Aro digital honetan nola dago euskara? (META-NET liburua)

Europa mailan Hizkuntzaren Prozesamenduan koordinazio-lanak egiten dituen META-NET sareak 30 “liburu zuri” argitaratu ditu alor honetan Europako hizkuntzen egoera aztertzearren. Horietako bat euskararena da, orain dela gutxi argitaratu dena:

“Euskara Aro Digitalean” liburua

Inmaculada Hernáez, Eva Navas, Igor Odriozola, Kepa Sarasola, Arantza Diaz de Ilarraza, Igor Leturia, Araceli Diaz de Lezana, Beñat Oihartzabal, Jasone Salaberria  2012
The Basque language in the digital age / Euskara aro digitalean
METANET White Paper Series.
Georg Rehm, Hans Uszkoreit (editors). Springer.

METANET_White_Papers_Basque.pdf

Liburuaren egile eta koordinatzaile nagusia izan den Inma Hernaezek laburpentxo hau egin du:

Oro har, META-NETen ikerketa-lanak ohartarazten du Europako hizkuntza gehienak digitalki iraungitzeko arriskuan daudela, aztertutako 30 hizkuntzetako 21ek duten babes digitala “hutsa” edo, kasurik onenean, “eskasa” baita.

Azterketak agerian uzten du hizkuntza batek ere ez duela “babes bikaina”; ingelesa baino ez da jo “babes ona” duen hizkuntzatzat, eta haren atzetik daude alemana, espainiera, frantsesa, italiera eta nederlandera, “babes ertainaz”. Bestalde euskarak, katalanak eta galegoak, bulgariera, greziera, hungariera eta polonierarekin batera, “babes zatikatua” dute, eta, hortaz arrisku handiko hizkuntzen multzoan ezarri dira horiek ere.

META-NETen arabera, ezinbestekoa da Europan ekimen koordinatu eta eskala handiko bat sortzea, dauden hutsuneak beteko baditugu eta teknologia ahalik eta hizkuntza gehienetara transferituko badugu. Izan ere, biztanleko karga finantzarioa oso handia da hizkuntza-komunitate txikienentzat; hizkuntzen artean teknologiak trukatu beharra dago; nabarmena da baliabideen, tresnen eta zerbitzuen elkarreragingarritasun falta; eta bistakoak dira hizkuntza-mugak eta muga politikoak maiz bat ez etortzearen ondorioak.

2 erantzun “Aro digital honetan nola dago euskara? (META-NET liburua)” bidalketan

  1. Erreferentzia Basque Research-en:
    “Liburuaren ondoriorik nabarmenenetariko bat da ikerketa sustatu beharra duten Europar Batasuneko hizkuntzetariko bat dela euskara, hizkuntza-teknologietan oinarritutako aplikazio benetan eraginkorrak eta egunero jardunean erabiltzeko modukoak garatuko badira. Euskararako kalitate handiko hizkuntza teknologiaren garapena oso behar larria eta garrantzitsua da euskara sustatzeko.”
    http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?hizk=E&Berri_Kod=4133#.UVA8RRxjUwk

  2. Pingback: Lehena eta azkena | 31 eskutik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

− 3 = 7