Moneta modernoa gaztetxoei azaldua (1)

HASI AURRETIK1

Pertsona aberats batengan pentsatzen dugunean, berehala imajinatzen dugu pertsona horrek diru asko duela. Zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta diru gehiago duela alegia. Baina dirua al da aberastasuna? Diruak du benetako balioa? Ala diruaren balioa gauden lekuaren arabera aldatzen da? Hori ulertzeko bi gizon aurkeztuko dizkizuegu: Giovanni eta Antonio. Irudikatu ditzagun biak irla bakarti batean.

ABERATSA eta TXIROA

Antonio bakarrik bizi da ezer hazten ez den uharte batean. Ezer ere ez. Antoniok bere uhartean daukan gauza bakarra diruz beteriko zakuak dira. Diru askorekin betetako zakuak, Antoniok ohe gisa erabiltzen dituenak. Egunez Antoniok diruari begiratzen dio, ezer egin gabe, baina ez dirudi pozik.

Antonio bizi den uhartetik oso urrun Giovanni bizi da. Antoniok ez bezala, Giovannik ez dauka zentimo bakar bat ere. Poltsikoak hutsik ditu. Hala ere, uhartean fruta-arbolak ditu, animaliak eta baita baratze polit bat ere. Giovanni, Antonio ez bezala, egunean zehar ezin da besoak gurutzaturik egon lan handia daukalako. Giovannik lurra landu behar du, eta animaliak zaindu. Horrela zuhaitzetako frutak jan eta animalien esnea edan ahal izango du. Giovanni zoriontsu dago bere fruta eta animaliekin; eta egiten duen lanarekin.

Egoera horretan, nor da aberatsagoa? Aberatsagoa da Antonio, horrenbeste dirurekin uharte batean bizi dena bakarrik edo Giovanni da, bakarrik bizi dena ere uharte batean baina ongi bizitzeko behar duenarekin? Erantzun baino lehen zeuen buruei galdetu ea hobea den uharte batean bakarrik egotea diruz betetako zakuekin ala dirurik gabe egotea baina frutarekin, esnea ematen duten animaliekin eta lurreko beste produktuekin.

Bakarrik baldin bagaude eta soilik dirua badaukagu eta ez gehiago gosez hilko gara dirua ezin baitugu jan. Guztiok nahiago dugu uharte batean bakarrik egon, baina edateko eta jateko gauzak edukitzeko aukerarekin, bizitzeko behar ditugun gauzekin alegia. Ezin dugu dirua jan. Fruta, berriz, jan dezakegu. Horrek esan nahi du janariak balio erreala duela, diruak berezko baliorik ez duen bezala. Aberastasuna lurreko produktuetatik dator, animalietatik, lurra lantzeko eta animaliak hazteko beharrezkoa den lanetik eta lan egiteko sortzen ditugun tresnetatik.

(Segituko du)


1 Ikus Liburuxka berezia. (Itzulpenaren orrazketa Castillo Suarez lagunak egin du. Mila esker, Castillo!)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude