Dialnet eta euskarazko interfaze ezinezkoa

Inguma datu-basea eguneratzeko zenbait
informazio-iturri erabiltzen dira, besteak beste, liburutegietako katalogoak, datu-baseak, aldizkari edo argitaletxeen webguneak. Horietako bat Dialnet da. 

Errioxako Unibertsitateko liburutegiak
abian jarritako proiektu erabilgarria, eta beraz, arrakastatsua da.
Horren erakusgarria da, 2009. urtean 400.000 erabiltzaile
(erregistratu) zituela. Bisitak auskalo zenbat izango dituen…

Errioxako Unibertsitateak sortutako
datu-basea izanik, hasiera batean webgunearen hizkuntza gaztelania
zen. Gaur egun berriz, beste 9 hizkuntzatan eskaintzen da, tartean
euskaraz. Izan ere, urteak aurrera joan ahala, proiektuan integratu
dira Euskal Herriko unibertsitateetako liburutegiak (EHU, NUP, NU)
zein beste herrialde batzuetakoak ere: Katalunia, Galizia, Portugal
zein Uruguaikoak.

Dialnet gaztelaniaz pentsatuta eta
egituratuta badago ere, eleaniztasunerako pausua eman du. Poztekoa da
benetan. Hala ere, euskarazko interfazea ezinezkoa da. Euskara eta
ingelesa sarritan nahasten dira, baina, tira, hori leku batean baino
gehiagotan ikusita gaude, eta neurri batean edo bestean euskarazko
erabiltzaileak ohituta gaude. Bestalde oinarrizko eremu batzuk,
lehenengo orrian bertan, osatu gabe daude (adb. Saioa ko*>Saioa
konektatu
) edo txarto ageri dira. Adibideak asko dira.

Ez dut uste, Dialnet integratzen duten
Euskal Herriko unibertsitate desberdinek, eta bereziki EHUk, hain zaila dutenik webgunearen itzulpenean kolaboratzea, zenbat lan egun
izan daitezke?

Agian falta dena, gogoa eta borondatea
dira…

Poztekoa da eleaniztasuna, baina
edozerk ez du balio, gutxien gutxienekoak betetzea eskatu behar dugu.

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna Iñaki Agirre(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude