Pasa den astean Josep Quetglas irakasle katedradunaren bisita izan zuen Donostiako Arkitektura Eskolak, Le Corbusierren inguruan antolatutako ziklo baten aitzakian. Quetglasena ez zen entzun ahal izan zen ahots bakarra, baina bai sorgintzaileena.
Quetglasen hitz-jarioa estilo berezikoa izan zen. Lasai egin zuen hitz, zehazki, gauzak alferrik errepikatu gabe, eta misteriozko aparteko giroa sortuz. Sakonki aztertua du Le Corbusierren lan guztia, eta gaia ondo menderatzen duenaren segurtasunaz aritu zen. Entzuleak sorgindu egin zituen, ohi duen moduan.
Hitzaldiaren osteko mahai-ingurua. Ezkerretik hasita, Alberto Ustarroz, Mikel Garai, Manuel Iñiguez, Stanislaus von Moos, Arthur Rüegg, Santos Barea, Juan Calatrava eta Josep Quetglas / Egilearen argazkia (cc-by-sa; handiago ikusteko, sakatu irudian)
Bere hitzaldiak izenburu zirikatzaile samarra zuen: "Ronchamp -
Barnetik". Hau da, Le Corbusierren Notre-Dame-du-Haut
kaperaren barnealdea soilik —barnea eta kanpoa banangarriak
bailiran— aztertzeko asmoarekin etorri zen
arkitekto balearra. Baita sakonki aztertzea lortu ere.
Ronchampekoa proiektu bakana da arkitekturaren historian, zein Le Corbusierren lanen artean, eta a posteriori hezurmamitutako irakurketa ugari egin izan dira hura azaltzeko eta arrazoitzeko asmoz. Kaperaren barnea antzoki batekin alderatu zuen Quetglasek, zeinetan obra bat antzezten den. Teoria horren barnean txertatu zituen Ronchampeko elementu nagusiak, hots, sarrera, estalkia, zorua, paretak, eserlekuak eta aldarea, forense baten zorroztasunarekin.
Ronchampeko kapera barnetik / ajbeyea
Hitzaldiaren osteko mahai-inguruaren amaieran, Quetglasek ohar bat luzatu zion entzuleari: "gerta daiteke Le Corbusierrek pentsatu ez izana nik azaldu ditudan gauza guztiak, baina nire diskurtsoak kapera-proiektuaren inguruko zertzelada berriren bat azaldu badio norbaiti, orduan berbaldia baliagarria izan da".
Datorren ostegunean, bigarren rounda: "Ronchamp - Kanpotik".
Bitxia da oso Kaisersrot delako proiektua, Züricheko ETH unibertsitate publiko entzutetsuaren ekimena. Arkitekturako, hirigintzako eta konputazio-teknologiako ikerlarien arteko lankidetza izaki, "marraztu ezin daitezkeen soluzioak" eskaintzen omen dizkio arkitekto zein hirigileari.
Informatika-programa bat da, labur esanda, hirigintza-plan konplexuen datuak erraz eta grafikoki kudeatzen laguntzen dituena. Hau da, hainbat algoritmo edo arau-segida batera maneiatu ditzakeen sotwarea dugu Kaisersrot, proiektuen zatien eta osotasunaren arteko oreka alde batera uzten —omen— ez duena.
Demagun hirigileak birpartzelazio bat egin behar duela. Etxeen kopurua sartuko du programaren interfazean, beste datu objektibo batzuekin batera: partzelen tamaina, kokapena, orientazioa... Demagun ekipamendu publiko bat ere sartu beharra dagoela, eta haren inguruan dentsitate altuagoa... 33 segunduko adibidea duzu jarraian:
"Birpartzelatzea ez da inoiz hain erraza izan" ziurta lezake iragarkiak.
Ahaztu zait esatea programaren egileetako bat KCAP arkitektura-bulegoaren zuzendari Kees Christiaanse dugula, azken asteotan Euskal Herrian hain ezaguna egin zaiguna.
Susmoa dut ez ote den ditxosozko Kaisersrot erabili Pasaiako badiaren azken proposameneko zatiren batean, Lezotik ez oso urrun...
