2009/06/03 22:51:45.705 GMT+2
argitaratu dit
Pamiela argitaletxeak: "
Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940)". Gure literaturaren historiari buruzko saiotxoa.

Egile naizenez ezin deskribatu produktua neutraltasunez. Nolanahi ere gustura geratu naiz emaitzarekin. Zertaz den jakin gura baduzu, hona ohar batzuk.
Lanak
Volgako batelariak blogeko
kontu batean du jatorria. Idazle batzuk kexu ziren euskal literaturaren historia tristeaz. Eta arrazoi zuten: gure idazleak gehienbat elizgizonak izan ziren, erlijio arloko obrak idatzi zituzten nagusiki, eta literarioki ez oso nabarmenak. Zer egin aurrekari horiekin?
Volgako kideek, soluzio gisa,
apokrifoak idaztea proposatzen zuten: historian zehar faltatu zaizkigun autore eta obrak asmatzea eta antzinakoak bailiran aurkeztea. Hola, Iban Zaldua idazleak, nobela errealista apokrifo bat eskatzen zuen. Ez Txomin Agirrek idatzi zituen bezalako baserri-eleberri bat, baizik obra ez-kostunbrista bat, industria girokoa, burgesiaren istorio eta miseriak kontatuko zituena. Egile apokrifo gisa XIX. mendeko liberal bat iradokitzen zuen, antiklerikala, Emile Zola edo Perez Galdosen antzeko bat, baina euskaraz idatziko zuena. Ideia gustatu egin zitzaidan. Zer pentsa eman zidan. Eta halako autore bat, egiazki existitu ote zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Edo zehazki nobelista ez bazen ere, garaiko korronte literarioak segituko zituena, demagun poesia arloan. Halako bat non bilatu beharko genuke?
Zenbait hautagai aztertu, zer egin zuten ikusi, eta aukera teoriko bat errealitatean gauzatu ote zen konprobatzeari ekin nion. Horixe kontatzen dut liburuan, bilaketa bat. Aztertutako egile batzuk ia guztiz ezezagunak dira. Beste batzuk entzunak. Baina haien lanean hainbat gauza daude orain arte oharkabean geratu direnak. Liburuan, beraz, 1810-1940 arteko euskal literatura berrirakurtzen da. Eta esan dezaket gure letren historian zenbait altxor egon direla gordeta, aipatzea merezi zutenak.
Nork: Jurgi.2009/06/03 22:51:45.705 GMT+2
Etiketak:
historia
| Permalink
| Erantzunak (10)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/16 09:02:39.186 GMT+1
Gai honen inguruko jardunaldiak antolatu ditu UEUk martxoaren 26an Iruñean. Auzia, jakina denez, azken urteotan azaleratu da, Iruñeko artzapezpikutza, inori ezer esan gabe, eliz eraikinak bere izenean erregistratzen hasi denean.
Ordura arte elizak, ermitak, apaiz etxeak eta gisakoak, ez zeuden inon erregistratuta. Erabili eliztarrek erabili ohi zituzten, baina eraiki eta konpondu historian zehar herriek egin dituzte. Hortaz, ba al du eskubiderik apezpikutzak herri lanez egindako eta ordaindutako eraikinak (eta barruko arte lanak) bere izenean inskribatzeko?
Gai horixe aztertuko da Iruñean goiz beteko ekitaldian (9etatik 13.30etara). Ikuspegi desberdinen ordezkariak egongo dira bertan, bai eliz erakundeetakoak, pribatizazioaren aurkako
plataformakoak, zein historialari eta juristak. Beraz ez da debatea faltako.
Zalantzarik gabe, gaian interesa izanez gero, merezi du jardunaldietara joateak (argibide gehiago
hemen).
Nork: Jurgi.2009/03/16 09:02:39.186 GMT+1
Etiketak:
historia
nafarroa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/02/09 08:23:54.511 GMT+1
Larunbatean izan zen
Hobsbawm Bilbon. Aretoa ia beteta. Solas autobiografikoa eskaini zuen, bere bizi-ibilbide pertsonala eta tarte horretan iragandako historia harilkatuz. Interesgarria, nahiz, nire iritziz, ez izugarri apasionantea. Edonola ere ez da noiznahi topatzen 92 urteko gizon bat Hobsbawm bezain buru argiarekin. Hitzaldia erraztasunez eman zuen, eta ondoko galderei ere aise erantzun zien. Zalantzarik gabe hitzaldiak merezi izan zuen.
Esandakotik ideia solte batzuk:
-
Lenin, Petrogradeko tren geltokira heldu zen unean (1917), munduan ez zegoen gobernu komunista bakar bat ere. Hogeita hamar urte geroago (1947) munduko biztanleen heren bat herrialde komunistetan bizi zen.
- Izugarri sendoak ziruditen
erregimen komunistek urte pare bat baino ez zuten behar izan desegiteko (1989-1991).
- Hobsbawmek bere bizian zehar ikusi izan dituen
proiektu inperial orok porrot egin dute: nazien mila urteko Reich proiektuak, Britainiar Inperioak, Bush administrazioaren amets inperialak... Etorkizunean saio inperial berriak ager daitezkeen arren, jalgi bezala eroriko dira.
- Lehen eta Bigarren Mundu Gerla arteko urte latzak igaro zituztenek eraiki zuten 1950-60etako
ongizate estatua, iraganeko gerra, desastre eta krisiak itzul ez zitezen. Hurrengo belaunaldiek, urte katastrofiko haien bizipenik ez zutenez, aise utzi diete Thatcher bezalako neoliberalei ongizate estatua ahultzen.
- 1960ko hamarkada, gazte protestekin, rock&roll mugimenduarekin, eta kutsu libertarioko erreibindikazioekin, Hobsbawmentzat dibertigarria izan zen. Baina unean ere ez zitzaion iruditu hor, 1968 buelta hartan, egiazko iraultzarik zetorrenik. Aitzitik denborak erakutsi du (Hobsbawmen ustez)
anarkismoa ezkertiar adina bihur litekeela eskuindar (norbanakoan zentraturiko kontsumismo hedonistarekin).
- Ezagun da
Hobsbawm nazionalismoen kritiko gogorra izan dela (hitzaldian ez zuen utzi aipatu gabe umetan Vienan bizitzeak "nazionalismo probintzianoetatik" inmunizatzen lagundu ziola, "juduen nazionalismo probintzianoa barne"). Hala ere, hitzaldi hasieran,
hizkuntzen aniztasuna oharkabea ez zaiola agertu zuen: gaztelaniaz hasi zen, desenkusatuz hitzaldia ingelesez emateagatik hizkuntza honetan erraztasun handiagoa zuelako. Eta gehitu zuen euskaraz ere ezin aritu zitekeela, hizkuntza honetan ez baitzekien mintzatzen.
Ez zen lausengurik egon, baina esango nuke kortesiagatik baino ez bazen ere, Hobsbawmek hizkuntzekiko sentiberatasun minimo bat agertu zuela. Bereziki azpimarratzeko keinua, kontuan hartuta hitzaldi ziklo hartako hurrengo gonbidatuak,
Bernardo Atxagak, gaztelania hutsez hitz egin zuela bere solasa. Banekien Hobsbawmek ez zuela "euskal hiria" eraikiko. Baina beste batzuengandik gehiago espero zitekeen.
Nork: Jurgi.2009/02/09 08:23:54.511 GMT+1
Etiketak:
historia
hobsbawm
| Permalink
| Erantzunak (10)
| Errenferentziak: (0)
2009/01/30 20:51:06.737 GMT+1
Eric Hobsbawm britainiar historialari beteranoa Bilbon izango da
hitzaldia ematen otsailaren 7an, larunbatez. Mundu mailako ospea duen ikertzailea da Hobsbawm. Blogaren irakurleak bertara joatera animatu nahi nituen... Tamalez honezkero sarrerak
agortu dira (ni ere sarrera gabe geratu naiz!)
[ZUZENKETA: ez dira agortu, ikus
beheko azalpena]
Nor da Hobsbawm?Britainiar historialari marxisten taldeko kide ezagunenetakoa da. Egipton jaio zen 1917an (jada 92 urte ditu!) baina austriarra zuen ama eta ingelesa aita (xehetasunak
hemen eta
hemen). Laster alderdi komunistako kide egin zen, eta
historialari marxisten taldeko partaide.
E. P. Thompson eta beste historialari batzuekin batera "historia behetik" ikuspegia landu izan du.
Ikertu dituen gaien artean daude, besteak beste, frantses iraultza, industri iraultza, matxinoak, tradizioen asmakuntza, nazioen eraikuntza, eta mundu mailako historia.
Lastima ezin izango dudala entzun bere solasa. Antza ez da
AC/DC gure artean sarrerak
agortzen dituen bakarra. Irakurleren batek Hobsbawmen hitzaldira joateko aukera balu eskertuko nioke bere inpresioak kontatzea. Nolanahi ere, hitzaldiak izenbururik ez izateak susmarazten dit antolatzaileek Hobsbawmek esango duenari baino garrantzia handiagoa eman diotela pertsonaia bera ekartzeari.
Nork: Jurgi.2009/01/30 20:51:06.737 GMT+1
Etiketak:
historia
| Permalink
| Erantzunak (6)
| Errenferentziak: (2)
2008/11/20 20:12:57.896 GMT+1
Duela bi urte doi-doi, blog hau sortu berritan, Veleiako gaia izan nuen mintzagai. Orduan aurreratutako jarrera
ezkorra azkenean baieztatu egin da: aditu talde batek
faltsutzat jo ditu ustez erromatar garaikoak ziren euskal izkribudun
ostrakak. Ikus xehetasunak
Berrian eta
Sustatun.

Nork: Jurgi.2008/11/20 20:12:57.896 GMT+1
Etiketak:
araba
historia
veleia
| Permalink
| Erantzunak (10)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/29 11:31:49.362 GMT+2
Datorren ekainaren 9an mintegi bat egingo da Oxfordeko Unibertsitatean galeseraren eta euskararen historia soziala konparatuz:
'Out of Paradise: Welsh and Basque Languages Facing Modernity (1800-2008)'.

Euskal Herriko zein Galesko adituak mintzatuko dira, bai historialariak, soziolinguistak zein filologoak, eta azken bi mendeotako gorabeherak aztertuko dituzte ikuspegi konparatu batean. Izatez aurten Oxforden garatzen ari naizen ikerketa proiektuaren parte da mintegi hau.
Baten batek etortzeko asmorik balu ongi etorria izango da (sarrera librea da). Ekitaldia
70 Woodstock road kaleko European Studies Centre ikerketa gunean izango da, goizeko 9etan hasita. Hona egitaraua:
9:00
– 9:30. Welcoming Remarks
9.30 - 11:00. Panel 1 - The Nineteenth and early Twenty century
Prof
Geraint Jenkins: ‘A million or more!’
The Welsh Language and its Speakers 1801-1911’
Dr
Jurgi Kintana: ‘Natural Selection? The Basque Language in a Comparative Perspective,
1800-1936’
11:00 - 11:30. Tea / Coffee
11:30 - 13:00. Panel 2 – The Twentieth century
Dr
Irene López-Goñi: ‘The Rebirth of the Basque
School in Navarre during Franco’s Regime, 1957-1975’
Dr
Marion Loeffler: ‘From Neglect to Promotion: The Welsh Language, 1911 to 2001’
13:00 - 14:30. Lunch
14:30 - 16:00. Panel 3 – The Present and the Future
Prof
Colin Williams: ‘From Promotion to Regulation: The Prospects for Welsh in the 21
st Century’.
Dr
Jokin Aiestaran: ‘Basque in the 21st Century: Present Situation and
Challenges Ahead’
16:00 – 16.15. Concluding remarks
16:15.
Tea / Coffee
Nork: Jurgi.2008/05/29 11:31:49.362 GMT+2
Etiketak:
oxford
historia
| Permalink
| Erantzunak (6)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/17 19:18:49.029 GMT+2
Aurrekoan
iruzkinduriko Santi Leoné-ren
Euskal Herri imajinario baten alde liburuaren haritik, kontu gehigarri batzuk aipatuko ditut. Zer da Euskal Herri imajinarioa? Nola eraiki da historikoki? Zertan daude horren gaineko ikerketak?
Horiek dira, nire gusturako, Leoné-k bere liburu bestalde bikainean nahikoa landu gabe utzitako auziak. Nik ere ez ditut hemen merezi bezala landuko, baizik soilik zirriborratuko.
Ikerketa postmodernoak euskal historianImajinarioaren ikuspegia hein handiz jakintzaren inguruko egungo paradigma
postestruktural /
postmodernoari dago lotuta. Izan ere, garai batean, "Egia" historikoa bilatu nahi zen, dela XIX. mendeko ikertzaileen modu
positibistan (batez ere gertaera politikoak aztertuz), dela XX. mende erdialdeko historialari estrukturalisten ildoan (
historialari marxistak,
Annales eskola, etab, nagusiki egitura sozial eta ekonomikoei eskaintzen ziotenak arreta).
Egungo paradigma postmodernoan, aldiz, "Egia" bezalako gauza potoloak albo batera utzi eta gehiago jotzen da diskurtsoak aztertzera, testu, sinbolo edo narrazio baten atzean dagoen historia, esanahiak, mekanismoak, helburuak eta eragileak zeintzuk diren argitzera. Hori da adibidez Leoné-k bere liburuan egin duena navarristen eta Nabarraldeko
metanarrazioak deseraikitzean. Izatez ikerketa ildo horretan aditua da Leoné, eta memoria lekuen inguruko hainbat lan interesgarri
eginak ditu (adibidez San Frantzisko Xabierrek sinbolo gisa izan dituen esanahien
inguruan, edo foruek
Nafarroako memoria leku gisa izan duten erabileraz).
Azterbide postmodernistak literatur kritikan du iturri nagusietako bat, eta izatez Euskal Herriko historiaren ikerketetara ere bide horretatik iritsi ziren paradigma honen lehen eraginak. Hola, aitzindarien artean
Jon Juaristiren 1987 urteko
El linaje de Aitor liburua aipa liteke. Bertan, XIX. mendeko literatura foruzalea aztertuz, euskal identitatea nola eraiki zen aztertzen zuen. Juaristiren lana, ordea, berez kalitate handikoa izan arren, bere asmo "desmitologizatzaile" militanteak zamatzen zuen: testuak deseraikitzeko tekniketan joera berrietan kokatu arren, abertzaleen "gezurra" salatu nahiak, paradigma zaharreko "Egian" sinestera eramaten zuen, "Egia" hau aski interesatua izanik.
Ikuspegi postmodernora modu beteagoan (eta akademikoagoan) egokitu zen
Juan María Sánchez Prieto historialaria eta bere 1993ko
El imaginario vasco liburukotea (mila bat orrialde). Honek ere, XIX. mendeko euskaldunen identitateari lotutako testuak aztertzen zituen, baina literarioak baino gehiago historiografikoak eta etnografikoak, bai Euskal Herrikoak zein Europan zeharrekoak.
Historialari izan gabe,
Joseba Zulaika antropologoaren eragina ere aipa liteke ikuspegi postmodernoa Euskal Herrira ekartzen lagundu dutenen artean.
Del cromañón al carnaval liburuan (1996), adibidez, haitzuloetako euskaldunei buruzko narratiba historiko-antropologikoa nola sortu zen ederki azaltzen du.
Halako aitzindariak eta nazioarteko eraginak tarteko, 1990eko hamarkadatik postmodernismoak euskal historialari askorengan izan du oihartzuna. Sarritan, ordea, azaleko eragina izan da, eta gutxi izan dira paradigma berriaren lanabes eta kontzeptuak behar besteko sakontasunaz baliatu dituztenak beren ikerketetan. Gutxi horietako bat da, hain zuzen, Leoné. Ikerketa ildo berean beste nafar gazte bat ere nabarmendu beharra dago, Iñaki Iriarte, bai
euskaraz, zein
gaztelaniaz
ekoitzi duena. Leoné eta Iriarte dira, nik ezagutzen
dudanetik, euskal historiografian bide postmodernoa modurik finenean
lantzen ari direnak une honetan, batez ere Nafarroako identitatearen inguruko gaiekin.
Beste nafar bat ere aipatu beharko nuke,
Xabier Zabaltza. Euskal eta nafar identitateaz idatzi dituen lanak -
Mater Vasconia tesia eta
Gu, nafarrok saiakera besteak beste- biziki gomendatu dizkidate, baina aitortu behar dut ez ditudala oraindik irakurri. Nire mugak tarteko injustizia Zabaltzari ez ezik beste hainbat autoreri ere egingo diet, ez bainoa izen gehiago aipatzera euskal historialari postmodernoen zerrendatxo honetan (merezi dutenak egongo badira ere).
Baiezta dezakedana da historiografia postmodernoaren ildotik, hainbat gai jorratu direla: euskal identitatearen eraikuntza literaturan, diskurtso antropologikoetan, historiografian, nafar/euskal/espainiar identitateen arteko harremana memoria lekuetan...
Adibide bat: euskal lurraldetasuna
Teoriarekin luzatu naiz eta bada garaia Euskal Herri imajinarioaren etsenpluren bat azaltzeko. Azkueri buruzko tesia idazten ari nintzenean ohartu nintzen XIX. mendean egun jakintzat ematen dugun "euskal kanon nazionala" finkatu gabe zegoela hainbat arlotan.
Adibidez, gaur egun "Euskal Herria" hitza aipatzean zazpi probintziek osaturiko mapa imajina dezakegu. Edo mapa hori ikustean berehala identifikatzen dugu eta badakigu zein lurralderi dagokion. Aldiz
1890 urteko euskaldunei zazpi probintzien mapa bat erakutsi izan bagenie ia inork ez zuen jakingo zer zen hura. Garai hartan egon bazegoen euskalduntasun ideia bat, baina ideia horren baitan ez zen sartzen zazpi probintzien mapa.
Izan ere, garai hartan praktikoki ez zen halako maparik existitzen. Salbuespenetako bat
Bonaparte printzeak 1863 urtean egindako euskalkiena zen, zazpi probintziak biltzen zituena. Baina mapa horren oso tirada txikia egin zen eta oso jende gutxik ezagutzen zuen. Azkuek, adibidez, ez zuen 1899 urtera arte (hogeita hamabost urte zituen orduan) sekula ikusi. Eta hori bera garaiko euskaltzaleen artean mugitzen zela eta hainbat dokumentu ibili zituela esku artean.
Are gehiago: "Euskal Herria" izena, hiztun arrunten ahotan bizi arren (hainbat bariante dialektaletan), jatorriz euskara mintzatzen zen lurraldeari egiten zion erreferentzia, ez zazpi probintzien osotasunari. Beraz Enkarterriak, Araba gehiena eta Nafarroaren hegoaldea, XIX. mendeko euskaldun arrunt batek ez zituen Euskal Herritzat joko, baizik Erdal Herritzat. Izatez garaiko euskaldun gehien-gehienek jakin ere ez zuten jakingo euskararen lurralde eremua zehazki noraino heltzen zen.
Pertsona ikasi beraien artean euskal lurraldetasun ideia aski finkatu gabe zegoen:
hirurak bat,
laurak bat,
zazpiak bat... Lelo hauek pertsona berberak erabil zitzakeen. Ohartzekoa da nolanahi ere
zazpiak bat leloa ez zela agertu 1892 urtera arte. Lehenago, jakina, pertsona ikasi batzuk aipatua zuten zazpi euskal probintzia zeudela (
Axular,
Larramendi,
Abadia...), nahiz autore guztiak ez etorri bat definizio horietan (
Oihenartek adibidez Akitania osoa zuen euskal lurraldetzat). Nolanahi ere kuriosoa da ikustea i
rurac bat leloa 1763 urtetik bueltaka zebilen bitartean, zazpi probintzien batasun ideia ez zela lelo gisa finkatu ehun urte geroagora arte.
Laburbilduz: euskal lurraldetasun ideia "kanonikoa", hau da, argia, zehatza, edozein euskaldunek identifika zezakeena, ez zen existitzen 1890 aldera. Egon bazeuden euskal lurraldetasun ideia lauso batzuk, baina nahiko nahasiak (herritar arrunten
Euskal Herri ideia linguistikoa,
irurac bat,
provincias vasco-navarras...). Imajinario territoriala geroztik joan da finkatzen eta sinbolo argietan materializatzen (zazpi probintzien mapa,
zazpiak bat leloa,
Euskal Herria izena), eta gaur erreferentzia ezaguna da edozein euskaldunentzat.
OndorioaEuskal identitatea eta kultura, ez da "hor", "berez", "betidanik"
dagoen gauza bat. Ezta antzina argi zegoen zerbait (Nafarroa
independentearen garaian, edo historiaurrean, edo beste noizbait) eta
orain "berreskuratu" behar duguna ere. Lurraldetasun ideia eraikiz joan den bezala beste horrenbeste gertatzen da hainbat konturekin: XX. mendean zehar bihurtu direla euskal identitate elementu kanonikoak, edozeinek "euskal" gauza gisa identifikatzen dituenak:
- Ikurrina (Sabino Aranak 1894an Bizkairako sortua)
- "Euskal" pertsona izenak (batzuk osoki asmatuak, beste batzuk inork oroitzen ez zituen testu zaharretatik atereak)
- Euskara batua (ofizialki 1968an sortua)
- "Euskal" kantak (Ez dok amairu moduko mugimenduek 1960-1970etan sortuak edo ezagun bihurtuak)
- Txalaparta (Gipuzkoako herri jakin batzuetan baino ezagutzen ez zena)
- Olentzero (Gipuzkoa-Nafarroa arteko zonalde batekoa)
- "Euskal" pastela (jatorriz Lapurdi aldekoa)
- ...
Horiek guztiak eta gehiago egungo euskal nortasun politiko, kultural edota folklorikoarekin lotzen ditugu. Baina ez da beti hala izan. Historia hurbilean sortuz, asmatuz, aldatuz, eraikiz, hedatuz, joan dira, batzutan eztabaida eta gatazka artean. Hori da Euskal Herri imajinarioa. Eta historialari gisa on litzateke imajinario hori aztertzea, deseraikitzea, ulertzea.
Nork: Jurgi.2008/05/17 19:18:49.029 GMT+2
Etiketak:
historia
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (1)
2008/05/03 20:53:18.894 GMT+2
Euskal nazioa asmatua da. Eta zer? Munduko nazio guztiak dira asmatuak. Horixe da
Santi Leoné nafar historialariak
Euskal Herri imajinario baten alde liburuan defendatzen duena (Elkar, 2008).

Liburua saiakera labur bat da (92 orrialde), arin eta erraz irakurtzen dena. Izatez, ingeles historialarien estilo atsegin eta dibulgatiboa ekarri dit gogora.
Zaldi Eroaren marrazkiek umore puntu gehigarri bat eransten diote.
Liburuaren abiapuntuko ideia aski ezaguna da ikertzaileen artean:
nazioak komunitate imajinatuak dira, ez dira betidanikoak, ezta berezkoak ere, baizik aski berriak, nagusiki XIX. mende aldera eraikiak, sortuak, asmatuak...
Nazioak ulertzeko modu hau agian harrigarria egingo zaio irakurle ez espezializatuari. Izatez, asmakizunaren ideia gure artean batez ere autore espainolistek zabaldu dute, euskal abertzaletasuna salatzeko asmoz: "Euskal Herria nazio asmatua da, beraz ez da egiazkoa, baizik gezur bat". Hori da, sinplifikatuz, maiz iristen zaigun mezua. Horregatik da eskertzekoa Leoné-ren saiakera, asmakizunaren norabide bakarreko mezua ("euskal nazioa asmatua da"), beste alderantz ere zuzentzen baitu, publiko zabalari ezagutaraziz:
euskal nazioa asmatua da, bai, munduko nazio guztiak diren bezala, baita espainiar nazioa ere. Zeren oraindik orain, asko dira Espainian, baita historialarien artean ere, beren nazioa milenario gisa aurkezten dutenak. Horrexen hainbat adibide agertzen (eta kritikatzen) ditu Leoné-k.
Liburuak, gainera,
arreta berezia eskaintzen dio Nafarroako kasuari. Bertan, alde batetik, eskuin navarristak, Nafarroaren historia esentzialki espainol gisa aurkeztu izan du, gauza berezko eta betidanikoa bailitzan. Beste aldetik, navarrismo espainolista horri aurka egin nahian, euskal abertzale batzuk,
Nabarralde proiektuaren inguruan bilduak, Nafarroaren historia esentzialki euskaldun gisa aurkeztu nahi izan dute (Nafarroa = Euskal Estatua). Kasu bietan, historia modu dogmatiko, manikeo eta politizatuen erabili da, ez iragana ezagutzeko baizik batez ere egungo proiektu bat ala beste justifikatzeko. Erabilera makur hori da liburuak kritikatzen duena. Eta horren aurrean Euskal Herri imajinarioaren aldeko apustua egiten da: "Euskaldunak bagara, ez da iraganak behartuta, historiaren manatuak bultzatuta, hildakoen ahotsak hartaratuta. Euskaldunak bagara, izate horri edukia guk ematen diogulako da" (91.orr).
Esan beharrik ez dago guztiz bat egiten dudala liburuaren planteamenduarekin. Zenbait puntutan, ordea, apur bat labur geratu zait. Neurri handiz, nire deformazio profesionala da arazoa, urtetan nazionalismoaren historia gaiak erabili baititut esku artean, eta alde horretatik gauza gutxi egin zaizkit berriak. Alta, aitortu behar dut egileak adibide xume eta egokiak hautatuz zehatz transmititzen dituela ideia nagusiak.
Bereziki polita iruditu zait
Jaime Ignacio del Burgoren faltsifikazioaren etsenplua (ezezagun zitzaidana): politikari navarristaren interpretazioan XVI. mendeko nafar gorteen akta batean hispanitatearen defentsa garbia egiten zen (
spanidad, Del Burgoren irakurketan), izatez, jatorrizko testuan, kristautasuna aipatzen zenean (
christiandad).
Halaber,
Nabarraldeko autoreen estilo literarioari buruzko kritika originala eta guztiz pertinentea egin zait: idaz-tankeraren auziak garrantzi gutxikoa eman badezake ere, Leoné-k antzeman duen bezala, Nabarraldekoen estilo solemne eta handinahia bat dator guztiz beren liburuek egia absolutua agertzeko duten asmoarekin.
Agian Leoné-ren
liburuan urrien egin zaidana izenburuko helburuaren garapena da, hots, Euskal Herri imajinarioaren aldeko jarduna. Izan ere, liburuan ez da azaltzen zer den Euskal Herri imajinario hori, nola joan den berau historikoki sortzen (demagun diskurtso mailan, edo sinboloetan), edota imajinario horrek zer interes izan dezakeen. Berriki, modu irrigarri batean, Volgako batelariek
imaji-Nazio horren aldeko hainbat proposamen
aurkeztu dituzte. On izango zen Leoné-k ere bereak azaltzea. Nire partetik, behinola, historia arloko euskal curriculumari buruzko
artikulu batean gaia zertxobait ukitu nuen.
Edozein kasutan, eta amaitzeko, liburuak aise lortzen du argitaratu den Eztabaida bildumaren izenari ohore egitea. Jada
zenbait iritzi desberdin sortarazi ditu.
Irakurle guztiei biziki aholkatzen diet.
Nork: Jurgi.2008/05/03 20:53:18.894 GMT+2
Etiketak:
historia
nafarroa
| Permalink
| Erantzunak (13)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/11 18:29:40.901 GMT+2
Gales eta Euskal Herria hainbat arlotan dira antzekoak: neurri eta biztanle kopuru ia bera dute (biek 20.000 km2, eta 3 milioi biztanle inguru), bietan bertako hizkuntza gutxitua dago (galesera biztanleen %21ak daki, euskara %28k), eta bilakaera historikoan ere parekotasun handiak dituzte.
Antzekotasun horren haritik ikerketa konparatu bat egiten ari naiz. Egia esan Erresuma Batura etorri nintzenean uste nuen galeseraren historiari buruz euskararen historiari buruz bezain ikerketa gutxi egongo zirela eginda. Baina oker nengoen. Laster topatu nuen
A Social History of the Welsh Language liburu bilduma. Geraint H. Jenkins Galesko unibertsitateko historialariak koordinaturiko proiektu bat da, Erdi Arotik gaur egunera arteko hizkuntzaren historia soziala aztertuz. Dozenaka ikertzailek parte hartu dute proiektuan eta emaitza 11 liburutako bilduma izan da 1997 eta 2001 artean argitaratua. Izatez 5 libururen bi bertsio egin dira, bata galeseraz eta bestea ingelesez, eta hamaikakoa osatzeko falta den liburua elebitan argitaraturiko datu estatistikoen tomo bat da, irudian ageri den hauxe:

Euskal Herrian, jakina, badira ikerketak euskararen historia sozialari buruz. Ez dago, ordea, Galesen bezalako proiektu zabal eta koordinaturik.
Euskararen iragana ikertu duten pertsona gehienak banaka aritu dira, eta arlo bat edo beste bat arakatu dute, ez historia osoa. Askotan, gainera, filologoak eta literatur kritikariak izan dira halako lanak burutu dituztenak, ez historialariak. Ez dut esan nahi hizkuntzan adituen ekarpenak eskasak direnik. Aitzitik beren lana beharrezkoa da eta ondo egiten dute. Arazoa da literatura eta filologia arloetatik kanpoko hizkuntza-gaiak, propioki historialariei dagozkienak, inork gutxik lantzen dituela.
Galesen bezala beharrezkoa litzateke gure artean ere, proiektu kolektibo bat, unibertsitate mailako ikerketa talde batek antolatua, zenbait urtetakoa, beharrezko aurrekontuarekin eta dozenaka aditu bilduko dituena. Eredua Galesek eskaintzen digu.
Nork: Jurgi.2008/04/11 18:29:40.901 GMT+2
Etiketak:
historia
gales
| Permalink
| Erantzunak (13)
| Errenferentziak: (2)
2008/03/17 21:26:57.464 GMT+1
Zehaztasun historikoak, gidoi interesgarriak, aktoreen lan txukunak eta edertasun bisualak bat egiten dute XVI. mendeko Ingalaterran kokaturiko istorio honetan.

Filma
Las hermanas Bolena izenburupean ikus liteke egunotan Hegoaldean (badirudi Iparraldean oraindik ez dela estreinatu). Mary eta Anne Boleyn ahizpen istorioa kontatzen du, Ingalaterrako Henry VIII erregearen maitale izan zirenak. Filmean ez dira elementu asmatuak falta, batez ere harreman pertsonalen ingurukoak, baina oro har kontakizuna ez da asko aldentzen errealitatetik.
Fikzio historikoa baino historia fikzionalizatua dela esan liteke, egia baita bi ahizpa hauek existitu zirela, erregearekin harreman hurbila izan zutela, bai eta filmean azaltzen diren gertaera nagusiak hala jazo zirela. Izatez iturri historikoetan dauden hutsuneek erraztu dute istorioaren zati bat asmatu ahal izatea, xehetasun guztiak egiazki nola izan ziren ez baitago jakiterik. Hola gidoilariek, historia bortxatu gabe, irudimenerako tarte bat izan dute, kontakizun sinesgarri eta erakargarri bat osatuz.
Historiaren ikuspegitik filmak Aro Berriko errealitatea ulertzeko hainbat elementu biltzen ditu. Adibidez:
- familia-leinuen lehentasunezko lekua garaiko gizartean
- ezkontza-estrategien garrantzia familiak sozialki gora egiteko
- emakumeen menpeko rola estrategia horietan
- norbanakoen saioak jokoaren baitan urrunago iristeko
- familiako kideen arteko elkartasun eta hurbiltasuna
- erresumen izaera familiarra, non erregearen aferak estatu-arazo ziren...
Filmeko estetika nabarmendu beharrekoa da orobat. Hainbat eszena garaiko koadroak balira bezala osatuta daude, eta nobleen luxuzko janzkera (perfekzio handiz islatua) begien gozagarri da.
Ikustea merezi duen filma, zalantzarik gabe.
Nork: Jurgi.2008/03/17 21:26:57.464 GMT+1
Etiketak:
historia
| Permalink
| Erantzunak (7)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak