Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2010/08/28 12:34:56.237 GMT+2

Ahazturik?

Abanto-Zierbenako Gallarta auzoko Meatzaritza museoaren eraikin berria gauzatzeko lanak geldirik daude aspaldi. IMB arkitekto bilbotarrek diseinatutako proiektua bigarren fasea burutzeko dirua noiz helduko zain dago.


Eraikina, ezkerrean, Bodovalle meategiaren aurrean / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia, 2010-8-27 (CC-BY-SA)

Egitura, kokapena bezain ikusgarria, amaituta dago. Alabaina, museo osoa bukatzeko falta dena —itxitura, arotzeria, barnealdea eta inguruko urbanizazioa— aurrekontu osoaren zati nagusia da. Eta obraren egoera ez da gehiegi aldatu azken urtean. Ahazturik ote?


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/08/28 12:34:56.237 GMT+2
Etiketak: gallarta arkitektura | Permalink | Erantzunak (5) | Erreferentziak: (0)

2010/08/18 09:07:48.013 GMT+2

Baldintza tekniko partikularren agiriak, euskaraz



Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren dekanotzak aditzera eman zuen, pasa den uztaileko azkenengo egunetan, Kanariar Irletako Elkargoak atondutako baldintza-agirien euskaratzearen emaitzak, jada, eskuragarri direla Elkargoko web-gunean.

Euskara Arkitektura munduan txertatzeko beste urrats bat, dudarik gabe. Ekimena txalogarria da, baina errealitate triste baten adierazle ere bai: egun, proiektu bat euskaraz gauzatzeko borondatea (edozein eragile kontutan harturik: arkitekto, sustatzaile, bezero edota administrazioa) oso urria da; euskararen presentzia zeharo txikia da.

Ezbairik gabe, dokumentu teknikoen gabeziak ere (adibidez hegoaldean bete beharreko Kode Teknikoa) euskarazko proiektuen gauzatzea oztopatzen du. Hortaz, arestian azaldu dugun baldintza-agirien euskaratze lanak sustatu beharko lirateke.

Nork: Ibai Gandiaga.2010/08/18 09:07:48.013 GMT+2
Etiketak: euskara ehaeo | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (0)

2010/08/02 11:25:05.042 GMT+2

Aipua (III)



"Espazio publikoa etsai-lurralde gisa ikustera ohitu naiz pixkanaka; debeku zentzugabeek eta umilgarriek markatuta dago; ahalik eta azkarren zeharkatzen dut, bizileku pribatu batetik bestera mugitzeko." - Michel Houellebecq


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/08/02 11:25:05.042 GMT+2
Etiketak: aipuak espazio_publikoa soziologia | Permalink | Erantzunak (2) | Erreferentziak: (0)

2010/07/30 16:36:34.382 GMT+2

Aramaioko biaduktua

No comment:

EGK
AHT-ren biaduktua Aramaion, 2010eko uztailaren 7an / Argazkia: Alex Mendikute ©


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/07/30 16:36:34.382 GMT+2
Etiketak: aramaio aht | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (1)

2010/07/28 17:08:55.787 GMT+2

Zer nolako garapena nahi dugu?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Ane Abarrategiren ekarpena jaso dugu Aldiriren erredakzioan, lurraldearen antolakuntzaren inguruko txosten interesgarri baten berri ematen diguna. Zuen interesekoa izango delakoan, hortxe duzue artikulua:
 

Zer nolako garapena nahi dugu?

Gazte Kontseiluaren ekarpena lurralde-antolamenduari


“Aldaketa ugari ari dira gertatzen: ziklo ekonomikoaren aldaketak, ekoizpen-ereduaren aldaketak eta energia-ereduaren aldaketak, besteak beste. Aldaketa horiek eragin handia dute gizartean eta jendearengan, eta horregatik beragatik hitz egiteko garaia dela uste dugu, etorkizunerako zer nahi dugun eztabaidatzeko garaia, ekonomia-ereduari eta gizarte-ereduari buruz hitz egitekoa.”



Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 2010ean argitaratutako “Lurralde Antolamendurako Artezpideak” izeneko txostena erakundearen baitan emandako barne hausnarketa eta eztabaidaren emaitza da.

Izan ere, 2009an gazte elkarte plataformak lurralde antolamenduaren inguruan aritzeko lan ildo berria sortu zuenetik hirigintza eta lurralde antolaketarekin lotutako bestelako ekimenak ere abiarazi ditu (Planoetatik kalera hitzaldi-bira kasu).

Txostenak hainbat gai jorratzen ditu (ekonomia garapena, etxebizitza, industria, energia, garraioa, nekazaritza, giza- eta kultura-garapena, gizarte-ardura) baina ildo zehatza jarraituz: “Zer nolako garapena nahi dugu?” galderari erantzuteko nahia. Finean garapen eredua eta lurralde antolamendua osatzen duten elementuen oinarrian kokatzen den ideiarioaz dihardu dokumentuak. Horretarako arreta berezia eskaintzen zaie giza-garapena, iraunkortasuna,  bizi-kalitatea, gazteen emantzipazioa, gizarte-eskubideak, gizartearekiko eta ingurunearekiko errespetua eta zor ekologikoa bezalako kontzeptuei.

Helburu nagusia eztabaidarako bidea ematea izanik, eragile eta elkarte anitzekin konpartitzeari ekin zaio, bestelako lurralde-antolamendurako artezpideen beharra eta eztabaida mahaigaineratzeko eta mamitzeko asmoz.  



                                                                            Ane Abarrategi
                                         EGK-ko bizi-baldintza materialen teknikaria


2010eko uztailaren 28an erredakzioan jasoa. Gogoratu zuk zeuk idatzitako artikuluak ere argitaratuko ditugula posta elektronikoz luzatzen badizkiguzu. Animatu!


Nork: Erredakzio-kontseilua.2010/07/28 17:08:55.787 GMT+2
Etiketak: lurralde-antolakuntza | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (1)

2010/07/25 20:24:20.307 GMT+2

Ausardia

Horixe nabarmenduko nuke Trintxerpeko Ziriza etxean antolatu eta aurrera eraman berri duten Arkitektura Kolektiboak izeneko jardunaldi-asteari buruz. Ausardia, batez ere, ez delako ohikoa antolatzea hainbeste tailer eta hainbeste aurkezpen ikastaro bakarrean. Parte-hartzaile asko mobilizatu behar dira horrelako ekimen handinahi batek arrakasta eduki dezan. Eta nago lortu izan dela, hein handi batean, Jonen, Josemiren, Ezeren eta beste hainbat lagunen lan eskergari esker.


Ostiral goizeko kolektiboen aurkezpenen ikuspegia / Handiago ikusteko, sakatu argazkian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Tamalez, ezer gutxi azaldu dezaket jardunaldien mamiari buruz, ostiral goizean baino ezin izan nintzelako bertaratu. Arinkeria litzateke goiz bakar batean ikusi eta entzundakoa oinarri ezer ondorioztatzea. Besterik gabe, hortaz, antolatzaileen adorea azpimarratu nahi nuen. Eskerrik asko, eta bejondeizuela!


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/07/25 20:24:20.307 GMT+2
Etiketak: donostia arkitektura | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (1)

2010/07/05 22:41:59.643 GMT+2

Bilatu zazpi ezberdintasunak (V)


Cajasol dorrea, Sevilla. César Pelli, 2007-2011.


Iberdrola dorrea, Bilbo. César Pelli, 2007-2011.


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/07/05 22:41:59.643 GMT+2
Etiketak: bilbo sevilla omenaldiak | Permalink | Erantzunak (3) | Erreferentziak: (1)

2010/07/04 19:20:14.484 GMT+2

Artearen lexikoa

Euskal Herriko Unibertsitateak Artearen lexikoa delako euskarazko itzulpena argitaratu berri du. Jatorrizko lana gaztelerazko Léxico de arte izenekoa da, Rosina Lajoren testuak eta José Surrocaren marrazkiak biltzen dituena. 1990ean argitaratu zuten lehen aldiz, eta, onarpen zabala eduki duela esan daiteke, 4. argitaraldian baitago. Halaber, aipatzekoa da 1993an katalanera ere itzuli zutela.


Artearen lexikoa liburuaren azala / Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010

Liburu erabilerraza eta praktikoa da, kontsulta azkarrak ganoraz egiteko modukoa. Terminoen etimologia, historia eta adibideak biltzen dituen lexiko aberatsa da, eta, sinpletasunetik urrun, artearen historiako hitz dezente biltzen ditu, gehienetan marrazki argigarriekin batera. Termino horietako asko eta asko arkitekturarekin daude erlazionatuta. Hori dela eta, Artearen lexikoa arkitekturari buruzko euskarazko corpusa osatzen lagunduko duen lana dugu, urte hasieran EHUk berak argitaratutako Arkitektura-hiztegi irudiduna paregabearekin batera.


Liburuaren 37. orrialdea / Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010

Ikasleok, irakasleok zein artezaleok aterako diozue probetxua Elhuyar Fundazioko Elixabete Etxeberriak eta Alfontso Mujikak itzulitako lexiko erabilgarri honi.
Google Books-en dituzue ikusgai gaztelerazko jatorrizko bertsioa zein itzulpen katalana.


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/07/04 19:20:14.484 GMT+2
Etiketak: euskara ehu artea liburuak | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (0)

2010/06/26 09:50:47.256 GMT+2

Neskak

Ados. Onartzen dut. Izenburuak blogerako bisita gehiago erakar ditzake. Baina ikasturtea amaitu da, eta hasieran izandako sentsazio bati zenbakiak jarri dizkiot azkenean: Donostiako Arkitektura Eskolako 2. mailan, euskarazko adarrean, 50 neska egon dira 2009-2010 ikasturtean, eta bakarrik 23 mutil. Irudi batean ikusiz gero, ezberdintasunaz hobeto jabetzen da bat:


2. mailako arkitekturako euskarazko ikasleen portzentajea, sexuari dagokionez (2009-2010 ikasturtea) / Egilearen irudia (CC-BY-SA)

Arkitekturako ikasketetan, nik ezagutzen ditudanetik, behinik behin, beti egon izan dira neska dezente, nahiz eta gero horren isla zuzenik ez egon izar-arkitekto famatuen artean (Zaha Hadid irakiarra izan daiteke salbuespenik ezagunena). Azken urteotan, ordea, arkitekturako ikasketak aukeratzen dituen nesken kopurua nabarmen igo dela esango nuke, eta hala egiaztatzen dute beste unibertsitatetako irakasle batzuek ere bai. Zerbait aldatzen ari da.


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/06/26 09:50:47.256 GMT+2
Etiketak: generoa ehu daget | Permalink | Erantzunak (2) | Erreferentziak: (1)

2010/06/19 11:29:05.338 GMT+2

Aipua (II)




"Baluarteko errolutuari euskara gehitzeak sarrera nagusiaren estetika hondatuko luke." - Patxi Mangado


Nork: Unai Fdz. de Betoño.2010/06/19 11:29:05.338 GMT+2
Etiketak: euskara iruñea aipuak | Permalink | Erantzunak (1) | Erreferentziak: (0)

bisitari