Ia hamabost urte igaro dira jada Rem Koolhaas arkitekto herbehereetarrak honako irudi bitxia S,M,L,XL liburuan argitaratu zuenetik.
Kartografiaren bidez etorkizun hurbileko Europa irudikatu nahi izan zuen Koolhaasek, desitxuratze argigarri bat erabilita. Irudiak ez du ohiko planoetako Europaren geografia fisikoa soilik adierazten. Denboraren aldagaia ere barne hartzen du, Abiadura Handiko Trenaren ondorioak grafikoki erakuste aldera. Kontzeptu-maparen helburuetako bat Frantziako Lille hiriaren hiriburutza azpimarratzea zen, garai hartan Koolhaas Euralilleko hirigintza-plangintza garrantzitsua baitzuen esku artean.
Hala ere, planoak bestelako irakurketa interesgarriak badituela iruditzen zait. Gertukoena, Euskal Herriarekin zerikusi zuzena baitu, mendebaldeko Europan Frantziaren zentraltasuna areagotu baino ez dela egingo AHTaren eraikuntzarekin. Horrek esan nahi du Parisek Ipar Euskal Herriko trenbide berria aurrera eramateko interes handia duela, azken berriek berretsi bezala, 2009ko uda baino lehen kontrakoa ziurtatu arren. Geroak esango du.
Gurinaren Dorrea esaten zaio Erruango (Normandia Garaia, Frantzia) katedraleko fatxadaren eskuinaldean dagoen eraikuntza luzanga eta ederrari. Bada, izenaren jatorriak dorrearen finantziazioarekin du zerikusi, bitxia bada ere.
Erdi Aroan, Frantziako katedral handiak eraikitzen ziren garaian, tartean Erruangoa, Eliza katolikoak Garizuma bitartean gurina jan ahal izatea debekatua zuen, baraua eta otoitzaren izenean. Gurina, beste hainbat plazer bezala, bekatu. Alabaina, jakina da garai hartan eskubideak erosi egiten zirela, eta induljentziak katoliko eskuzabalen artean banatzen. Dirudunak Elizaren arau zorrotzetatik
salbuetsi zitezkeen. Horrela, Garizuman
gurina jan ahal izateko baimena saldu egin zuen Elizak.
Bildutako diruarekin Erruango Gurinaren Dorrea eraiki omen zen.
Donostiako Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena behin-behineko onarpena jaso zuen 2009ko ekainean. Planak ia 16.000 etxebizitza berri aurreikusten dituenez, haren inguruko informazioa oso garrantzitsua da herritarrarentzat.
EAEko 2006ko Lurzoruaren Legeak Jendaurreko informazioaren printzipioa zehazten du 9. artikuluan, honakoa esanez b atalean: «Planak sare telematikoaren guneren batean jarri beharko dituzte, oso-osorik eta edukia eguneraturik dutela. Libre izango da gune horretan sartzea».
Esango nuke hau ez dela beti betetzen, baina Donostiako HAPOaren kasuan, zorionez, bestelakoa esan beharra dago. Oraindik indarrean egon ez arren (behin-behingoz baino ez dago onartua), haren inguruko informazio mamitsua jarri dute Interneten herritarraren esku (gaztelania peto-petoan, batzuek salatu bezala, hori ere esan beharra dago).
Aipatutako informazioa ohiko PDF formatuan egoteaz gain, berrikuntza bat eskaini digu Donostiako Udalak, Google Earth programa ezagunaren bidez ikusteko KMZ artxibo bat prestatu baitu.
Altzako auzoaren kalifikazio edo zonakatze xehatua / Google Earth (handiago ikusteko, sakatu irudian)
Ekimena eskertzen da. Google Earth software askea ez bada ere, doako bertsiorik badago, eta benetako GISak baino askozaz erabilerrazagoa da. Hortaz, Donostiako HAPOa modu oso intuitibo batean ikus daiteke. Hirigintza-informazioa plazaratzeko ohiko bide bihurtuko al zaigu?
Izenburu hori —komatxorik eta galdera-ikurrik gabe, bistan da— zeukan Madrilgo Arkitektoen Elkargoko dekanoak urtarrilaren hasieran bidalitako posta elektroniko masibo batek. Baina zer da zehazki lortu dena, eta nortzuk lortu dute?
Arkitekturako eta medikuntzako ikasleen manifestazioa Bartzelonan (2009-10-23)
Ohar horren egileak zera erantzungo luke, ziur asko: gure ikasketek master gisako maila izatea lortu dugu Espainiako arkitektook.
Eta egia izango da, hein handi batean. Baina badaezpada ez da txanponaren ifrentzua azaltzen: balizko aldaketa horrekin —oraindik ofiziala ez dena, inondik inora—, arkitektoa izan nahi duen ikaslea derrigortuta dago master bat ordaintzera, graduak ez baitu eraikitzeko gaikuntzarik eskainiko. Eta bestalde, Espainiako arkitektoek bakarrik 360 ECTS gainditu behar badituzte, non geratzen da Boloniako prozesuak ekarri behar zuen mugikortasun bedeinkatua?
Ondare historikoaren espoliazioa omen da Herrialde Katalanetako Valentziako Cabanyal-Canyameral guneko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Berezia (PEPRI, gaztelaniaz). Espoliazioa bakarrik ez, lapurreta ere bai, Euskaltermek iradoki bezala. Hori ebatzi du Espainiako Kultura Ministerioak, Valentziako Generalitatearen zein Udalaren haserrerako.
Valentzia 1899an. Eskuinean, itsasoaren aurrean, Cabanyal-Canyameral auzoa.
Planaren elementu eztabaidatuena Blasco Ibañez hiribidearen luzapena izan da, dudarik gabe, operazioaren zati horrek hainbat etxeren eraispena aurreikusten baititu. Italierazko sventramento izenarekin ezagutzen dira mota horretako hiri-operazio erradikalak, historian uste baino sarriago erabili izan direnak. Esaterako, Parisko Operaren hiribidea, Madrilgo Gran Vía edo Bartzelonako Via Laietana antzerako ekimenen bidez ireki —literalki— egin ziren aspaldi, zenbait etxe lurrera botaz.
Goian, gaurko egoera; behean, Canyabal auzoa indarrez ebasten duen hiri-proiektuaren oinplanoa (ikus erdian mendebaldetik ekialdera irekitzen den hiribide berria).
Cabanyal-Canyameral auzoaren kasu horretan, gainera, eraitsi nahi diren eraikinak ez dira edonolakoak. Kultura-intereseko ondasun gisa (BIC, gaztelaniaz) daude izendatuak, 1993ko maiatzetik. XIX. mendearen bukaera aldera eraiki zituzten arrantzaleentzako auzo trinko bat eratuz. Etxeen berezitasunetako bat fatxadetan azaleratzen da, herri-modernismo delako estiloko apaingarriak baitituzte.
Fatxadetako apaingarrien hiru adibide / www.cabanyal.net
Auzokideek hamarkada luzeko borroka mantentzen dute eraispen-planaren aurka. Espoliazio-izendapena gorabehera, Salvem el Cabanyal plataformak agerraldiak egiten jarraituko du, ez baitira Generalitateaz eta Udalaz fio. Badute horretarako arrazoirik: Valentziako Gobernuak premiazko lege-dekretu bidez esan berri du planak ez duela Cabanyal auzoaren ondare historikoa kolokan jartzen. Posible al da izaera horretako baieztapenak lege-dekretu bidez aldizkari ofizialean argitaratzea? Antza bai, eta, gainera, BIC delako izendapena bertan behera gelditu dela lau haizetara zabaldu da, zehazki egia ez bada ere.
Nahiko tristea da politikariak murgilduta ikustea poterearen eta eskumenen inguruko eztabaida antzuetan, hiriaren ondarearekin zerikusi gutxi dutenak. Norbaiti inporta al zaio benetan auzo hori?
Dagoeneko kalean da Arkitektura-hiztegi irudiduna. Francis D.K. Ching hawaiitarrak 1995ean egindako A visual dictionary of architecture itzelaren euskarazko itzulpena da, Euskal Herriko Unibertsitateak abenduan argitaratu berri duena.
"Irudi batek mila hitzek beste balio du", aipatzen da liburuaren hitzaurrean, eta horixe da 516 orrialdetako lan eskerga horren leitmotiva, alegia, komunikazio grafikoa. Arkitekturaren alorra termino teknikoz beteta dago, edozein jakintza-arlo bezala; ezberdintasuna nabaria da, ordea, arkitekturako hitz gehienak ikutu eta ikus daitezkeen elementu fisikoekin erlazionatuak baitaude —eraikinen zatiak, eskuarki—, beraz, irudiak ezinbestekoak dira terminoak ganoraz kokatze eta ulertze aldera. Lanak 1.625 irudi biltzen ditu.
Hiztegi irudidunaren egitura intuitiboa da, familiaka antolatzen dena. Horrela, 66 oinarrizko gaitan multzokatzen dira lan horretako 7.000 terminoak. Esaterako, Apaingarria, Burdineria, Diseinua,Egitura eta Igeltserotza dira familia edo ideia orokor horietako batzuk.
Igeltserotzari buruzko orrialdeetako bat
Horretaz gain, euskarazko bertsio berri honek ekarpen erakargarri eta erabilgarria eskaintzen digu amaieran —jatorrizkoan ez dagoena—, non euskara-ingelesa, ingelesa-euskara, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara hiztegiak aurki ditzakegun. Amaierako hiztegi horiek, gainera, aurkibide azkar gisa erabil daitezke, termino guztiek baitute kontzeptua grafikoki azaltzen duen irudiaren orrialdearen zenbakia.
Ia bi urtetako lanaren emaitza da hiztegi irudidunaren euskarazko itzulpena. Itzultzaileak Elhuyar Fundazioko Igor Odriozola eta Alfontso Mujika
izan dira, eta hizkuntza-begiralea, EHUko Juan Kruz Igerabide. Begirale
tekniko gisa DAGETeko bi irakasle arkitekto ibili gara, Eze Collantes
eta ni neu. Lana zaila bezain luzea izan da, baina emaitza kontuan hartzekoa delakoan nago.
Bagenuen horrelako lanabes baten beharra arkitekto zein arkitektura-ikasle euskaldunok!
Espainiaren eskumena, esan nahi da. Izan ere, Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzen duen dekretua kolokan dagoela jakin berri dugu egunotan. Madrilek helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzak sustatutako izendapenari, Espainiaren eskumenak errespetatzen ez dituela argudiatuta. Auzi-errekurtsoa abenduaren 1ean onartu zen izapidera.
Babestutako Biotopo izendatutako gunearen muga (handiago ikusteko, sakatu irudian)
2009ko martxoaren 25eko EAEko aldizkari ofizialean argitaratu zen salatutako 33/2009 dekretua, Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (gazteleraz, PORN, hori da izena hori!) onartzen zuena. Haren bidez, Gipuzkoako itsasertzeko 8 kilometro luzeko eremua babestu zen.
Espainiako Itsasertzetako 22/1998 Legean definitzen diren eremuen sekzio ezaguna
Hala ere, arazoa ez omen dago babestutako 4.300 hektareatako lur-eremuan, baizik eta babeserako gune periferikoan, hau da, babestutako itsas-eremuan. Antza, Espainiaren ustez, Babestutako Biotopoaren izendapenak ez du aitzakiarik ikuspuntu zientifiko hutsetatik, baina ezin da onartu Estatuaren eskumenen urraketa.
Biotopoaren erdian dagoen Sakoneta muturra / Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana
Konspiranoiko samarra izango naiz, baina horratx sortzen zaizkidan hainbat kezka: Ikuspuntu zientifikotik izendapena akatsgabea izanik, zertara dator salaketa? Zer nolako interesak ote daude itsas eremu horiengan? Eskumen-arazo hutsa da, edo Deba eta Zumaia arteko itsasertzerako proiekturen bat gordetzen al du Estatuak? Zer egin ote nahi du bertan Espainiak?
Bi kontinenteren artean egon arren, Istanbul izango dugu hasi berri den 2010eko Europako Kulturaren Hiriburu, Alemaniako Essen eta Hungariako Pécsekin batera. Istanbul... Zaila izango da kokaleku estrategikoagoko hiri bat topatzea munduan. Beltza eta Marmara itxasoak lotzen dituen Bosforo itsasarte estuan egoteaz gain, Istanbulen topografia ere ikusgarria da. Erroma bezala, zazpi muinotan ezarri ziren antzinako Bizantzio eta Konstantinopolis. Hala ere, zortzigarren mendixkari buruz arituko naiz oraingoan, Urrezko Adarraren beste ertzean dagoen Beyoğlu auzoari buruz —antigoaleko Péra—, hain zuzen, han eraiki baitzuten Europako bigarren metro-linearik zaharrena, Londreskoaren ondoren.
Karaköy auzoa eta Galata dorrea, Beyoğlu barrutiaren mendixkan, Topkapı jauregitik ikusita; Tünel lineak behealdea eta goialdea lotzen ditu / Egilearen argazkia
Tünel izeneko lineak Karaköy (antzinako Galata) eta aipatutako Péra
auzoak lotzen ditu. Metroa baino, bi geltoki lotzen dituen lur azpiko funikularra da, 60 metroko
garaiera-ezberdintasuna gainditzen duena. Eugene-Henri Gavand ingeniari frantsesak diseinatu eta eraiki zuen 1867-75 urteen bitartean. Ibilbide laburrekoa da oso —573 metroko luzera baino ez du—, baina muinoaren dezenteko maldaren aurreko eraikuntza horrek auzoa biltzen eta egituratzen laguntzen du.
Aipatzekoa da tunelaren sekzioa parabolikoa dela, goian dauden eraikinen zimenduei espazio handiagoa uzte aldera. Hainbat aldaketa eta doitze jasan baditu ere —bagoia berri samarra da—, indarrean eta osasuntsu dirau oraindik, egunero 15.000 bat bidaiari eramaten dituela.
Linearen goiko eta beheko muturren egungo egoera / Egilearen argazkiak
Funikular eta tunelaren ikuspegiak, 2009ko abenduan / Egilearen argazkiak
Hain ongi funtzionatu du lur azpiko Tünel funikularrak, ezen Istanbulgo Udalak antzeko linea berri bat hondeatzea erabaki baitzuen 2002an, Kabataş eta Taksim plazaren artean. 600 bat metro luze den linea berri hori 2006an jarri zen indarrean. 2010eko kultura-hiriburutzak, ziur asko, bultzada egokia emango zion proiektuari.
Beyoğlura igotzen diren bi lur azpiko funikularren kokapen-planoa
Taksim eta Kabataş lotzen dituen linea berriaren oinplano eta sekzioa (sakatu irudian handiago ikusteko)
Taksim-Kabataş metro-funikular berriaren ikuspegia, 2009ko abenduan / Egilearen argazkia
Horren guztiaren karira, oroit dezagun Iruñea zein Donostia ari direla 2016ko Europako Kulturaren Hiriburu izateko lehian. Biek ala biek gaizki lotutako malda dezenteko auzoak badituzte... Istanbulgoa jarraitzeko eredu egokia ote?
Aldiri. Arkitektura eta abar Aurrean duzun bloga UEUren Aldiri arkitekturako hiruhilabetekariaren bertsio elektronikoa da. Bertan paperezko aldizkarian argitaratutako edukien laburpenak topatuko dituzu, arkitekturarekin erlazionatutako bestelako artikulu eta berriekin batera.
Iritzi guztiak ongi etorriak izango dira. Halaber, zuk idatzitako artikuluak argitaratuko ditugu ―papereko aldizkarian zein blogean― posta elektronikoz luzatzen badizkiguzu.
Animatu zaitez parte-hartzera!
Arkitektura, jalgi hadi plazara!