Euskal Dragoiak Txinan

UEUk argitaratu berri duen Uztaro aldizkariaren azken zenbakian, artikulu benetan interesgarria topa dezakegu: “Euskal Dragoiak Erdiko Erresuman: Mondragon Taldeko Multinazionalak Txinan”. Artikulua modu askean deskargartu eta zabaldu daiteke.

Egilea, UEUko Ekonomia Saileko kidea den Anjel Errasti Amozarrain da, GEZKI Institutuko ikertzailea eta Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakaslea (UPV/EHU). Errasti ekonomian doktorea da eta bere tesia kooperatiben nazioarteratzearen inguruan idatzi zuen (tesia ikusgai dago sarean, UEUren Tesiker egitasmoaren bitartez).

Ezohiko galdera batekin adierazten du egileak artikuluaren helburua: “atzerriko filialetako langileak Mondragon Taldeko Multinazionalen (MTM) atzerriko filialetara doazenean, fabrikaren aurrean dagoen Mondragon, Humanity at Work (gizatasuna lanean) kartela ikustean, fabrika horretan lan egiteagatik duten zorteaz pentsatzen dute edo Moneydragon, Humanity in the Wok (gizatasunean labean) multinazional diruzale asegaitz baten irudia datorkie gogora?”. Hau da, MTM batek atzerriko herrialde batean filial bat ezartzen duenean, adibidez, Txinan, zeintzuk dira herrialdearen garapenarentzat dituen elementu bereizgarriak ohiko beste multinazionalen filialekin alderatuz?.

Oihan Vitoriak Arrasateri egindako argazkia (http://oihanvitoria.wix.com/erakusleihodigitala)
Oihan Vitoriak Arrasateri egindako argazkia (http://oihanvitoria.wix.com/erakusleihodigitala)

Galdera horiei erantzuteko, Errastik enpresa multinazionalen ezaugarri garrantzitsuenak identifikatu (matrize-filialen arteko harremanak, lan-baldintzak, teknologia-transferentzia, erabakiguneen kokapena, eta abar) eta MTM-ak ezaugarri horien arabera aztertu ditu. Errastik honako metodologia erabili du: egileak berak egindako aurreko lanetan oinarrituta (oinarri teoriko zabalarekin eta ikuspegi praktiko sendoarekin), Txinako Kunshan industriagunean egindako ikerketa enpirikoa edo praktikoa, 2012ko udaberrian egindako bisitaren bitartez. Zehazki, behaketa parte-hartzailea erabili du Errastik (elkarrizketa ez-formalak kooperatibetako eta filialeko zuzendari eta langileekin, egituratutako galde-sorta eta azkenik, datu historikoen eta barne-dokumentuen azterketa).

Anjel Errasti-2
www.mondragon-corporation.com webgunearen atarian ikusgai dagoen argazkia

Artikulua honela banatzen da: lehen zatian, sarrera orokorra; bigarrenean, Arrasateko Taldearen nazioarte estrategia azaltzen da; hirugarren zatian, Arrasateko matrizeen antolaketa-eredua; laugarrenean, Txinako Kunshan industriaguneko filialen azterketa; bostgarren zatian, Arrasateko Esperientziaren ikuspegi kooperatiboaren zabalkundearen inguruko hausnarketa egiten da. Ondorioak, seigarren atalean.

Guzti honen emaitza, gai honi buruz egin diren bestelako lanekin alderatuta, ikuspegi kritikoagoz gauzatutako ikerketa duzue, argi-ilunak nabarmentzen dituenetarikoa. Esperientziaren kontraesanak eta paradoxak oinarri metologiko sendo baten bitartez azaltzen ditu autoreak, modu arrazoituan, argi eta errezean. Azken ondorioa, MTM-en nazioarteratze estrategiaren balorazioa eta hobekuntzarako proposamenak, labur, zuzen eta argi.

Oso artikulu ona, lan txukun baten emaitza eta ibilbide zientifiko interesgarri baten adierazgarri. Zabaltzea merezi duen mezua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude