Elementuak

Negargarria, zerbait arina esateko, Veneziako Bienaleko Elements of Architecture erakusketaren testuarekin gertatutakoa.

Asko laburbilduz, Alejandro Zaera izar-arkitektoak Princetoneko Unibertsitate ospetsuko Arkitektura Eskolako dekanotza utzi behar izan du, esandako erakusketarako idatzi zituen testu batzuk Wikipediatik kopiatu zituelako (taula honetan ikus daitezke kopiatutako testuak).

Zaerak kopia onartu egin du (nola ez?), baina harrotasunez argudiatu du testua ez zela akademikoa, eta, hortaz, ez zuela testuen jatorrizko iturria zertan aipatu. Ez hankarik ez bururik ez duen erantzuna, batxilergoko ikasle batentzat ere balioko ez lukeena.

Princetoneko Unibertsitatea, baina, Zaera baino zerbait serioagoa da, eta, Christopher Eisgruber errektoreak dekano-kargua uzteko gonbidatu zuen izar-arkitektoa.

Lotsagarria, halaber, Koolhaasen gutuna, Zaera zurituz (errua Princetoneko Unibertsitatearena omen da, bere ustez, testuaren kategoria ez zelako Unibertsitateak uste bezain akademikoa), haizagailuaren teknika erabiliz (hots, kaka arduradun gehiagoren artean banatuz, hain zuzen ere, Marsilio argitaletxearen eta Veneziako Bienalaren artean), eta bere —Koolhaasen beraren— liburuaren maila modu harrigarrian zalantzan jarriz (bigarren argitalpena egiten denean erdietsiko omen da testuaren maila akademikoa). Ondotxo dakielako Koolhaasek bera dela gertatutakoaren azken arduraduna, erakusketaren komisarioa bera izan delako.

Enpin… Elementuak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude