Zenbait mugarri

1. Bidea

Luzea izan da bidea. Hasi, 1960ko hamarkadaren hasieran hasi nintzen ekonomiaren kezkarekin. Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan nengoen denbora hartan. Geroxeago 1966ko urritik 1967ko maiatzera Bandas enpresako greba gertatu zen eta gure irakasleak langileen esku-lanak egiten saiatzen ziren; alegia, enpresa horretan lan egiten zuten ingeniariak, gure eskolako irakasleak zirenak, grubako eta beste hainbat eskulanetan aritzen ziren langile guztiek eta beren familiek aparteko erakustaldi ederra ematen zuten bitartean. Geure irakasleek ikasgeletan teknologia neutroa (!) zela irakasten ziguten.

Kapitalismoak ere bide luzea egin du. Ekonomiak bere ildoari ekin dio, lehengo kapitalismo industriala erabat aldatuz. Kapital finantzarioa nagusi bilakatu da: 1980an kanpo-zorraren fenomenoa azaldu zen mundu mailan, eta kapital finantzario hori espekulatzaile bihurtu da erabat.

Argi dagoenez, egungo kapitala, batez ere eta bereziki, finantzarioa da. Izan ere, dena, edo ia dena zeharkatu du kapital finantzarioak. Bera da nagusi, bera da agintzen duena, bera da ikertu behar dena. Berari aurre egin behar zaio.

2. 1960ko eta 1970eko hamarkadak

Kapitalismo industriala, eta berari loturik zeuden Marxen plusbalioaren analisiak[1], balio-teoriari buruzko aspaldiko eztabaidak, autogestio industriala bera[2], baita eguneroko bizitzaren autogestioa aldarrikatzen zutenak[3] ere labur samarrak geratu dira.

3. 1980ko hamarkada

Orain dela 30 urte Montrealeko McGill University-n zientziaren filosofiaz eta metodologiaz beteta eta aseta egonda, mekanika kuantikoari[4] (aspaldiko zaletasunari) eta ekonomiari (beharrizanari) lotu nintzaien[5].

John Kenneth Galbraith-ek argitaratutako guztia arakatu nuen[6], baita zenbait ekonomialari erradikal amerikarren (Samuel Bowles[7], batez ere) lan interesgarri askotxo ere. Galbraith aukeratu nuen bera Sobietar Batasunekoek aspaldian gonbidatu zutelako bere teoriak esplika ziezazkien. Ezaguna neukan, beste aldetik, zer-nolako aireak mugitzen ziren hainbat ezker abertzale ofizialen inguruan.

Maila akademikoan egindakoak ez dit ezertarako balioa. Alderantziz, UPV-ko jauntxo txikiak nire kontra egon dira erabat, ezker abertzale zenbait ortodoxorentzat sozial demokrata hutsa (sic) izan omen nintzen bitartean. Ekonomiari buruz idatzitakoa eta argitaratutako lan guztiek ez bide dute deus balio. Okerragoa oraindik, UPV-ko jaunxkilek, beren lagun leialen laguntza ederrarekin batera, ifernura kondenatu nahi izan ninduten, irakasle oso sumisoak, mantsoak, otzanak eta kontrolatzeko errazak (eta inolako esperientziarik eta curriculumik gabe!) beren menpe aukeratuz eta ezarriz.

Hortaz, Euskal Herrira itzulita, Montrealen ikasitako eta ikusitako, batez ere Nikaraguari buruzkoa, praktikan jarri nahi izan nuen hainbat hitzaldi eta ikastaro emanez, baita artikuluak plazaratuz ere[8]. Nazioarteko mailan, Nikaraguako ekonomia mistoa, demokrazia parte hartzailea, eta abar luzetxoa ziren aldarrikatutakoak. Politak izan ziren 1980ko hamarkadako urte haiek gure alabatxoak hazten ziren artean[9]. Baina…

2002ko uztailean New York Review of Books delakoan S. Kinzer-ek artikulu interesgarri bat argitaratu zuen Nikaraguaz, Country without Heroes izenekoa[10]. Bertan Nikaragua osoaren porrota agertu zuen autoreak, hasi fronte sandinistarekin eta azken ilusio izpirik gabeko jendearekin bukatu. Tartean, odola, hilak, zaurituak, elbarrituak, gosea, miseria,… zertarako eta, azken hauteskundeetan, Ortega jaunak enpresa erraldoien eta banku handien laguntza eskatzeko. Sandinistek erabateko porrota ezagutu dute, beste zenbait arrazoiren artean paradisura (lehengo Sobietar Batasunera) ‘fedearen bila’ joaten zirelako. (“… we made pilgrimages to Moscow as if we were Muslins going to Mecca…” dio sandinista ohi batek[11].)

Hemen, Euskal Herrian, antzeko gauza bat gerta zatekeen ezker ortodoxoek[12] botere politikoa lortu izan balute[13]. Izan ere, 1980ko hamarkadaren bukaeran oraindik hemengo batzuek Comecon-en integratzea (sic) proposatu zuten, eta oraino ere, gure egunetan hainbat ‘iraultzaile’ Kubara joaten dira, dirudienez, fedearen bila.

Horrela doa gure historia. Euskaldun fededun herri honetan kristautasuna alboratu bide da eta marxismoan (sorry leninismoan!) egon diren joerarik atzerakoienak, zapaltzaileenak, totalitarioenak aukeratu, onartu eta bultzatu dira zenbait bazterretan. ‘Adituek’ esanen digute teoria on bat gaizki aplikatu zela Sobietar Batasunean. Ez dugu ezer ikasi. Ezkerrak porrot egin duela onartzen ez dugun bitartean, jai du. Kontua ez da atzoko sozialismo terminoari adjektibo ederrak atxikitzea (‘identitarioa’, ‘parte hartzailea’, ‘berria’, eta ez dakit zer gehiagorik). Kontua da ea nola lor daitekeen hori guztia hala ekonomian (batez ere) nola politikan edo kulturan zein irakaskuntzan nahiz heziketan.

Ekonomia arloan, kasu, zer esango dugu kapital espekulatzaileari buruz? Kanpo-zorraz? Ba ote daukate garrantzirik langabeziak eta inflazioak? XIX. mendeko eskema zaharrek ez dute ezertarako balio. Beste aldetik, ortodoxia akademikoak ez digu batere lagunduko. Utziko ote dugu betiko kontrolatzaileen, aparateruen, stalinisten esku arazo horien guztien erantzuna? Holaxe egingo bagenu, jakin dezagun, argi gainera, munstro bat sortzen eta hezten ari izango ginatekeela, beste zenbait lekutan sortu eta hezi zuten antzera.

4. 1990eko hamarkada

Aspalditik utzi nuen bide hura[14]. Gainera 1989ko Alemaniako Harresia erori zenean (bota zutenean!) argi geratu zen harresiaz beste aldetik aldarrikatutako sozialismoa kapitalismo atzeratu bat besterik ez zela.

Ortodoxia mota guztietatik at beste bide bat aukeratu beharko litzatekeela argi neukan. Ortodoxia akademikoa faltsua izatetik kanpo, aspergarria zen (eta da). Zeri hel? Nora jo?

Beraz, askoz sakonagoa eta interesgarriagoa den ekonomialari talde baten partaide bilakatu ninduten[15], beste politika ekonomikoa eta beste ekonomia politikoa[16] bultzatu eta eratu nahiz. Baina bien bitartean…

5. 2000ko hamarkada

Monetarismoaren eta Chicagoko eskolakoen eragina nabariegia izan zen bitartean, beste ekonomialari gehienak adabakiak jartzen aritu ziren, besterik ez. Hala ere, aldez aurretik zenbait ekonomialarik (Bernard Schmitt[17], Michael Hudson, haien artean) jadanik plazaratuta zeuzkaten beren analisiak eta ikerketak[18].

Azken bolada honetan, beraz, beste aro berri bat, beste epe berri bat hasi nuen Hudson ekonomialariaren eta historialariaren eskutik[19].

Zer egin beharko genuke gaurko baldintza ekonomiko eta monetarioetatik aurrera jotzeko, ahalik eta subiranotasun mailarik gorenera igotzearren? Zertan datza egungo finantza-mundua? Kapitalismo aldatu da ala ohiko kapitalismo industriala dugu aztergai? Zer da finantza-ingeniaritza? Ba ote gaude ingeniaritza mota berri baten aurrean? Zeintzuk dira makroekonomia berrian aldagai nagusiak?

Galdera hauei erantzuna eman nahiz, ekonomialari amerikarraren inguruan murgildu naiz 2005eko bukaeratik: Michael Hudson-en inguruan[20].

Pribilegioa izan da niretzat Hudson ezagutzea eta plazer handia beraren laguntza edukitzea, berak nire bizitza intelektualean aparteko eragina izan duelako[21]. Izan ere, Finantza Kapitalismoa lana jorratzeko, Hudson-ekin batera beste zenbait ekonomialari izan ditut gogaide eta lagungarri: G. Gardiner, G. Tomasson, R. Werner, eta batez ere R. Wray.

Baina hamarkada horren bukaeratik aurrera, 2009tik, Modern Money Theory, alegia MMT-ko (hots, DTM) autoreekin aritu naiz lanean…

6. 2010eko hamarkada

(i) Bi mundu

Ikasketaz ingeniaria naiz. Bokazioz eta zaletasunez ekonomialaria. 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970eko lehen urteetan, zientzian (fisika batez ere) eta ingeniaritzan aritu nintzen. Urte horietan guztietan ingeniaritzaren ingurune sozial eta ekonomikoa ulertzen saiatu eta ahalegindu nintzen: horrek eraman ninduen ekonomia arlora. Ekonomia izan da aspalditik ikertutako arloa.

(ii) My way[22]

Finantza sistemak bereganatu egin du ekonomia erreala[23]. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles

Finantza Kapitalismoa liburuan, Diruaren endogenotasuna izeneko 6. kapituluan jadanik erabili nituen Randall Wray-ren eta Stephanie Bell-en (orain Stephanie Kelton) zenbait lan. Halaber, Dirua eta kreditu 15. kapituluan, Alfred Mitchell Innes-en What is money? lantxo ederra ere.

2013an agertuko den liburu berrian, Diru teoria modernoa eta finantza ingeniaritza izenekoan, aspaldian bezalaxe, dirua da gaia. Diruaren sormena, maileguak eta kreditua. Bankugintza eta partida biko kontabilitatea. Horretarako, diru teoria modernoa (DTM) erabili dut. Besteak beste, Randall Wray-ren, Stephanie Kelton-en eta Bill Mitchell-en lanak eta laguntza[24].  Bereziki Warner Mosler izan dut gidari[25].

Helburua aspalditik izan dudana bera da. Ezin da bestela izan: Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta monetarioa dut helburu, ez besterik. Horretarako, akademian erabiltzen eta ezagutzen diren testuetatik oso urrun ibili naiz, ortodoxia ekonomikotik erabat aldenduta.

Aipatu bezala, azken liburu horretan gehiago begiratu diot DTM-ko teoriari. Izan bedi lan hori kapitalismo finantzario ulertzeko urrats bat, ekonomia osoa gizartearen onurarako jartzeko, eta ez soilik gutxi batzuentzako mozkinak lortzeko: pauso bat baina halabeharrezko urratsa, dena den.

Beste zenbait lanetan egin dudan bezala, eta Euskal Herriko egoera beti presente edukita, liburuan jorratu ditut gure herriaren independentziarako beharrezko diren zenbait proposamen eta neurri.

Ad Majorem Vasconum Libertatem


[1] 1960ko hamarkadan ekonomiari buruz hamaika lan irakurri nituen, Marxen Alokairua, Prezioa eta Irabazia liburuxka ederrarekin hasita. Jadanik 1972an, Anaitasuna aldizkarian euskaraz argitaratzeari ekin nion kapitalismo industrialaren zenbait zantzu eman nahirik. Hona hemen apurrak: http://es.scribd.com/doc/57138679/ANAITASUNA-1972-1973-eta-1975.

[2] Geroago marxista libertarioak (K. Korsch, P. Mattick, A. Pannekoek,…) eta langileen autogestioa aldarrikatzen zutenak (A. Gorz) nituen gogoko.

[3] 1960ko hamarkadan dena bide zegoen eskura. Gainera 1968an Berkeley eta Parisko erreboltak azaldu ziren. Eta horrekin batera, autogestioa eguneroko bizitzan (Henry Lefebvre) eta situazionistak (Guy Debord eta berorren kideak).

[5]  Ekonomia izan da aspalditik ikertutako arloa. Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan 1982an aurkezturiko tesian jadanik garapenaren inguruan egondako zenbait eztabaida ekonomiko, ekologiko eta politiko ukitu nituen (T. W. Adorno, K. Axelos, M. Bosquet -A. Gorz-, C. Castoriadis, B. Commoner, J. Habermans, I. Illch, H. Lefevre, H. Marcuse, E. J. Mishan, eta abar luzetxoa). Aurretik oso ezagunak nituen ekonomian autore batzuek emandako hainbat ekarpen (P. M. Sweezy eta P. Baran, A. Emmanuel, S. Amin, Ch. Bettelheim, A. G. Frank, E. Mandel, N. Poulantzas,…) eta bereziki nolabaiteko marxismo libertarioa bultzatu nahi zutenen lanak (K. Korch, P. Mattick, A. Pannekoek, …). Baina Montrealen lotu nintzaion ekonomiari era ‘formal’ batez.

[6]  Ondorioz, Galbraith-en liburuxka bat itzuli nuen: Ia guztientzako ekonomi gidaliburua, UEU, 1988: http://www.buruxkak.org/liburuak_ikusi/2063/ia_guztientzako_ekonomi_gidaliburua__itzulpena_.html.

[7] Ikus bereziki Beyond the wasteland eta After the wasteland.  Bowles-en inguruan ikasitakoa, hitzaurre berriarekin, era digitalean argitaratu da: ikus Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintzaren ildotik:  http://nabarralde.com/es/archivo/ekarpenak/6178-accion-nacionalista-vasca-eusko-abertzale-ekintzaren-ildotik.

[8] Ikus, besteak beste, RIEV aldizkarian argitaratutako Technoethics (1986), Planning and risk (1987), Human needs and development (1988), eta Economics and planning (1988); Contextos aldizkarian argitaratutako Economics and systems (1986); eta Suplemento de Ciencia delakoan publikatutako Towards a democratic economic planning (1987). Euskaraz egindakoak ere: ikus Larrun aldizkaria (1986ko 5. zenb., 1987ko 6. eta 8. zenb., 1989ko 9. zenb. eta 1991ko 10. zenb.).

[9] Denbora hartan A. Nove-ren lanak ere izan nituen laguntzaile (batez ere Socialism, economics and development eta The economics of feasible socialism). Ikus Larrun aldizkaria (1989ko 9. zenb.).

[11] Ikus ere G. Belli-ren (2001) El País bajo mi piel izeneko liburu eder eta mamitsua.

[12]  Mundu osoan geratzen diren bitxikeria horietako azken apurrak.

[13] Zorionez, stalintxoek gero eta leku gutxiago daukate gure herriaren etorkizunean. Gure herriak, oro har, egoera txar eta zail askotatik bere burua tente eduki du. Baina, kontuz, stalintxoak hortxe daude eta.

[14] Horretarako Toni Negri-ren lanez baliatu nintzen. Ikus Larrun aldizkaria (1991ko 11. zenb., 1992ko 12., 13. eta 14. zenb., 1993ko 16., 17., 18. eta 19. zenb.), Uztaro aldizkaria (1993ko 8. zenb) eta Tobar-Arbulu (1997: Marxez haratago. Euskal independentzia eta subiranotasun ekonomikoa. Tafalla: Txalaparta).

[15] Ikus https://www.csbancari.ch/pubblicazioni/Quaderni/Tobar-Arbulu.pdf.  Negrik Deleuzerengana eraman ninduen (Uztaro aldizkaria, 1994ko 13. zenb.) eta azken honek Bernard Schmitt ekonomialariarengana:  denbora luze batez, Schmitt eta bere eskolakoak izan ditut bidaide. Schmittek argi adierazi digu zer nolako aldaketak egin behar diren bankugintzan pairatzen ditugun desoreka zenbait (langabezia, inflazioa, kanpo-zorra, monetekiko kapital finantzario espekulatzailearen eragina) alboratu ahal izateko. 1993tik 2004ra arte ibili naiz ekonomialari horren lan oparoa ikertzen eta, Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta monetarioa kontuan edukiz, zenbait lan plazaratu: liburuak, artikuluak, hitzaldiak eta Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batzuk. Schmitt erakunde boteretsu batzuei (besteak beste, International Monetary Fund delakoari) dauzkaten hutsuneak eta akats teorikoak zuzen aurpegiratzen eta esaten ahalegindu da azken urte horietan.

[16] Ikus Larrun aldizkaria (1994ko 21. eta 23. zenb.), Uztaro (1994ko 12. zenb. eta 13. zenb.) eta Tobar-Arbulu:

(1999) Moneta-teoria berrirantz. Bilbo: UEU.

(2000) Euskal Herria bere gain. Euskal Herriko subiranotasun monetario eta ekonomikoa aztergai. Bermeo: Enbolike.

(2001) Kanpo-zorraren patologia. Bilbo: UEU

(2004) Inflazioaren aurka: bankugintza berriaren jarduera. Bilbo. UEU.

(2005) Langabeziaren aurka: bankugintzaren garrantzia. Usurbil, Gipuzkoa: Elhuyar).

Halaber, https://www.csbancari.ch/pubblicazioni/Quaderni/Tobar-Arbulu.pdf

[17] Schmitt-en bidetik zenbait lan plazaratu ditut euskaraz 1993tik 2005era.

[18] Bi ekonomialari horiek planteatzen dituzten ikuspuntuek badauzkate gauza batzuk komunean, baita ezberdintasun zenbait ere. Dena den, Hudson-ena pedagogikoagotzat, eta, askoz garrantzitsuagoa dena, sakonagotzat jotzen dut, inolako dudarik gabe.

[19] Estatu-diruaren teoriaren barnean, 2006tik aurrera https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia web gunean hainbat lan plazaratu ditut, Hudson-en ildotik. Baita Randall Wray-en lanez baliatu ere.

[20] 2006tik aurrera https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia  webgunean azaldu dira emaitzak.  Bereziki hasieratik, 2006ko azarotik (non jadanik Finantza Kapitalismoa aipatu baitzen: https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2006/11/07/marx-hasiberrientzat/) 2009ko bukaerara (non Islandiaren kasua aipatu baitzen: https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2009/09/20/islandia-zer-gertatu-da/).

Geroago Finantza Kapitalismoa (2011n): Finantza kapitalismoa. Mundu Globala (https://giotakisidella.firebaseapp.com/finantza-kapitalismoa-1-mundu-globala-8493832987.html) eta Finantza kapitalismoa. Euskal Herrirako irtenbide ekonomikoa eta soziala (https://muralirati-8eb47.firebaseapp.com/finantza-kapitalismoa-2-euskal-herrirako-irtenbide-ekonomiko-eta-8493832995.html)

[21]  Ikus aurreko oharra.

[23] Hasiera on bat hauxe litzateke: Randall Wray-ren  Money in Finance (http://www.levyinstitute.org/pubs/wp_656.pdf).

[24]  Ikus  https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia, batez ere, 2009ko abendutik aurrerako sarrerak.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude