Teknologiak eta irakasleen formazioa

Teknologien integrazioa oso prozesu konplexua da. Eskolak teknologiaz hornitzea, edota baliabide teknologikoak kudeatzea ez da nahikoa.  Prozesu honek beste maila bateko oztopoak ditu; alegia, oztopo historikoak, politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta noski baita pedagogikoak ere.

Ordenagailuak eskoletan eta etxeetan sartu direnetik, goitik behera aldatu da gure bizitza, hezkuntza sistemak kultura berri batera egokitu behar baitira. Informazioa hain eskura eta horrenbeste dagoenean, zein izan behar du Hezkuntza Sistemaren funtzioa?

IKT-ak gure artean aspalditik daude. Are gehiago, beraien presentzia nabarmen handitzen doa azken hamarkadetan. Beraz, arrazoi garrantzitsuak daude beraiei era serioan aurre egiteko gizarte mailan nahiz eskolan bertan. Eskolan IKT-ak integratzeko egin diren esfortzuak zalantzakorrak eta partzialak besterik ez direla izan erakusten digute.  Kasu askotan,  asmo handiak izan arren, aurrera eramandako proiektuak ez dira arrakastatsuak izan.

90. hamarkadaren bukaeran informazio eta komunikaziorako teknologi berrien zabalkuntza eman zen. Gizarte sektore guztietan eman zen telefonia mugikorraren generalizazioa, telebista digitalaren agerpena, interneterako sarbidea… izan ziren neurrigabeko teknologien zabalkuntzaren ebidentziak gure eguneroko bizitzan. Mundu mailan teknologia hauen garapena bultzatu eta bermatu egin zen informazio eta ezagutzaren gizartearen garapenerako ezinbestekotzat jotzen zirelako.

Administrazioak, bere aldetik, teknologien aplikazioa gizarte sektore ezberdinetan indartzeko ardura hartu zuen; ekonomia eta zerbitzuetan, administrazio publikoan, hezkuntzan eta abar. Guztien artetik indar berezi bat jarri zen hezkuntza mailan, berau baita hiritarrak zentzu honetan formatzeko ahalmena duena.

Hainbat programa jarri da abian Europa, Espainia eta Euskal Herri mailan eta guztiek antzeko helburuak izan dituzte. Honako hauek dira helburu horiek: eskolak ekipo informatikoz hornitu hardware edo software aldetik; lanean dauden irakasleak teknologien ezagutzan hezi eta ordenagailuak, Interneta eta multimediak erabiltzeko esperientzia didaktikoak garatu.

Denborarekin, eskolatan aplikatu denean eta beraien erabilpena normalizatu denean konturatu izan dira beraien eragina ez dela espero zen bezain arrakastatsua izan. Horren arrazoiak noski asko dira; besteak beste, baliabide falta, burokrazia administratiboa erruz, irakasleriaren prestakuntza eza eta abar. Ondorioz, irakasleriak ordura arteko ohitura tradizionalak  erabiltzen jarraitzen ditu. Hots, teknologia inpresoan oinarritutako baliabideetara bueltatzen da.

Politika instituzionalak ezinbestekoak dira horrelako integrazio prozesu bat aurrera eramateko; osterantzean aurrerago esan bezala, integrazio hauek era isolatuan emango dira, irakasleen eta eskolaren borondate eta interesen arabera. Horrela, bada, ez da inoiz iritsiko eskola sistema osoko planteamendu orokorra izatera. 

Hala ere, ezin dira ukatu IKTen erabileran emandako zenbait pausu. Azken urteetan hainbat herrialdetan egindako ikerketek erakusten duten bezala, gaur egun irakasleriaren atal handi batek ezagutzen ditu teknologia informatikoak, baina gelan hauekin egiten den erabilpen pedagogikoa benetan murritza da. Are gehiago, nahiz eta eskola gehienak baliabide informatikoez eta internetez hornituta egon, oraindik badaude behar hori duten eskola asko.

Agerian dago, bada, eskola guztiak hornitu behar direla baliabide informatiko eta Internetez, baina haratago ere joan behar da, eta, teknologiaren erabilpena egokia izan dadin, irakasleen formazioa ezinbestekoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude