Diru teoria modernoaren funtsa

Dirua existitzen da estatu-zergak direla eta[1].  Wray-k fokapen honi subiranotasun-ikuspegia deitzen dio, zeren estatuak aukeratutako kontu-unitatea izendatutako moneta jaulkitzeko, estatuaren gaitasunarekin lotzen baitu.

Kontu-unitatea estatuak aukeratzen du, zergak izendatzeko. Zergak soilik unitate horietan ordain daitezke. Zergak monetizaturik daude. Ez-gobernuko sektorean dirua kreditu/zor moduan jaulkitzen da. Estatuak, aldiz, bere hiritarrak lehendabizi zordun egoeran jartzen ditu, zergak zorra izanez, zor-ordainketetan onartutako dirua jaulki baino lehenago. Hauxe da nazio moderno guztiek erabilitako metodoa estatu-sektorera baliabideak mugitzeko. Hortaz, hala estatu-dirua nola kreditu pribatuko dirua ez da neutro. Dirua beti, izaeraz, harreman sozialetan oinarritzen da.

Gastuak finantzatzeko, estatu-diruaren sormena ez dute mugatzen aurreko zergek edo bonoen salmentek. Wray-k dioenez, gobernua diruaren monopolio hornitzailea da eta beti dirua jaulki dezake edozein gauza erosteko, geroago barneko monetatan salmentarako izateko. Hau da, estatua finantza-arloan beti gai da burtsa indargetuko programa bat erabiltzeko, merkantzia berezi bat erosteko (kasu honetan, lan-indarra) eta dirua bukatuko delako inolako beldurrik barik.

Beste aldetik, inongo merkatu mekanismok ezin du bermatu enplegu osorik. Hortaz, estatua beharrezkoa da enplegu osoa bermatu ahal izateko. Hori dela eta, diruaren sormena estatuaren zereginarekin lortzen du diru teoria modernoak: estatu-diruaren sormenak gobernuaren gastua finantzatzen du. Ikuspegi honetan, diru endogenotasunak ‘zentzu publikoa’ dauka.

Diru teoria modernoak esplikatzen du moneta subiranoak nola funtzionatzen duen[2]. Gobernu subiranoak gastatu egiten du banku-kontuak kreditatuz, zergatu egiten du banku-kontuak zergapetuz eta bonoak saltzen ditu. Azken 20 urteotan diruaren teoria modernoa erabili dute hainbat ikerlarik ondoko zereginetan: prezioen egonkortasunean (hots, inflazioaren aurkako politikan),  gizarte segurantzan eta pentsioetan (adineko jendeak behar dituen baliabideak hornituz) eta enplegu osoan (gobernuak langabetuak enplegatuz, azken horiek nahi baldin badute).

Azken puntu hau garrantzi handikoa da. Izan ere, gobernua azken baliabideko enplegatzailea (Employer of Last Resort, ELR) da. Horrek suposatzen du, lan egin nahi duen edozeini (hortaz, programa erabat borondatezkoa da) enplegua hornitzea, oinarrizko konpentsazio uniforme baten trukean (alokairuak gehi mozkinak). Employer of Last Resort (ELR) programaren helburua langabezia murriztea da, inflazio-tasa txikia bermatuz. Estatuak dirua sortzen du aurretik determinaturiko soldatapean lan egin nahi dezakeen langile bakoitzari alokairuak ordaintzeko.

Wray-ren ustez, diru balioaren egonkortasuna ELR programaren eratzeari lotzen zaio, non estatuak alokairuak ezartzen baititu eta inflazio-tasa txikia segurtatu. Wray-ren aburuz, lan-indarra merkantzia da –petrolioa, tomateak edo urrea diren bezala- eta alokairua merkantzia hori erosteko prezioa da. (Enplegu osoa bermatzeko lan-indarraren erosketak eta ondasunen erosketek izaera berbera dute.)

Hona diru teoria horren zenbait ezaugarri: (a) Diru teoria modernoa koherentea da edozein gobernu-gisa eta tamainarekin, gobernua txikia edo handia delarik. Berak flotatzen den moneta subiranoa jaulkitzen du, eta moneta babesten du moneta horretan zerga ordaingarri bat inposatuz. (b) Azken baliabideko enplegatzailearen rola ere koherentea da edozein gobernu-tamainarekin. (Sektore pribatu handiarekin eta gobernu-sektore txikiarekin, zergak eta gobernu gastuak baxuak behar dira. Horrek baliabideak askatzen ditu, sektore pribatu handian erabili ahal izateko. Baina ELR-ek  sektore pribatuak enplegatu ezin dituen lan-indarren baliabideak hartu behar ditu. (c) Azken baliabideko enplegatzailea izan daiteke norberak nahi duen bezain dezentralizatua. (Gobernu federalak, gobernu lokalek edo gune bateko gobernuak lanpostuak sor ditzakete, nahiz eta alokairuak gobernu zentralak ordaindu. Halaber, esperimentu arrakastatsuak egon dira kooperatibekin.) (d) Diru-ekonomia baten arazoa da hasieratik zergen inposizioak langabezia sortzen duela (zergak ordaintzeko dirua bilatzen dutenena).  Gaur egun, gure monetizaturiko ekonomietan, jateko, telebista ikusteko, telefono mugikorrekin hitz egiteko eta abar oso luzeetarako dirua behar da, eta jende guztia dirua bilatzen ari da (ez soilik zergak ordaintzearren!, noski). Hortaz, erokeria da sektore pribatua gobernuaren zergek sorturiko langabeziaren arazoa konpontzeko behartua izatea. Sektore pribatuak ez du inoiz enplegu osoa hornitu (ez hornituko). Sektore pribatuari sostengatzeko, ELR beharrizan logiko eta enpirikoa da. Sektore pribatuko enplegurako osagarria da, ez inolako ordezkorik. (e) Aipaturikoa da ekonomia mistoaren funtsa. Sektore biek funtzionatu behar dute eta gizarteari eman, beharbada sozialismo berria deituriko ongizatea bilduz.

Hona hemen, etsenplu gisa, gaur egungo arazo erabat adierazgarria: Wray ekonomialariak berriz ekin dio Greziari eta Eurolandiari[3].  Greziako zor krisiari irtenbidea emateko, hala Europako banku zentralak (EBZ) nola Nazioarteko Moneta-Fondoak (NMF), ekonomia lehiakorragoa izateko, alokairuak jaistea eta pentsio osoa jasotzeko urte gehiago lan egitea proposatu dute, euro guneko bizitza estandarrik minimoenak eta baxuenak ekarriko dituen programa. Europako Batasunean (EB) moneta bakarra dagoenez, EBko herrialde bakoitzak estrategia berbera onar dezake, zerga errenten bilketa murriztuz, eta ondorioz, aurrekontu defizitak ezin izango dira txikitu. EBZ-k eta NMF-k proposatutakoa ez dator bat, inondik inora, epe luzeko europar konbergentziaren helburuekin; alderantziz, baizik.  Gainera, Wray-ren iritziz, azken emaitza EB deuseztatzea izan daiteke.

 Hortaz, EB deuseztatzekotan, arazoa, funtsezko arazoa,  EBkoei beraiei dagokie, zeren ez baitute ulertzen diru teoria modernoaren funtsa[4] zein den.


[1]  Ikus Randall Wray, 1998. Understanding Modern Money: The Key to Full Employment and Price Stability.

[2]  Ikus http://newecs onomicperspectives.blogspot.com/2010/07/towards-libertarianaustrian-modern.htm.

[4] Hona diru teoria modernoaren funtsari buruzko zenbait lan interesgarri: a) Teoria bera:  http://www.moslereconomics.com/wp-content/graphs/2010/08/MMT-Scott-Fullwiler.doc; http://agonist.org/bolo/20100426/modern_monetary_theory_an_overview; http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=8117 eta http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=7591; halaber, ikus Modern Monetary System, in http://moslereconomics.com/2010/08/31/press-release-2/; b) Diruaren hierarkia, Minsky-ren ildotik:  http://papers.ssrn.com/sol3/papers.cfm?abstract_id=96845; c)  Finantzatzen ote dute zergek eta bonoek gobernu-gastua?: http://papers.ssrn.com/sol3/papers.cfm?abstract_id=115128: “Zergapetzeak eta bono-salmenatak ez dira gai gobernu-gastua finantzatzeko. Gaur egungo gobernuek beren gastu guztia finantzatzen dute diruaren sormen zuzenaren bidez. Ezaugarri honek politika fiskalarako eta politika monetariorako aparteko eraginak dauzka” (ikus http://e1.newcastle.edu.au/coffee/education/public_lectures/Macro_Lecture_3_May_27_2009/Global_financial_crisis_lecture_3.pdf); d) Halaber, gehigarri gisa, ikus honako lan hauek: http://moslereconomics.com/mandatory-readings/what-is-money/; http://moslereconomics.com/mandatory-readings/full-employment-and-price-stability/; http://moslereconomics.com/2009/02/20/galbraithwraymosler-submission-for-february-25/; http://moslereconomics.com/mandatory-readings/soft-currency-economics/.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude