Nola daki Hizkuntza Politikako sailburuordeak euskaldunok gutxiago egiten dugula supazterrean? Zer lortu nahi du sailburuordeak euskaldunok modu zabar horretan salatzen gaituenean? Sailburuak jakin beza, inor izatekotan, euskaldunok garela euskararen berreskurapenaren eragile eta erantzule nagusiak. Jatorrizko euskaldunak eta ikasitako euskaldunak, denak euskaldunok, azken buru, guztiok izan gara euskararen berpizkundearen egileak. Erdaldunek? Zer zor diegu erdaldunei? Euskaldunak izaten ametitzen digutela? Euren ondoan bizitzen uzten gaituztela habla en cristiano arrapostu gabe?
Euskararen erabileraren neurketei eta neurtutakoen gaineko ebaluazioei buruz bada zer eztabaidatu eta zer argitu. Etxeko ohiko hizkuntzaren erabilera galdetzen hasi zen zentsuaren eta udal erroldaren galdesortetan, 1991. urtean. Hizkuntzaren erabilera neurtzeko teknika edo modu horri auto-informea deitzen zaio. Hau da, herritarrak berak aitortzen du zein hizkuntzatan hitz egiten duen. Neurtzeko teknika horrek, berez, baliozkotasun eta fidagarritasun arazo esanguratsuak dauzka. Gune hau, beharbada, ez da egokiena kontzeptu horiei buruz azalpenak emateko. Xume-xume azalduta esan genezake neurgailuaren baliozkotasunaz hitz egiten dugula neurtu nahi dugun hori benetan neurtzen dugunean; neurtutakoaren benetakotasunaz, alegia. Herri-administrazioak herritar bati galdetzen dionean euskaraz egiten ote duen, erantzuna ikuspegi desberdinetatik interpreta daiteke: hizkuntzaren erabilera soila, euskararekiko jarrera gisa, euskarari buruzko hautematea, herritarren intentzioa eta abar. Behin baino gehiagotan aztertu izan da hizkuntzari buruzko aldagaien baliozkotasuna, azterketaren emaitzek agerian utzi dute aldagai horien baliozkotasuna oso txikia dela. Beste era batera esanda, ez gaude seguru aldagai horien bitartez benetan hizkuntzaren erabilera neurtzen ote dugun edo, horren ordez, jarrerak, desioak, asmoak edo beste zerbait neurtzen ote diren.
Fidagarritasunaren arazoa, berriz, neurketaren tinkotasunari dagokio. Adibidez, gure gorputzaren kalentura neurtzeko termometroa birritan, hirutan edo gehiagotan erabiltzen badugu emaitza bera edo antzekoa ematen badigu esaten dugu termometro hori fidagarria dela. Esan dezagun, bada, zentsuetako eta udal erroldetako hizkuntza-aldagaiak, oro har, fidagarritasun maila txikikoak direla. Horrek esan nahi du aldagai horien errore-maila nahiko handia izan ohi dela.
Neurketaren arazo tekniko metodologikoetatik harago, 1991ko zentsuaren arabera, onar dezagun euskaldunen proportzioa %26,3 zela. Edozeinek uler dezake proportzio hori euskararen erabileraren gaindiezineko muga dela, euskararen erabilera-maila portzentaje hartara iritsi ahal izateko euskaldunak euren artean bildurik bizi beharko luketela eta euskaraz bakarrik hitz egin beharko luketela. Halere, urte hartako zentsuan, lehenbizikoz galdetuta, herritarren %21,9k esan zuen etxean hitz egiten zuela euskaraz (%13,8) edo euskaraz eta gaztelaniaz (%8). Ez da aritmetika gehiegi jakin behar zenbaki horiek ikusita, %26,3 eta %21,5, elkarren oso antzekoak, pentsatzeko euskararen erabilera goren mugatik oso gertu dagoela. Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia euskaldun guztiak etxean euskaraz hitz egin behar zuten, gutxienik euskaraz, nahi bada. Sinesgarria ote da urte hartan euskaldunen etxebizitzetako kide guztiak euskaldunak zirela? Sinesgarria al da ia beti euskaraz hitz egiten zutela? Sinesgarria iruditzen zaio datua irakurleari?
Hogei urte beranduago (2011) zentsuaren arabera euskaldunen proportzioa %37,2 izan da, esanguratsuki handiagoa, beraz. Etxeko ohiko hizkuntzaren erabilera, ostera, %21,5 izatera iritsi zen, %13 euskara betean eta %7,4 euskaraz eta gaztelaniaz. Datua aurrekoa baino sinesgarriagoa bada ere, etxeetako euskararen erabilera maila, oraindik ere, izugarri handia iruditzen zaigu.
Hizkuntza politikako sailburuordeak eskas jotzen ditu erabilera-tasa horiek? Zergatik? Hizkuntza politikako arduradun nagusiak jakin beharko luke oso erabilera-tasa handiak direla; jakin beharko luke elebidunen proportzioa ezagutuz gero itxaro daitekeen euskararen erabilera-tasa kalkula daitekeela. Jakin beharko luke ere, euskararen erabileraren neurketak, beste edozein neurketa estatistikoen antzera, errore-maila atxiki jakina duela. Hori guztia eta gehiago jakin beharko luke. Alabaina, bistan da, ez daki. Jakin dezala, bada, 1991 urtean itxaron zitekeen euskararen erabilera-tasa %4,6koa zela eta errore estandarra %6,6koa zela. Jakin beza, euskaldunen etxeko ohiko hizkuntza, euskarari zegokionez, espero zitekeena baino 3 handiz handiagoa zela, gutxienik. Jakin beza, 1991 urtean neurtutakoaren arabera etxeko ohiko hizkuntza (euskara gutxienik) %15,3-%28,5 tarteetako izan zitekeela probabilitateen arabera.
2011 urtean itxaro zitekeen erabilera-maila %9,8raino iristen zen eta errore estandarra %7,3. Datuak datu, 2011 urtean ere, neurtutako erabilera itxaro zitekeen baino 2 aldiz handiagoa izen zen neurtutako erabileraren tarte probabilitate handienekoa berriz %14,2-%28,9
Ez dugu inor aspertu nahi datuekin. Bakarrik esan, 1991ko eta 2011ko neurketen artean ez dagoela diferentzia esanguratsurik, etxeko ohiko hizkuntzari dagokionez, eta, edozein kasutan, euskararen erabilera etxeetan oso handia dela. Hizkuntza politikako sailburua jakin beharko luke. Edozelan ere, nahi duenean xehe-xehe azaltzeko prest nauka.