Halako galderaren planteamenduak berak, badakigu hasiera-hasieratik ezezko erantzuna bere baitan dakarrela. Izan ere, bai alderdi historikotik, bai kokapen geografikoaren lurraldetasunetik, bai garapenagatik eta baita nolabaiteko kultur herentzietatik ere, badakigu zeharo desberdinak izan daitezkeela Bilbo eta Lisboa. Halaber, itsasadar baten hertzetan errotzeak (askozaz zabalagoa eta Atlantiko indartsuari irekia, edota zeharo estuagoa nahiz gotortua), gehi ibaiertzeko portu, industria, komertzio, merkantzia zein garraio aktibitateek nortasun konpartituak eragiten dituzte mendeen joan etorrian.
Hauek aspektuok gure garai-bizietako egunerokotasunean zeintzuk iragarpen estetiko eta sinboliko dituzten aztertzeko, “LISBOA ETA BILBAO: UR-ERTZEN FUNTZIO SOZIALA ETA INGURUGIROARENA, BERRIKUNTZAK ARTEAREN ETA ESKULTURA PUBLIKOAREN IKUSPEGITIK” ikerketa proiektuaren babesean, Lisboako Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileen Jardunaldia antolatu zen Bilboko Itsasmuseum erakundean, 2024ko ekainaren 28an, alegia. Lisboako Arte Ederren Fakultateak (FBAUL), arte ederretan ikerketa eta ikasketarako zentroaren (CIEBA) bitartez eutsitako ekimenak, Portugaleko Zientzia eta Teknikaren Fundazioaren (FCT) laguntza izan du, bere horretan.
Egun betez, batik bat aipatu unibertsitateetako hizlariak gonbidatu gisa, bina hirietako zehaztasun zenbait aurkeztu, eta beroriek xehatu ere egin zituzten. Halandaze, begirada finkatuak artearenak eta antropologiarenak izan ziren, baita zentzu historiografikoaren ekarpenez osatuak ere. Nolatan gaur egun, argitatik ostenduta, ezkutatu zaizkigun portu eta itsas ondareak azalerazi ziren, bina hirietakoak, oso modu bortitzean eraikiak izan diren hiri-errealitateen magalean. Hein handian, hiri-espazioko monumentuek eta eskultura publikoek kultura-oinarrion oinordekotza eskaintzen badute ere, portuetako elementu bakanak edo jarraituak (segidazkoak), hiri-altzari itsastarrak eta ikonografiaren erabilera jakinak ibai-hirien antzinako egituraketaren lekuko aparta bilakatu baitaitezke.
Era berean, geure egunotako errepresentazio artistikoek, zein puntutaraino arlo estetikoak eta oroimenezkoak uztartzen edota elkarlotzen dituzten eztabaidatu genuen, adibide lez, mundu itsastarreko ofizioei (maiz galdutakoei) keinu egiten dieten emaitzak, materialki eremu publikoetan gorpuzten direnean. Sarritan, horiek erreferenteok, aspaldiko bizimodu latzen eta hamaika gisa-desberdintasun nahiz sufrikarioren seinale baitira.
Esandako mamiari eutsiz, hurrengo Jardunaldia Lisboan egingo da, aurtengo udazkenean.
Bilboko topaketari begira sorturiko kartela eta ekitaldiaren programa atxikia.
Ikerlerroaren nondik norakoa
Proiektua artearen eta eskultura publikoaren erabilerari buruzko analisian oinarritzen da, baita Bilbo eta Lisboako ur-fronteetan duen funtzio sozialean, ingurumenekoan eta ekintza berritzaileetan ere.
1990eko hamarkadan hasi zen prozesu jarraituaren baitan, hiri-eraldaketa eta birmoldaketara bideratua, zenbait alderdi edo alorretan desberdina izan daitekeena, baina bi hirietan elkargarria dena. Prozesu hori itsas bazterrak eta ibaiertzak biziberritzean oinarritu da, ekipamendu soziokultural berriak sortuz, berdeguneak ezarriz eta hiria nahiz eraikinak zaharberrituz; horietan esparruotan, hiri-zientziak bat egiten du askotan arte plastikoekin eta objektu higigarrien diseinuarekin. Bi hiri hauek industrializazio progresiboa izan zuten, ibai-itsas ingurune horietan jarduera eta okupazio itzela eragin zuena. Ibaiertz handiak okupatu gabe eta libre geratu ziren industria erretiratu edo desagertu ahala. Prozesuak, aipaturiko bi testuinguru hauetan izan zuen eragina, bai gizarteak eta bai arlo ekonomikoak ere orain arte izan dituzten egiturazko oinarrietan.
Ondorioz, industria krisi latza suertatu zen, pertsonen eta erakundeen komunitateetako bizitza sozialean islatu zena eta konpontzea premiazkoa zena, ikur-arkitekturaren, ingurumenaren eta hirigintza diseinuaren ikuspegitik behintzat. Direlako ekimenen Europako politika egoki eta bultzatzaileen bateratzeak hiria ulertzeko modu horiek sortu, bultzatu eta partzialki finantzatu zituen, zerbitzu aurreratuen, teknologikoen eta turismoari begira ekonomia erakargarri berritzaileak ezartze aldera, fokua ingurumena berreskuratzean jarrita. Bilbao Ría 2000 eta Bilbao Metropoli 30 eragileek Bilboko hiriaren bilakaera antolatu zuten (baita metropolikoa ere); Lisboan, berriz, Europália bezalako entitate fluxuzkoak jardun zuten, ondoren, Expo 98 nazioarteko erakusketan gauzatu zirenak. Itsasadarrak eta itsas enklabeak nagusi izango liratekeen hastapen-sorreran. Espiritu honetaz elikatua eta lekuen ulermenean nahiz miaketan (edota horien transmutazioan) euskarritutako azterketa analitiko honekin batera, arte publikoa (batez ere aurpegi eskultorikoarekin eta monumentalarekin) hartzen da helmuga legez, bi hiri-paradigma horietan egindako ariketen ezaugarri diren plano sinbolikoen arteko konbergentziak eta desadostasunak marrazteko helburuarekin.