Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/01/30 15:58:48.139 GMT+1

Online irakaskuntza

Nerea Zubia Blazquez Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean (HUHEZI) Psikopedagogia lizentzia ari da ikasten online. Aurreko ibilbide guztia hezkuntza eredu tradizionalean egin ondoren, argi dauka, eredu bakoitzaren onurak eta desabantailak zeintzuk diren. Hurrengo lerroetan bere esperientziaren berri ematen digu:

1.      Zure esperientzian oinarrituz, irakaskuntza presentzialarekin alderatuz zeintzuk dira e-learning modalitatearen ekarpenak

Gero eta ohikoagoa den, baina oraindik ere askotan errezeloz begiratzen diogun modalitate honek uste baino gauza on gehiago dituela konprobatu ahal izan dut. Hala, bat-batean  zerrendatuta hauek otutzen zaizkit:

 

-          Ikaslea formazioaren agente nagusia izaten bilakatu arazten du.

-          Ikaskuntza aktiboago eta esanguratsuago bat ahalbidetzen du.

-          Ikasketa prozesua momentu oro tutorearengatik ikuskatua da.

-          Autoebaluaketa ariketek berehalako zuzenketa dute.

-          Ordutegiari dagokionez malgutasuna handia da, kontutan hartuta, gure kasuan, saio presentzialak astean behinekoak (astelehenetan 4 orduz) zirela.

-          Espazio malgutasuna (internetekin konektatuta dagoen edozein ordenagailutik sartu baitaiteke).

 

Honenbestez, ezaugarri hauetatik abiatuta, aipagarria da eredu honek “merkatu” zabalago batetara iristea ahalbidetzen duela, arrazoi desberdinak direla medio (lanorduak, desplazamenduak…) modu tradizionalean ezinezkoa zaien pertsona asko eta askoren etengabeko ikaskuntza .

 

Baina bereziki azpimarratuko nuke, modalitate honek ikasleen autonomia eta independentziaren garapena sustatzen duela; besteak beste, urrutitik ikasteak norberaren denbora ondo kudeatu beharra suposatzen duen heinean, esaterako.

 

Hala eta guztiz ere, kontutan izan behar dugu ez dela modalitatea bera, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren arrakasta bermatzen duena, hau aurrera eramateko erabiltzen diren metodologiak, estrategiak… baizik.

 

2. Zeintzuk alderdi negatiboak?

Emozioen zuzeneko eragina mugatuta egon dagoela esan daitekeen neurrian, irakasleak prestatutakoa ikaslearentzat motibagarria izatea bilatzean esfortzu berezia egin behar. Hala, beharrezkoa da “beste aldean” gidatzen gaituen tutore bat dagoela sentitzea (feedbacken bitartez…).

 

Ikasleen arteko elkarrekintzari dagokionean, iruditzen zait ez dela gela arruntean (aurrez-aurrekoan) bezain erraza pertsonen arteko komunikazioa, kolaborazioa eta norberaren ezagutzak konpartitzeko eremu bilakatzea; baina aldi berean, ezta ezinezkoa ere: besteak beste, hor baititugu foroak hauek eskaintzen diguten ikaskideen arteko elkarrekintzaren eta iritzi trukaketan bitartez.

 

Honenbestez, alderdi negatibo horiek soluziobiderik badutelakoan nago, batez ere kontutan izanik, astean behineko klase presentzialek hutsune hauek betetzeko parada ere eskaintzen dutela.

 

3. Zer ekarri dizu modalitate honetan ikasteak.

Bestalde, erdi presentziala izateak jende berria ezagutzeko parada ere eskaini dit bi urte hauetan, eta taldeko gehiengo handi batek eremu profesionalean esperientzia bazuela kontutan izanik, beraien esperientzietatik ere asko ikasi ahal izan dudala zalantza izpirik ez.

 

Baina garrantzitsuena, modalitate honek konturatu arazi didala IKT-ek ez dutela hezkuntzaren funtsa zertan aldaturik, eta modalitate tradizionalaz gain edo osagarri gisa, badirela erakargarriak eta arrakastatsuak izan daitezkeen beste eredu batzuk ere.

 

4. Zeintzuk dira aurkitu dituzun zailtasunak?

Ukaezina da, ikaskuntza orotan bezala, ikasteko beharrezkoa dela esfortzua eta kasu honetan, batez ere hasieran, ikaskuntza birtualaren metodologiari egokitzea eta plataforman “nola mugitu” aztertzeari denbora pixka bat dedikatzea beharrezkoa izan dudan arren, edozeinek gainditu dezakeen oztopoa besterik ez da izan. Esan daiteke, beraz, prozesuaren hasieran azalpen batzuk jasotan, internet erabiltzeko jakintza minimoak dituen pertsona orok duela plataforma hauek erabiltzeko gaitasuna.

 

Eta honenbestez, nik pertsonalki izan ditudan zailtasun nabarmenenak, alde batetik, nire denbora antolatzearena izan da, hasiera batean uste baino dedikazio gehiago eskaini beharra izan baitiot. Hala, kontutan izan behar dugu, on-line bada ere, lizentziatura batek eskatzen duen dedikazio maila altua dela, eta modalitate desberdin batean aritzeak ez duela berau arintzen. Eta bestalde, talde lanean aritzearena ere ez da lan makala izan, kasu askotan, aurrez-aurre ezin aritu izate horrek, beste bide batzuk bilatzea inplikatu duen neurrian (postaz, telefonoz…) dinamikotasuna eta inprobisazioa galtzen duela iruditzen baitzait.

 

Bestalde, orohar ikaskuntza-irakaskuntza modu honi edonork aurkitu diezazkiodan zailtasun garrantzitsuenak, diseinuarekin, baliabideekin, ikas-prozesuaren kontrolarekin… lotutakoak izan ohi direlakoan nago. Hau da, neurri handi batean, diseinatzaileek, edukien egileek, irakasleek, tutoreek, teknikoek, etab.-ek modalitate honek dakartzan aldaketak asumitzea eta kualifikazio egokia barneratuta izatea nahitaezkoa bilakatzen da; honela izan ezean, ikaslearen motibazioa jaitsi egingo baita, emaitzetan eragin zuzena izanez. Horrenbestez, neure bizipenetan oinarrituz adibide gisa esan dezaket, irakasleak ikasleari feedback azkar, animoso eta zuzena ematea sinplea bezain ezinbestekoa eta eraginkorra dela.

 

***************************************

Eta azkenik, laburpen gisa esan, bat egiten dudala Javier Echeverríak irakaskuntza birtual eta presentzialaz konparazio bat egiterakoan adierazten zuenarekin: “telemaisuak aldez aurretik prestaturiko arazo sorta bat aurkeztu, ikasle bakoitza etxeko ikasmahaian zertan ari de kontrolatu, horren pantailan esku hartuz okerrak zuzendu, ideiak iradoki, motibazioa bizkortu… ia denetik egin ahal izango du, fisikoa izan ordez, elektronikoa den bitartekoan. Ingurune telematiko berrian talde-lana sustatzea izango du irakaskuntza jarduerak arazo larrienetako bat, ordea.”

 

 

 

 

Nork: ikt.2007/01/30 15:58:48.139 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/12/14 15:22:41.127 GMT+1

OLATUAK ETA ANTOLAKUNTZA BIDE BERRIAK LEMATUZ

e-LEMA (www.elema.org) -jakintza elkarren artean egiteko sistema da. Hasiera batean, komunitate-sare hau gure HUHEZI Fakultateko kideen artekoa izango da. Gero, Mondragon Unibertsitate osora hedatuko litzateke froga pilotu bezala, eta bukaeran, Gipuzkoako enpresen eskura jarriko litzateke.

 

Itsasontzi eta aireontzietan, lema eskuinera edo ezkerrera okertuz gero egiten da norabidea. Demagun, jakintzaz beteriko ontzia dela gure Departamentua, gure Fakultatea, gure Unibertsitatea, gure enpresa. Demagun, marinel berriez eta zaharrez beteriko itsasontzia garela, eta olatuen enbata dugula begi aurrean. Olatuak nola hartu eta norabidea erabakitzea lemadunaren eskuetan utz dezakegu. Eta utz dezakegu… lemadunaren jakituria, jubilatuz gero, galtzen. Honela galtzen ari da, adibidez, euskal itsasgizon askoren eta askoren esperientzian oinarritutako jakituria.

Liderraren jakituriari jarraipena nola egin behar zaion? Horrek eman dezake zer idatzia, baina gure ikuspuntutik, liderraren jakiturian baino, enpresa baten arrakasta, taldearen jakiturian oinarrituta dago. Talde horrek jakituria denon artean sarean elkartrukatzeko ahalmena izango du komunitate irekitzat hartuta, eta taldea Informatzeko eta Komunikatzeko Teknologiak erabiltzen dituela.

XXI. mendean, edozein erakundek daki bere antolakuntza egiteko orduan jakituriari edo know how  horri garrantzia eman behar diola. Hori ez du inork zalantzan jartzen, baina arazoak  jakituria  kontzeptuari gorputza emateko orduan datoz.

 

Nola egin genezake jakituria trukatzeko, jakituria harrapatzeko, jakituria transmititzeko, jakituria ustiatzeko? 

Nork: ikt.2006/12/14 15:22:41.127 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/12/14 12:01:33.870 GMT+1

Teknologiak eta irakasleen formazioa

Teknologien integrazioa oso prozesu konplexua da. Eskolak teknologiaz hornitzea, edota baliabide teknologikoak kudeatzea ez da nahikoa.  Prozesu honek beste maila bateko oztopoak ditu; alegia, oztopo historikoak, politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta noski baita pedagogikoak ere.

Ordenagailuak eskoletan eta etxeetan sartu direnetik, goitik behera aldatu da gure bizitza, hezkuntza sistemak kultura berri batera egokitu behar baitira. Informazioa hain eskura eta horrenbeste dagoenean, zein izan behar du Hezkuntza Sistemaren funtzioa?

IKT-ak gure artean aspalditik daude. Are gehiago, beraien presentzia nabarmen handitzen doa azken hamarkadetan. Beraz, arrazoi garrantzitsuak daude beraiei era serioan aurre egiteko gizarte mailan nahiz eskolan bertan. Eskolan IKT-ak integratzeko egin diren esfortzuak zalantzakorrak eta partzialak besterik ez direla izan erakusten digute.  Kasu askotan,  asmo handiak izan arren, aurrera eramandako proiektuak ez dira arrakastatsuak izan.

90. hamarkadaren bukaeran informazio eta komunikaziorako teknologi berrien zabalkuntza eman zen. Gizarte sektore guztietan eman zen telefonia mugikorraren generalizazioa, telebista digitalaren agerpena, interneterako sarbidea... izan ziren neurrigabeko teknologien zabalkuntzaren ebidentziak gure eguneroko bizitzan. Mundu mailan teknologia hauen garapena bultzatu eta bermatu egin zen informazio eta ezagutzaren gizartearen garapenerako ezinbestekotzat jotzen zirelako.

Administrazioak, bere aldetik, teknologien aplikazioa gizarte sektore ezberdinetan indartzeko ardura hartu zuen; ekonomia eta zerbitzuetan, administrazio publikoan, hezkuntzan eta abar. Guztien artetik indar berezi bat jarri zen hezkuntza mailan, berau baita hiritarrak zentzu honetan formatzeko ahalmena duena.

Hainbat programa jarri da abian Europa, Espainia eta Euskal Herri mailan eta guztiek antzeko helburuak izan dituzte. Honako hauek dira helburu horiek: eskolak ekipo informatikoz hornitu hardware edo software aldetik; lanean dauden irakasleak teknologien ezagutzan hezi eta ordenagailuak, Interneta eta multimediak erabiltzeko esperientzia didaktikoak garatu.

Denborarekin, eskolatan aplikatu denean eta beraien erabilpena normalizatu denean konturatu izan dira beraien eragina ez dela espero zen bezain arrakastatsua izan. Horren arrazoiak noski asko dira; besteak beste, baliabide falta, burokrazia administratiboa erruz, irakasleriaren prestakuntza eza eta abar. Ondorioz, irakasleriak ordura arteko ohitura tradizionalak  erabiltzen jarraitzen ditu. Hots, teknologia inpresoan oinarritutako baliabideetara bueltatzen da.

Politika instituzionalak ezinbestekoak dira horrelako integrazio prozesu bat aurrera eramateko; osterantzean aurrerago esan bezala, integrazio hauek era isolatuan emango dira, irakasleen eta eskolaren borondate eta interesen arabera. Horrela, bada, ez da inoiz iritsiko eskola sistema osoko planteamendu orokorra izatera. 

Hala ere, ezin dira ukatu IKTen erabileran emandako zenbait pausu. Azken urteetan hainbat herrialdetan egindako ikerketek erakusten duten bezala, gaur egun irakasleriaren atal handi batek ezagutzen ditu teknologia informatikoak, baina gelan hauekin egiten den erabilpen pedagogikoa benetan murritza da. Are gehiago, nahiz eta eskola gehienak baliabide informatikoez eta internetez hornituta egon, oraindik badaude behar hori duten eskola asko.

Agerian dago, bada, eskola guztiak hornitu behar direla baliabide informatiko eta Internetez, baina haratago ere joan behar da, eta, teknologiaren erabilpena egokia izan dadin, irakasleen formazioa ezinbestekoa izango da.

Nork: ikt.2006/12/14 12:01:33.870 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/12/14 09:32:36.553 GMT+1

IKTak eta hezkuntza: irakurketa gomendagarria.

 IKTak hezkuntza munduan erabiltzeak, komunikazio harreman mota berriak sortzen ditu. Horren ondorioz, ikaste-irakaste prozesuen antolaketan, kudeaketan eta esanahian emandako aldaketa nabarmenak azaldu nahi ditu liburu honek.

 

Hemen aurkezten dugun liburu hau ez da mugatzen IKTek ikaskuntza ereduetan daukaten eragin teknikoa aztertzera soilik. Haratago doa; ikaste-irakaskuntzaren eremua gainditzen duen ikuspegi zabala hartuta, IKTak esparru sozial eta kulturalarekin harremanak estutzeko erabiltzea du helburu.

Adibide praktikoetatik abiatuz, gaiaren aniztasunaren berri ematen diguten esperientziak azaltzen zaizkigu bertan, IKTak hezkuntzan erabiltzen dituzten aditu eta arituen esperientziekin batera. Hori guztia, mundu mailako autoreen teorietan oinarritzen da. Aipatu ekarpenak espainol mailan esperientzia handia duten unibertsitate anitzetako adituek egindakoak dira.

Azaltzen diren esperientzien interesaz gain, badugu liburu hau are eta interesgarriagoa egiten duten bi berezitasun: gai honen inguruko bibliografia zabala, eta, honekin batera, oso baliagarriak izango zaizkigun internet helbideak.

Nork: ikt.2006/12/14 09:32:36.553 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/11/29 15:46:18.582 GMT+1

IKTen kontura...

  “Heziketan erne egon behar da giza espeziearen batasunaren ideiak ez dezan aniztasunaren ideia estali eta, modu berean, aniztasunaren ideiak ez dezan batasunarena estali (…) Batasunaren eta aniztasunaren aldi bereko fenomeno bikoitza garrantzi handikoa da. Gizabanakoaren berezko identitatea, kulturari eskerrak mantentzen da, eta giza taldeen berezko identitatea, kulturei esker (…) Horrela, kultura komuna kultura ezberdinetan txertatuta dago, baina kultura desberdinen ekarpenik gabe ez dago kultura komunik”

                                                                           Edgar Morin

 

Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatetik (Mondragon Unibertsitatea) gatozen talde bat gara. Talde batua, talde anitza. Batzuetan ni, batzuetan gu. Batasunak ez al du aniztasuna egiten? Hori da definitzen gaituena, hori da, hain zuzen ere, gure ezagutza aberasten duena. Bakoitzaren kulturak taldearena eraikitzen du, eta honek norberari hazteko aukera ematen dio, norberaren identitatea eraldatzen du.

IKTek elkartu gintuzten, IKTak ditugu bidelagun eta IKTen kultura eraiki dugu.

Eta iritsi da garaia konpartitzeko. Ezagutza eraikitzen IKTak bidelagun.

Nork: ikt.2006/11/29 15:46:18.582 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

bisitari