Diru teoria modernoa, hasiberrientzat

Diru teoria modernoaren zenbait ezaugarri ezagunak ditugu jadanik[1].

Hona hemen edozein herrialde subiranoz jakin behar dena eta, ondorioz, berak egin behar duena: (1)  Banku zentralak zuzenki Gobernuaren zorra eros dezake beti, eta horrela gastu publikoa erraztu, bono merkatura jo gabe. (2)  Monetak atzerritar truke merkatuetan libreki flotatzen du. (3)  Gobernuak ez du beharrezkoa maileguz hartzea atzerritar monetetan. (4) Edozein herrialde subiranok ez du inolako solbentzia arriskurik.

Hala ere, horrek ez du esan nahi arazo guztiak konponduta daudela. Izan ere, herrialde askok langabezia-tasa handiak dituzte eta beste batzuek zereginik gabeko ahalmen produktiboa. Herrialde horien gobernuak fiskalki arduragabe dira, zeren beraiek ahalmena baitaukate erabili gabeko baliabide horiek produkzioan martxan jartzeko[2].

Bill Mitchell-en iritziz, gobernu federal baten gastuetan mugapen fiskalik ez egoteak ez du esan nahi gobernuak ez duela kezkaturik egon behar bere defizitaren tamainaz. Haren hitzez, “I would never advocate unlimited deficits.” Defiziten (edo soberakinen) tamaina merkatuak determinatuko du, ez-gobernuko sektoreak, aurrezki netoaren desioaren bidez. Baliteke hori ados ez egotea enplegu osoarekin; beraz, gobernuaren erantzukizuna da zergapetze/gastatze hori maila egokian segurtatzea, berdintasun hori enplegu osoarekin gauzatzen dela bermatzearren.

Izan ere, transakzio korronteen sumak zero berdintzen duenez, hiru sektoreen balantzea honela idatz daiteke[3]:

(A – I) = (G – Z) + (E – i).

Alegia, aurrezki pribatu totalak (A) hauexek berdintzen ditu: barne inbertsio pribatua (I) gehi defizit publikoa (gastuak, G, ken zergak, Z) gehi esportazio netoak (esportazioak, E, ken inportazioak, i).

Hortaz, kanpo defizit batek (E – i < 0) superabit publiko bat (G – Z < 0) berdintzen duenean, defizit pribatu batek egon behar du. (Denboran zehar gastu pribatuak iraun dezake kanpoko sektorearen aurrezki netoak erabiliz; orduan, prozesu horretan sektore pribatua gero eta zordunago bilakatzen da.)

Alderantziz, kanpoko superabita dagonean, balantza publikoa (aurrekontua) superabitean egon daiteke, barne sektore pribatuari aurreztea ahalbidetuz.

Baina aurrezki pribatuak sendo direnean (eta kanpo superabita gainditzen duenean) orduan defizit publiko batek (aurrekontu) egon behar du, hazkunde ekonomikoa sostengatzeko.

Aipatutakoa da ekonomia mistoaren funtsa. Ez da iritzi edo interpretazio bat, kontabilitate hutsari dagokion analisia baizik.

Hortaz, sektore pribatuaren maileguz hartze netoak aktibo finantzarioen eskuratze netoa (aurrezki pribatua ken inbertsioa) ken ordainketa-balantza superabita (edo plus defizita)  berdintzen du.

Gobernuak defizit gastutik alde egiten duen heinean, sektore pribatuaren zor maila igotzen da. Hauxe da bizi dugun aro neoliberalaren ezaugarritako bat.

Arrazoia argi dago. Kausalitatea politika fiskaletik sektore pribatura doa: gainontzeko munduko kontuarekiko eragina oso astiro aldatzen den bitartean, politika fiskalak berehala erantzuten die gastuei eta zergapetzeei buruzko gobernuaren erabakiei. Gastu eta zergapetze horien kantitateek eta kalitateek definitzen dute gobernu horren jarrera soziala, horren ezkerreko ala eskuineko jokaera.

Ekonomia mistoa edozein gobernuk erabiltzen du. Beraz, ez dagokio ezkerreko gobernuari ala eskuineko gobernuari. Ezkerreko eta eskuineko labela gastu publikoetan eta zergapetze motetan azaltzen dira.

Beste aldetik, interes-tasei dagokienez, banku zentralek jarri dituzte azken ehun urte, batez ere monetaren atzerritar truke-tasak egonkortzeko. Hala ere, 1990ko hamarkadatik, banku zentralek diru-merkatua kredituz bete zuten interes-tasak jaisteko, eta, beraz, merkatu-prezioa eta aktibo, bono eta higiezin errealen tasa-kapitalizazioa puzteko. Hyman Minsky-k egoera horri finantza-zikloen Ponzi fasea deitu zion non bankariek, zorren merkatariak izanik, batez ere, eskuratzen dituzten aktiboetan eta merkatuan saltzen dituzten pasiboetan ahalegintzen baitira[4].

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna joseba(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude