Euskal Estatu independentea, zertarako?

Inkestei buruz, hitz bi:

a) Zenbat eta lagina handiago izan, inkestak hobeki islatuko luke jakin nahi dena

b) Laginaren indibiduoak aukeratzeko mekanismoa: azarezko mekanismoa erabili beharko da

Ez dakigu nola egin den ondoan aipatuko den inkesta. Beraz, datuak cum mica salis hartu beharko dira. Dena den, jarrera orokorrerako sarrera gisa edo interesgarri izan liteke.

Albistea: Euskal Estatuaz: http://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-02-21/euskal_estatuaz.htm

Ane Larrinaga-k dioenez,

 

Euskal Estatuari buruzko ikerketa bat burutu du oraintsu, zertarako eta Euskal Estatuaz euskal gizartean dauden iritziak eta jarrerak zehatz ezagutzeko. Egindako azterlanak bi berritasun ditu. Lehenengoa, hautaturiko aztergaia bera da, estatua. Izan ere, orain arte autonomiaz, independentziaz eta erabakitzeko eskubideaz galdetu zaie euskal herritarrei behin baino gehiagotan, baina ez, zuzenean, estatuaz. Bigarrena, ikerketaren eremua da. Hain zuzen ere, orain arteko lanetan ez bezala, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan gauzatu da aipatu azterketa.”

Emaitzak:

  1. Ikerketaren emaitzen artean, bi nabarmendu nahi ditut hemen, Euskal Estatuari buruz euskal herritarren artean gaur egun dauden iritzi-joera esanguratsu batzuk adierazten dituztelakoan. Lehen ekarpena ikerketaren galdera nagusiari emandako erantzunari lotuta dago. Euskal Estatu baten aukera mahai gainean jarrita, jendeari haren alde edo kontra bozkatuko lukeen galdetu zaionean, inkestaturiko gehienek alde egingo luketela esan dute (%40,7); beste askok, berriz, kontra egingo luketela adierazi dute (%35,3). Eta kontuan hartzekoa da lautik batek (%24) ez duela erantzunik eman edo abstenitu egingo litzatekeela dioela. Datu horiek, noski, proportzio desberdinak erakusten dituzte administrazio-eremuen arabera xehatuz gero. Hala, EAEn agertzen da aldekotasunaren mailarik altuena, eta jaitsi egiten da Nafarroako Foru Erkidegoan eta, are modu nabarmenagoan, Ipar Euskal Herrian. Bestalde, Euskal Estatuaren aldeko jarrera hori handiagoa da herritarren artean zenbat eta gazteago izan, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, zenbat eta hurbilago egon aukera politiko abertzaleetatik, zenbat eta euskara gehiago jakin eta, ikuspegi nazionaletik, zenbat eta euskal herritarrago edo nafarrago sentitu. Era berean, aldeko jarrera hori indartu egiten da inkestatua eta guraso biak Euskal Herrian jaioak badira eta, aldiz, ahuldu, guraso biak eta inkestatua Espainian edo Frantzian jaio badira (ez, ordea beste estatu batean jaio badira; etorkin berriak,adibidez).”

  2. Bestalde, independentziaren alde edo kontra egotea nahiko iritzi finkoa izan bada ere, Euskal Estatuaren alde edo kontra egotea aldakorra izan daitekeela erakutsi du ikerketa honek. Izan ere, estatua lurralde jakin batean eraikitzen den egitura politikoa izatean, herritarrak asebetetzea erakusten dio haren helburu eta itxaropenei erantzuteko gauza den heinean, eta hala egin dute inkestaturiko herritarrek ere estatu berriaren proiektuari dagokionez.

  3. Ildo horretan, honako hau da nabarmendu nahi dudan bigarren emaitza: Euskal Estatuaren kontrako jarrera erakutsi duten inkestatuak prest leudeke aldatzeko, eta, beraz, Euskal Estatuari baietza emateko, gaur egun Espainian edo Frantzian eskaintzen direnak baino gizarte politika hobeak edo demokrazia gehiago ziurtatuko balira. Hala dio ezetza ematen dutenen ia erdiak.”

  4. Neurri txikiagoan, beste herritar multzo bat (%40 inguru) ere gertu dago aldatzeko oraingoa baino egoera ekonomiko hobea edo Europar Batasunaren barruan jarraituko dela ziurtatuko balitz.”

  5. Alderantzizko norabidean, Euskal Estatuaren aldeko botoa eman duen jendea prest legoke iritziz kanbiatzeko, eta Euskal Estatuari ezetza emateko, batez ere, euskararen alde nahikoa ez dela egin pentsatuko balitz. Aldeko aukera egin dutenen bi herenek horixe dio.”

  6. Neurri apalagoan, estatu berriak ez balitu ziurtatuko gizarte politika egonkorragoak, Europar Batasunaren barruan jarraitzea, eta egoera ekonomikoa hobetzea, %30-40 inguruk aldatuko luke botoa ezetzera.”

Datu interesgarriak dudarik gabe.

Falta zaiguna hauxe dateke:

Euskal estatuaren bideragarritasuna argi eta garbi erakusteaz gain (ikus Euskal Herria independentziaranzko bidean (23)), Euskal Herriko udaletan independentziaren aldeko mugimenduak (eta bozketak) antolatzea (ikus Independentzia: denboraz, aldiz eta abarrez).


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude