UEUren Baionako Udako Ikastaroen barruan “Euskaraz beti eta hobeki, hizkuntza landuz” izeneko ikastaroa antolatu dute IKAS zentroarekin eta Euskaren Erakunde Publikoarekin elkarlanean. Aines Dufau IKAS euskal pedagogia zerbitzuko zuzendaria da.
Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/1OldcAxcwDs
Zein beharri erantzuteko sortu da ikastaroa?
Ikastaro hau egin dugu argitaletxe gisa, Ikas argitaletxea baita, ikas materialgintzan berezitua. Aspaldi ohartuak gara betiko pettoak egiten direla euskaraz idazten denean. Guk ahoz gauza gutxi egiten dugu, idatziz asko, itzulpenak eta sortzen den materiala ere deusetarik; -erranen baita erdararen erreferentziarik izan gabe ere- eta betiko pettoak behaztopatzen dutela gure argitalpen lana. Beraz, gure argitalpen katean badaude itzultzaileak, zuzentzaileak, proiektu arduradunak… Eta lehenbizikorik gure beharrei begira antolatu dugu estilo liburua bat. Pentsatu dugu dena den euskalgintza osoan aurkitzen direla petto horiek. Orduan, hobe zela ahal bezain goiz, ahal bezainbat jenderi irekitzea eta horri esker hobetzen ahal duela nork bere euskara; eta, gainera, hobetzen ahal dugula gure tresna (estilo liburua). Zeren eta oihartzunak biltzen baititugu, ihardespenak, oharrak eta nola egin material hori ahal bezain eraginkorra izan dadin, ahal bezain erabilerraza; eta hori da gure helburua.
Nola planteatu duzue ikastaroa?
Urtean zehar biltzen bai gara Ikas-eko langile batzuk IKER zentroko gramatikariekin; Beñat Oiartzabalekin, Maia Duguinekin eta Celine Mounolerekin. Gero badugu Antton Luku irakasle ohiaren eta ezagunaren laguntza ere. Ikusi dugu elkarrekin hau parada polita zela, hain zuzen, urrats horretan ibiltzeko, zabaltzen aritzeko pixka bat. Egiten ari garenaren erakusteko, oihartzunen biltzeko. Gure materiala ez da gaur egun publikatua, baina, hain zuzen, urrats horrek lagunduko digu material hori pikuan emaiten.
Estilo liburua noiz argitaratzea espero duzue?
Pentsatzen dugu ondoko hilabeteetan gai batzuk, gramatika gaiak dira; bada bestalde ortotipografia; badira beste gai batzuk, adibidez, joskerari buruz edo; beti iparraldeko berezitasunei begira. Eta hiztegigintzan ere pentsatzen dugu behar beharrezkoa dela. Badira betiko gaiak: haren/beren nola bereizi behar diren, edo/hala, mugagabearen erabilera, perpaus erlatiboak ere. Beraz, badira funtsezko hobekuntza eskatzen duten gaiak eta horiek lehenbizikorik landu nahi ditugu. Ondoko hilabeteetan. Euskaltzaindiari ere erakutsiko diogu, bistan da. Material hau denen zerbitzuko izanen da. Gure ikas tresnen begira, gure ikastresnen prozeduren hobetzeko eta bestalde euskalgintza osoarentzat egina baita Euskaltzaindiaren gainbegirada ere eskatuko dugu. Eta ondoko hilabeteetan hasiko gara tarteka edo zatika zabaltzen gure webgunean. Ariketak ere emanen ditugu; zeren eta didaktizatu baitugu, nahi dugu ahal bezain eraginkorra izan dadin. Beraz, ariketek badute funtsezko balioa eta horregatik UEUn parte teorikoaz gain, ariketak ere egiten dira irakasleari esker. Celine Mounole ikerlaria baita eta denbora berean fakultateko euskal ikasketetako irakaslea.
Beraz, nori zuzenduak dira estilo liburua eta ikastaroa?
Euskalgintza osoari zuzendua zaio material hau eta, beraz, horren erabiltzeko ikastaro hauek, mota honetako saioak, euskalgintzari, itzultzaileei, zuzentzaileei, komunikabideetan ari direnei, irakasleei nola ez. Gure administrazio hurbilenetan ere ari diren langileei. Euskaraz idazten edota mintzo diren guztiei.