Lorea Agirre: “Maitasuna parametro sozial politikoetan ulertzea kostatzen zaigu”

Hirugarrenez antolatu dituzte Usurbilen Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk jardunaldiak. Oraingo honetan “Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen” izenburupean. JAKIN-eko zuzendariarekin, Lorea Agirre Dorronsororekin izan gara.

Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/wWQ-RrOTyDI

 

Zuk esana. Maitasuna gu egiten gaituen -tasun garrantzitsuenetako bat da. Oso erdian dago, baina ez da kontuan hartzen.

Nik uste dut maitasunaren gainean diskurtso anbibalente edo bitarikoa, gutxienez, badagoela. Bata da denok esaten dugula maitasunak erdian egon beharko lukeela. Ez bakarrik gure bizitza pertsonaletan baizik baita ere neurri ekonomikoak edo sozialak edo politikoak hartzerakoan. Denok nahi dugu gerrarik gabeko mundu bat. Maitasunak, elkartasunak eta babesak eta guzti horrek nolabait garrantzia izango luketen gizarte bat. Gero benetan maitasunaren gainean zer ulertzen dugun… Praktikara ekartzen dugunean, gauza konkretuetara, maitasun hori oso oso feminizatua dago. Maitasunaz ulertzen dugun hori ere, alegia, maitasuna, zaintza, amatasuna, bikotearen zaintza, maitasun erromantiko guzti hori oso emakumeei lotua dela. Hainbesteraino non emakumeoi gizarteak nolabait exijitzen digun maitasuna gure bizitzetan oso presente izan dezagun eta eskaini diezaiogun ahalik eta indar, energia eta denbora gehien; beste alor batzuk edo eremu batzuk, maitasunarenak ere izan daitezkeenak, militantzia edo lagunen zaintza, edo aisialdia, edo beste zerbait albora utzita. Bereziki begirada generizatu bat dago. Emakumeari exijitzen zaio eta ez hainbeste gizonezkoei. Oso emakumeen eremutzat hartzen da pribatuan, nahiz eta gero publikoan bere onurak aipatu. Hori ideologia bezala.

Gero maitasunaren gainean lege eta arau asko egiten dira. Haurtzaroaren gaineko lege eta arau guztiak maitasunaren, zaintzaren eremua arautzeko saiakera dira edo familiak zer izan behar duen. Zenbat kidek osatu behar duten. Nola bizi behar diren, nola zaindu behar diren, zein potestate dauden eta ez dauden. Estatua non, nola sartzen den. Hori ere oso arautua dago. Oso arau zehatzak dira. Ezkontza bat bi lagunena bakarrik izan daiteke eta ez hirurena, demagun. Maitasuna deitzen diren espazio horiek oso arautuak daude gizartean, nahiz eta gero ez zaion bereziki garrantzia ematen zentzu positiboan. Eta nik uste dut baita ere maitasunaren bitartez sozializatzen garela neurri handi batean. Umetatik maitasun giro batean sortu edo maitasun giro desiragarri batean sortu eta gero nolabait harremantzen hasten garenean beste batzuekin, maitasunaren esperientzia horrek ere egiten gaituela. Bereziki maitasunaren esperientziak egiten gaituela neska eta mutil oso argi. Gero eta argiago, gainera. Mutilek horrela izan behar dute maitasunean, neskek horrela izan behar dute. Hor sartzen da guk hainbeste kritikatzen dugun, zein kalte egiten dituen ikusten dugun, bikote maitasun erromantikoaren irudi hori. Seguraski uste baino askoz barneratuago duguna eta gure ondorengoek ere. Datuek esaten dute, belaunaldiz belaunaldi gero eta indar gehiago hartzen ari dela. Azkenean, maitasun erromantiko hori oso maitasun injustua da, genero aldetik desberdinkeria handiak sortzen dituena. Jabegoa oinarri duena. Zu nirea zara. Zu gabe ezin dut bizi. Dena elkarrekin egin beharra. Horrek denak badakigu zein arazo sortzen dituen. Arinenetatik gogorrenetaraino, heriotzaraino. Hori egunero entzuten dugun gauza bat da. Ideologia guzti horrek bizi gaitu. Bizi gaitu maitasunaren ideologia injustu eta txarrenak. Hori da indartzen dena gero eta gehiago gaur egungo gure kontsumo gizartean.

 

Kontsumoaren bitartez elikatzen dugu maitasun eredu hori.

Maitasun erromantiko hori kapitalismoari eta kontsumoari oso lotua dago. Batetik zentrala delako produktuak saltzerakoan. Beti agertuko da maitasun erromantikoaren irudia edozer dela saltzera. Edo filma bat ikustera goazenean, edo liburuetan – gehienetan, esan nahi dut edo mainstream den horretan – beti agertuko da. Produktua erosteko beti egiten zaigu bikote erromantiko baten promesa; baina aldi berean bikote erromantiko horren ideologia sartzen zaigu. Gurpil bat sortzen da eta uste dut momentu horretan gaudela. Maitasuna politizatzeko modu bat da, baina ez guk politizatu nahiko genukeen bezala. Maitasuna ulertuta elkartasuna, adiskidantza, maitasuna, erotismoa; baina baita ere elkarlana, komunitatea, herrigintza, aberrigintza… Nolabait militantzia baita ere. Termino horietan. Eskuzabaltasunaren edo kooperazioaren txapelpean egongo litzatekeen harreman sistema bat.

 

Zuk zentzu horretan aipatu duzu justiziaren etika baino zaintzaren etika hori, etxe barrurako den etika hori, ekarri behar litzatekeela eremu publikora

Badaude adituak gai hauetaz jarduten dutenean, maitasunaren kontzeptu solidario horretaz, edo nola politikan benetan aplikatu, momentu honetan bi etika mota daudela esaten dutenak. Bat dela justiziaren etika eta bestea zaintzaren etika. Justiziaren etika da eremu publikoan ematen dena. Geure gizartean eta geure zibilizazioan holako lelo nagusi bat duena: Guztiok berdinak gara legez eta guztiok ditugu eskubide eta betebehar berdinak. Hori da gure funtzionamendua gure erakundeetan, gure lan munduan, geure mila tokitan. Hori publikoan ematen da. Pribatuan, aldiz, etxe barruan nolabait, ez da hainbeste justizia hitza zentroan dagoena, baizik eta zaintza. Orduan zaintzaren etikak esaten duena da, bai, guztiok eskubide berdinak behar ditugu izan, baina denok desberdinak gara. Egoera diferentean gaude. Gaur agian egin dezakezu , baina bihar ez. Betebeharrak batzuk dira. Batek errazago egin ditzake, beste batzuk ez. Batzuk gaitasuna dute, beste batzuk ez. Batzuk dirua dute, beste batzuk ez. Orduan zaintzaren etika hori nola txertatu eremu publikoan eta justiziaren etikari nola erantsi hori. Denok berdin edo eskubide berdinak izatetik diferente izanda. Beharbada denok ez ditugu betebehar berdinak. Batzuk agian gehiago dituzte eta beste batzuk eskubide batzuk edo aukera gehiago behar dituzte. Gatozen egoeratatik edo baldintzetatik, edozein izanik, indibidualak edo kolektiboak, diferenteak garelako. Orduan hor nolabait elkartasunaren printzipio bat sartu beharko litzatekeela eremu publikoa antolatzerako momentuan. Hori asko esaten dute psikologo sozialek-eta, maitasunaren kontzeptua politikarekin nola uztartu lantzerakoan.

 

Hor pribatu-publiko, gizarte-familia dikotomia hori nabarmendu nahi izan duzu

Bai. Baita ere. Esaten da nolabait sistema konpentsagarri batean bizi garela. Orduan ideologia orokorrak esaten digu orohar gizartea dela arrotzen mundu bat. Kontuz ibili gizartean. Etxeko atetik kanpora kontuz ibili. Jatorra ere izango da, baina jendea ez da oso jatorra. Ea norekin hitz egiten duzun. Ea norekin ez. Ez izan konfiantza edonorekin. Ez zaitez inozoa izan. Bai lan munduan, bai bestean. Pixka bat defentsara irten zaitez. Hori konpentsatuko duen sistema da etxea eta etxea agertzen zaigu paradisu idiliko bat bezala. Maitasuna, zaintza, babesa… guztia hor ematen da. Orduan bi horietan bizi gara. Batak bestea konpentsatzen du. Sistemak nolabait guk sinetsi dezagun nahi du. Bidegabekeria guztiak eta basakeria guztiak egin ditzan sistemak kalean gaudenean eta gero manifara joan beharrean edo kontuak eskatu beharrean, etxeak zainduko zaitu. Hor babestuko zara. Aldi berean bi gauza bi garela. Maitatu eta maitale, eta beste alde batetik garela arrotz eta kasi gerlari kanpora goazenean. Orduan hauek esaten dute ez bat ez beste ez direla egia. Badakigu gizartean badirela baita ere abegikor izan daitezkeen ekimenak edo sortu daitezkeela gutxienez. Elkartasuna badagoela. Dena ez dela etsaigoa edo mesfidantza. Etxe barrua, bereziki, badakigu zer den. Zer esaten duten datuek eta nola bizi dugun. Etxea nola den leku opako bat, itxi bat, oso maitekorra eta maitasunaren leku bat izan daitekeena, baina aldi berean oso leku biolentoa dena eta injustizia handiak gertatzen direla. Hori denok dakigu eta aldi berean etxearen mitifikazio hori, maitasunaren mitifikazio hori haustea asko kostatzen zaigu. Norberak esatea nire etxea infernu bat da. Asko kostatzen zaigu. Agian infernua da, baina gero kaleratzen gara zoriontasunaren irudi bat emanez. Ez dugu hautsi nahi magia deitzen zaion hori. Maitasuna ez da magia, maitasuna azkenean harremanak dira. Kultura jakin baten eta baldintza jakin batzuetan sortzen diren elkarrenganako harreman ahalik eta justuenak izan beharko liratekeenak. Maitasuna ez da maitasun erromantiko horrek saltzen digun hori. Txispazo bat, norbait pasatzen ikusi eta enamoratu zara zentesima batean; eta hori bizitza osorako izango da. Izango da, gainera, pasioz josia. Hori kontsumitzen dugu, jakinda gezurra dela, baina gustatzen zaigu hor islatzea.

 

Azkenean zuk esan duzun moduan maitasun arautu hori deseraikitzeak min handia eragiten du

Bai. Hori Mari Luz Estebanek esana du eta idatzia ere jarri du. Zer gertatzen zaigu maitasunarekin? Kostatzen zaigu deseraikitzea edo kritikatzea; autokritika edo kritika sozial bat egitea maitasunaz uste dugun horretaz. Maitasuna parametro sozial politikoetan ulertzea kostatzen zaigu. Pentsatzen baitugu, “hau nirea da bakarrik. Nik sentitzen dut eta niri gertatzen zait”. Norberari gertatzen zaigun %95a politikoa da. Gainontzeko guztiei gertatzen zaie. Gertatzen da bizi garelako atmosfera berean, oso antzekoak garelako. Orduan zergatik ematen digu hainbeste min hori deseraikitzeak? Hor sakonean oso gauza politikoa delako. Gauza politikoa dela esateak zer esan nahi du? Oso erroko gauza bat dela gure bizitzetan, baina baita ere gizartean. Oso errokoa dela eta horren gainean eraikitzen direla gainontzeko egitura asko eta asko. Orduan hori desmuntatzen duzunean, injustizia azaleratzen duzunean, bikotean edo familian, beste dena kolokan jartzen da. Eta hori kosta egiten da.

 

Amaitzeko, hirugarren urtea da Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarrekin antolatzen duzuela. Berez hiru urterako hitzarmena zen. Zein da balorazioa?

Balorazioa guk oso oso ona; eta geruza desberdinetan. Batetik elkarkidetza beraren garrantzia. Hiru erakunde desberdin. Bi herri ekimenekoak esango dugu, edo gizarte erakunde, eta Udal bat. Uste dut konbinazio hori oso ederra dela. Misto horiek gero eta gehiago eman behar direla. Beste alde batetik hiruren arteko lan sistema hori oso erraza izan da, oso ederra, oso naturala eta oso logikoa, arazo gabe atera zaiguna. Uste dut alde bakoitzak bere onena jartzen duela hau aurrera eramateko, eskuzabaltasunez eta maitasunez. Uste dut gai interesgarriak jorratu ditugula. Ausardia ere izan dugula gaiekin, segurutik ez jotzeko eta esperimentu txiki batzuk egiteko. Oso ondo atera direla. Eskertu apuntatu den jende guztia. Bai aurten bai aurreko urteetan. Jendearen, gurea bezala, kuriositatea, jakin-mina, zer gertatzen zaigun… Azkenean hori baino ez da. Nik espero dut segituko dugula eta berritu, berberrituko dugula hitzarmena. Nik uste dut merezi duela. Oso ekimen arrakastatsua dela. Ez da beti izaten, baina hau bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude