DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (I): KOSTAKO ITSAS LERRO UHINTSUA DONOSTIATIK PASAIARANTZ

Gipuzkoako litoralean, Kontxako eta Txingudiko badien tartean, Oria, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa ibaiek bustitako lurretan Euskal Herriko area metropolitar handienetakoa sortu izan da, Baionaraino hedatzen den enklabe estrategiko garrantzitsua izanik eta ardatz Atlantikoaren komunikazioetan erabakigarria; Donostialdea-Bidasoako Area Funtzional termino administratiboarekin izendatua[1], Euskal Herriko azpi-sistema litoralean.

Konurbazio horren barnean Pasaiako badia gune esanguratsua da bai itsas bazterreko paisaiaren aldetik eta baita fenomeno urbano historiko gisa tratatzen bada ere. Urte eta hamarkada luzez Donostiako interesen menpean egoteak aprobetxamendurik handiena oztopatu bazuen, aro modernotik aurrera oso toki nabarmena lortuko zuen itsas merkataritzan eta portuko ekintza komertzial zein industrialetan. Izan ere, antzinako portu-kokagunea aprobetxatzeko San Pedro zeritzon herrixka sortu zuten Donostiako interesdunek. Horixe bera egingo zuten Hondarribiak (Donibane) eta Lezok (Antxo[2]).

Ordutik aurrera nabigazioa zuzentzeko baliabideak (faroak) eta abarreko ekipamenduak eraikitzen joango ziren portuan, behin eta berriz itsasoaren haserreak eraitsiak (gerora, elementu horietariko asko funtzional baino sinboliko eta estetiko bilakatuak). Era berean, etxebizitzen eta errepideen agerpenaz plaza urbanoaren itxura hartuko zuen Pasaiak. Gure egunetan, Pasaiako udalerria bere badiaren aldamenean egituratzen da, portua deskribatzen duten lau gune urbano nagusirekin: San Pedro, Donibane, Antxo eta Trintxerpe. Lauretatik antzinakoena Donibane litzateke eta baita handiena ere, Jaizkibel mendia hartzen baitu. Hala ere, populazio eskasen duena eta gutxien urbanizatua litzateke. Tunelez eraikitako kale bakarra du alde zaharrean. San Pedrok ere kasko historiko esanguratsua du itsas bazterrean, 1940ko hamarkadatik aurrera espazio urbanoa Trintxerpera zabalduz, batez ere La Herrerako arrantza industrialaren eraginez. Antxoko espazio urbanoa ere moila komertzialak eta trenbideak egituratu dute. Portuak, beraz, aldi berean batu eta banandu egiten du udalerria.

1. Pasaiako badia San Pedrotik ikusita, portuko trafikoa kudeatzeko pilotuaren ontziarekin lehen planoan eta Donibaneko etxeek irudikaturiko ur-frontea atzean.

2-3. Badian eta itsasoan ez ezik, Pasaia Donibaneko kale-arte historikoan ere nolabaiteko trafikoa gidatzeko semaforo antzeko berde gorridun geziak eta elementuak aurkituko ditugu.

Industriarako lehen mailako garraioen zentro gisa bere eragina irradiatzen jarraitzen du Pasaiak ez bakarrik Gipuzkoan baizik eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hurbileko zonaldeetan ere[3]. Pasaiako portua puntu garrantzitsua da Iberiar Penintsulako itsas garraioan, tradiziozko espezializazioak txatarra eta siderurgiaren produktuak izanik; azken boladan, automobilak eta kontainerrak nagusitu badira ere. Orotara:

“Pasaiako portua portu naturala da, benetako badia babestu bat, eta bere bilakaera osoan zehar jasan duen baldintza naturalen berezko aldaketa bakarra itsasoko lohiak eta uholde-izaera garbiko Oiartzun ibaiak eramandako jakinak metatzea izan da. Gaur egun portuak Donostia (Herrera eta Altza auzoak), Pasaia, Errenteria eta Lezoko udalerriak ukitzen ditu. Gauzak horrela, portua ere bada Pasaia; eta onerako edo txarrerako izan, kontua zera da, herria eta portua elkarren lagun izan direla, ezin bestela izan, mendeetan zehar. Eta sinbiosi sakon honen eraginez, mugak ez dira garbiak, eta une batzuetan ezin dugu jakin portuan gauden edota dagoeneko haren mugetatik kanpo gabiltzan”[i].

Itsasoaren beso uhintsuetako alderik gizenenean enparantza publikoa duen itsas bazterreko hiri-gune lez kontsideratuko dugu Pasaia, ur-fronteetako paisaiaren eredurik bikainenetakoa suertatuz Euskal Herrian; fenomeno urbanoak urarekin sortarazten dituen muga-limiteko espazioen adibiderik esanguratsuenetarikoa izanik, bai tradizioak eta bai modernitateak modu adierazkorrean egituratu dituzten paraje historiko eta estetikoen artean.

4. Urezko plaza (publikoa) kontzeptuaz identifikatu daitekeen lau udalerrien arteko erdigune neuralgiko eta aldi berean estrategikoa.

5-6. Badiaren ikuskizun partzialak Donibaneko ertz eraikietatik bokalerantz eta barnealderantz.

[1] Donostiako Area Funtzionalak Hondarribia, Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria, Pasaia, Donostia, Astigarraga, Hernani, Urnieta Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil barnebiltzen ditu. Zentro urbanorik nagusiena Donostia hiria litzateke, gainontzeko lurraldea konurbazio handi jarraitua izanik. Bestalde, Bidasoako komarka (eskualdea) Irun eta Hondarribia  udalerriek osatuko lukete, muga-zonaldearen berezitasuna oraindik aurkeztuz. Donostia aldeko eskualdea gainontzeko aipatu udalerriek konposatuko lukete, Irun eta Hondarribia kenduta. Konurbazio hau Donostiaren inguruan osatzen da (hiriarekin garapen zuzen eta proportzionalean eboluzionatu duen ‘eskualde urbanoa’, alegia), lurraldearen akotazio artifizial hauek paisaiaren planteamendu estetikoetan ere maiz eraginez. Hala ere, udal plangintzaz kanpoko estrategia eskasak garatu izan dira historikoki, ikuspegi osoro bereiziak erakutsiz.

[2] Gaur egun Antxoko distrituak hartzen duen espazioa Pasaiako badiako adar batek okupatzen zuen, Altzaraino heldu zitekeena. Bertako paduretan ‘Antxu’ baserria aurkitzen zen aspalditik. Molinao eta Trintxerperekin batera, Pasaiako eta, aldi berean Donostiako metropoliko espantsio-eremua izan da Antxo azken boladan.

[3] Hego Euskal Herrian bi portu autonomo genituzke (Pasaiakoa eta Bilbokoa), hau da; espainiar estatuak zuzenean kudeatzen dituenak. Besteak Eusko Jaurlaritzaren menpean egongo lirateke.

[i] HERRERAS MORATINOS, Beatriz. “Pasaia bere ondareaz”, in: AA. AA. Pasaia. Iraganaren oroigarri, etorkizunari begira, Nafarroa: Untzi Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1999; 242. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude