Hizkuntzaren Prozesamendua ikasgaian bi lan praktiko egiten ditu ikasleak. Lehenengo praktikan Hizkuntza-Teknologiako aplikazio mota bat aztertzen du:
- Zeintzuk dira produktu erabilienak gaur egun? Espezifikazioa: datuak eta emaitzak? Zein hizkuntzatarako? Zein da aplikazio horien oinarri informatikoa?
- Hauek dira aplikazio adibide batzuk: Iritzi-meatzaritza, Informazioa bilatzea, informazioa erauztea, itzulpengintza automatikoa, hizketa bidezko interfazeak testuen ediziorako laguntzak, galdera-erantzun sistemak. testuen laburpen automatikoa… (ikus Hizkuntzaren_prozesamendua Wikipedian).
Bigarren praktikan ikasleak bere aplikazio xume bat sortzen du. Aplikazio tipiko bat Twitterreko hainbat txio bildu eta horiek aztertzea izan daiteke. Txio horietako testua analizatuta, jakin nahi dugu ea gehiago diren iritzi negatibodunak eta positibodunak. Baina Twitter izan gabe ere beste iturri batzuk edo beste aplikazio batzuk azter daiteke, adibidez:
- 2017an Pello Arrue ikasleak Uztarria Azpeitiko aldizkaria aztertuta praktika ikusgarri bat egin zuen. Aldizkariko 2001tik 2017ra arteko artikulu guztiak (17.034) lortu zituen eta automatikoki aztertu zituen ze pertsona, toki, eta erakunde azaltzen ziren, aldizkariaren gaien arabera sailkatuta gainera.
- 2016an Aitor Iturrioz ikasleak etxeko argiak-eta ahotsarekin kontrolatzeko aplikazio bat egin zuen, eta horretan sakonduz egin zuen gero bere gradu amaierako lana (Mayordomo: controla tu smart home a través de la voz).
- Mikel Artetxe ikasleak ikasgai honetan egin zuen praktika geroago mugikorrerako Mitzuli app ospetsua bihurtu zen. 30.000 mila deskarga lortu ditu!. Geroago Mikelek Itzulpengintza automatikoan egin zuen gradu amaierako proiektua eta orain arrakastarekin egiten ari da tesia gai horretan Science aldizkarian ere aipatu dute bere lana (Artificial intelligence goes bilingual—without a dictionary).
Interesa baduzu, ikasle hori, gauza ederrak egin daitezke ikasgai honetan 😉
Bada beste hautazko ikasgai bat antzekoa dena: Hizkuntzalaritza aplikatua. Biek zerikusirik dute hizkuntzarekin. baina Hizkuntzalaritza aplikatua ikasgaian hizkuntza lantzen da gehiago. Hizkuntza lantzeko dauden informatika-aplikazioak ere begiratzen dira, baina erabiltzailearen ikuspuntutik gehiago, euskaraz hobeto idazteko trebetasuna lortzeko asmoz, ez programa horiek barrutik nola eginda dauden ulertzeko. Ikasgai biak diferenteak dira eta elkarren osagarriak izan daitezke.
Iruzkinak (1)