Usurbilgo Udarregi Ikastolak hartu du aurten UEUk, Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak antolatutako laugarren jardunaldia: “Pandemiak, distopiak eta mundu berriak”. Irati Zubia filosofian lizentziatua eta EHUko filosofia saileko doktoregaiak “Egia-ostea ziurgabetasun garaian” hitzaldia eman du.
Zer da “egia-ostea”? Egiarekiko interesik nagusi ez den garaiari deitzen zaio “egia-ostea”. Egiak eta egiaren inguruko balioek zeregin gutxi dute gure erabaki eta politikak arautzeko. Gezurrarekin eta ezjakintasunarekin lotzen da.
Pandemia garaia “Egia-ostea” da? Nik uste dut egia-ostearen garaiarekin batera etorri dela. Pandemiak lehen lerroan zeuden hainbat gai asko atzean utzi ditu eta protagonismoa kendu die. Baina oraindik esan daiteke egia-oste garaian jarraitzen dugula.
Normaltasun berri honetan zer leku du egia-osteak? Orokorrean pandemiari aurre egiteko hartu diren neurri politiko eta erabaki gehienetan zientziaren eta egiaren arteko elkarrizketa baten beharra ikusi dugu. Egia-ostearen garaian baldin bagaude, normalasun berria eraikitzerako orduan egiak politikan duen tokia kolokan egon daiteke. Horrek zaildu egiten du behar diren momentuan behar diren neurriak hartzea.
Pandemiaren zer irakurketa emozional egingo da hemendik urte batzuetara? Batetik iruditzen zait memoria laburra dugula eta ez dakit nola gogoratuko dugun. Seguruenik puztu egingo dugu kontakizuna eta irakurketa apokaliptikoak egingo dira. Baino uste dut ikasten ari garen gauza garrantzitsu asko ahaztu egingo ditugula.
Ziurgabetasunak emozioetan onerako ala txarrerako eragiten du? Ziurgabetasunari lotzen zaizkio beldurra eta egonezina bezalako emozioak, beraz, txarrerako eragiten du. Egia-ostearen talaiatik begiratuta, gure jokabide arrazionalak eta akasdunak areagotzen ditu ziurgabetasun egoerak.
Pandemiak pertsona hobeak bihurtuko gaitu? Argi dago pandemiari aurre egiteko balio positiboak bultzatzen dituzten jokabideak agertu direla: erantzun kolektiboa emateko gaitasuna, enpatia, besteen zaurgarritasunez kontziente izatea edo elkar zaintza, adibidez. Baina esan dudan bezala, memoria laburra dugu eta ez dakit zer puntutaraino mantenduko ditugun ikasi ditugun gauza guztiak etorkizun batean.
Politikarien kudeaketak zenbat izan du egia-ostetik? Egia-ostearen sintoma batzuk ikusi ditugu pandemiaren kudeaketan. Ziurgabetasunarekin nahastuta eta egiari behar zaiona baino kasu gutxiago egiteak hasieran negazionismoa ekarri zuen. Ziurgabetasunarengatik eta beste interes batzuengatik ez zitzaion ez egiari eta ezta zientziari kasurik egin. Ondorengo normaltasun berrian politikariengandik ikusi ditugun kontraesan eta jokabide batzuk erakutsi digute oraindik egiaren eta zientziaren lekua ez dela nahikoa. Zientziaren eta egiaren arteko harremana birpentsatu behar da, neurriak ez hartzea edo beranduegi hartzea ekiditeko, adibidez.