Zentzumenen terapiak

Ikusmena, ukimena, entzumena… bost zentzumen ditugu eta horietaz baliatuz gure gorputza, gure sentimenduak kontrola ditzakegu. Burua eta gorputzaren arteko oreka bilatu behar da eta horretan dabiltza “Zentzumenen terapiak: psikoaromaterapia, musikoterapia, irudikapen sortzailea” ikastaroan izena emandako ikasleak. Itziar Salegi Urbieta naturopata, aromaterapeuta, musikoterapeuta, masajista, estetizista, terapia naturalen irakaslea eta “Aromaterapia” etxeko zuzendaria da. UEUk antolatutako ikastaro honetako irakaslea da eta honengana jo dugu gaian gehiago sakontzeko.

Zertan datza ikastaroa?

Norberaren ezagutzan datza ikastaroa; hori eginda, norberaren boterearekin konektatu eta ditugun arazoak eta ahultasunak ezagutu ahal izango ditugu gero horiei aurre egiten jakiteko. Gure bizitza gidatzen ikasi behar dugu. Ez dugu gure barne mundua ondo ezagutzen eta kanporantz begira bizi gara. Mundu subjektiboa guztiz galduta daukagu, ez gaude gure barne munduarekin kontaktuan. Beraz, kanpo mundua oso boteretsua da, arrazoia indartsuegia da. Ez dugu gure gorputza sentitzen, gure gorputza desabitatuta daukagu, baina gu gure gorputza ere bagara. Gure emozioak ez daude andromedan, gure gorputzean baizik. Eta minduta gaudenean gure gorputza ere mintzen da. Gure emozioak gaixotzen direnean, gu gaixotzen gara. Beraz, ikastaroan gure emozioak lantzen ikasiko dugu, gure arima ez gaixotzeko eta ondorioz gure gorputzak ez egiteko.

Nola lortu burua eta gorputzaren arteko oreka?

Pertsona lau zatitan banatzen dut: kontzientzia, alderdi objektiboa, alderdi subjektiboa eta gorputza. Gure kontzientzia gure gorputzaren gidaria da eta behar bezala egoteko, hau da, gure gorputza eta kontzientziaren arteko oreka lortzeko, alderdi objektiboa eta subjektiboaren arteko oreka lortu behar dugu. Nire emozioen kontrola hartu behar dut eta energia kanalizatu oreka lortzeko. Kontzientziaren desoreka izanez gero, nire gorputza gaixotu egingo da. Beraz, osasuna berreskuratzeko nire emozioen azterketa egin behar dut, emozio desorekatu horiek gaixotu nautelako. Emozioen gaineko kontrola izanda gaixotasunari errazago aurre egin ahal izango diot.

Zer da ukimen energetikoa?

Ukimen energetikoan eskuak ez dira mugitzen. Gu materia gara eta gure materia energia da. Bi energia mota daude: energia fisikoa, hau da, gure begiekin ikusten duguna; eta energia magnetikoa. Guztiok daukagu gure gorputza inguratzen duen, transmititzen duen, kanpo elektromagnetiko bat. Hala ere, pertsona batzuena besteena baino handiagoa da, indartsuagoa. Ukimenaz baliatzen gara beste pertsona bati gure energia transmititzeko. Nerbio sistema lantzeko, eta pertsona baten garunera energia iristeko, kontaktua oso inportantea da. Ukimenaren bidez informazioa bidaltzen diogu gure buruari eta gure burmuinak badaki informazio hori, energia hori, nola landu gure gorputzarentzat onuragarria izateko. Emozioen mundua, mundu magikoa da. Askotan ez gara horretaz jabetzen.

Psikoaromaterapiarekin zer lantzen duzue?

Aukeratu behar ditugu min ematen dizkiguten emozioak eta horien kontra jokatu beharrean alde egin behar dugu. Beldurra sentitzen badut, ausardia landu beharko dut. Psikoaromaterapiaz baliatuko gara emozioak lantzeko.

Zertan datza kiromusikoterapia melodikoa eta perkutiboa?

Ukimena eta entzumena lantzen dugu hemen. Entzumena landu egiten da. Gorputzarekin dantza egitean datza. Entzuten dudana gorputzarekin espresatuko dut. Entzuten dugun musikaren arabera sentimendu batzuk pizten zaizkigu gure barnealdean eta sentimendu horiek gorputzarekin espresa ditzakegu. Mugituz, beste pertsona ukituz eta gure sentipenak transmitituz.

Gure burua ezagutu dezakegu irudikapen sortzailearen bidez? Momentura arte ez genekien zerbait deskubritu dezakegu?

Normalean irudikatze pasiboa besterik ez dugu lantzen, hots, zer nolako ametsak egin ditugun aztertzen ditugun soilik. Baina ametsak ere sor ditzakegu eta horretarako irudikapen aktiboa landu behar da. Irudikapen sortzailearen bidez gure inkontzienteak ematen duen informazioa ezagutu dezakegu, eta ondorioz gure burua ezagutu. Honen bidez gure buruaz gehiago ezagutu dezakegu eta pairatzen ditugun sentimenduak eta erreakzioak zeintzuk diren jabetu. Momentura arte ez genekien zerbaitetaz jabetu gaitezke eta horri nola aurre egin ikasi dezakegu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude