
izan dezan nazioarteko prestigio handieneko aldizkarietan argitaratu
beharra dago, eta aldizkari prestigiotsuenak ingelesezkoak dira. Zientzia ingelesez dator eta atzean geratu nahi ez badugu gurdi horretara igo beharra daukagu. Hori da mezuetako bat.

Ingelesaren kontra

“Kontra” esan dut, baino zehatzagoa litzateke esatea “ingelesaren hedapenarekiko arduratuta”. Topaketetan azaldu ziren halako zalantza batzuk: Euskal Herriko unibertsitateetan ingelesa bultzatuz gero ez ote da lehendik ere normaldu gabe dagoen euskara gehiago baztertuko? Izan ere, bereziki gradu gorenetan (master eta gisakoetan) gaztelaniazko eskaintza unibertsitarioa badago Euskal Herrian, ingelesezkoa ere bai, baina euskarazkorik apenas. Topaketan EHUko ikasle batek aipatu zuen EHU “Euskal Herriko Unibertsitatea” dela, ez “Ingalaterrako Unibertsitatea”, eta beraz zerbait bermatzekotan euskarazko irakaskuntza bermatu beharko litzatekeela bertan, ez ingelesezkoa.

Euskara-ingeles proportzioen auzia

Jakina, guztia ez da alde ala kontra. Topaketetan ingelesaren alde mintzatu zirenek euskarak ere leku bat izan zezala nahi zuten etorkizuneko unibertsitatean. Eta “kontrakoek” aitortzen zuten ingelesa ezinbesteko tresnetako bat dela eta izango dela unibertsitate munduan. Debatea beraz proportzioei eta hizkuntza politikei dagokio. Zein toki izan behar du euskarak etorkizuneko unibertsitatean? Ingelesak baino handiagoa? parekoa? txikiagoa? Militantzian oinarritu behar ote da euskarazko jarduera unibertsitarioa? ala erakundeek berek sustatu eta babestu behar dute?

Entzundakoa hausnartuz nik bi ondorio atera nituen:

1) Unibertsitatea gizartearen zerbitzura dago, ez gizartea unibertsitatearen zerbitzura. Lehentasunak gizarteak ezarri behar ditu, kontuan hartuz, jakina, unibertsitate munduko beharrak, baina azken hitza gizarteari dagokiola. Ez du balio esateak, adibidez, zientziak eskatzen duela unibertsitateko eskolak ingelesez izan behar dutela, eta gizarteak, nahi zein ez, horri men egin behar diola. Unibertsitateak ez ditu sortu “nazioarteko zientzia” abstraktu batek, eta ustezko zientzia abstraktu horrek ere ez ditu finantzatzen. Gizarte jakin bat izaten da (kasu honetan euskal gizartea) unibertsitate bat sortu eta bere diruz sostengatzen duena, eta unibertsitateari dagokio gizarte horren beharrak asetzea. Beraz gizarteak eskatzen badu unibertsitatean eskolak euskaraz (ere) eman behar direla, unibertsitatearen egitekoa da horixe bermatzea eta kalitatez egitea (ez utziz guztia konpromiso eta militantzia indibidualaren esku). Ez dut honekin esaten ingelesak ez duenik unibertsitatean tokirik izan behar, baizik ezin direla lehentasunak ezarri ustezko zientzia unibertsalaren izenean.

2) “Zientzia zientziagatik” egitekotan ez dugu Euskal Herrian unibertsitaterik behar. Hori da, nire ustez, batzuk darabilten logikaren azken ondorioa (nahiz ez duten azken ondorio hori kontsekuenteki aplikatzen). Izan ere, unibertsitateen helburua mundu mailako zientzia unibertsala egitea baldin bada, berdin du unibertsitate hori Euskal Herrian, AEBn edo Txinan egon. Kasu horretan zertarako xahutu dirua mundu mailan prestigio urria duten EHU edo NUP bezalako unibertsitateetan edo horietan ingelesa sustatzen? Ez ote litzateke merkeagoa, efikazagoa eta hobea (“zientziarentzat”, “gizateriarentzat”, baita euskal ikasle beraien karrera akademikoentzat ere) euskal administrazioek diru publikoak eta euskal ikasleak zuzenean bideratzea Harvard edo Cambridge bezalako unibertsitate ospetsuetara (beka, hitzarmen eta halakoen bidez)?

XV-XIX. mendeen artean, Euskal Herrian ganorazko unibertsitaterik ez zegoenean, euskal ikasleak Salamanca moduko unibertsitate (orduan) prestigiotsuetara joaten ziren. Bertan karrera egiten zuten, behar izanez gero talde gisa antolatuz eta beren interesak defendituz (“nacion vizcaina” eta gisako izenekin). Alde horretatik, “zientziarentzat” eta baita euskal norbanakoen interesentzat sistema ona zen. Unibertsitatearen helburu nagusia nazioarteko zientzia egitea bada, zergatik ez erabili sistema bera gaur egun ere, eta euskal ikasleak mundu mailako unibertsitate ospetsuenetara bidali?

Aukera bat da. Aukera horrek, jakina, bere ondorioak ditu: Euskal Herria bertan errotutako aditu gabe geratuko litzateke; euskal ikertzaileak mundu mailako zirkuitu akademikoan sakabanatuko lirateke; euskarak kultur hizkuntza gisa garatzeko aukera galduko luke… Ondorio horiek asumitzeko prest gaude? Hala bada, aurrera. Ostantzean beste era bateko unibertsitatea planteatu beharko dugu.

Euskal Herrian errotutako unibertsitate bat nahi badugu, bertako gizartea zerbitzeko izango da, ez mundu mailako zientzia ustez abstraktuaren interesak zerbitzeko (edo okerrago: zientzilari partikularren interes eta karrera akademikoak sustatzeko). Ez duena balio da Euskal Herrian kokatutako unibertsitate bat egitea atzerritar unibertsitate bat balitz bezala funtziona dezan (munduko rankingean maila eskasekoa izatearen handicaparekin gainera). Horretarako hobe Harvardera joatea.

Iruzkinak (8)

  • Nik kanpotik ikusten ditut gauzak, baina nik esango nuke Euskal Herrian dagoen ikerlariak bi hizkuntzetan idatzi eta argitaratu beharko lukeela: Ikasleentzako lanak eta lan dibulgatiboak, euskaraz; aurkikuntza berriak, nazioarteko aldizkarietan eta ingelesez.

  • Kaixo Jose Ignacio,Bat nator zurekin euskal ikertzaileak bi hizkuntzatan (euskaraz eta ingelesez) idatzi behar duela diozunean. Egiten duzun bereizketa ere (ingelesa aurkikuntza berrietarako, euskara dibulgazioarako) egokia izan liteke… baina ez beti. Nik uste jakintza arloen araberakoa dela hein batez. Eta alderantziz ere plantea liteke.Adibidez biokimika arloko aurkikuntza bat eginez gero zentzuzkoa dirudi ikerketaren xehetasunak ingelesez eta nazioarteko aldizkari batean jakinaraztea, eta paraleloki euskaraz horren berri dibulgatzea. Baina jakintza arloa zientzia gordina barik giza edo gizarte zientzien arlokoa denean? Nik tesia Azkueri buruz euskaraz egin nuen. Uste duzu ingelesez egin beharko nukeela? Nazioarteko irakurle anglofonoei gehiago interesatuko zitzaien irakurle euskaldunei baino?Uste dut zentzu handiagoa duela historia edo euskal filologia bezalako arloetan ikerketa euskaraz egiteak, eta ondoren, ingelesez ondorio interesgarrienen sintesi bat eskaintzeak. Zeren norentzat ikertzen dugu? Mundu abstraktu
    batentzat (munduan ibili denak ondo daki EHa zein gutxi ardura zaion mundu abstraktu horri) ala gaia interesatu ahal zaion komunitate konkretu batentzat?Beraz nik zure planteamenduaren alderantzizkoa egingo dut: ikerketa euskaraz, eta ingelesez sintesi dibulgatiboa. Gutxienez giza eta gizarte zientzietan. Izatez nazioarteko jakintzaren munduan sintesia denez gero eta gehiago eskatzen dena, ikerketa guztiak (baita zientzia gogorretakoak ere) euskaraz egin litezke eta ondoren eskaini ingelesezko laburpenak. Modu horretara euskarari erabilera esparru bat gehiago bermatuko litzaioke (goi mailakoa), eta aldi berean azken emaitzak munduari ere jakinarazi.Zer deritzozu?

  • Pruden Gartzia says:

    Jurgi, uste dut honez gero bi aldiz aldarrikatu duzula kontu “abstraktuak” alde batera uztea eta errealitate konkretuari atxikitzea, eta neu guztiz bat nator planteamendu horrekin, hau da nork, non, norekin eta norentzat idazten (edo hitz egiten duen): horrek emango dizkigu erantzunak.

    Bada, errealitate gordina elementu ugariz osatzen da eta ez da erraza haiek dena egoki analizatzea. Adibidez, garbi dago Euskal Herriko, Espainiako eta, neure jakintza apurraren arabera, Frantziako agintariek bultzatzen duten bidea: merkatu “global” baten zirkuituetan integratzea eta ingelesez argitaratzea, maila guztietan. Eta dirua ipintzen duenak (administrazio publikoak) bide hori gogorki bultzatzen badu, agian orain ez da horretarako baldintza “errealik” existitzen, baina sortuko dira, neurri batean behintzat. Niri benetan zaila egiten zait Espainiako eta Frantziako agintarien seta ingeles zalea ulertzea (hemengoena errazago ulertzen dut, segidismo hutsean dabiltza, beti bezala); batzuetan inpresioa dut bost-hamar urteren epean diskurtsoa agortu egingo zaiela eta erein duten jarrera kolonialen ondorioak agerian jarri ahala jarrera aldaketa bat bideratuko dela… Baina, jakina, hauek epe luzerako aieruak dira, gaur eta hemen, gehiago (askoz ere gehiago) balio du puzker batek Sussex-en, Leioan edo Baionan emandako hitzaldi magistralak baino (euskaraz zein gaztelaniaz edo frantsesez).

    Iruditzen zait datu hori ere errealitatearen parte dela, baina ez nuke jakingo interpretatzen.

  • Amonamantangorri says:

    Gai honen harira, adierazgarria irutzen zait letretako karreretan gertatzen den gauza bitxi bat: Ingeles hizkuntza nahitaezko irakasgaia da (konforme), eta ongi ulertzen ez dudan inferentzia batengatik “ingeles literatura” ere nahitaezko irakasgai moduan ematen da (horrekin ez nago hain konforme). Mundu akademikoan ingelesez jakitea ezinbestekoa izanik normala da ingeles eskolak ematea, baina zer ote du ba ingelesezko literaturak munduko beste literaturek ez dutenik? Zertako ikasi (nahitaez) Shakespeare, Yeats, Orwell, London eta enparauen izenak, datu biografiko eta bibliografikoak? Absurdoa are nabarmenagoa da, filologietan Literatura Unibertsala eta Konparatua hautazko irakasgai gisa eskeintzen denean. Alegia, euskal filologian dabilen bati ez zaio beti modu esplizituan eskatuko Pio Baroja eta Unamuno bezalako euskal idazle erdaldunen berri izatea, baina aldiz, mundu anglosaxoieko literatura ikasarazten zaio, programen barruan hango historia, kultura eta abarren sarrerak emanez. Panfletero itxurak hartzeko arrisku guztiarekin, horri kolonialismo kulturalaren usaina hartzen diot nik.

  • Amonamantangorri, Iñaki, eskerrik asko gaiari egindako ekarpenengatik.Bide batez: aspaldian bloga abandonatu xamar dut baina laster ekingo diot berriro.

  • Hiatoriako lizentziatua naiz eta ikerketa master bat egiten egon naiz urte hontan, Aintzin historian. Ikerlarien artikuluak eta liburuak irakurri behar izan ditut lanak prestatzeko: ingelesez, espainolez, katalanez, frantsesez, portugesez, italieraz eta galegoz. Alemanez idatzitako bat ere begiratu nuen eta tutik ez ulertu. Eta latinez, noski. Nire gaiak batzutan Euskal Herriko gaiei buruz ziren. Hala eta guztiz ere, artikulu bat bera ere ez euskaraz; eukarazko liburuak dibulgaziokoak dira soilik. Hori da panorama!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude