Lisboa eta Bilboren arteko parekidetasunaren zantzuak

Arestian aipatu legez, “LISBOA ETA BILBAO: UR-ERTZEN FUNTZIO SOZIALA ETA INGURUGIROARENA, BERRIKUNTZAK ARTEAREN ETA ESKULTURA PUBLIKOAREN IKUSPEGITIK” ikerketa proiektuaren babesean, Lisboako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak (FBAUL), arte ederretan ikerkuntza eta ikasketarako zentroaren (CIEBA) bitartez eutsitako ekimenak, Portugaleko Zientzia eta Teknikaren Fundazioaren (FCT) laguntza izan du, bere horretan. Oraingoan, Arte Garaikidearen Museo Nazioanalak (MNAC) Lisboako bere egoitzaren teilapean batu ditu hango eta hemengo zenbait aditu. Bilbon egin zen Jardunaldiaren hariari tiraka, museologia-ondarea bezalako jakintza esparru batzuk aberastu dituzte itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiriaren ohiko gaiak, beroriek artearen betaurrekoz jantziak.

2024ko azaroaren 20an Lisboan buruturiko Jardunaldi honek Bilbon izan zuen aurreneko emaria, 2024ko ekainaren 28an, artearen eta eskultura publikoaren erabilerari buruzko aztertze-eremuan oinarritzen den proiektuaren emaitzen lehen adierazpen jendartekoa, alegia; baita Bilbao eta Lisboa hirietako ur-fronteetako gizarte eta ingurumen-adierazpenei nahiz eragile eguneratuei buruzko azterketan ere.

Lisboako topaketari begira sorturiko kartela eta Jardunaldiaren programa atxikia.

 

Lisboako Jardunaldia: Bilboko ikerketa-ildoen aurrekariei jarraiki

Estrainekoz Bilbon plazaratu ziren alderdi tematiko, metodologiko eta ikerlanei dagozkionak, Lisboako Jardunaldian jarraitu dutela konprobatu eta egiaztatu da. Horrez gain, begiradak euskarritu eta sendotu dituzten irakasle eta profesional gonbidatuen ekarpenak ere apartak izan dira, bakoitza bere jakintza arloaren baitan. Hala nola, Fernando Miranda, Luis Gonçalves eta Fernando António Batista-Pereira izan dira Bilbon parte hartu ez zuten hizlari berriak, António Delgado (Proiektu Pilotuaren koordinatzaileak) eta Emilia Ferreira (MNAC museo-zentroaren zuzendariak) irekitako eta maisuki eramandako egitarau mamitsuan, goiz eta arratsaldeko eztabaidetan.

Horien artean, giza eta gizarte zientzien diziplinetatik hiriko arte publikora eta eskultura urbanora igaro dira, hiri-espazioaren kontzepzio monumentalean txertatuz, bai eta itsas portuetako giroari lotutako lanbide eta tradizioen legatutik ere, batik bat emakumeen lanbide historikoak gogora ekarriz. Horiek guztiek kultura-jakinduria harrigarria eta oroimen zein identitateen sustraiak gordetzen dituzte, eta horien kritika gaur egungo panorama garaikidean garatu daiteke; adibidez, genero-balio eta rolei buruz hausnartzen duen historiografiaren ikuspegitik, trantsizioan dauden gizarteetan, non ingurumen-iraunkortasun erreklamatua arazo zaharragoekin nahasten den. Era berean, hiri-paisaiaren ezaugarriei estuki itsatsitako ondare-kontserbaziorako museoei eta euren egitasmo gaurkotuei buruz ere hartu-eman esanguratsuak zabaldu dira.

Lisboako MNAC© (Museo Nacional de Arte Contemporanea) eraikinaren fatxada nagusiak.

 

Hiri-garapenaren aferaz hornituriko kultura-erronkak, etiko-estetikoak, inguru-giroarenak eta aniztasunaren gizarteratzeak arte-ikuspegitik so

Itsas hirien testuinguru aldakor eta egiazki berezituan, itsasadarraren ertzak zeharkatzeko zubien eta arkitektura enblematikoen azpian ondare-ezkutuak identifikatzen dira, garai “transmoderno” batean azaleratutako oroigarriak izaki, non monumentuaren eta estatuaren eredu klasikoak nortasun-proposamen berrituak (ibaiertzetako aitzin-industriarenak, eta abar) gogora ekarri, berpiztu edo lekualdatzen dituen, bai elementu eskultorikoetan, bai ur-ertzetako altzari adierazgarri ez ezik artistikoetan erreskatatuak.

Bilbon eta Lisboan Europako politika egokiak eta bultzatzaileak bateratzearekin, hiria ulertzeko era horiek hein batean ernamuindu, lagundu eta finantzatu zituzten, zerbitzu aurreratuen, teknologikoen eta turismorako erakargarrien ekonomia bultzatzaileak ezartzeko jomugaz, fokua ingurumena berreskuratzeko zereginetan ezarrita. Bilbao Ría 2000 eta Bilbao Metrópoli 30 erakundeek, Guggenheim Fundazioaren ekartzeak edo Bilboko Metroa gisako lurpeko sareak eragindako efektu izugarriek bilakaera berrantolatu zuten modu horretan (baita metropolian ere). Lisboan, ostera, Europalia izeneko entitateak jardun zuen, Expo 98 nazioarteko erakusketan zehaztuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude