JOSEBA GABILONDOK BELAUNALDI BATI BURUZKO LIBURUA IDATZI DU

Pruden Gartzia, 2015eko abuztua

Gabilondo, Joseba, NewYork – Martutene: euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (edo nola desiratuko dugu orain?), Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013, 203 or.

New_York_Martutene-187x300

Herenegun bukatu nuen liburua. Egia da duela bi urte argitaratu zela eta pasa den urtean Euskadi Saria eman ziotela saiakeran, baina nagi ibili naiz liburuari ekiteko. Batetik, aitor dut egilea pertsonalki ezagutzeko aukera izan banuen ere duela urte asko, oso urrun sentitzen naizela bere unibertso intelektualetik eta, bestetik, Ramon Saizarbitoriaren alde antolatu zen gurutzada moduko horretan oso arrotz sentitzen nintzela eta naizela. Bi arrazoi, beraz, liburua bazterren batean lo uzteko edo, irakurrita ere, hartaz ezer ez idazteko. Gainera, Martutene irakurri ere ez dut egin… Ez ote zen hobe, beraz, nire hausnarketak nire kolkorako gordetzea?

Arrazoi bat egon da nire gogoeta hits horiek moztu dituena: ororen buru liburu honek merezi du. Oso liburu ona da, begiratzen duzun ertzetik begiratzen duzula. Ausarta, zorrotza, zehatza, aberatsa (are, eruditoa), berrizalea… eta euskal komunitate intelektualaren barruko eztabaidaren langa oso goian uzten duena. Hain garai ezen, beldur naiz, eragin nahi izan zuen polemika ez zen inoiz gertatu (neuk ez dut horren oihartzunik gogoratzen). Gabilondo optimistegia ote den gure komunitatearen maila intelektualaz, horixe ere otu izan zait inoiz edo beste, liburua irakurri ahala. Edo beharbada kolpe huts jo du hasieratik eta mahaigaineratzen zuen arazoa ez zen guretzat erakargarria. Batek daki, famaren bideak ezezagunak zaizkit guztiz.

Baina ekin diezaiogun gaiari. Liburuaren abiapuntu esplizitua eta bukaera inplizitua argia da: Bernardo Atxagaren eta Ramon Saizarbitoriaren arteko lehia bat ebaztea. Galdera moduan formulatua, nor da idazle hobea, Atxaga ala Saizarbitoria? Modu leunagoan ere mahaigaineratu daiteke, honela: nork du idazle nazionala izateko merezimendu gehien?

Bon, egia da, baita ere, Jon Juaristi aipatzen dela lehen kapitulua hasi bezain laster eta hor nolabait iragartzen dela azterketa zabalago bat, abertzaletasunaren kanpokoak ere besarkatuko zituena: “Jon Juaristi eta enparauak liluratzen dituen euskal abertzaletasunaren gune irrazional eta errefraktarioak zeri erantzuten dion aztertzeko, neonazionalista espainiar bihurtutako euskaldun intelektual horien helburua ez baita izan irrazionaltasun hori ulertzea, baizik eta kondenatzea, erreprimitzea, oraindik ere irrazionalagoa den beste subjektu baten izenean: estatu espainiarra eta haren milurteko amaierako nazionalismo berria, neonazionalismoa”(14. or.). Baina esango nuke gero ildo horretan ez dela batere sakontzen. Harrikadak, guztiak edo gehienak, abertzaletasunaren teilatura doaz.

Abertzaletasunaren kontrako liburu bat, beraz? Ez, inondik inora. Atxaga eta Saizarbitoria biak abertzaleak dira, Joseba Sarrionandia bezain abertzale (adibidez), eta , gainera, Gabilondoren asmoa ez da izan bakoitzaren posizio politiko pertsonalak aztertzea. Erran nahi baita, nire ustez liburu honen eztabaida unibertso abertzalearen barruan geratzen da osoki, hortik kanpoko elementuak barneratzeko ahalegin berezirik gabe, han hemenka egin daitekeen aipu solteren bat kenduta. Ildo berean: nire uste apalean Joseba Gabilondoren “postnazionalismoa” abertzaletasunaren fase berri hipotekiko baten modura ulertu behar da, ez abertzaletasunaren superazio gisa, Gabilondo ere abertzalea baita, Joseba Sarrionandia bezain (adibidez), liburu honetan irakurri dudanagatik behintzat. Baina abertzaleak kritikatu nahi ditu, ez haiek gainditu, gure inguruko progre askoren erara.

Eta kritika horren abiapuntua ETAren jardun armatuaren bukaera da. Neuk hitz hauekin aurkeztuko nuke bere asmoa: behin desagertu ondoren hemengo eztabaida intelektual guztiak blokeatzen eta kutsatzen zituen oztopo tradizionala (ETAren jardun armatua), ordu egokia da gure egoeraz hausnarketa sakon bat plazaratzeko, eta eskenatoki berri horri postnazionalismo deituko diogu. Ondoren datorren guztia gako horien arabera ulertu behar da. Horra.

Pauso bat gehiago emanez, esango nuke Gabilondoren asmoa ezin dela ondo ulertu Euskal Herriaz kanpoko testuinguru orokorra kontuan hartu gabe, finean ez baitu euskal arazo bat aztertzen, arazo global baten aldaki euskalduna baizik. Hori da, hain zuzen ere, iruzkin honen tesi nagusia.

Arazo global hori 1968ko iraultzaren herentzia da eta aldaki euskalduna, funtsean, ETAren barruan 1970etako hamarkadaren bukaera aldera gertatzen den zatiketa borroka armatuaren komenigarritasunaren harira. Sinplifikatuz, ETAren presentzia eta indarra, eta haren barruko zatiketa nagusiaren ondorioak dira euskaldunen espezifikotasuna testuinguru mundial (edo, apika, europar-mendebaldar) baten barruan.

1968ko maiatza, Parisen.
1968ko maiatza, Parisen.

Iraultza bat, denok dakigunez, oso fenomeno zabala da (globala, nahiago bada) eta, beraz, badu alderdi politikoa, badu alderdi soziala, badu alderdi militarra, eta badu alderdi intelektuala ere. Konbentzionalki 68ko iraultza deitzen den hori munduko eskualde askotan garatu zen prozesu bat da (Frantzia, ororen buru, baina baita ere Italia, Alemania, Txekia, Irlanda, Espainia, Estatu Batuak, Txile, Argentina…) eta, behar bada, Euskal Herrian inon baino eragin luzeagoa izan zuen, arazo nazionalarekin izan zuen estekatze bereziari esker. Euskal Herrian 68ko iraultza ia-ia atzora arte luzatu da, hortik dator ondoko faseari Gabilondok postnazionalismo deitzea, baina munduko beste leku batzuetan (Frantzian edo Estatu Batuetan, adibidez), fenomenoa ez da hain luzea izan eta haren ondoko egoera historikoak ez du izen berezirik hartu; izatekotan, Berlingo harresiaren erorketak (1989) sortu zuen egoerarekin nahastu da. Beste hitz batzuekin esanda, neure ustez hemen Berlingo harresiaren erorketa 2011n gertatu da.

Beraz, Gabilondoren baieztapenak, iruzkinak eta analisiak ondo ulertzeko beharrezkoa da termino globaletan pentsatzea, aztertzen ari dena ez baita Saizarbitoria, belaunaldi oso bat baizik, eta belaunaldi hori 68ko belaunaldia da, zehatzago esanda, mundu mailako belaunaldi horren aldaki euskalduna. Garbiago oraindik: Gabilondoren liburuaren zinezko helburua 68ko iraultza aztertzea da eta, nonbait, ETAren jardun armatuaren iraupenak ezinezko egin du lan hori gauzatzea 2011 baino lehen. Horra nire interpretazioa.

Ez da erraza 68ko iraultzaz ikuspegi sintetiko bat ematea bi hitzetan. Esango dudana, beraz, liburu honen iruzkina gauzatzeko ezinbestekoa dena besterik ez da izango, ez fenomenoraren aurkezpen orokor bat. Eta gure oraingo interesetarako funtsezkoa hauxe besterik ez da: 60etako hamarkadan zehar belaunaldi oso bat matxinatu zen beren gurasoen munduaren kontra; belaundi hori, jakina, ez zuten osatzen hain dataren eta hain dataren artean jaiotako guztiek, baizik eta, funtsean, lurralde aberats eta garatuetako gazteria unibertsitariaren zati batek; gazteria matxinatu hori, funtsean, sozialki ez zen proletarioa, baizik eta burgeseria klasikoaren eta klase ertain berrien ondorengoa, nahiz eta prozesuak aurrera egin ahala jatorri proletarioko kide ugarik bat egin matxinadarekin; prozesuaren erpina 68ko udaberrian gertatzen da, Pragan eta Parisen, baina aldez edo moldez munduko eskualde askotan gertatzen dira antzeko mugimentuak; gazteria matxino horren programa politikoa oso zehazgabea da, baina oro har berdin errefusatzen zuen ordena kapitalista mendebaldarra zein ordena komunista sobietikoa, benetako iraultza bat aldeztuz; 1968ko erpinaren ondotik mugimendua beheranzka hasten da eta poliki-poliki gizartean urtzen da, desagertu arte; mugimentuaren ondorio politikoak oso mugatuak izan baziren ere, gizarte mailan izugarriak izan dira, batez ere kultura eta gizarte usadioei dagokionez: literatura, musika, janzkera, sexuaren inguruko jarrerak, emakumearen askapena, homosexualitatearen ikuspegi berria, familia… eta abar benetan luzea. Hori guztia da Gabilondoren liburuaren eskenatokia.

1968ko maiatza, Parisen
1968ko maiatza, Parisen

Euskal Herrian, jakina, prozesu mundial hori nahastu egiten da Francoren diktaduraren kontrako borrokarekin eta abertzaletasunarekin, eta eragin oso handia du ETAren sorreran eta garapenean. Erran nahi baita, ETAko militanteak, neurri handi batean, munduko beste txoko askotan 68ko gazteria matxinatuaren kideak dira, eta alderantziz, Euskal Herrian gazteria matxinatu hori, proportzio handi batean, ETAn integratzen da. Horiek dira, adibidez, Saizarbitoriaren liburuaren protagonista guztiak, 68ko gazte matxinoak, ETArekin bat egindakoak (proportzio eta zirkunstantzia desberdinetan) eta, aldi berean, euskal gizartearen egitura eta ohitura zapaltzaileak goitik behera irauli nahi dituztenak. Ramon Saizarbitoria bera belaunaldi horretako kide nabarmen bat da, ezta? Bada, Bernardo Atxaga bezala, gutxi gorabehera.

Baina Atxagak eta Saizarbitoriak, biak idazle handiak badira ere, oso literatura desberdina sortu dute, hortik abiatzen da Gabilondo bere liburuan. Eta, inplizituki, bakoitzak 68ko iraultzaren garapen desberdin bat errepresentatzen duela esaten digu. Urte askoan Atxagaren nagusitasunaren alde egin ondoren, Gabilondo, orain, Saizarbitoriarekin lerratzen da, eta bien arteko aldeak azpimarratzen ditu. Baina, galdetzen dut nik, Atxaga eta Saizarbitoria, hain desberdinak dira funtsean?

Galdera horri erantzun aurretik gogoratu behar da Euskal Herrian izan dugun berezitasun nagusia borroka armatuaren iraupen luzea izan dela, oso leku gutxitan gertatu dena. Eta honekin batera arestian esan dugun puntu batean sakondu beharrean gaude: 68ko gazte matxinoak aldi berean egin nahi dute iraultza politikoa eta pertsonala, hau da, autoritarismo ororen kontra paraturik, berdin nahi izango dute estatua eta polizia porrokatu edo familia tradizional patriarkala desegin. Iraultza politikorako Marx erabiliko dute, iraultza pertsonalerako, Freud; kasu batean zein bestean, beren epigono ugarien bidez aberastuak eta adarkatuak. Beste hitz batzuekin esanda, 68ko gazteria matxinatua borroka politiko-sozialaren eta iraultza pertsonalaren arteko tentsioan biziko da; biak burutu nahi izango ditu, baina adar biotatik bati lehentasuna ematea aukeratu egin behar bada, zein aukeratuko da?

Egia esanda, bata ala bestea aukeratzea baino, 1980etik aurrera Euskal Herrian (eta inguruko herrietan urte batzuk lehenago) zinezko galdera izango da iraultza politikoaren jatorrizko asmoari leial segitzea (bai ala ez), eta nola: borroka armatua ala masa-ekintzaren bidezko iraultza? Edo, besterik gabe, partidu sozialdemokrata zentzuzko bat sostengatu, bide erreformistari ekiteko? Edo iraultzaren asmoak estetika mailako kontuetarako utzi (musika, janzkera…) eta beste gauza guztietan bostaxolisten taldea gizendu? Edo iraultzarekin guztiz dezepzionatu eta eskuinaldeko lerroetara pasa? Denetarik egon da edonon, ezta?

Muga gaitezen orain gure inguru hurbilera, Espainia, Frantzia, Katalunia, Portugal, Irlanda, Italia, Alemania… gutxi, benetan gutxi dira insurrekzio armatuaren alde modu iraunkor batez egin zutenak. Egia da lurralde horietan guztietan sortzen direla erakunde armatu iraultzaileak, baina Ipar Irlandaren kasua albo batera utzita, guztiz minoritarioak dira, bai kide-kopuruaren aldetik, bai sostengu sozialaren aldetik. Insurrekzio armatuaren aldeko erakunde indartsuak aurkitzeko Hego eta Ertain Amerikara joan behar da, Argentina, Txile, Kolonbia, Nikaragua, Salvador… Gauza biak dira egia, alegia, erakunde armatu iraultzaileak leku guztietan sortzen direla, guztietan, baita Estatu Batuetan edo Kanadan ere, baina Europa mendebaldean bi tokitan baino ez dutela indarrik hartzen, Ipar Irlanda eta Hego Euskal Herria. Hori da gure berezitasuna, gure espezifikotasuna prozesu orokorraren barruan.

Bai Atxaga, bai Saizarbitoria, une aski goiztar batetik aurrera bide insurrekzionalaren kontra paratu zirenetakoak dira, beren belaunaldiko Europako gazte matxino guztiz gehienek egin zuten bezala. Eta, aldi berean, aldez edo moldez iraultzarekin nolabaiteko konpromiso bati eutsi zioten multzo aski mugatuko kideetakoak dira, alegia, progresisten lerroan geratu zirenak, asko izan baitziren gazteria matxinoaren lerroetatik pasotismo hedonistara edota, baita ere, eskuin aldera salto egin zutenak Frantzian, Espainian, Italian, Alemanian… eta Euskal Herrian bertan ere (adibidez, gorago aipatu dugun Jon Juaristi). Beraz, bigarren puntu horretan ere esan behar dugu, Europa mailan, Atxaga eta Saizarbitoria multzo berean kokatu beharrekoak direla, eta multzo zabala da, nahi bada, baina ez da hain ugaria ere. Beste hitz batzuekin esanda, bata zein bestea idazle progresista eta ezkertiarren multzoan sartu beharko genituzke, dudarik gabe, Europan korrelato ugari duen taldea, baina ez talde bakarra, inola ere. Zein da beraz bien arteko aldea? Kalitatea? Saizarbitoriak Atxagak baino hobeto idazten duela?

Puntu honetara heldurik bihurgune berri batean sartu behar dugu iruzkin honetan. Izan ere, orain arte Gabilondoren liburua kokatzeaz arduratu naiz nagusiki, orain hari buruzko iritziak ematera pasatuko gara.

Kalitatearena alde batera utzita (22-23. or.), esango nuke Gabilondoren aukera honetan datzala: Atxagak Euskal Herria exotizatu egiten du, subalternizatu; aldiz, Saizarbitoriak erabateko independentziari eusten dio. Eta bitxia da, baina argi dago biak multzo berekoak izan arren, konpromiso politikoaren araberako nolabaiteko eskala batean jarri beharko bagenitu, askoz ere idazle konprometituago dela Atxaga Saizarbitaria baino; bitxiago oraindik, Gabilondok behin eta berriro azpimarratzen duen bezala, Martuteneren mundua burgesa da, oso gauza bitxia euskal literaturan arrazoi askorengatik. Beraz, Saizarbitoria idazle burges bat da? Hori da gure independentziaren bidea? Bitxia, ezta?

Baina heldu diezaigun behingoz liburuaren azken muinari, erran nahi baita, sexuari. Esan dut hasieratik urruna egiten zaidala Gabilondoren unibertso intelektuala, baina sexuaren agerpen masibo horrek bere analisietan, erabat gainditzen nau. Zertaz ari da zehazki? Har dezagun aipu bat, bat askoren artean:

“Euskal subjektu hegemonikoak (burges, abertzale, heterosexualak) fantasia globala bizi ahal izango du eleberrian, eta, azkenean, erarik pasiboenean, euskal ordena abertzalearen desirari amore emango dio, fantasia globala gozatu eta halare errudun sentitzen delako. Hala, amaieran, emazte-ama kastratzaile hotz eta desiragabeak, burujabetza bermatzen dionez, fantasia globala desegingo dio, kastrazioaren fantasia primalaren bidez.” (130. or.)

Barkaidazue, baina niri oso hizkera arrotza suertatzen zait, unibertso intelektual biziki urruna. Eta bai, badakit, Bourdieu, Lacan… tamalez irakurri ez ditudan autoreak dira. Mea culpa. Eta, ondorioz, ez naiz sartuko gure autorearekin sexuaz edota psikoanalisiaz polemizatzera (Jainkoak aparta!). Objekzio nagusi bat badut jalgitzeko, haatik: psikoanalisia, dakidan apurtxoagatik, pertsona zehatz eta indibidualei aplikatu beharreko teknika terapeutiko bat da, beraz, nola ulertu behar dut tresneria kontzeptual horren bitartez Euskal Herriaren historia eta gizartea esplikatu nahi izatea? Indibiduotik gizartera, gaixotasun pertsonaletik herri baten historiara. Ontzat eman behar ote dugu atxilipurdi hori? Bai, badakit, berriz esango dut ez dudala Lacan irakurri eta, gainera, esana dut gorago ere 68ko gazteriaren iparretako bat Marx eta Freud ezkontzea izan zela; bada, Gabilondo bera ere liburu osoan Marx Freudekin ezkondu nahian dabilela dirudi. Lortzen du? Ez, ez naiz ausartzen maila horretako kritika batean sartzera, bakarrik erantsi nahi nuke liburua irakurri ahala inpresioa izan dudala Gabilondok ez Saizarbitoria, baizik eta euskal gizarte osoa psikoanalizatu nahi izan duela. Exajerazioa? Enfin, azaldu dut nire oinarrizko mesfidantza, eta utzi dezagun horrela.

Hala ere, oso liburu ona da eskuartean daukaguna. Eta ona da, nire uste apalean, oso ideia interesgarri eta potenteak transmititzea lortzen duelako, tresneria kontzeptual hori guztia erabili arren. Alegia, ez Lacani esker, baizik Lacan arren. Eta ildo honetan beste kontu pare bat gaineratu nahi nituzke, bukatu aurretik.

Jacques Lacan, 1901-1981
Jacques Lacan, 1901-1981

Ideia originalez gainezka dagoen saiakera baten aurrean gaude, duda barik. Asko dira eta, gainera, askotarikoak. Ia orrialde bakoitzean aurki dezakezu zerbait berri, zerbait merezi duena komentatzea. Batzuetan ematen du egilearen burua lapiko presiozko baten modukoa dela, borborka, lurruna hona eta lurruna hara. Baina guztietatik niri interesgarriena suertatu zaidana, eta ziur aski liburuaren ardatz nagusia, galtzailearen ideia da. Behin eta berriro errepikatzen den kontzeptua da, batzuetan testuinguru batean eta beste batzuetan bestean. Nire begietan: Gabilondoren aburuz Saizarbitoriaren heroia heroi galtzailea da, zehatzago esanda, gizonezko abertzale galtzailea. Horra bere lan hau (Martutene) eta agian beste guztiak irakurtzeko giltza nagusia.

Eta orain gizonezkoarena utzi dezagun alde batera (nahiz eta guztiz zentrala izan Gabilondoren unibertsoan) eta galde dezagun, zer da abertzale galtzaile izatea? Horra bildotsaren ama.

Aitor dut ez dudala erantzunik. Biziki erakargarria egiten zaidan ideia da eta, nolabait, intuizioz ez bada ere, sentitzen dut hortxe dagoela, horretan datzala Saizarbitoriaren literaturaren giltza, neuk irakurri diodan neurrian bederen (Martutene hasi eta ehun bat orrialde irakurri ondoren utzi nuen, asper-asper eginda, nahiz eta beste liburu batzuekin biziki gozatu izan dudan). Baina ez nuke jakingo esplikatzen nola eta zergatik. Eta Gabilondok kontzeptua aurkitzen lagundu dit, baina ez hura nik nahi edo beharko nukeen bezala argitzen. Ez dakit, agian Martutene irakurri beharko nuke ondo ulertu ahal izateko. Apika.

Ibon Sarasola
Ibon Sarasola

Aipatu nahi nukeen beste ideia bat, azkena, Ibon Sarasolari eta Euskaltzaindiari egiten zaion kritika latza da. Arraroa da. Hor ari zaigu Gabilondo huntaz eta hartaz hizketan, sexua gora eta sexua behera, sexua ezkerretik eta sexua eskuinetik, denetaz diharduela, eta bat-batean, interludio moduko bat Sarasola eta Euskaltzaindia larrutzeko (172-177. or.). Baina asko luzatzen ari gara eta, agian, praktikoena da aipu solte bat hona ekartzea eta irakurleari gonbit egitea liburura jotzeko:

“Sarasolaren klasismoa eta korporatibismoa oso da kezkagarria, ez pertsona edo hizkuntzalari batena delako—Euskaltzaindiko finen eta langileenetakoa eta euskal hiztegigintzaren aita eta maisu dudagabea–, baizik eta egungo euskarari oso norabide kezkagarri eta suizida ematen amaitu duelako: garbizaletasuna. […] Hots, euskara garbia eta jatorra izango da Euskaltzaindiak eta horren ondorioz itzultzaile eta zuzentzaileek erabiltzen dutena, baina euskara hori intelektualki erabat pobrea da, eta ez du inoiz eredu kultural aberats eta eta plural bat bideratzeko balioko. Alegia, joera suizida baten ikur da.” (176. or.)

Bai, gure autorea ez da zurikeria eta leunkerietan ibili zalea, eta hori da interesgarri bihurtzen duen gauzetako bat. Hala ere azpimarratu nahi nuke beti kritika zintzoaren barruan ikusten dudala eta ez, inola ere, hika-mika pertsonaletan, batzuetan darabilen hizkera gordinak kontrakoa iradoki badezake ere.

Bukatzera goaz eta kontu bat geratu zaigu zintzilik hor goian, iruzkinaren hasieran. Esana utzi dugu Atxagaren eta Saizarbitoriaren arteko ustezko lehia dela liburaren abiapuntua eta bukaera. Orain gehitu nahi nuke liburuaren hasieran kontua termino dikotomikoetan planteatzen bada ere, hots, bata ala bestea, Hollywoodeko pelikuletan bezala ia-ia, lehen bi kapituluak pasatu ondoren indarra galtzen duela eta argumentazioa beste hainbat kontutan zentratzen dela, lehia hori eskenatokiaren ondora baztertuz. Baina bukaeran, azken kapituluan, berriz ere lehen planora pasatzen da eta, niretzat harrigarriro, Gabilondok amaiera paradoxal bat planteatzen digu, modu guztiz dikotomikoan berriro. Bere hitzetan:

“Hots, Saizarbitoria, idazle burgesa ala euskalduna izateko alternatiban dago (alegia, euskal burgesa ala klase-anitza eta beraz euskalduna). Neure gomendioa euskal idazle izatea litzateke, komedia humano euskaldunerantz joaz, bidean sekula baino gehiago disfrutatuz, Martutenek absentziaz iradokitzen dituen beste eleberri horiek (Juliarena, melodrama herrikoiarena) orritaratuz.” (190.or.)

Aipua ez da transparentea eta beldur naiz ez ote dudan txarto ulertu, baina horra nire irakurketa: planteamendua dikotomikoa da guztiz (“euskal burgesa ala klase-anitza eta beraz euskalduna”) baina erantzuna bien arteko zerbait da (“euskal idazle izatea […] komedia humano euskaldunerantz joaz”). Planteamendua ez zen, bada, bata ala bestea?

Bigarren oharra: gorago Atxagaren eta Saizarbitoriaren artean diferentzia txikia dagoela aldeztu dugu, sozialki eta politikoki (besterik litzateke termino literariotan hitz egitea), baina orain ñabartu beharko genuke diferentziarik egotekotan honetan datzala: Donostia burgesaren eta Obaba/Asteasu rural-langilearen arteko aldea. Eta klase sozialei eta euskal literaturen exotizazioari horrenbesteko lekua eta garrantzia dedikatu ondoren, orain gure autoreak, nolabait, erdiko bide zentzuzkoa gomendatzen dio Saizarbitoriari. Hara! Ez ote zen logikoagoa izango gomendatzea euskal idazle burges petoa bihurtzea? Ba ote dago ezer desohoregarririk donostiar burges euskaldun eta abertzale izatean? Ez zen hori, bada, bidea?

Okerra, nire begietan, edo paradoxa, nahiago bada, honetan datza: planteamendu dikotomikoa egin nahi izatean, hau da, bata ala bestea izan behar duzu, ez dago erdiko biderik… nabarmena denean dozena erdi erdiko bide dagoela, gutxienez.

Modu aski erraz batean esplika daiteke: azken lerro horietan Gabilondok exajerazio erretoriko bat egin du, akats estilistiko bat, bere oinarrizko planteamendua argitu beharrean ilundu egin duena. Zeren, funtsean, Atxagaren eta Saizarbitoriaren arteko lehia hori baliabide erretoriko bat da, bere hausnarketei bidea ematen diena, eta ez sakoneko arazo bat. Eta bere liburua horrela irakurrita askoz ere hobeto ulertzen da. Hori da nire uste apala.

Iruzkinak (4)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude