DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (II): LAURAK BAT. PAISAIA: PORTUA BAINO GEHIAGO

Donostia eta Pasaia aldeko lurraldearen erabilera berezi horren lehenengo datu konkretuak erromatarren garaikoak omen dira (lehen aipaturiko Oiasson delakoaren balizko merkatal kokagunean, Bidasoa ibaiaren bokaleko elementu sinboliko gutxi batzuen testigantza galduaz: zenbait kilometro luzetara hondaturiko galeriak, tenplu txiki bat, e. a.).

Gipuzkoa orduko Pompaelorekin elkartzen zuen galtzada edo errepide baten amaieran Pasaiako geografia uhintsuan barna (“el Pasaje”) ezkutatzen zen itsasoraino burdina garraiatzeko batez ere erabilia. Ingurune topografiko eta geografikoaren baldintza bereziak ongi laburbiltzen dituzte Lourdes Odriozola eta Sagrario Arrizabalaga historian adituek, portuko jarduerekin batera itsas bazterreko fenomeno urbano konplexuaren finkapena azalduz:

“Pasaia kokaleku abaintailatu batean dago, hango badiak ditxo natural bat eratzen du itsasontziei erabateko babesa ematen diena, eta horregatik da Pasaiakoa Gipuzkoako portu nagusia. Baina hala ere, gutxiegi erabili izan da askotan eragozpen handi bat izan duelako: sakonera galduz joan zen, eta, beraz, ez zen erraza garbitzen. 1805ean Pasaiako hiribildua sortu zuten arte, itsasadar hau Hondarribiko (Pasai Donibane eta Lezo), Errenteriko (hego-ekialdeko zatia) eta Donostiako (Pasai San Pedro, Pasai Antxo, Trintxerpe eta Herrera) udalerrien eskumenean egon zen, eta hala gertatu zen askotan ez zirela dragatze lanak egiten”[i].

Lehenengo biztanleriaren guneak oztopo fisikoak ekidinez mendi-magalen eta badiako uren tarteko lur zingiratsuetan ezarri behar izan zituzten, erdi aroko mendeetan emandako lehorketa teknikekin. “Itsasoari lurra kentzea jarduera etengabea izan zen Pasaiako hiri garapenean, denboran zehar mantendu den joera. […] Teknika horien bitartez[1] eraikinak, etxebizitzak, jolaslekuak eta, ondorenean, portuko kaiak, komunikabide nagusiak […] eta industriguneak egin ziren”[ii]. Alabaina, ikerlarien eta adituen begirada historiko, geografiko zein teknikoaz gain lurraldearen beste begirada batzuk ere nagusitu izan dira Pasaian, bertako parajeari balio sinbolikoa gehitzen diotenak, alegia.

1-2. Pasaiako portuko irudi sasi fantastikoak eta mapa-errepresentazio txit espresionistak, XVII. mende erdialdekoak biak, inguruneko lurralde menditsu bezain makartsuarekiko interpretazioan.

 

Portura barneratu ahala itsas bazterreko perspektibak baimentzen dituen lurraldearen plano desberdinak atzematen ditugu, barneko espazio urbanoetara heldu arte: komertzioko moilak eta arrantzaleen kaia; etxean gaude hortaz. Bitartean, ez ditu ahazten beste latitude, herrialde eta paisaia batzuekiko erreferentziak Euskal Herriko ikur sinbolikoekin parekatuz; faroko argiaren koloreekin, hain zuzen[2]. Víctor Hugo idazlearen lerroetan itsas bazterreko hiri-eskenatokiarekiko harridura sumatzen da gehien; aurrealdea itsasoari so, ur-fronte eraikia, eta kontrakoa aldiz mendiari begira gelditzen den ‘hiriaren atzealdea’. A. Elizalde bertakoa da, Pasaia ongi ezagutzen duen itsasgizona eta kostatik barnerako ikuspegia kontatzen digu. V. Hugo ez da, noski, pasaiatarra eta kanpoko edozeinek izan lezakeen ikusmiraz ematen digu testigantza txit literarioa, berau ere portuko eraikinez, etxeetako elementuez eta koloreez modu poetikoagoan liluratuz baina deskubritutako harreman topologiko eta erlazio espazialetan dautzan balio kultural, ekonomiko eta produktiboak agertuz.

Modu honetako erreferentzia literarioek eta irudi ikusgarriek historialarien agirietan erruz sumatzen ez diren material ‘antropologikoak’ gureganatzen dizkigute, José María Unsain-en esanetan, topografia eta gizartearen topaketaz eratutako paisaiaren soslaia behar bezala zehaztuz. Horrela, denboran atzera joz Esteban Garibay eta Diego Culbis geografoek XVI. mendearen bigarren erdian Pasaia aldetik eginiko bidaien berri ere badugu, badiako erreferentzia poetikoak edota bertako emakume batelari ospetsuen imajina idealizatuak, dakigun bezala, nonahi zabalduz (horien artean Lope de Vega-ren komediak, Villalobos-en 1617ko dokumentuak[3], Lope Martínez Isasi-ren Compendio historial de Guipúzcoa[4] –1625–, D´Aulnoy-ko kondesaren[5] irudi mitikoa: Relation du voyage d´Espagne –1679– ). Era berean, eta guri zuzenago dagokigunean, portuaren sarbide estu eta makartsuaz[6] Karl Wilhem von Humbolt-en deskribapena ere aipagarria litzateke.

Horrez gain, haitz multzo pintoreskoen eta hauen eta itsasoaren arteko etxe zurixka distiratsuen deskribapen batzuk ere Humboldt-eri sor dizkiogu. Bestalde, Dr. Camino bera ere instituzio oso bat izan zen Donostiako eta inguruko historiaren ikasketan eta ez zituen ahaztu paisaiaren alderdi estetikoak: etxeen kanpo-ilarak ia-ia kai gainean kokaturik, Pasaiako eraikinak kanalaren ertzean eratuta ikusten zituen eta aldi berean badiak elkarrengandik banatuta, nola ez. Beste batzuk ere ‘itsas irudiaren’ eta ‘laku irudiaren’ arteko gatazka berberaz kontu eman zuten: <<badia hertsitzen duen horizonteari begiratzen diodanean aintzira ikusten dut, eta marea gora datorrenean aldiz itsasoa>> zihoen V. Hugok. Beronek, Pasaia zaharra arabiar karrikekin konparatzen zuen 1843an, etxetxo zurixkak nonahi; konpaktuak, desberdinak eta kasik leiho gabekoak. Kalea olatu uhintsuak egiten zituen ezkata zabalez zolatua zegoen, eta mendi-magaleko eraikuntzari dagokionean, eskailera nekeza igo bezain laster beste batekin topo egiten genuela esango digu, Piranesiren estruktura misteriotsu eta zorabiagarriak bailitzan (hala ere, haiek infinituak irensten dituen bezala Pasaiakoek ‘amaiera’ lukete).

“Hemen, ezusteko berria. Ez dago itsas aldetik ikusitako Pasaia bezain fresko eta alairik ezer, ez dago mendialdetik ikusitako Pasaia bezain hits eta ilunik ezer. Horren etxe kriket hauek, horren alai, horren zuri, horren argi itsasoaren gainean, ez dute deus ikustekorik eskaintzen erromatarren garaiko estrata lauzeztatu, oker eta estuan, ez badira pikor-harri belzkarako horma altu batzuk, leiho karratu bakanekin, harkaitzaren isuri hezeek bustiak, eraikuntza bereziko lerro iluna, gainean soslai egiten dutela, gainerliebean landurik, txano erraldoiez jantziak dauden leihoek edo herkuleek eutsitako armarri gaitzek. Aitzinetik txaletak dira; gibeletik gazteluak dira. […] Herriko (Donibaneko) kaleek bat egiten dute kale estu, zikin eta gaizki luzatutako batean; etxeak, eta udaletxea bera ere bai, itsusiak dira; eta pilotan jokatzeko eta herri honetako beste denborapasako batzuetarako erabiltzen den plaza koadratu bakarrak ere ez du aparteko gauzarik eskaintzen. Gaur egun herria gehien goratzen duena eta arielak areagotzen dizkiona ontziola da, merkantzia ontzi asko ekidatzen baitute bertan, eta honekin batera soka fabrika, gero eta izen handiagoa hartzen ari diren mota askotako kableak egiten dituzte eta…”[iii].

Pasarte honek ikuspegi mitikoak eta errealagoak kontrajartzen dizkigu, etxebizitzen eta portuko azpiegituren artean Euskal Herrian hain errotua izan dugun elizatearen espazio publikoari garrantzia emanez (udal-harremanetarako, jostatzeko eta abarrerako balio duena). Espazio publiko hori badiak berak ordezkatzen du; urezko enparantza delakoarekin.

3-4. Pasaiako badiako ikuskizunak angelu inklinatuz eta perspektiba zentralaz, lau udalerrien arteko ur-enparantza adartsuarena (orto-argazkia).

 

[1] Kai-mutur eta parafito bidezko lehorketa, eta askoz geroago paldoak erabiltzearena. XIX eta XX. mendeetan ingeniaritza sistema modernoak garatuko ziren, adibidez hormigoi armatuarena.

[2] Pasaiako itsas bazterreko bi elementu sinboliko hauetatik zaharrena “Faro de la Plata” deiturikoa litzateke. 1885ean argitu omen zen lehenengo aldiz, harkaitzetan eraikitako hiru solairu zituen almenadun eraikin batean jarria, alboetan dorre zilindrikoak erantsita (erdi aroko gazteluen itxura neorevivalista sasi-erromantikoarekin, alegia). Handik urte batzuetara Senekozuluako faro berria eraikiko zuten Joaquín Arguedas ingeniariaren proiektuaren arabera, 1909an inauguratua. 1914an eta 1925ean transformazioak izango ziren, batik bat argiari dagokionean, segundoko keinu berdeekin Gurutze aldean eta bi segundoko keinu gorriekin Santa Isabelen.

[3] Itsas bazterreko herrietan, lehen aipatu bezala, beste ofizio anitz eta hainbeste idealizatu gabekoak ere lantzen zituzten emakumeak (ontzien karga eta deskarga, lastaren garraioa, ontzi handiak atoian eramatea –Bilboko itsasadarrean oso ezaguna–, gabarren merkantzia, salmenta…).

[4] Oso alegiazko eta irudimenezko ikuspuntuekin Dr. Camino presbiteroaren iritziz, Tubal-en mitologian zeharo murgildua. Jean Aùger Provensal-ek ere marrazki erabat beldurgarriak egin zituen 1652an Pasaiako portuaren bokaleaz, Ulia eta Jaizkibel mendien interpretazio askea nagusituz (Parisko Liburutegian gordetako bi ale leudeke).

[5] Marie Catherine Le Jumel de Barneville (Madame D´Aulnoy) Pasaiatik iragan zen XVII. mendeko azken herenean.

[6] Ia-ia ‘ontzi hilerri’ bihurtua.

[i] ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes; ARRIZABALAGA MARÍN, Sagrario. Ur eta lur. Batzen gaituen ura/ El agua que nos une, Donostia: Kutxa Fundazioa, Nerea, 2003; 24. or.

[ii] PÉREZ ALDASORO, Pío; ELBERDIN, Josu. “Udalerriaren sorrera eta nortasuna”, in: Pasajes, un puerto, una historiaop. cit., 196. or.

[iii] UNSAIN AZPIROZ, José M. “Literatura, irudia eta oroimena”, in: AA. AA. Pasaia… op. cit., 262. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude