Eskozia (2)

Monetari eta politika fiskalari dagokienez, Eskoziako balediko egoera independentea ukitu dugu orain dela gutxi lantxo batean[1].

 

Hona hemen beste deklarazio batzuk.

 

Lehen deklarazioa John Swinney Finantza ministroak egin du[2], eta kazetariak zenbait iruzkin.

 

Esana:  Luze gabe, egun duen ezegonkortasuna ikusirik, ez dut ikusten eurora batzeko gako ekonomikorik.

 

Kazetariak dioenez, diru propioa arrazoi berberengatik baztertuta, liberari eutsi nahi diola iragarri du.

 

Azken baieztapenari aipaturiko loturan[3] kritika egin nion.

 

Kazetariaren iruzkinak eta tartean iruzkinen gaineko nire iruzkinak:

 

“…oztopoak. Lehenik, liberari eutsiz gero Londresen gidatuko lukete diru politika, Ingalaterrako Bankuak zehazki. Hark erabakiko luke zein interes tasak izango lituzketen Erresuma Batuan geratzen diren nazioak eta Eskoziak. Eta gerta liteke, euroaren eremuan ohikoa denez, baten intereseko tasak bestearentzat kaltegarri izatea.”

 

Bigarrenik, azken buruko mailegatzailearen kontua dago. Hau da, nork bermatzen du Eskoziako estatuak edo hango bankuek zorrak pagatuko dituztela? Euroguneko krisiari begiratuz gero, garrantzi handiko puntua da. Europako Banku Zentralak ez du zeregin hori, ezin baitie estatuei dirurik utzi.”

 

(Ezagun samarrak egiten zaizkit baieztapen horiek.)

 

Zein neurritaraino mugatuko luke libera onartzeak Eskozia independentearen diru eta zerga politika? Asko, erantzuten dute independentziaren aurkakoek.  Libera pozoia da Eskozia independentearentzat, ziurtatu du John Kay irakasleak. Salmonden kolaboratzaile ohiarentzat, jendeak galdetuko lioke bere buruari zein den independentziaren arrazoia orduan. SNPk erantzuten du Eskozia independenteak beste herrialde batzuek bezainbesteko mugak izango lituzkeela. Eta hain txarra ezin duela izan, OCDEko hogei estatu aberatsenetatik hamaika diru batasunetan daudela kontuan hartuta.

 

(Hau porrusalda ederra: independentziaren aurkakoek argudio ona ematen duten bitartean, SNP-k OECDko estatu aberatsenen egoera aipatu bide dute. Non daude monetari eta politika fiskalari dagozkien argudioak?)

 

Negoziazioak dira giltza

 

Berez, Erresuma Batuak ezin dio Eskoziari debekatu libera erabiltzea, diru hori libreki trukatzen delako. Inori baimenik eskatu gabe erabiltzen dute euroa Montenegrok eta Kosovok, eta dolarra Ekuadorrek eta Panamak. Baina herrialde horiek ez dute diru batasunik osatzen eurogunearekin edo AEBekin, eta ez dute inolako eraginik EBZn edo Erreserba Federalean. SNPk, ordea, nahi du Eskozia independenteak diru batasun bat sortzea Erresuma Batuarekin eta Ingalaterrako Bankuaren aterkipean geratzea. Hori negoziatu egin beharko du, eta negoziazio orotan gertatzen den bezala, Eskoziak bere subiranotasun berreskuratu berriaren zati bat utzi beharko du. Diziplina fiskala eta fidagarritasuna erakutsi beharko die merkatuei. Horrek ezinbestean ekarriko luke aurrekontu politika erabat independenterik ez egitea, defizitak kontrolpean egon behar duelako. Euroguneko herrialdeak martxotik aurrera gehiago lotuko dituen Itun Fiskalaren antzeko ituna beharko du, baina liberako diru batasunaren barruan.

 

Zerga politikan ere izango luke eragina. Eurogunean oraindik ez dute sakondu, baina diru batasunak aurrera egiteko hurrengo urratsetako bat izango da zerga politika gehiago bateratzea. Horrek auzitan jar ditzake SNPren asmoak sozietate zerga jaisteko. Irlanda izan da haren eredua, %12,5eko zergari esker multinazionalen inbertsio asko erakarri ahal izan dituelako. EBren barruan Alemaniak eta Frantziak nekez onartuko liokete hori Eskoziari, eta Erresuma Batuak ere ez. Independentzia, hortaz, etortzekotan zenbait mugarekin etorriko da.

 

(Eskozia independenteaz, diru batasunaz, Ingalaterrako Bankuaren aterkipeaz, negoziazioaz, diziplina fiskalaz, merkatuekiko ‘fidagarritasunaz’, aurrekontu politika ez-independenteaz, defiziten kontrolaz, EBko itun fiskalaren antzekoaz aipatzen denak argi erakusten du DMT-tik oso urrun daudela, antipodetan!

 

Gainera zerga politikan ere eragina. Hortaz?

 

Lasai!  

 

Independentzia, hortaz, etortzekotan zenbait mugarekin etorriko da.

 

Eskozia independentea ote? Maila monetarioan? Arlo fiskalean? Are arlo industrialean?

 

Bigarren deklarazioa Jim Mather-ek, Eskoziako Enpresa ministro ohiak egin du[4]:

 

Eskozia independenteak libera esterlinari eutsiko liokeela esan du Alex Salmondek. Ez al da hori subiranotasun asko galtzea?

 

Hiru aukera daude: liberari eustea, gure diru propioa sortzea edo euroan sartzea. Ez dira garai onenak euroan sartzeko, ezta diru propioa sortzeko ere; diru ahulak jarrera harrapakinak jasaten dituzte merkatuetan; liberan jarraitzeak dirudi, beraz, logikoena. Gaur egun Eskoziak ez du zer esanik diru politikan, ez du zer esanik interes tasetan eta ez du zer esanik zerga kontuetan. Eskozia independente batek behintzat zerga politika erabaki ahal izango luke. Hori hobekuntza nabaria izango litzateke. Benetan uste dut biderik onena dela; agian ez da perfektua, baina daukaguna baino hobea da. Geroago, euroak bere indarra eta garrantzia berreskuratzen duenean, euroa har dezakegu ona bada Eskoziarentzat eta erreferendumean eskoziarrek onartzen badute.

 

Baina zer interes izan dezake orduan Ingalaterrako Bankuak Eskoziaren azken buruko mailegatzaile izatearekin?

 

Baina zein da benetako azken buruko mailegatzailea? Bene-benetan Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua dira, eta nire esperientziagatik diot beste hainbat banku baino pragmatikoagoak eta eskuzabalagoak direla. 

 

Kritika:

 

DTM ez ulertzea erakusten du, argi eta garbi, lehen erantzunak. Gainera zerga politika erabakitzerakoan, Erresuma Batuan moneta berbera egonik, arazoak sortu daitezke. Nork kontrolatuko du Eskoziako politika fiskala, zein neurriren bidez? Zer nolako lotura egongo litzateke Eskoziako Banku Zentralaren eta Altxor Publikoaren artean?

 

Hori guztia, eta gehiago, argitu beharko dituzte eskoziarrek!

 

Bigarren erantzunean, DTM ez ulertzeaz gain, moneta jaulkitzailearen eginkizunaz ez jakiteaz gain, moneta erabiltzailearen eta jaulkitzailearen arteko funtseko desberdintasunaz ez jakiteaz gain, NDF-ri eta MB-ri buruz aipatzen duen eskuzabaltasuna, benetan harrigarria da, sinplekeria hutsa. Umetxo batek egingo ez lukeena.

 

PS: Euskal Herriko hainbat txokotan Eskozia era liluragarri batez aipatzen denean, ba ote dakigu zer aipatzen dugun, zertaz ari garen. Dudatan nago.

 


 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude