Topaketen balantzea idazten ari nintzela aurrea
hartu dit Jaione Agirrek azken mezuan. Berandu ibiltzearen ajeak. Izatez lana
ere aurreztu dit eta ez ditut errepikatuko hizlari bakoitzaren ingurukoak (mila
esker Jaione!). Soilik zertzelada
batzuk.
Historia-euskara-unibertsitatea trinomioari buelta asko eman zitzaizkion,
ikuspegi desberdinetatik. Batetik historialari euskaldunen hainbat
belaunaldiren esperientziak azaleratu ziren, argigarriak oso auziaren bilakaera
ikusteko. Nik, entzundakotik, honako eskeman bilduko nituzke historialari
euskaldun talde desberdinak (sinplifikazio bat da, baina uste dut argigarri
izan litekeela):
1) Aitzindariak. Hori litzateke Joseba Intxausti eta Manex Goihenetxeren
kasua. 1930-1940 hamarkada artean jaioak, beren gaztaroan Euskal Herrian
unibertsitaterik egon ez eta ordena erlijiosoetan formatu ziren. Ondoren, 70eko
hamarkada bueltan, kezka euskaltzale eta kulturalek bultzatuta historia arloko
formazio unibertsitarioa jaso zuten atzerrian. Unibertsitate mundutik gertu
ibili ziren biak baina zenbait zirkunstantzia tarteko, ez ziren bete-betean
bertan kokatu, nolabait ertzean arituz.
2) Bigarren taldea. 1950-1960ko hamarkadetan jaio eta jada historia
ikasketak Euskal Herriko unibertsitateren batean burutzeko aukera izan zuten,
baina artean jasotzen zituzten eskolak erdaraz izanik. Hori litzeteke adibidez
topaketetan mintzatu ziren Joseba Agirreazkuenaga, Pruden Gartzia eta Mikel
Aizpururen kasua. Beren taldea izan zen 80ko hamarkadan presio egin zuena EHUn
historia eskolak euskaraz eman zitezen (baita lortu ere). Izatez beraietako
batzuk unibertsitateko historia departamentuetan sartzea lortu zuten, nahiz irakasle erdaldunen aldean gutxiengoa
izan.
3) Hirugarren taldea. 1970eko hamarkadatik aurrera jaiotakoena. Historia
ikasketak EHUn euskaraz egiteko aukera izan zutenak (1989tik aurrera). Egoera
berriaz profitatu arren euskarazko karreraren mugak ere ezagutu dituzte (material
falta, zenbait irakasleren euskara maila eskasa, tesia euskaraz burutzeko
oztopo administratiboak…). Izatez 1990etan euskaraz ikasi zutenen
esperientziak eta une honetan 2009an historia karreran dabiltzan ikasleen
egoera apenas aldatu den (halaxe adierazi zuen entzuleetako batek). Talde honetakoek laboralki unibertsitatean sartzeko
zailtasunak dituzte, eta izango dituzte, postu gehienak jada beteta daudelako
(eta aurreko taldekoak jubilatu arte zail izango dute). Izatez historia
departamentuetan euskara une honetan estankatuta dagoela esan liteke (irakaskuntzara mugatuta, ikerketa proiektuetatik kanpo…).
Topaketetan zehar hizlari batek baino gehiagok aipatu zuen beharrezkoa dela
historia euskaraz lantzeko azpiegiturak izatea, unibertsitateak euskarazko
irakaskuntzan jarri baitu indarra baina ez euskarazko ekoizpenean.
Militantziaren beharraz eta horren mugez ere asko hitz egin zen, orobat
historia euskaraz lantzeko dauden arazo estrukturalez (irakurle masa nahikorik
eza, hizkuntza nagusietan ekoiztera bultzatzen duen ebaluazio sistema,
departamentuetako talde dinamika…).
Hitzaldi eta debateak oso interesgarriak izan ziren. Publiko kopuruaren aldetik,
aldiz, espero baino jende gutxiago (20 bat pertsona). Jaionerekin guztiz bat
nator. Topaketak historia fakultatean egin zirelarik zerbait ez dabil ondo eskolak
euskaraz ematen/hartzen dituzten historia irakasle/ikasle gehienek beren egoeraz
diharduen ekitaldi batekiko horren interes urria badute. Desmotibazio orokorra?
Konformismoa?
Eduki eta debate aldetik, beraz, balorazio oso positiboa; asistentzia aldetik urri xamarra. Nolanahi ere, mila esker bertan parte hartu zenuten guztioi.
Pruden Gartzia says:
Euskalduna naizenez gero, ez dut zerurik espero, ez orain eta ez gero… edo horrelako zerbait idatzi zuen Gabriel Arestik, ezta?
Bada, euskalduna naizenez gero, poza eta lotsa, biak batera, sentitzen dut nire izena zerrenda horretan ikustean. Poza, ohore bat delako hor agertzea, lotsa beste hainbat lagun ere agertu beharko litzatekeelako neuk bezainbeste lan edo, hainbatek eta hainbatek, gehiago egin dutelako fakultate horretan bertan Historiako karrera euskalduntzeko.
Eta nortzuk dira ba? Ez dut nire gain hartu nahi zerrenda osatzearen erantzukizuna, beti falta izaten baita baten bat… Baina bereziki aipatu nahi nuke Iban Zaldua, fakultateko ikaslea eta irakaslea bera, makina bat lan egindakoa. Badira gehiago ere, baina utz dezadan horrela…
Jaione Agirre García says:
Bai. Eta irakasle bikaina ere bada gainera, bere teoria propioen kontra: bere ustez irakasle on bat ezin baita ondo moldatu bere ikasleekin!, eta bera da teoria horren balio eza frogatzen duena! Alajaina!