Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…IV…): Hiria ibaiertzari lotzeko eskailera-elkarguneak

Bilboko Udal-ondarearen katalogoaren berrikuspenak babes-maila altua edota ertaina eskaintzen dieten arkitektura-elementu txit bereziak eta adierazgarriak, goi-kotako paretetatik itsasadarra ia-ia ukitzen duten oinezkoentzako igo eta jaisteko pasabideak dira. Hauetako bizpahiru gelditzen zaizkigu hirian, portu-ondarearen lekukotasun lez.

 

Portu-arkitekturaren beharra, grina eta omenaldia. Pasabideko bazter estetikoak

Hiribilduko zabalgunearen ertz edota erpin batetik Uribitarteko portu-espazio historikorantz abiatzen den maldan, balio aparta erakusten duen pieza urbanoa dakusagu, topografiaren kota desberdintasun nabariak ekiditeko asmoz, hiriko eta konkretuki portuko mugikortasunari eta sarrerei antzinatik kateatua. Kasu honetan, eskailera-plataformaz hornituriko pareta honen ingurumarian “Depósito Franco” deituriko portu-biltegia aurkitzen zen, orain jada desagertua, izandako eraikinaren aurrealde txiki bat soilik atzematen dugun parajean.

Hiri-paisaia esanguratsu honek, Bizente deunaren kalea eta Uribitarteko bazter bustia mugatu baino elkar lotzen ditu, harlanduzko horma sendoari atxikitzen zaion eskailera galantaz. Horiei eta ingurukoari gorputz bateratua emateko, balaustrada ikusgarri eta pertxentak izaera aberasgarri bezain bereizgarria gaineratzen dio, maisuki trataturiko harri-paretan karratu erako erliebea irekitzen delarik barrurantz. Leiho itxi horretan gainjartzen den dekorazio-armarri batek “Escalinatas de San Vicente” adierazten du, data eta autorea ezezagun bazaizkigu ere; ziurrenik XIX. mende amaierako obra publiko bitxia.

Aipaturiko gunean bertan eta erabilgarritasun berberarekin, Uribitarteko aldats eta eskailerekin egingo dugu topo. Simetrikotasun izugarriz eta oraingoan burdinazko kiribildun barandaz, Mazarredo zumardiaren eta moilaren arteko altuera ezberdintasunak leuntzeko eraikia izan zen 1892. urtean, Pablo Zubia y Leceta kontratistak bultzaturik, harri poligonal eta adreilu gorri laukizuzenezko lerroen konbinazioz. Gaur egun, Arata Isozaki arkitektoaren dorre bikiak direla eta Santiago Calatravaren Zubi-zurirekin garatu beharreko elkarketak bitarteko, zeharo ezkutuan eta galduta geratu direla zeresanik ez.

 

Itsasadar-ertzeko kotak malgutzen laguntzeko egitura finko xelebreak

Arkitekturatxo edota lotze-muga hauek hiri-gunearen zein luzapenen erremateekin ez ezik, espazio ureztatuarekin dute harreman sakon eta bizia. Alde horretatik, urbazter horietan gertatzen diren aktibitate, itsas jarduera, garraiobide nahiz komertzio eta tankera guztietako merkatalgoari hirira heltzeko erraztasunak baimentzen zizkioten eta kontrako norabidean ere, portura lehenago eta azkarrago ailegatzeko, bai oinez eta bai karga-animaliekin.

Ekarpen tipologikoak kontuan hartzen dituzten ondare-balioez gain eboluzio urbanoaren eredugarri dira, tokiarekin erlazio indibidualak bezainbat kolektiboak ere irudikatuz eta denboran gaurdaino mantenduz. Zabalgunearen erremateetan eszenak sortarazten dituztela presente edukiz, homogeneoki integratuak agertzen zaizkigu, beraien balio funtzional eta sinbolikoek oroimen zein nortasunekin bat egiten dutela jakinik, paisaiaren artikulazio singularra eta espazio-ordenu erabakigarriak etorkizunerako ezarriz.

Agerikoa denez, bi adibide hauek leku bertsuan daude eta portuak zabalgunearekin nahiz aldrebes edo alderantziz, elkarri opatu behar zizkieten betebeharrei aurpegia jartzen zieten. Halaber, hiri-muinoaren erditik at Olabeagako ibai-bazterreko auzoan ere, garaian garaiko intentzioen eta estrukturen seinale diren beste eskailera batzuk ikusi ahal ditugu. Hauetan ere, Basurtuko barruti horretatik simetriaz beteriko sargunea erdiesten zaie Olabeagako San Nikolasi eta Alfonso Churrucaren kaiari, ibaiaren erribera horretako topografia-kotak fintzeko gurariaz.

Hemen ere, harrizko lokarri gisara altxaturiko horma-aurrealdea eta balaustrada nabarmentzen dira, zuzenean behealdeko pasa-lekura erakarriz, Bariko Nikolas sainduaren parrokiaren (aspaldi izen bereko baseliza izandakoa) eta auzo-eskola zaharren aldamenean (kultur etxea bilakatua gure egunotan). Balio historikoek estilo, eskala, erritmo eta koherentzia edifikagarriari men egiten diote, ur-ondoko hiri-egituratze duin baizen iraungarri eta euskor hauetan. Ezen, nola edo ahala, gure ustetan bederen atzoko eta heren-eguneko distirek dir-dir diraute gaur ere, egungo hiri-bilbearen bizkarrezurreko ur-geruza irristakorretan.

San Vicente deritzen eskailerak, historia-une bateko hiri-erlaitzetan jaio eta ugaldutako eraikuntza-mota.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude