Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…V…): Zubiz zubi zabalguneko hiri-trazen zeharrean

Bilbon legez, itsasadar gorabeheratsu baten ibaiertzetan antzinatik antolatuak eta egokituak iraun zuten hiri eta, oro har, espazio urbanoetan, betidanik izan dira erabat garrantzitsuak bezain ikuskor eta ikonografikoak ibaien alderdietako margenak elkarlotzeko zain iragazkorrak. Berorietatik pasa den zirkulazioak; bai jende-aldrak, karga-animaliak zein automobil, kamioi, tranbia eta bestelako garraiobide mekanikoek hamaika eta bat bidaia nahiz maniobra burutu dituzte horietan zubiotan.

Horiek hiri-espazioak eta pasabideok, mendeetan urriak ez ezik bakunak izan dira Bilbon bezala, itsasadarrean gora edota behera kilometroak egin behar zirelarik, hurrengo zubia aurkitu arteraino, existitzen baldin bazen, behintzat. Alabaina, hiri-zabalguneak garatu ahala, elkarlotze sistemarako erabakigarriak ziren zain-kale higierazleetan; etorbideak, zumardiak eta abar, ibaien beste aldeetara modu erosoagoan heltzeko iragapideak beharrezkoak zirela oharturik, orduz geroztik hirigune eta metropolien gako izango ziren zubien eraikuntza areagotzen hasiko zen, zabalgune prozesuaren baitako hirigintza-lanen ildoan eta gizarte modernoaren eguneroko bizi-baldintza sorberriak asebetetzeko.

 

Igarobideak: abiaturiko hirigintza-modeloaren emari tekniko nahiz estetikoak

Adibide horietako bina, Bilbon bertan zentratzearren, oraindino Deustuko zubia deritzoguna eta Udaletxe aldameneko zubia lirateke, ibaiaren ertzeko paisaia orokortu baten partaide. Batik bat ibairatze-moilekin eta bertako azpiegiturekin kontaktuan, baina baita zabalguneaz bestaldeko hiri-egiturarekin erlazionatzeko ere. Hemeretzigarren gizaldiaren akabuan eta XX. mende berriaren baitan zabalgunea eraikiz eta egonkortuz joan ahala, garai baten berritzaileak izango ziren zubiak finkatu ziren puntu estrategikoetan. Horietako bat edo beste gerora desagertu bada ere, gorakadan zebilen Deustuko auzunearekin bezainbat, Udaletxearen aitzineko kai eta kale-sareekin luzapena zuten ekipamenduok XX. mendeko lehen herenaren bueltan, oinarriak jadanik erroturik zeuzkaten.

Guda zibileko jazarpen eta jazoera okerrago batzuen ostean ere, gaur egungo Bilboren estanpan ikusgarriak izan arteraino iraun dute ibai-gainean eta hiritarron gogoetan, alegia, Deustutik Arte Ederren Museoko enparantzaraino ailegatzeko bata; eta Ernesto Erkoreka plazan aurkitzen den Bilboko Udalaren eraikinetik, ezkerraldean dagoen Uribitarteko kaialdearen gure egunetako pasealekura heltzeko, bestea. Bigarrengo kasu honetan, halaber, Udaletxeaz landa eskuin ertz ureztatuan hedatzen den Campo de Volantín ibilbide ospetsu eta longitudinalari arrera txit duina egiten dio, era berean ibiltariarentzat osteratxoak edota korrika-saioak hasteko abiapuntu paregabea izaki.

Bastida, Ortiz de Artiñano eta Rotaetxek zutik jarri zituzten gainazal-plano horizontalek ur-azalaren eremuekin kidetza zintzoan dihardute, hiriari paisaia-konposaketa eraberritua emanez. Bazterrak lotuz, era berean, hiri-ehunari espazialtasun nabariaz erantzuten diote eta oso esanguratsuak dira garaiko estilo, tipologia eta aurrerapen teknologikoei dagokienez. Paisaiaren luzapenarekin elkarrekintzak pizten dituzte bai objektu material gisa eta baita sinbolikoki ere, kultura-esangurak, nortasun intentsitate sakonak eta oroimen kolektiboak ere inplikatzen dituzten heinean; balio historikoak, kokaguneari zegozkionak eta hiri-eszenari intrintsekoak zaizkion pasarteak irudikatzen dituzten bitartean. Balio material eta ez-materialak, azken finean, sentsuen bidez ikusgarriak, ukigarriak eta sentigarriak baina bestelako zentzu espazial gogaikarriaren besoetan ere badirautenak. Hiri-molde konkretuen eusgarri nahiz adierazle, bilbean homogeneoki integratuak daudela dudarik ez.

 

Bat eta bi: zubi-makina biki-bitxi trinko bezain tinkoak

Biak hala biak, kasik bikiak izanagatik ere xehetasunezko desberdintasun-aldarrikapenak badituzte; bai euskarrietan, bai izkinetako elementu nahiz dorretxoetan edota ornamentuzko bitxitasun apaingarrietan. Hori bai, hegal bananduen erdi-banako altxatze funtzionala duela zenbait hamarkada galdu bazuten ere, horietako batek delako ahalmen mekanikoa mantendu izan du, berariazko erabilgarritasun beharrizanari baino ikuskizunari beta eskainiz.

Herdoilari aurre eginez, modu batean ala bestean, burdinadun arku altxakorrak posizio horizontalean baina irmo mantentzen dira, industriaren eta itsas garraio zein itsas bizimoduaren seinale izanik ere, Bilbo eraberrituaren erraietan. Hala, ondareak bere ibilbideak hedatzen ditu ur-magalean, metalezko arku zabalek parajearen izaerari, oroimenari, singulartasunaren bermeaz eta gurariaz eutsiz.

Udaletxearen aurreko zubiaren eta Deustukoaren arteko antzekotasun eta diferentzia nabarmenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude