Lidergo politikoa ekonomian [materiala on-line]

“Lidergo politikorik gabe, noraezean dabilen ekonomia bihurtzen da eskualde bateko egitura ekonomikoa. Hauxe da, hain zuzen, azken hamarkada hauetan Durangaldean gertatu dena”.

UEUko Ekonomia Sailak, Plateruenak eta Berbaro Elkarteak elkarlanean antolatuta, 2013ko maiatzaren 29an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, EKAI CENTER erakundeko Adrian Zelaiak hitzaldia eman zuen: “Toki garapena krisi garaian: planteamendu bat Durangorentzat”. Saio jendetsua izan zen. Kokalekua, erakargarria eta giroa, atsegina. Hitzaldi arrakastatsua izan zela esan genezake, batez ere bertan azaldutako edukiei dagokienez.

Hitzaldiaren kartela (egilea: Ander Alvarez Ortiz)
Hitzaldiaren kartela (egilea: Ander Alvarez Ortiz)

Saioan Durangaldean garapen ekonomikoa sustatzeko gakoak aipatu ziren. Mahai gainean jarritako ideiak aplikagarriak izan daitezke Euskal Herriko beste eskualde batzuetan. Horietatik gutxi batzuk aipatuko ditugu blogaren sarrera honetan (gainontzeko materiala on-line dago, artikulu honen bukaeran ikusiko duzuenez):

  • Egungo krisiaren jatorria kulturala da. Egungo kultura sozio-ekonomikoak  (ekonomiaren terziarizazioa eta finantzarizazioa, gainzorpetzea, gizarte post-industrialaren bilaketa…) kultura-industriala ordezkatu du (kemena  eta ahaleginaren kultura, enpresa kultura, antolakuntza kultura, produkzioa). Hau da, ekonomia finantzarioak ekonomia erreala irentsi du.
  • Egungo krisia epe luzekoa da jada. Eta epe luzerako doa. Derrotismotik haratago, krisiari irtenbidea bilatu behar zaio. Beraz, irtenbideak epe luzekoak izan behar dira. Orain hartzen ditugun erabaki sozio-ekonomikoek hemendik eta 7-10 urtetara emango dute fruitua.
  • Ekonomia ez da bakarrik enpresarien kontua. Gizarte osoak du ekonomian zeresana. Hori dela eta, “ekonomi-garapena” eta “gizarte-garapena” kontzeptuak bateratu behar dira: hortaz, gizarte-sormena gizartearen etengabeko hobekuntzara bideratzea da Ekonomia (interes orokorrerarekin lotuta beti).
  • Tokiko garapen sozio-ekonomikoaren esparruan, ezagutzaren kudeaketa baino, baloreen kudeaketa da garrantzitsua. Kultura industriala da berreskuratu behar dena, ekintzailetasuna, kemena eta antolakuntza gaitasunak sendotuz. Horrez gain, gure produkzio-ehunak maila teknologiko ertain eta txikia duenez, eta formakuntza mailan gabezi nabariak ditugunez, prestakuntzan eta I+G kontzeptuetan inbertitzea beharrezkoa da herrialde emergenteekin lehiatzeko. Hor datza estrategia eta hortik bideratu omen behar da gure kultura sozio-ekonomikoa.
  • Lidergo politikoa beharrezkoa da. Nahiz eta zibilizazio neo-liberal eta post-moderno batean bizi, oraindik ere erakunde publikoen gidaritza sozio-ekonomikoa erabat beharrezkoa. Beraz, erakunde publikoen lana funtsezkoa da, aurreko atalean aipatu dugun balio eta kultura aldaketa gauzatzeko eta aldaketa horrek epe ertainean eta epe luzean eragina izan dezan. Aipu bat: “Enpresariek oso ondo kudeatzen dituzte epe laburreko erronkak. Baina botere publikoei dagokie enpresarien epe ertain eta luzeko jarduerak interes orokorrekin bat datozela ziurtatzea”.
  • Durangaldean oso epe laburreko estrategiak aplikatu izan dira bertako enpresetan. Gauzak gero eta hobe egiteko helburuari uko eginez, betikoa egin dugu, lan kosteak murriztuz. Gai honi buruzko eztabaida sozial edo politikorik ez da egon orain arte. Orain, geldotasun politikoaren ondorio larriak bizitzen ari gara toki garapenaren esparruan. Udalak eta mankomunitateak beharrezko informazio tresnak izan behar zituzten eskuragarri, eta gai hau enpresariekin kudeatu, gertatutakoaren arrazoiak aztertu eta arazoari aurre egiteko neurriak aplikatu ere. Gizarte eragileei eta eragile politikoei gertatutakoa jakinarazi behar zitzaien. Eta azkenik, gertatzen ari zena zuzentzen zela ziurtatu. Durangaldearen egungo egoera sozio-ekonomikoa, toki garapenarekin lotutako aldagaiei dagokienez behintzat, lidergo politiko faltaren ondorioa da.

Toki garapena krisi garaianSaioan aipatutako beste ideia guztiak prest ditugu. Hitzaldiaren materiala on-line dago, modu askean edonork errez eskuratzeko moduan:

Gaiaren garrantzia itzela da. Krisia, langabezia, gure etorkizuna, tokiko garapen ekonomikoa, lidergo politikoa, interes orokorra. Guzti horren inguruan interesa izanez gero, jarrai ezazue EKAI CENTER erakundearen honako bloga: Tokiko Ekonomia.

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude