Patatas Celigüeta

Urteberriko bazkal osteko solasean familia arteko kontuak berritu ditugu gaur. Gure ama eta Izeba Kruzi gerra aurreko publizitate-doinua hasi zaizkigu kantatzen. Hauxe hain zuzen ere:

‘En Amara 35 hay una gran churrería

Marcelino Celigüeta de fama reconocida

en churros y chocolates, cafés y buenas bebidas

 y un salón de gran confort para las niñas bonitas’

Celigueta patatak Agurainen frijitzen dira 1996az geroztik. Hala ere, ez da data horretan hasten patata frejitu horien historia. Gure amak eta izebak kantatutako iragarki horretan aipatzen den Marcelino Celigueta, edo Euskaltzaindiaren irizpideei jaramon eginez gero Markelin edo Martzelino Zilegieta, Zintruenigoko semea zen eta Donostian txurreria zabaldu zuen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Horretan txurruak eta patatak frejitzen ziren, besteak beste. Gure aitona Meltxorren lehengusua zen. Elkarrekin hazi ziren eta harreman oso handia egon zen familiaren bi adarren artean.

Marcelinoren txurroak eta patatak ospetsuak ziren donostiarren artean. Gaur egun ekitzailetzatzat eta berrikuntzatzat joko genukeena eginez, Marcelinok txurroak eta patata frejituak Donostiako kafeetara banatzen zituen bizikletaz. Gainera, jai-giroa egokitzen zenean txaranga edo fanfare bat antolatzen zuen, Amaran zehar goiko iragarkia kantatzen zuena, besteak beste.

Izebak dioenez txurreriaren sarreran kafe moduko txiki bat zen nondik korridore bat ateratzen zen. Korridearen eskuin aldean txurruak eta patatak lantzeko gunea zegoen; ezkerraldean erreserbatuak, hots, bezeroak egoteko gela itxiak.

1936ko irailean nazionalak Donostian sartu zirenean, preso hartu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten Martzelino. Gure izebak iradoki duenez ‘neska polit’ horien kontuengatik. Emazteak eramaten omen zion egunero bazkaria kartzelara. Egun batean bertan ez zegoela esan zioten, eraman egin zutela. Bide bazterren batean kendu zioten bizia.

Harez gero, Marcelinoren anaia batek jarraitu zuen txurroen eta pataten negozioekin. Txurreria horixe zen, hain zuzen, parte zaharreko San Lorentzo kalean umetan ezagutu genuena. XX. mendea bukatzear, familiak negozioa utzi eta egungo nagusiei eman omen zien patata krikrastari ederrak frejitzeko errezeta berezia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude