Moneta modernoa gaztetxoei azaldua (2)

ZER DA DIRUA?1

Beraz, zer da dirua eta zertarako balio du? Lehenik eta behin, bi pertsonaren arteko itun bat da. Akordio bat. Bi pertsona behar dira paper bat dirutzat hartu ahal izateko eta, beraz, monetaren balioa edukitzeko. Pertsona bakar batek uharte batean ez dauka inongo beharrik paper zati batek moneta gisa balio duela esateko, ezin izango baitu inorekin trukatu.

Nola sortzen da dirua? Pentsa dezagun elkar ezagutzen duten bi pertsonengan: Gigi eta Beppe. Gigik Bepperi arrautza bat ematen dio maileguan. Beppek Gigiri arrautza itzuliko diola ziurtatzeko paper zati batean honakoa idazten du: ARRAUTZA BAT ZOR DIZUT. Sinatu eta Gigiri bidaliko dio, horrek onartzen badu betiere. Horrela, egun batzuk geroago, Gigi Bepperen etxera paper zati horrekin joaten denean, Bepperi arrautza bat eska diezaioke. Paper zati hori DIRU bilakatu da.

Gigik eta Beppek adostu dute paper zati horrek biontzat ARRAUTZA BATen balioa duen dirua dela. Dirua, beraz, itun bat da, gutxienez bi pertsonaren arteko akordio bat. Elkarrekin bizi diren pertsonek trukatzen dituzten gauzen balioa erabaki dezakete paper zati batzuekin. Paper zati horiek dirua dira. Halaber, erabaki dezakete beren lana trukatzea dirua izatea erabaki duten paper zatiekin neurtuz.

ESTATU BATEN DIRUA

Pertsonak bandera berberaren azpian batzen direnean, Estatu berean, Estatuak erabakitzen du zein diru erabili, hau da, zer nolako paper zatiak diren diru gisa erabil daitezkeenak. Estatuak egin dezake hori ez delako pertsona bat; areago, pertsona bat baino boteretsuagoa eta handiagoa delako. Hori dela eta, Estatuak aukeratzen du diru gisa erabiliko den paper zatia, eta erabakitzen du ere nola deitu behar den.

Estatuak egin behar duen lehen gauza da pertsonak konbentzitzea berarentzat lan egin dezaten. Estatuak pertsonen lana behar du komunitaterako produktu eta zerbitzu baliagarriak eskaintzeko. Estatuak pertsonekiko gogor samarra izan behar du beretzat lan egin dezaten; beraz, horrela esaten die: urtero itzuli behar dizkidazue nik diru deitu ditudan paper zati batzuk, niretzat egiten duzuen lana ordaintzeko eman dizkizuedanak. Estatuak paper zati horien balioa erabakitzen du, eta paper horiekin berarentzat lan egitea erabaki duten pertsonei ordaintzen die.

Zure lanaren ordu batek paper zati bat balio du. Estatuak erabakitzen du paper zati batek zure lanaren ordu bat balio duela. Hiritarrek estatuari itzuli behar dioten diruari zerga deitzen zaio. Sinesgarria izateko, Estatuak hauxe esaten du: zergak ordaintzen ez badizkidazu, zigortuko zaitut: zure etxearen zati bat kenduko dizut, edo zure autoaren zati bat. Estatuak herritar guztiei zergak ordainarazten dizkien heinean, zergak ordaintzeko Estatuak erabakitzen dituen paper zatiak lortu behar dituzte ezinbestean.

Dirua lor daiteke jadanik Estatuaren dirua irabazi dutenentzat lan eginez. Gainera, Estatuak, paper zatiak erabili gabe, ordenagailu batean izan dezake gastatzen duen diruaren kontua. Soldata bat ordaintzeko langilearen kontuari zenbakiak gehitzen dizkio. Langileak zergak ordaindu behar dituenean, aldiz, Estatuak kontutik zenbaki batzuk kentzen dizkio. Horrela, maisuek, medikuek, poliziek eta abarrek beren etxeko ordenagailuan ikus dezakete zenbat diru geratzen zaien.

Estatuaren ordenagailuko zenbakiak ezin dira bukatu berarentzat lan egiteko pertsonak dauden bitartean, eta herritarrentzat gauza baliagarriak egiteko beharra dagoen bitartean. Egun horretara arte Estatuak bere ordenagailuan soldatak ordaintzeko eta lan egin nahi duten pertsona guztiei lana emateko behar diren zenbaki guztiak idatziko ditu. Guztiek zergak ordain ditzakete aldez aurretik Estatutik dirua kobratu dutelako. Izan ere, lehendabizi Estatuak pertsonei ordaintzen die, eta, ondotik, pertsona horiek Estatuari diruaren zati bat itzultzen diote zergen bitartez.

Estatuak diru gehiago gastatzen duenean herritarrek zergen bidez itzultzen diotena baino, Estatuak defizita daukala esaten dugu. Estatuak defizita daukanean, hiritarrek diru gehiago irabazten dute zergak ordaintzeko gastatzen dutena baino, eta diru zati bat gorde dezakete. Estatuak gastatutako eta hiritarrek zergak ordaintzeko ez erabilitako dirua aurrezki bilakatzen da. Guztiek aurreztu dezaten beharrezkoa da Estatuak defizita edukitzea.

ESTATU BATEN ABERASTASUNA

Giovanni eta Antonioren adibideak argi erakutsi digu aberastasun erreala pertsonek, horiek egiten duten lanak eta beren lanaren bidez sortzen dituzten gauzek osatzen dutela. Diruak eta bitek lana eta lanak sortzen dituen gauzak neurtzen dituzte; dirua eta bitek aberastasuna neurtzen dute, finean. Estatu batek zubi bat eraiki nahi badu, ez du inoiz egingo diruarekin, hau da, ezin du billeteak eta txanponak elkarrekin jarri autoak eta pertsonak igaro daitezen ibaiaren alde batetik bestera. Zubi bat eraikitzeko Estatuak langileak, ingeniariak eta zementu, burdin eta adreilu saltzaileak behar ditu, alegia errekaren alde batetik bestera autoak eta pertsonak pasatzeko zubia eraikitzeko behar den guztia. Hori ordaintzeko bere konputagailuan langileen eta ingeniarien soldatak ordaintzeko dirua idatziko du, baina zementu, burdin eta adreiluen hornitzaileei ordaindutako dirua ere.

Estatua, bere monetaren bidez, gai da aberastasuna sortzeko pertsonen lanaren bitartez. Izan ere, lan egiten duenaren adimenak balioa gehitzen die ekoitzitako gauzei. Halaber, Estatuak aberastasuna sortzen du pertsonek eskaintzen dituzten zerbitzuen bidez. Hori da Estatu batek duen aberastasun erreala.

Pentsa ezazue bizitzeko lekurik ez daukatenentzat etxeak eraikitzen dituen Estatu batean. Edo eskolak konpontzen dituen Estatuan. Pentsa ezazue zenbat aberastasun sortzen duen Estatuak medikuekin, erizainekin eta ospitaleekin, herritarrak sendatzen dituztenean lan egitea, ikastea, bidaiatzea eta abar ahalbidetuz. Azkenik, pentsa ezazue zenbat aberastasun sortzen duen Estatuak, gazteek nahikoa aurreztu dezaketenean ezkondu eta seme-alabak edukitzeko; ikasiko duten seme-alabak, eta ingeniari, mediku, igeltsero, gizarte-langile, mekaniko, elektrikari edo artista bilakatuko direnak. Estatuak aberastasuna sor dezake ez delako pertsona soil bat; ez delako herritar bat beste herritar batzuen artean.

Estatua desberdina da. Soilik Estatuak ezartzen ditu zergak eta soilik Estatuak sortzen du dirua, zergak ordaintzeko erabil daitekeena. Soilik berak sor dezake guztiei lana emateko beharrezkoa den moneta guztia. Benetako aberastasuna sor dezake herritar guztientzat.

(Segituko du.)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude