2008/04/06 17:18:54.473 GMT+2
VeneZia
Nork: Janire.2008/04/06 17:18:54.473 GMT+2
Etiketak:
italia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1
Aurrez aurre esan ez dizudana
Zorionak!
Barkatu zuretzako
hain garrantzitsua den egun honetan zeharkako moduan zoriondu behar izatea,
baina zuk zeuk ikusi duzu zure begiekin, zoritxarrez, gaur ez dela egunik onena
izan inorentzat. Sentitzen dut merezi zenuen ospakizuna ez izatea, nire aldetik
behintzat.
Konturatuko zinen
arazoak bata bestearen atzean etorri direla eta, azkenean, barruko mamuak
agertu direla. Ni saiatu naiz gertatu dena saihesten baina guztia ez da nire
esku egon eta azkenean lehertu egin dut amorruaren amorruz. Zuk lar ondo dakizu
zelangoa naizen eta oraingoan ere neure burua defendatu behar izan dut eta
honelako egoera itsusiak eragin. Baina egiari, arazoei eta bizitzari aurre egin
behar zaie gustatu ala ez eta gaurkoan ezin izan dut gehiago.
Zuk badakizu
arazo hori ez dela gaurkoa izan, aurretik bazegoela eta honelakoak etorriko
zirela. Baina txarrena izan da gaurko egunean gertatu behar izatea. Ni triste
nago eta argi daukat gaurkoak, nire etorkizunean behintzat, zerikusi handia
izango duela. Nire ikuspegia aldatu egin da eta, entzundakoaren arabera, ziur
gehiago aldatuko dela. Geratu zaidan aurpegia ez da batere polita,
sufrimenduaren isla, azken hilabeteetan jasan ditudanak gutxi izan ez
direlakoan, beste zaku bete buruhauste etorri zait gaur gainera.
Baina benetan
poztu egin nau zu nire kontra ez ikusteak. Ondo egin duzu isilik egonda. Zure
isiltasunak badakit zer esan gura izan duen eta eskertzen dizut. Benetan asko
gura zaitut. Emakume baten sabelean zeundela jakin nuenetik gura eta jagon
zaitut eta horrela jarraituko dut bizitzaren legeak banatu arte. Badakit batzuetan
gehiegi estutzen zaitudala nire laztanekin eta berba gozoekin, ez duzula
horrelakorik esatea nahi jendaurrean, baina aurrera jarraitzeko indarra ematen
didaten gutxienetakoa zara eta horren ordez nire babesa betiko emango dizut.
Ez dut gehiago
luzatu gura. Ziur aski ez dituzu lerro hauek irakurriko, baina nik guztien
aurrean ZORIONAK! esan nahi dizut, merezi duzun bezala. Espero dut
gainerakoekin behar bezala ospatzea eta zure egun hau ondo gogoratu ahal izatea
betiko. Barka iezazkidazu gaurkoak eta gorde itzazu oroimenen alde ilunean,
inoiz berriz ager ez daitezen. Mosu eta besarkada handi-handia!
Nork: Janire.2008/03/01 22:15:00.330 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1
Bat-bateko idatz jarioko gogoetak
Aspaldiko partez agurtzen
zaituztet, irakurleok. Hilabete hauetan ez zarete nire berri izan ez duzuen
bakarrak izan. Baina orain dela minutu batzuk, beharrean egon naizen bitartean,
lagun batzuen blogak bisitatu ditut (batzuk bikainak, lanpetuta nagoenean euren
txokora sartu eta bertan idatzitakoek, gero eta gehiago txunditzeaz gain, momentu
batez burua gozotasun eta alaitasunean murgiltzen didatenak) eta neuk ere
txokoa dudala gogoratu dut. Niri dagozkidanak gordetzea eta zaintzea
ezinbestekoa zaidanez, hona hemen berba batzuk.
Amaitu zen uda,
joan ziren Antolintxu eta Madalentxu, eta itzuli nintzen bizimodu krudelera;
urteak pasatu ahala gero eta krudelagoa eta gogorragoa den bizimodura. Gezurra dirudi
nerabezarotik heldutasunera igarotzen dela gizakia. Niri bestelako bidea erakutsi
didate batzuek. Baina, tira, beti esaten den legez, akats horietatik ikasi eta
aurrera egin behar, ze beste erremedio dugu ba behea jo nahi ez badugu?
Baina hondoratze
prozesu hori saihesteko ez naiz nire burugogortasun eta (kanpoko) hoztasunez bakarrik
baliatu, barruko min, pena, negar, amorru, bihotzerre, samin, desesperazio,
urduritasun, ezinegon eta abarretarako, lagunak nire alboan egon dira; benetako
lagunak, batez ere.
Gutxi dira,
bene-benetako lagunak gutxi dira; beste asko eta asko lagunak dira, eta beste
batzuk ezagunak. Baina, hurrengoa esatea tristea bada ere, kirofano batetik
pasatzeak lagundu dit behingoz begiak zabaldu eta denbora luzean gero eta usain
(edo, hobeto esanda, hatsa; guk atzá
esaten duguna) eta itxura txarragoa zuena (baina nik min gehiago ez hartzeko
sinistu nahi ez nuena) ezagutu eta frogatu ahal izatera.
Agian berba hauek
irakurtzeak harritu egingo zaituztete, baina benetako egia da eta pozik nago
neure burua, behingoz, aske dudalako. Arestian egindako sailkapena neure buruan
argi geratu da, zehatz, eta talde horietatik izen batzuk atera behar izan
ditut; hala ere, beste batzuek ordezkatu dituzte.
Ez noa gai
honekin gehiago luzatzera. Beno, ez noa gehiago luzatzera beharrak zain ditut
eta. Baina argi utzi nahi dudana da bizitzan atzera begiratzea garrantzitsua
dela, ezin bestekoa aurrerako bidea gogorrago eta ziurrago egiteko. Edozein huskeria
garrantzitsua izango da.
Hortaz,
oroitzapenekin ere sailkapen bat egin behar da. Alde batetik, buruan eduki
baina bisita gutxi, edo bat ere ez, egingo diegunak; ez dira inoiz ahaztu behar
(irakasle batek behin esan zuen moduan badaezpada
ere), baina bai baztertu. Eta, bestetik, ahalik eta gehienetan gogora
ekarri eta bizirik mantendu behar ditugunak, gu geu ere bizirik mantentzeko sua
baitira.
Irakaspen txiki
honen ostean (...), agurtzea baino ez zait falta, baina ez aurretik domekako
pilota partidua ikusteko irrikan nagoela aitortu barik. Ezagutzen nauzuenok
badakizue (asteotan ikusi ez banauzue ere) pilota munduko gorabeherak, besteak
beste, ez ditudala alde batera utzi. Izan ere, hasieran esan dudan legez, niri
dagozkidanak (fisikoak ala psikikoak izan; edo birtualak azken aldian) zaintzea
gustatzen zait.
Nork: Janire.2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1
Etiketak:
gogoetak
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2
Plentziako Antolintxu eta Madalentxu
Heldu dira Plentziako jairik potoloenak!!! Urte bete luzea itxaron eta gero,
hastear daude. Udan zehar beste jai batzuk ospatu baditugu ere, eguen honetatik
datorren astelehenera (edo illenera, hemengo euskaraz) artekoak plentziarren artean gustokoenak dira. Egun
handia, hots, Antolin Deuna, domeka izango da.
Orain dela hogeita hamar urte alkate izan zenak hurrengoa proposatu zuen, aurtongo
jai-programan adierazten duen legez: jai hauetan zehar dabilen Antolintxu erraldoia
hezur-haragizko bihurtzea herritar ezagun baten bidez. Eta horrela izan zen.
Ideia gauzatu zenetik herriak beti oso harrera ona egin dio pertsonaia honi bai
heltzerakoan bai agurtzerakoan ere.
Baina, nor ote da Antolintxu? Honelaxe azaltzen du sortzaileak:
Jaietan alkate lanak egiten dituen Antolintxurekin, ordea, askok bere
alboan emakume baten beharra ikusten zuten. Beraz, lankide eta bikotea sortu
behar zelakoan, aurton lehenengoz lortu dute Madalentxu izatea bigarren
pertsonaia hori. Honelakoa izango da emakumezkoa:
Madalentxu, Isuskitzako Etxebarritxu baserriko neskamea, etxekoandrea
laguntzen dihardu urtean zehar (sukaldean, garbiketan eta seme-alabekin) eta
San Antolin jaien hasierarekin batera Astillerora jaisten da gabarran egun
horietan zehar ondo pasatzeko. Jaiak amaitutakoan bere zereginetara itzultzen
da. Honelaxe janzten da: baserritar arropak, abarkak, artzain-galtzerdiak,
laukidun gona eta brusa, amantal beltza, buruko zapi beltza mototsean eta jai-zapia
lepoan.
Pasa den zapatuan aurkeztu zuten bikotea elizako plazan eta orain azken
gauzatxoak prestatzen egongo dira etzi arratsaldean guztiok egongo gara-eta euren
zain Astilleroan gabarra utzi eta jaiei hasiera eman diezaieten. Gora
Antolintxu eta Madalentxu! Gora Plentzia!
Nork: Janire.2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2
Etiketak:
jaiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/08/01 17:56:15.382 GMT+2
Gauaro ederra itsasertzean
Beti zerbait gura eta ezin lortu; eta, beti gertatzen den legez, gutxien
espero dugunean zer eta aspaldian buruan bueltaka zebilena bete egiten den. Eta
halaxe gertatu zitzaidan atzo. Ekainean azterketetan nengoenean behin eta
berriro deseatzen nuen inolako ardura barik eguzkiaz eta hemengo paraje ederrez
gozatzeko momenturen bat. Eta, luze itxaron ostean, atzokoa izan zen egun hori.
Hondartza jendez gainezka zegoen eta horrek ohiko lasaitasun eta isiltasuna
desagerrarazi zuen. Hala ere, hori atzo ez zitzaidan axola. Lagunarekin uretan
nengoenean geure kaxa genbiltzan eta ia inork ez gintuen molestatzen. Gero,
eguzkitan geundenean ere, kanpotar, atzerritar, ume eta nerabeen garrasi,
musika, korrikaldi...ez ere ez nintzen ohartu ere egin. Egun ederra zegoen eta
ez nuen inork momentu hori izorratzerik gura. Nire lagunarekin berbetan nengoen
eta, bitartean, eguzkiaz gozatzen; plan ezin hobea.
Zerura begiratzen nuen eta ez zegoen hodeirik. Eguzkiak urre kolorez
janzten zuen herria, herriko lekurik altuena den kanpandorretik hasi eta itsaso
eta mendietaraino. Irudi ederra. Hareak ere dirdira egiten zuen. Eta, horri
guztiari aurre eginez, zeruko urdin argia.
Gero, Barrikatik ikusi nuen gauaren etorrera. Eguzkiak botatako urre
koloreko mantua gero eta indartsuagoa zen eguzkia itsasora hurbiltzen zen
heinean. Bertan zeuden itsasontzi, belaontzi eta txalupek ere itsaso eta
eguzkiaren kolore bera zuten. Eta, bitartean, gu zerumugarantz adi. Kolore hori,
apurka-apurka, iluntzen zihoan; urdin ilun lehenengo, more geroago, beltz,
azkenik.
Gaueko hamarrak heldu ziren eta ez geneukan etxera joateko gogo handirik. Itsasoak eguzkia irentsi bazuen ere, oraindik zerua ez zen guztiz belztu. Gainean arroparen bat janzteko beharrik ere ez geneukan eta tertulia faltan ere ez geundenez herrira jaisteko presarik ez geneukan. Baina, lau egunetan "oporretan" egon ostean, gaur beharrera joan behar nuela gogoratu nuen eta etxeranzko bidea hartu genuen. Pena handia izan zen. Horrelakoetan, aspertu arte egotea izaten da onena, baina guztia batera ezin. Hala ere, etxeko balkoitik (kalean egon ezin naizenetan hemengo txokoez gozatzeko, itsasoko haize freskoa sentitu eta lasaitzeko etxeko lekutxotik) gau aroari begira egon nintzen begiak zarratzear egon ziren arte.
Nork: Janire.2007/08/01 17:56:15.382 GMT+2
Etiketak:
itsasertzetik
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/09 18:32:24.337 GMT+2
Aimar ala Abel?
Gaur ezusteko itzela hartu dut pelota finala datorren astean izango dela
jakiterakoan. Nik asteburu osoa antolatuta euki dut ikasi, biharko jaunartzera
joan eta, gainera, arratsaldea emozioz beterik igarotzeko final polit baten
aurrean. Baina plana orain hazkaz gora dago eta hurrengo asteburua planifikatu
beharko dut denetarako denbora izateko.
Baina astebete baino gehiago munduarekin ia harremanik izan gabe egon
naizela kontuan hartuta, ez da harritzekoa. Egunotan inguratu nautenak
apunteak, ordenagailua, liburuak eta telefonoa izan dira. Ia besterik egin ahal
izateko beta handi barik ibili naiz.
Bestalde, Aimarrek ere aurreko partidua irabazterakoan txutxu-mutxu guztiak
isilarazi egin ditu, eta zelan gainera!
Zorionak alde horretatik. Nire ustez, Gonzalezek ez luke
horrelako komentariorik egin behar, ez horrelakoetan. Eta Aimar pilotari handia
dugu. Igaz ezin izan zion Irujori aurre egin eta aurtengoa izan daiteke bere
hurrengo aukera.
Baina, batek daki zer gertatuko den. Pilotari bien gaineko iritziak
irakurtzeko prest nago, ia nork ematen didan alde batera edo bestera egiteko
pisuzko arrazoia, gatxa izango den arren. Nik dakidan gauza bakarra da partiduaz
ahalik eta gehien gozatuko dudala eta partidurik onena jokatzen duenak irabaz
dezala (momentuz). Izan ere, txapel batez ezin dira bi buru estali!!!
Nork: Janire.2007/06/09 18:32:24.337 GMT+2
Etiketak:
pilota
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/05/13 13:59:19.497 GMT+2
Plentziarrak berriz martxan
Urtetxo batzuk
igaro dira, bai, Herri Torrontegui motorista profesionalen artean ikusten
genuenetik. Baina herrian oraindik bere irudiak bizirik dirau garai hartan ume
ginenok, eta ez hain ume ere, lortu genituen Herrik berak sinatutako posterrak,
adibidez, gure logeletako hormetan eskegita jarraitzen dutelako.
Baina, goazen
harira. Esan bezala, Herri Torrontegui berriz profesionalen artean ikusteko
aukera izango dugu baina, oraingoan, Efren Vazquez izena duen motorista bilbotar
gaztearen alboan egongo da goiko mailako txapelketetarako bidean laguntzeko.
Proiektuaren izena “Herri-Efren” da eta aurkezpena joan den hilearen bukaera
aldera izan zen Bilboko Ensanche eraikinean. Bertan aipatutako motorista biek,
Bilboko alkateak eta Massimo Matteoni-k (Team Matteoni Racing-eko arduradunak)
eman zuten ekimenaren berri.
Herrik Efrenen alboan
egotea onartu du azken hamarkadan ez baitugu euskal motoristarik ikusi estatuko
zein nazioarteko goi mailako txapelketetan. Beraz, espero dute era horretara
elkarrekin aspaldiko garaiak itzularaztea. Izan ere, Herriren asmoa argia da:
Munduko Abiadura Txapelketan, gehienez, urte bi barru parte hartzea. Animo
mutilak!
Nork: Janire.2007/05/13 13:59:19.497 GMT+2
Etiketak:
motorrak
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2007/04/17 18:25:28.951 GMT+2
Oporrak?
Bagaude berriro betiko martxan. Oporrak heldu eta amaitu dira, ia konturatu gabe, betiko legez eta guztioi gertatzen zaigun legez. Eta tartetxo hau aprobetxatzeko asmoz, lagun koadrilak aspaldi prestatuta geneukan Lisboan bost egun igarotzea. Hain erosoa den internet erabiliz hegaldiak eta hango alberge batean bost egun egoteko eskaerak prest zeuden.
Hala ere, lehengo egun biak zoratzekoak izan ziren. Denetarik pasatu zitzaigun. Gehiegi ez luzatzeko asmoz, hona hemen, labur-labur, jazotakoak:
- Apirilaren 5eko 16:00ak ziren gure hegaldiaren ordua. Baina, inork ezeren berri eman gabe, aireportura 14:30ean heldu ginen (denbora soberan genuelakoan) eta gure hegazkina irtetekotan zegoela ikusi genuen.- Ziztu bizian Iberiako mostradoreetara joan ginen eta neska polit batzuek kasurik ez ziguten egin eta beste leku batera bidali gintuzten.
- Eskerrak 17. mostradoreko mutilak jaramon egin zigun. Hala ere, ezustekoak izan genituen: overbookinga zela eta, hamar lagunetatik hiruk Madrilera joan beharko zuten lehenengo eta han Lisboarako beste hegazkin bat hartu. Eta hegaldi zuzenean gindoazenok bost minututan fakturatu eta hegazkinera igo ginen.
- Hegazkinak 52 bidaiarirentzako jesarlekuak zituen eta 9.en lerroan hegoaren parean nengoen.
- Azafatak makurtuta joan behar zuen sabaia ez jotzeko.
- Hegazkina hain txikia zenez ikaragarri mugitzen zen.
- Lisboan ez ziren gure 7 maletak agertu.
- Albergera joateko autobusa hartu eta aurrez aurre zegoen kartelak zera zioen: “cuidado con los carteristas”. Animoak emateko ederra.
- Maleta gabe hurrengo egunean ez geneukan ezer: aldatzeko arroparik ez, galtzerdiak, nezeserra, toalla, janaria, segapotoaren kargadorea... guztia maletan.
- Eguerdi aldera, Lisboako aireportutik SMS bat heldu zitzaigun: “your luggage is at the airport”.
- Hara heldu eta nortzuk ginen esaterakoan, 7 maletetatik 5 baino heldu ez zirela esan ziguten.
- Eraman gintuzten bosgarren gelan topatu genituen gure 7 maletak eta, lagunei esker izango ez balitz, koadrilako neska bi maleta gabe egongo ziratekeen, 7 maletak han baitzeuden baina aireportuko langileek ez zituzten ondo identifikatu.
Ikus dezakezuenez, oporrak emozio handiz hasi genituen. Eskerrak hogeita lau orduko kontua izan zela, baina ez genuen batere ondo pasatu. Gainerako egunetan itzel ibili ginen eta benetan bidaia polita izan genuen. Esperientzia honetatik gauza bi ikasi ditugu: bata, eskuko poltsan bada ez badako zerbait eraman behar dela beti eta, bestea, hegazkin konpainia ezaguna izateak ez du ziur eta erosoena izango denik esan gura.
Nork: Janire.2007/04/17 18:25:28.951 GMT+2
Etiketak:
bidaiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1
Lehena eta etorkizuna uztartuz
Orain dela hilabete azterketak amaitu eta, gezurra ematen badu ere, berriro gabiltza betikoak buruari milaka buelta ematen: ikasketak direla eta, klaseko beharrak direla eta, hortik kanpo ditugun beharrak direla eta, familia edo lagunak direla eta... eta, hori guztia gutxi balitz, batzuek tesina egiteko proiektua martxan jartzeagatik egin beharreko dei, elkarrizketa, paper, bisitak... direla eta. Hala ere, gutxien uste dugunean, betiko legez, ezustekoren bat izaten da eta oraingoan neurea benetan atsegina izan da.
Iaz koadrilako batek animatu gintuen Uribe Kostako euskaltegiek Sopelan antolatzen duten Esaera Zaharren Txapelketan izena ematera eta, esperientzia ona izan zenez gero, aurton berriz joatea erabaki dugu lagun batzuek. Eta, lagun asko elkarrekin joan arren, bertan topatzea espero ez nuen ezagun eta aspaldiko asko ikusteko aukera izan dut.
Goizeko hamaiketan Sopelan egon behar genuela agindu ziguten eta guk, zintzo-zintzo, agindua bete dugu, lehiaketari ordu bete beranduago hasiera eman dioten arren. Orduan, zain egon garen ordu bete horretan zehar, plazan biltzen joan garenon aurpegiei begiratzen hasi naizenean, baten batena baino gehiagorena ezaguna egin zait. Batzuena arin ezagutu dut nahiko memoria ona baitut, baina beste batzuen aurpegia euren izenekin lotzea ez da hain erraza izan. Hala ere, azkenean lortu dut, nahiko burugogorra bainaiz eta ez dut erraz etsitzen.
Geure begiradek baten baino gehiagotan topo egin dutela igarri dut baina bakoitza nor zen esateko gai ez ginela zioten geure aurpegiek. Beraz, apurtxo baten itxarotea erabaki dut. Baina, lehiaketari hasiera eman eta lehenengo tabernatik irteterakoan, aurretik aipatutako ezagunen bat agurtzeko zer esan edo zelan hurbildu pentsatzen nengoela, berau izan da besotik oratu eta galdera egin didana. Orduan biok konturatu gara zergatik ezagutzen genuen elkar eta ez nuen pentsatuko amankomunean hainbeste izango genuenik.
Horrela, lehiaketa aurrera zihoan heinean berba eginez, gai oso garrantzitsu eta niretzat oso interesgarria izan dugu hizpide: Uribe Kostako eta, batez ere, Plentzia eta Gorlizko euskara jasotzeko beharra, behar urgentea, neure tesinaren zuzendariak dioen legez. Uste dut biok elkar ulertu dugula eta behar hori aurrera atera ahal izateko oztopoa izan da bion arazo handiena, hots, lekuko edo informanteen falta.
Izan ere, inguru honetan euskararen erabilera ez da inoiz ona izan baina azken hamarkadetan jasan duen beherakadak egoera benetan larritu du. Horretaz gain, jendeak euskararenganako eta benetako euskara eta euskalkia mantendu eta ulertzeko duen interes falta ere oztopo dugu. Beraz, horren alde gaudenon eta horretan lan egin nahi dugunon helburua bera da: dagoena ahalik eta arinen jasotzea, oraingo lekukoak joaterakoan eurek duten jakituria guztia ere desagertuko baita. Euskara desagertzeaz gain, horrekin lotutako bizimodu, ohitura, pentsaera eta siniskerek ere ihes egingo digute.
Beraz, ikus dezakezuenez, beharretik urruntzeko egiten ditudan ahaleginetan ere behar kontuak agertzen zaizkit. Baina honek ez du beti txarra izan behar, gaurkoa legez. Honelakoek aurrera jarraitzeko indarra ematen didate eta ideia zoro horiek buruan dituen bakarra ez naizela jakiteak pozten nau, horrelako petsona motak gutxi bagara ere. Eta, gai honi buruz berbetan egon naizenari zin egin diodan artikulutxoa idatzi eta gero, gaurkoz beharra utzi eta atseden hartzeko unea heldu zait, lanean hasteko ordu aproposena ere izan ez den arren. Baina, denbora libre gutxi dugunok edozein tartetxori etekina ateratzen diogu carpe diem baitiogu.
Nork: Janire.2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1
Etiketak:
ahozkotasuna
euskara
uribe_kosta
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/03/11 17:06:52.004 GMT+1
Blogari, wikilankide eta kirolariak izan genituen solaskide
Azarotik ibili naiz aurrera eta atzera, hainbat pertsonaren telefonoa edo eurekin harremanetan jarri ahal izateko moduren baten bila martxoaren zortzirako antolatu beharreko mahai-inguruetara alor desberdinetako pertsonak gonbidatzeko. Gezurra ematen badu ere, prestaketa lanetan denboraz hasi baginen ere, aurreko gauera arte gauza asko ezin izan ditugu ziurtatu eta azken orduko aldaketek zoratu eta larritu egin naute, arrazoi desberdinak direla medio. Arduradun eta antolatzaile izatearen ondorioa, antza. Hala ere, guztia ondo atera zen, oraindik hobetzear dauden alderdiak egon arren.
Honela, eguenean, goizeko hamabietan, lehenengo mahai-inguruari eman genion hasiera, non euskal blogak eta wikipediari buruz aritu ginen inguru horietan dabiltzan hiru langilerekin batera. Alde batetik, unibertsitatean bertan Euskal Filologia ere ikasten diharduten ikasle bi
izan genituen: bigarren mailakoa bata, Luis Pastor, eta hirugarren
mailako neure ikaskidea bestea, Janire Rodriguez. Biek lan handia
egiten dute blogetan eta euskarazko wikipedian ere hainbat ekarpen egin
dituzte. Beste aldetik, urte asko euskararekin eta euskararen gainean lanean dabilen EHUko irakaslea, Ricardo Gómez. Honek ere teknologia berrien trena hartu eta euskararekin batera aurrera egin du biak ezin hobeto batuz. Filoblogia txokoa duzue horren erakusgarri, besteak beste.
Ordu batean bigarren mahai-ingurua hasi zen, aurrekoarekin zerikusirik ez zuena. Urtero mintzagai izaten ditugun blogak alde batera utzi eta guztiongandik gertuago dugun gai batera pasatu ginen, modu aktibo nahiz pasiboan izan arren: kirola. Hiru kirolarirekin batera oso solasaldi entretenigarri, dibertigarri eta interesgarriaz gozatu genuen. Honakoak izan ziren gerturatutako kirolariak: Xabier Galarza (Galarza VI.a) ASPEko pilotari lemoarra, soka-tiran dabilen Kepa Unibaso laukiztarra eta ume eta gazteen entrenatzaile izandako Nahikari Ayo getxoztarra.
Hasieran gonbidatuak urduritxo zeuden zer esan ez zekitela eta zenbat ikus-entzule egongo ziren beldur. Baina gutxiren arteko kontua izango zela ikusterakoan, giroa lasaitu eta aspaldiko nahiz hurbileko kontu-interesgarriak azaldu zizkiguten hirurek. Eta ez zen brometarako momenutik falta, batez ere, Xabierrek Wazemankekoek zapaturo kontatzen digutena errealitatetik urrun ez dagoela aitortu zigunean. Egia esan, han batu ginenok hain giro politean eta barreka ikustea inoiz ahaztuko ez dudan momentuetariko bat da.
Pena handia izan zen hain jende gutxi gerturatu izana. Antolatzaileon aldetik lan eta ahalegin handia dago eta badakigu askoz ere pertsona gehiago etor zitekeela. Arazorik handiena interes falta da, aurton kartelekin egon diren arazo, akatsak eta berandu banatu direla ere kontuan izanda.
Badakigu Deustuko Unibertsitatean euskarak ez duela egoera onik, baina euskaldunok bagaude eta taldetxoa ere osatzen dugu. Igazko mahai-inguruetako gonbidatu batek zera esan zigun heldu zenean: "Zer da hau? Salamancako unibertsitatea? Guztia gaztelaniaz idatzita dago eta jendearen eta gazteen artean ez dut euskararik entzuten!". Ikus dezakezuenez, egoera ez da ona, baina aurreko urteekin alderatuz gero, aurrerapen handiak egon direla esan behar dugu. Arazoa da euskaraz dauden ekitaldiak aprobetxatu ezean (eta gutxi direla kontuan hartuta), ez dugula beste aurrera pausurik ematerik izango.
Dena den, geure helburua bete dugu eta mahai-inguruak primerakoak izan ziren. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet berriz ere eguenean hamabiak eta ordu biak bitartean gurekin egon ziren guztioi, eurek barik hura guztia ezin izango litzatekeelako egin. Eta esker bereziak Ricardo, Kepa, Nahikari, Xabier eta azken honekin etorri zen Iboni ere. Geure asmoa eta ametsa betetzen lagundu diguzue eta ez diguzue hutsik egin.
Nork: Janire.2007/03/11 17:06:52.004 GMT+1
Etiketak:
gazteak
euskara
unibertsitatea
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)