Islandia: zer gertatu da?

Bazirudien dena oso ongi zihoazela Islandian. Baina 2008ko urrian hango finantza-sistemak, eta oro har, sistema ekonomikoak porrot egin zuten. Zer dela eta porrot hura? Zeri dagokio?

Beste zenbait lekutan gertatu zen antzera, erroak finantza-sisteman daude. Sistema finantzarioa ez kontrolatzean datza kontu gehiena. Izan ere, hango ikertzaile batek (Snorri Agnarsson-ek) dioenez, islandiarrek kapital birtualez osaturiko airezko gaztelu erraldoiak eraikitzen lagundu zuten. Kapital birtual hura Islandiako aktibo errealaren gainetik zegoen erabat. Gazteluak are gehiago hedatu ziren, horrelako batzuk paraleloki mailegatzeko erabili baitziren inolako baliorik zeukaten gaztelu berriak eraikitzeko. Eta, era berean, azken gaztelu berri horiek, berriz ere paraleloki, erabil ziren maileguetarako, eraikuntzan mailegu modura usatzeko.

Azken emaitza hondamena izan da, zeren aireko gazteluek ez baitzeukaten inolako barne-baliorik, ez baitzuten inongo baliorik ekoitzi, eta desagertu ziren eraikuntza berrietarako edo mantenurako mailegu gehiago egiteko paradarik ez zenean egon. Geratu zen bakarra galerak ziren, baita eraikuntzarako, arrantzarako eta etorkizuneko zerga-errentetarako aktibo errealeko hipotekak ere.

Baina kontua ez da hor geratzen. Izan ere, maila globalean, edozein gizartek Islandiak izan duen esperientziari segituko lioke berandu baino lehen, agian, denok batera putzu berean murgilduz.

AEBek Islandiak ezagutu duen patua bera jasoko lukete. Haien industria finantzarioa munduan dagoen handiena da, diferentzia handiz. AEBek Islandiak bezala industria berezi hori eraiki dute beste jarduera ekonomikoaren ordez. Gauza bera Erresuma Batuan. Are gehiago, Islandiak iruzur haiek AEBetatik eta Erresuma Batutik ikasi zituen.

Jadanik jakina denez, AEBetako industria finantzarioa hain handia da, ezen bera porrot egiten uztea pentsaezinezkoa da boterean daudenentzat. Izan ere, industria berezi horretan dauden interes boteretsuek aparteko eragina dute gobernuan, inolako erreformarik ahalbideratzeko eta segurtatzeko. Halaber, giltza-erakundeei eta finantza sektoreari dagokien inongo informaziorik ez da izango eskuragarri. Ondorioz, zerga-ordaintzaileak  dira ‘erreskate operazioak’ ordaindu dituztenak, are arrisku handiagokoen erantzukizuna jasotzen dutenak.

Puzturiko akzioek, zor obligazioek eta deribatibek gauzatu dituzte airezko gazteluak, guztiok kreditu-truke huts batzuen bidez lotuta. Kreditu-truke horiek titulu-jabeentzako ordainketa-garantia esan nahi dute. Horiek deus gutxi edo deus ez balio dute, zeren ez baitago ezelako erregulatzaile-molderik aseguratzeko garantia-saltzaileak gai direnik beren obligazioak betetzeko. Islandiako arazoaren magnitudea ikaratzekoa da.

Are ikaragarriagoak dira AEBei dagokien kopurua. Hona hemen AEBei dagozkien eta aipaturiko autoreak eman dituen zenbait datu.

Oraintsu amerikar zerga-ordaintzaileek ordaindu dute edo bermatu dute ia 25 x 1012 dolar. Gainera, txinatarrei 2 x 1012 zor dizkiete, eta 1012 dolar japoniarrei. Zor horiek gobernu federalak dauzkanei (zeintzuk handiagoak baitira) gehitu behar zaizkie. Horren gainean, estatu batzuen zorrak gehitu behar dira, baita hiri, udal eta herrialdeen zorrak ere. Gutxi balitz, gizabanakoen zorrak ere sumatu behar dira, gehienak aktibo neto negatiboko egoeran daudelarik.

Arazoa handiagoa da, hala ere. Deribatiben aparteko galera albora ezinezkoa da krisi ekonomiko batean. Galera aipaturiko zor globalari gehitu behar zaio. Uste da mundu osorako deribatiba horien kopuru totala,  600 eta 1.600 x 1012 dolarren artekoa dela, alegia, mundua osoan ekoizten den output totala baino 10-30 bider handiagoa. Deribatiba horien heren bat edo erdia AEBei dagokie[1].

(Deribatiba horien gehiena baliorik gabekoa da gaur egun[2].)

AEBak ez dira inoiz gai izango beren kanpo-zorra ordaintzeko,  eta ez dute inoiz ordainduko. AEBetako industria finantzarioak ez ditu inoiz bere obligazioak zurituko. AEBetako finantza munduan dauden botereek ez dute inolako interesik arazo hori konpontzeko, kasu hartzekodunik handiena den Txinarekin irtenbidea topatzeko. Modu batez edo bestez dolarrak porrot egingo du eta horrek munduko sistema monetario osoa kinka larrian jarriko luke. Hori dela eta, zenbait estatuk haien arteko kanpo-transakzioak beste era batera gauzatu behar direla hasi dira pentsatzen azken bolada honetan. (Kasu, Errusiako Yekaterinburg izeneko herrian udan honetan egindako bilera.)

Eta Islandia? Islandiak martxan jarri behar du bere burua. Aipaturiko autoreak dioenez, Islandiak aldatu behar ditu, ahalik eta lasterren, herrialdearen zalantzazko paper aktiboko akzio gehienak (kasu, pentsio-fondoak) urrea bezalakoa diren aktibo errealetan: nahiz eta munduko finantza sistemak eta kanpo-trukeko sistemak porrot egin, urrea oraindik balioduna izanen da. (Urrea ere aipatzen du Bob Moriarty-k etengabe[3].)

Baina urreak ez dauka paperezko diruak baino balio gehiagorik. Gaurko munduan puntu hori ilusioa besterik ez da. Kontua dirua eta kreditua zer diren ulertzean datza[4].

Islandiar autoreak aipatzen dituen zenbait punturen artean, hona hemen garrantzitsuena: Islandiak beste herrialdeekin negozioak eta trukeak gauzatzeko, ez du erabili behar AEBetako dolarra. Hauxe da, izan ere, mundu mailan hedatzen ari den mezu berri eta sakona. Eta Espainia una grande, libre eta superdemocrática-n? eta Frantzian, haren ‘grandeur’-ean? Eta hemen, Euskal Herrian?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude