GABILONDO: EKAITZA GURE GOGAMENEAN

2017ko urtarrila

Joseba Gabilondo, Globalizazioak eta Erdi Aro berria, Donostia: Erein, 2016, 239 or.

liburuaren-azalaBerriz ere natorkizue Joseba Gabilondoren liburu bat iruzkintzera eta beldur naiz gauza berri gutxi ditudala esateko, baina hala eta guztiz ere lerro batzuk idaztea merezi duelakoan nago eta lanari ekingo diot, ahal bezain labur. Horra.

Gabilondo Estatu Batuetan bizi da eta hango unibertsitate batean ari da lanean. Hori da daturik garrantzitsuena bere liburuak ulertzeko, alegia, Gabilondo akademiko estatubatuarra da funtsean, eta bere ideien jatorria zein haiek azaltzeko estiloa ulertzeko Amerikara begira jarri behar dugu beti. Amerika, hori da Gabilondori ulertzeko hitz gakoa.

Arazoa da, niretzat behintzat, ia ez dakigula ezer Amerikaz, Hollywoodeko pelikulak eta telebista-serieak alde batera utzita. Edo, beste modu batera esanda, ikaragarrizko informazio pila dugu Estatu Batuei buruz, baina guztiz gehiena, edo potenteena behintzat, Hollywoodeko iragazkitik pasatuta, eta horrek efektu bitxi bat eragiten du gugan: alde batetik uste dugu ia guztia dakigula, bertakoak bagina bezala, baina bestetik, zer da egiazki dakiguna Ipar Amerikako gizarteaz? Pelikula eta telefilmetako topiko sorta bat, besterik ez. Jakite eta ezjakite horiek biak aldi berean izateak ondo laburbiltzen du gure egoera paradoxikoa eta, ondorioz, gure zailtasunak Gabilondori ulertzeko. Zeren, beti bezala, zaila da Gabilondori ondo ulertzea, hain da bihurria gizona! Baina, beharbada, arazo pertsonala da gertatzen zaidana, gure gizartearekin zerikusirik ez duena. Beharbada.

Edonola ere, aski da ez-ulertzearen gaineko kontu horretaz! [https://www.unibertsitatea.net/blogak/txoroen-untzia/2015/08/30/joseba-gabilondok-belaunaldi-bati-buruzko-liburua-idatzi-du/] Bai, Joseba Gabilondok oso mundu desberdin batera eramaten gaitu bere liburuetan, askori arrotza egiten zaigun mundua, baina aski arrazoi ote da hori alderrai ibiltzeko bidezidor horietan barna? Ez. Iruzkin honetan aldeztuko dut funtsean ondo ulertzen diodala eta ez dela zaila horretara iristea, beti ere oinarrizko ezjakintasun batez ondo jabetzen bagara eta soka horretan dantza egiteko prest baldin bagaude. Alegia, ondo ulertzen diot, bai, baina beti ere Amerika ondo ulertzen dudan neurrian. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Hori.

Ekin diezaiodan, beraz, Gabilondok eragindako ekaitza deskodetzeari, ekaitza, benetako ekaitza baita hark eragiten duena gure gogamenean bere liburua irakurri ahala.

Ekaitza (Irutxuloko Hitza)
Ekaitza (Irutxuloko Hitza)

Joseba Gabilondo ez da modernoa, hori da guztia. Postmodernoa da, hortaz? Ez dakit nola deitu behar zaion, baina dakidana da bera ez dela modernoa hain juxtu ere modernitatearen oinarri-oinarrizko postulatuari ihes egiten diolako, hau da, Michigango irakasleak bere gogotik hastantu egiten duelako aurrerabidearen ideia. Progresoa, progresismoa, horra berak aiher duen guztiaren laburbilduma. Premoderno bat hortaz? Erreakzionario bat apika? Ez, ez halakorik inondik inora, Gabilondo konformismo eta kontserbadoretasun ororen antipodetan aurkitzen baita, argi, garbi eta nabarmen. Kontua da postmodernitate hitza hain dagoela gure artean higatua, ezen ez naiz ausartzen berari esleitzen, eta delibero horrek umezurtz uzten nauela: ez dakit zein etiketa jarri haren pentsamenduari, baina badakit, ordea, zein ez zaion jarri behar (progresista). Hori da guztia.

Gogora dezagun, laburki, zertan datzan progresoa edo aurrerabidearen ideia: Historia aurrera doa gero eta etorkizun hobeago bati buruz; batzuetan ematen du gelditu egiten dela, are ematen du atzeraka ere ari dela, baina krisialdi laburrak dira, oinarrizko oldar soziala beti baita aurreraka segitzea; esaten dugunean Historia aurrera doala esan nahi duguna da gure gizartea, gure mundua, bere osotasunean, ekonomia, ongizatea eta kultura orokorra barne, aurrera doala aldi berean edo bertsuan. Gizartearen Historia aurrerabidearen historia da, askatasun eta betetasun gero eta beteago batera, muga argirik gabe. Progresoa. Bada, hain juxtu ere horretan datza Michigango irakaslearen oinarrizko desadostasuna: mundua ez doa aurrera, ez, aitzitik, Erdi Aro berri batera doa zuzen-zuzenean eta erremediorik gabe. Globalizazioa deitu dugun fenomeno zabal hori, funtsean, hori besterik ez da, progresoaren porrot osoaren agerkundea, globalizazioak Erdi Arora baikaramatza. Globalizazioa esaten dugun lekuan, hobe gainbehera esango bagenu edo, apika, dekadentzia eta endekapena. Baina argiago eta gordinago ere esan daiteke, eta ez gara hortaz lotsatuko, hauxe baita afera: gure umeak gu baino okerrago biziko dira, erremediorik gabe, eta haien umeen umeak, okerrago oraindik. Maldan behera goaz Erdi Arora. Hori da ideia zentrala.

Erdi Aroa (Ugaoko Marrazki Lehiaketa, Geuria)
Erdi Aroa (Ugaoko Marrazki Lehiaketa, Geuria)

 

Kontu ezaguna da ideia hori ez dela batere berria, ezta originala ere. Egia esanda, gaia oso azaletik baino ezagutzen ez badut ere, topikoa da esatea Antzinate osoa, Erdi Aroa eta Ernazimentu bera ere (Barrokoa barne) gainbeheraren ideiaren mendean bizi izan direla funtsean. Adibide gutxi batzuk jarrita, oker ez banago Platon bera ere guztiz komentzituta omen zegoen endekapen-aro batean tokatu zitzaiola bizitzea. Kristautasunak zer esango dizut, hil ondoko munduan jartzen du esperantza: Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue (Lk, 6, 21); Ernazimentuak berak Antzinateko loriara itzultzea baino ez zuen aldezten, ez aurrerabidea. Progresoaren ideia oso berria da (XVIII. mendea) eta fase historiko zehatz bati lotuta dago (Mendebaldean behintzat!), Modernitatea deitu ohi duguna. Fase historiko hori agortu dela? Ez da batere arrotza horrelakoak entzutea XX. mendean zehar, Nietzschegandik aurrera behintzat. Eta ez dut uste Gabilondok ez dakienik halakorik (neuk baino dexente hobeto, zabalago eta sakonago). Hortaz, zergatik ez du hausnarketa estandarrago bat plazaratzen, nola esango dizut-ba, Filosofiaren Historia akademikoarekin errazkiago moldatuko dena? Zergatik aurkeztu behar du kontua Erdi Arora itzultze baten gisan, oso abstraktua eta badaezpadakoa den metafora bat erabiliz? Zergatik horrelako bihurrekeria bat? Ez ote litzateke hobe gauza lauak eta zelaiak esatea? Ai aixkiria! Hortxe dago koxka! Hortxe aurkitzen dugu Amerika, On Kixotek eta Santxok Eliza aurkitzen zuten modu berean! Hortxe mundu akademiko amerikarra, non badirudien ez duela merezi ezer esaterik ikuskizuna paratzeko ez bada! Hitz batez, Hollywood akademikoa. Hori ote da sekretu guztia?

Bon, beharbada ez, beharbada hori ez da guztia. Beharbada hori kipularen lehen geruza baino ez da. Geruza biziki ederra, bide batez esanda, zeren nire uste apalean behintzat, gure zibilizazio mendebaldarraren lorpen garaien artean Hollywood garaienetako bat da (ez dago ikuskizun hollywoodar bat baino ikuskizun hobeagorik, begiratzen diozun lekutik begiratzen diozula). Beste hitz batzuekin esanda, mozdade hutsa da Hollywood gutxiestea. Besterik da mundu akademikoaren hollywoodizazioa ez ikusi nahi izatea. Joera biziki indartsu bat da eta, laster, gu guztiok irentsiko gaitu, apika. Baina oraindik ere Euskal Herriko txoko txiki honetan europarrak gara eta apur bat gaindituak sentitzen gara mota horretako baliabide akademiko-estilistikoen aurrean, neu bai behintzat. Tamalez, ziur aski ez da denbora askorik beharko akademiko madrildar bipilen artean horrelako joerak ikusten hasteko eta hortik aurrera, akabo, gure probintziotako unibertsitari ernai guztiak ere berehala horretara jarriko dira. Hipotesi bat baino ez da, baina gurean horrela funtziontzatzen dute gauzak, badakizue zein den gure herriaren kultur giroa. Hala eta guztiz ere, Gabilondo, beti geldituko zaigu Paris, alegia, beti geldituko zaigu esatea zeu benetako aitzindaria izan zinela, zinezko amerikano bihurtua madrildarrak baino lehenago eta Madrildik pasatu gabe! Bai, honek ez du erremediorik, ni ere molde hollywoodarrean jausi naiz-eta.

West Hollywood (Airbnb)
West Hollywood (Airbnb)

 

Baina segi dezagun kipula zuritzen, liburu honek horretarako eta beste askotarako soberan ematen du-eta. Formari buruzko oinarrizko ohar hori kenduta, esango nuke Gabilondoren pentsamendua, liburu honetan, bi gurpilen gainean dabilela: batetik gorputza, erran nahi baita, norberaren gorputz fisikoa, eta bestetik mundua, erran nahi baita, mundu zabala, ez Amerika, ez Europa eta, jakina, ezta gure Euskal Herri txiki eta maitagarri hau ere. Gizaki indibiduala eta gizartea. Baina gizaki hori gutako banako bakoitza da (milaka miloi banako) eta gizartea, mundu zabala. Hortik aurrera Gabilondoren arazoa auzi soziologiko klasikoa da: nola lotzen duzu banakoa eta gizartea? Michigango irakaslearen kasuan ez dut ikusten lotura argirik: etengabe nahasten ditu bi mailak, batetik bestera salto eginez azkar eta etengabe. Bai, egia da formalki eskema aski estrikto eta logiko bat proposatzen digula sarreran (9-33 or.) baina, nire irudiko, liburuak aurrera egin ahala eskemak indarra galtzen du eta bi mailen arteko nahasketa, kiribila nahiago bada, etengabea da eta gero eta estuagoa. Ondorioz, argumentazioaren hasierako eskema linealaren ordez, dekorazio barrokoarekin zerikusi handiagoa duen hausnarketa exuberante xamar bat dugu funtsean. Ez dut uste hori berez ona edo txarra denik, bai, ordea, apur bat nahasgarria, itxura batera zerbait arrazionalago egitea baita egilearen asmoa baina, gero, etengabe amore ematen dio bere argudiobideari eta behin eta berriro kontsiderazio berri eta epatantetan galtzen da, kontu gutxi eginik hari nagusiari. Hori da nire inpresioa behintzat.

Nire gusturako, banakoen gorputzari buruzko atalak eta pasarteak dira liburuko interesgarrienak. Nabari-nabaria da egileak ezagutza zabala duela, interes bizia eta, ziur aski, horretaz beste ezertaz baino gehiago hausnartu duela. Freud eta Foucault dira iturri nagusiak, dudarik gabe (Lacan oraingoan oso gutxi agertzen da, biziki eskertu beharreko gauza) baina esango nuke ideia nagusi guztiak originalak direla, edo hori iruditzen zait niri behintzat. Homosexualitateari buruzko atalak ederrak dira zinez eta pertsonen gizentasunari buruzkoak (bai, ondo irakurri duzue, pertsonen gizentasuna) zoragarriak, zinez zoragarriak. Bon, agian apur bat neurriz gainekoak une batzuetan, gorago aipatu dudan estilo exuberante horren gehiegikeriak gehiegi tiratuta, baina edozeinek poz-pozik irakurtzeko modukoak.

Aldiz, Erdi Aroari buruzko kontuekin hasten denean, liburuaren interesa apaltzen da, nire begietan behintzat. Aurreko gaiean ez bezala, honetan ez dut atzeman mentore argirik eta, ondorioz, ez dakit zein puntutaraino aldezten dituen ideiak bere zakukoak ote diren, hala inori hartuak eta moldatuak. Itxura guztien arabera honetan ere Gabilondok sakon hausnartu eta mamitu ditu kontuak, oso bere kolkoan, baina nire gusturako ideia gehiegi, erreferentzia gehiegi eta kiribil gehiegi egiten du orrietan barna. Aipatzen dituen autoreak ere ugariak dira eta nik ez dut apenas inor ezagutzen. Ondorioz nire juzkuak oso badaezapadakoak dira, baina esango nuke ideia distiratsu asko plazaratu arren, apika ideia gehiegi direla, gehiegizko joera dagoela analogia errez eta arbitrarioetara jotzeko eta, ondorioz, sinesgarritasuna galtzen duela. Su artifizialak? Batzuetan inpresio hori ematen du: suziriaren txistua, eztanda, argitasuna, ohhhh! labur bat eta, ia arnasa hartzeko betarik gabe, beste suziri bat atzetik. Suziri gehiegi.

Joseba Gabilondo liburuaren aurkezpenean (Joseba Ruiz ARP)
Joseba Gabilondo liburuaren aurkezpenean (Joseba Ruiz ARP)

 

Dena den, liburu osoa hitz batean laburbildu beharko banuke, hauxe da erabiliko nukeena: boterea. Liburu hau boterearen gaineko hausnarketa bat eta funtsean eta, neurri handi baten, boterearen kontra matxinatzeko deiadar larri bat, tonua oro har oso jaizalea bada ere. Eta honekin iruzkinaren hasierara itzuliko naiz, berehala bukatzeko. Joseba Gabilondo ez da modernoa, baina ez da erreakzionario bat ere, aitzitik, matxino bat da funtsean, boterearen kontrako matxino bat. Argi eta garbi. Botere indibiduala, guri bakoitzari gure gorputzaren gainean ezartzen zaiguna eta, baita ere, botere soziala, goitik behera herri edo gizarte gisa menperatzen gaituena. Horra berak porrokatu nahiko lituzkeen jainko izunak, mamu gaizto eta galgarriak, Gabilondo aldi berean borrokatzen baita boterea ulertzeko eta hura porrokatzeko, aldi berean diot, eta zentzu horretan Foucault da, beharbada, berarengan eragin erabakigarria duen autorea. Hari zor dio, apika, hainbat ideia on, baina baita hainbat ameskeria ere eta, forma aldetik, kriptikotasunerako joera deitoragarri bat. Laburbilduz, nire aholku partikularra hauxe litzateke: segitu egiozu Foucaulti ideiatan, nahi baduzu, baina ez haren idazkera bihurrian; hortxe aldamenean duzu Freud, prosa argiaren eredu nabarmena. Idazkerari dagokionez behintzat, Foucault gutxiago eta Freud gehiago. Eta zure liburuek asko irabaziko dute.

OHARRA: Iruzkina berrirakurtzen dut eta konturatzen naiz ez dudala ezer esan Gabilondoren ideia zentralari buruz, alegia, Erdi Arora itzuliko ote garen erremediorik gabe. Ez da guztiz egia, bi gauza behintzat esan baititut: batetik, analogia/metafora horrek argitu baino bihurritu egiten du autorearen mezua, eta bestetik, zinezko gai zentrala liburuan Gabilondo matxinoa dela, bere jarrera eta bere prosaren distira, eta ez horrenbeste bere aurreikuspenen logikotasuna edota egiazkotasuna. Erdi Arora ote goaz? Batek daki. Nik neuk oso pozik irakurri dut liburua, tarteka-tarteka bihurgune batzuetan apur bat nekatuta sentitu banaiz ere, baina balantzea bikaina da oro har. Eta bereziki garrantzitsua iruditzen zait autorearen hitz hauek, liburuaren hasieran idatziak, oso kontuan hartzea:

“…eta irakurleak ez abandonatzea saio honen helburua denez, esan dezagun halaber, globalizazioaz mintzatu behar garela, ez dakigunaz zer dakigun adierazi behar dugula, gure betebehar saihestezina delako […] Beraz, saio honen promesa desesperatua, globalizazioaren ezintasunaren jakintza bat—mapa bat—emango duela iragartzea da: zer ez dakigun…” (13. or.)

Hitz ederrak, dudarik gabe, egilearen zintzotasun intelektualaz goraki mintzo direnak. Nik ere ez dakit ezer globalizazioaz, Gabilondo, zeuk baino askoz ere gutxiago dudarik gabe, baina liburu hau irakurrita zerbait ikasi dudalakoan nago eta, bide batez, ondo pasatu dut denbora gehienean. Eta zure teoriak hemen aztertu eta auzitan jartzeak beste iruzkin luze bat eskatuko luke. Beste noizbait, agian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude