Erakusketa interesgarria bisita daiteke EHUren Leioako kanpusean maiatzaren 18ra arte. Batetik XX. mendean erabili ziren euskal testuliburuen bilduma zabala dago (Xabiertxo bezalako gerraurreko klasikoak, Franco hil osteko Saioka proiektukoak, baita gaur egungo argitalpenak ere), bestetik irakasleek klasea prestatzeko erabiltzen zituzten koadernoak, batez ere Espainian zehar bilduak.
Koadernoen artean zenbait bitxikeria ikus litezke. Adibidez altxamendu frankistak harrapatu zuen irakasle errepublikar baten koadernoko azken orria, bere despedidako klaserako errepublikaren aldeko poema bat zekarrena. Eta ondoren koaderno hartako segidako orrialde zuriak ikus litezke, irakasleak izan zuen patuaren seinale agian.
Euskarazko testuliburuetan imajinatu ezin daitekeen aberastasuna jasotzen du bildumak. Xabiertxo ospetsuaz gain gerraurreko beste liburu asko ere badira: Txomin Ikasle, Martin Txilibitu, Umearen Laguna, Pisia, Kimia… Horietako batzuk gerraurreko gaiak landu ditugunoi ezagunak zaizkigu, beste batzuk, neuri behintzat, guztiz berriak egin zaizkit. Eta politena erakusketak eskaintzen duen aukera da liburuok fisikoki bisualizatzeko, beren jatorrizko edizio txiki, txukun eta zainduetan. Alde horretatik frankismo garaiko euskarazko lehen testuliburuekin alderatuta, gerraurrekoak estetikoki erakargarriagoak ziren, garai hobeen isla balira bezala. Nolanahi ere, frankismoan barrena euskal testuliburuetan bilakaera bat gertatu zen, erakusketan antzeman daitekeena, azkenean trantsizioko saio ausartetara igarotzeko, eta azkenik egungo liburu askotarikoetara.
Erakusketa bi unibertsitatetako ikerketa taldeen elkarlanaren emaitza da. EHUtik Garaian eta Araka ikerketa taldeak daude antolatzaileen artean, azken hauek izanik euskarazko testuliburuak biltzeaz arduratu direnak. Bestalde, Salamancako unibertsitateko CeMuPe ikerketa taldekoek bildu dituzte irakasleen koaderno gehienak.
Hain zuzen Araka taldeko kideak dira, hau da, Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urraza, erakusketa gidatzeaz arduratzen direnak, goizeko 11etatik eguerdiko 2etara, doan, EHUko Leioako kanpuseko Irakasle Eskolan (eraikin berrian, Arte Ederren fakultate ondoan). Kartelak maiatzaren 13ra arte iraungo duela dioen arren erakusketa astebete luzatu da eta beraz ez galdu azken aukera ikusteko.