Historikoki, kooperatibak soldatapeko langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Beste estatus berri bat asmatzea izan zen abiapuntua. Horretarako langilegoaren jabetza integrala kontzeptua erabili izan dute.
Kooperatibismoak langilegoaren partehartze juridikoa eta ekonomikoa ahalbideratzen du: partehartze juridikoa, langilea bera enpresaren bazkidea delako, enpresaren jabe. Partehartze ekonomikoa, irabaziak langileen artean banatzen direlako eta bestetik, langileak bere lanpostuaren jabetza eskuratzen duelako, hau da, enpresaren eguneroko kudeaketan parte hartzen du, gestio eredu partehartzaileen bitartez. Partehartze multidimentsional honi langilegoaren jabetza integrala deitu diote.
Gaur egun, kooperatibek (eta horien artean, Euskal Herrian kokatuta dauden kontsumo eta industri kooperatiba ahaltsuek) beren izaera partehartzailea erabiltzen dute marketing tresna gisa. Eta marketing estrategia honen inguruan, mitologia konplexua gauzatu dute. Baina mitologia hori, %100ean benetazkoa da? Kooperatiben izaera autoeratua itxura hutsa baino zerbait gehiago da?
Sharryn Kasmirrek The Myth of Mondragon liburu polemikoan aztertu zuenez (1999. urtean Txalaparta argitaletxeak gaztelerara itzuli zuen), gaur egungo kooperatibetan menpekotasun harreman berri bat sortu da. Eta horretarako ez gara bakarrik garatu gabeko herrialdeetara joan behar (herrialde horietan, Euskal Kooperatibek enpresa kapitalistak sortu dituzte). Gogora ekarri dezagun Euskal Herriko kooperatibetan lanean diharduten soldatapeko langileak. Menpekotasun harreman berri baten bazkide dira. Eta XIX mendean gertatzen zenarekin alderatuta, orain soldatapeko langile horien “ugazabak” ez dira enpresari kapitalistak, bazkide kooperatibistak dira. Aurrerago aipatu dugun bezala, kooperatibak elkarte kapitalistetan langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Orain, kooperatibak bestelako prozesu batean sartu dira.
Jesús Rubio EHUko irakasleak ondo baino hobeto azaltzen du menpekotasun harreman honen sorrera eta zergatia (Analisi ekonomikotik hurbilpena, Kooperatiben enpresa-ekonomia liburuan argitaratutako artikuluan, Arrasaten, 2005. urtean): egungo kooperatibistek, beren irabaziak maximizatu nahi dituzte eta horretarako, soldatapeko langileak kontratatzen dituzte. Soldatapeko langileek beren lan produktiboaren bitartez enpresaren jarduera ekonomikoa sustatzen dute, irabaziak sortuz. Kontua da langile horiek ez dutela irabazietan parterik hartzen: irabaziak kooperatibistek jasotzen dituzte. Esplotazio eredu hau berria da kooperatibetan (90. hamarkadan hedatu zen) eta kasu honetan, esplotatzailea bazkide kooperatibista bera da. Eta noski, menpekotasun harreman hori eremu juridikoa eta ekonomikoa gaindituz, eremu psikologikora ere heltzen da (bigarren mailako personak, pertsonez zuzendutako enpresa batean: diskriminazioa).
Euskal Kooperatibismoak mitoa baino zerbait gehiago izan nahi badu, soldatapeko langilegoaren egoerari aurre egin behar dio. Horretarako, maila mikroekonomikoan behintzat, Arizmendiarrietak berak proposatutako proiektuaren oinarrietan sakondu beharko genuke eta menpekotasun harreman berriak gainditzeko tresnak aurkitu.
Bukatzeko, Euskal Herriko Kooperatiben soldatapeko langileak omendu nahi nituzke, eta bereziki, zu, Uritz. Kolpeak lagunek jasotzen dituztenean, orduan ohartzen gara gaitzaren benetako tamainaz.
Ander Alvarez says:
Zure kritikarekin erabat ados nago. Kooperatibista eta soldatapekoen arteko aldea nabaria da (Bizkaiko kooperatiba batean, epe mugatuko kontratupean lanean ibili den txori txiki batek abestu zidan kantu hori).Hala ere, zure jarrera ere kritikatu behar dut: kritikak, irtenbideei lotuta egon behar du eta zure mezuan, ez dut aukera ez alternatiba berririk antzeman. Kritikak egiten ausartak izan behar gara. Baita proposamen berriak argitara ematen ere.
Unai says:
Egia
da, Ander, kritika orok proposamen zehatza eta pragmatikoa alboan
izan behar duela. Ultra-ezkertiarrek kritika zorrotzak botatzen
dituzte, baina beren proposamenak ezin dira epe laburrean aplikatu.
Proposamen horiek ez dira errealistak eta ezin dira errealitatean
zuzenean aplikatu sistema bera errotik aldatu gabe.
Nire
mezuaren bukaeran, MCCek bere oinarri ideologikoetan sakondu behar
zuela proposatzen nuen. Hori da hain zuzen LANKI
ikertegitik proposatzen dutena: bidean geldi aldi bat egitea, “nondik
gatozen eta nora goazen” hausnartzeko. Hausnarketa
horretatik, autoeraketaren baloreak egoera berrira moldatzeko erak
bilatu nahi dituzte.
Hona
hemen filosofia horri lotuta (edo apalki lotu nahirik), bota
ditzakedan zenbait irtenbide:
Soldatapeko
langileak, “aldi baterako bazkide koopetibistak” bihurtzea.
Soldatapeko
langileak elkartu behar dira, goi-mailako egitura batean, eta
egitura horren bitartez, hau da, langileen elkartasunaren
bitartez, kooperatibaren kudeaketan eta irabazietan parte hartu.
Bi
alternatiba horiek ez dizkizut mezu honetan azalduko. Ander,
ez zaitut aspertu nahi! Jarraitu nire mezuak irakurtzen: bertan,
argibide gehiago izango dituzu.
Unai says:
Ander, aurreko mezuan bi proposamen aipatu dizkizut. Orain lehenengo proposamena garatu nahi dut (kritika zehatzek proposamen zehatzak behar dituzte):
Soldatapeko
langileak, “aldi baterako bazkide koopetibistak” bihurtzea. Bi
arazo topatu ditzakegu:
Lehenengo arazoa: Aldi
baterako bazkideek Gizarte Segurantzaren erregimen orokorraren
prestaziorik garrntzitsuena jaso beharko lukete: langabeziaren
prestazioa. Aldaketa honek administrazioaren parte hartzea
eskatzen du. Aldi baterako bazkideek Gizarte Segurantzaren erregimen
orokorrean kotizatu beharko lukete (era horretan, prestazio minimoak
jasoko lituzkete, esate baterako, langabezia). Gaur egun, aldi
baterako kooperatibistek, gainontzeko kooperatibistek bezala, ezin
dute erregimen orokorrean kotizatu, eta horrek formula juridiko honen
erabilera oztopatzen du (ez da erakargarria aldi baterako
bazkidearentzat, bere kontratua bukatzean, ez duelako langabezia
kobratzen: hau da legez aldatu behar dena).
Bigarren
arazoa: bazkide kooperatibisten irabaziak txikituko dira, aldi
baterako bazkide berriek irabazi horietan parte hartuko baitute.
Zelan zuzendu jatorrizko bazkideen irabazien jeitsiera? Aldi baterako
bazkideen irabaziak ez dira zuzenean bazkideen artean banatuko (ez
dira monetarizatuko), kooperatiban bertan inbertituko dira, kapital
sozialean. Hala ere, ez dira bazkideen ekarpen moduan
kontabilizatuko, Menpeko Finantza Ekarpen moduan
kontabilizatuko dira. Horrek enpresa finantziarioki indartuko du.
Zergatik? Kooperatibaren bazkidea, enpresa uzten duenean, bere
kapitala/inbertsioa berreskuratzeko eskubidea du. Horrek, enpresaren
deskapitalizazioa eragiten du. Aldi baterako bazkideen inbertsioa,
ekarpen moduan kontabilizatuz gero, ez litzateke baliabide finkoa
izango. Eta horrek ez luke enpresaren bideragarritasuna bematuko.
Hala ere, Menpeko Finantza Ekarpenak (MFE) erabiliz gero, arazo hau
ekiditu dezakegu: Kooperatibaren Enpresaren Fondoak osatzen dituzten
kapital ekarpenak dira eta ekarpen horien kitapena, kooperatiba
beraren kitapenean gertatuko da (baliabide finkoa edo
ez-galdagarria). Ekarpenak zuzkitu duenak, bere inbertsioa
berreskuratu nahi badu, merkatuan saldu ditzake. Ondorioz: aldi
baterako bazkideak, bere irabazien %100a enpresan inbertituko ditu
eta bere kontratua bukatzen denean, bere inbertsioaren %100a
berreskuratuko du, MFEen tituluak merkatuan salduz (diru hori ez da
kooperatibatik aterako: tituluen jabetza eskubidearen titulartasuna
aldatuko da). Jatorrizko bazkideek irabazi gutxiago jasoko dituzte,
baina kooperatiba indartsuagoa izando da. Aldi baterako langileak,
irabazietan parte hartuko du eta bere egoera pertsonala hobeagoa
izando da (partehartze ekonomikoa eta juridikoa).
Unai says:
Oraingoan, Ander, aipatu dudan bigarren proposamena garatuko dut:
Langileen
arteko elkartasunaren bitartez, soldatapekoek kooperatibaren
kudeaketan eta irabazietan parte hartu dezakete.
Estatu
Batuetako sindikatuek, “Democratic ESOP” tresnaren bitartez
(Employee Stock Ownership Plans), enpresatik autonomoak diren
inbertsio fondoak sortu dituzte. Fondo hori enpresa bateko
soldatapeko langileen kapital ekarpenek sortzen dituzte. Bestetik,
fondoa bera enpresaren kapitalean txertatzen da eta era horretan,
enpresaren erabakietan eta irabazietan parte hartzen du. Fondoaren
barruko antolaketa demokratikoa da: boto eskubidea ez da langile
bakoitzak egindako kapital ekarpenaren arabera zehazten, “pertsona
bat, boto bat” printzipioaren arabera baizik.
ESOP-ak
kapital sozietateetan erabili izan dira: hala ere, kooperatibetan ere
aplikatu daitezke. ESOPa beste enpresa baten izaera izango du, eta
hainbat formula juridiko erabili ditzake (kooperatiba, sozietate
anonimoa edo sozietate zibila). ESOP-a bezala sortutako erakunde
autonomo berria kooperatiba elkartearen barnean txertatuko da
kooperatibaren “bazkide laguntzaile” bezala. Era horretan, ESOP
enpresaren bazkideek (kooperatibaren soldatapekoak) kooperatiban
parte hartuko dute (finantziarioki, ekonomikoki eta politikoki).
Nork
gidatuko du ESOP enpresa berria? Kooperatibaren soldatapeko langileek
eragin zuzena izango dute bertan, noski. Hala ere, ESOPak egitasmo
iraunkorra izan behar du eta ondorioz, soldatapeko langileez gain
beste eragile “egonkorragoa” egon beharko litzateke ESOParen
gidaritza lanetan. Eragile horiek sindikatuak dira. Hona hemen
sindikalgintzaren beste erronka bat: enpresetan zuzenean parte
hartzea eta partehartze horretatik, langileen lan baldintzak hobetzea
(Alemaniako kogestio kasuetan bezalaxe).
Nire
azalpena bukatu aurretik:
Zein
da kooperatibetako “bazkide laguntzailea”-ren arauketa?
Euskadiko kooperatiben legearen 19.2. artikuluak bazkide
laguntzailearen arauketa ezartzen du: kooperatibaren xedea bete
betean gauzatu gabe ere, kooperatibari xede hori betetzen laguntzen
dioten pertsona fisiko edo juridikoak, pribatu zein publikoak,
bazkide laguntzaileak izango dira. Beren eskubide eta betebeharrak
elkartearen estatutuetan erabakitakoaren arabera arautuko dira eta
estatutuetan horren gaineko arauketarik ez balego, aldeen artean
hitzartutakoaren bidez. Bazkide laguntzaileak ezin izango dute,
guztira, botuen herena baino gehiago izan, ez Batzar Nagusian, ez
Artezkaritza Kontseiluan. Hala ere, legeak salbuespen bat ezartzen
du: Kooperatiba Elkarteren bat bazkide laguntzaile izanez gero,
botuen herena baino gehiago kontrolatu ditzake. Salbuespen hori,
Kooperatiben arteko elkartasun printzipioaren aplikazio praktikoa
da.
Errealitate
kooperatiboan ESOParen antzeko tresnarik inoiz aplikatu izan da?
Badugu adibide zehatz bat. GESPA eredua Eroski Taldearen hedatze
prozesuan aplikatu da. Eroski Kooperatibak Kapital Elkarteen bidezko
zabalkunde egitasmo bat burutu du, alde batetik Espainiar Estatuko
merkatua kontrolatzeko eta bestetik, kooperatibaren izaera
juridikoak ahalbideratzen ez dituen baliabide finantziarioak lortu
ahal izateko. Eroski Taldeak estatuko kapital elkarteen soldatapeko
langileen partehartzea sustatzeko tresna juridiko bat sortu du:
GESPA elkartea (Gestión de Participaciones, Sociedad Civil
Particular). Elkarte Zibil honen bitartez, EROSMER IBERICA SA-ko
soldatapeko langileek euren enpresaren kapital sozialaren %4,50a
kudeatzen dute (beti ere, kooperatiba nagusien kontrolpean eta
langileen ordezkaritza zuzenik gabe). Horrez gain, kapital zuzkidura
txiki honek ahalbideratzen duen partehartzea sendotzeko, EROSMER
IBERICA SA-ren estatutuak egokitu egin dira, langileen eskumenak lan
erregimenean zabaldu ahal izateko. Geure ustez, EROSKI Taldeak
proposatutako tresna juridikoa oso eragile interesgarria da hedatze
prozesuetan filialen demokratizazioaren hastapenak eraikitzen
hasteko: alde batetik, langileen partehartzea sustatzen du, hauen
inplikazio sozio-produktiboa bultzatuz. Bestetik, eredu oso
“prakmatikoa” da, guztiz “posibilista”, izan ere filialekiko
kontrol osoak Kooperatiben esku izaten jarraitzen du. Azken
ezaugarri honek kontraesan nabari bat sortzen digu, kooperatiben
ohiko balioekin alderatuz; ondorioz, GESPA eredua Kooperatiba baten
partehartze mailarekin konparaezina dela ziurtatu dezakegu. Filialen
demokratizazioaren abiapuntua izan daiteke, guztiz balizkoa baita
horrelako eredu bat aplikagai izatea; baina, gehienez jota,
autoeraketa baino, egitura kogestionatu baten antolaketa maila
eskuratu dezake. Edonola ere, gure ustez Kooperatiba Transnazionalei
alternatiba osotuago bat planteatu ahal izateko, GESPA ereduak
azterketa sakon baten premia dauka.
joseba says:
Gipuzkoako herri txiki bateko kooperatiba handi batean gertatua: aita izan eta etxea erosi berri zuen herriko gazte bat, urtetan enplegua eman zion elkarte anonimoa utzi eta herriko kooperatiban sartu zen. Bi hilabete lanean zeramatzala, denbora luzean belauniko egoteko arazoak zituela argudiatuz (tendiniti kronikoa), lanpostu aldaketa eskatu zion giza baliabideen arduradunari. Erantzuna: nik konponduko dizut arazoa. Kalera. Eta kale gorrian geratu zen gaztea. Ez al dal XX: hasierako JP Morgan batek sinatzeko moduko erabaki edo jokaera ? Bada XXI. mendean euskal kooperatibetan gertatua da, “anekdota”. To eta no.
Unai says:
Soldatapeko langileek kooperatibetan izaten duten lan baldintzak, sozietate anonimoetan izaten dituztenen berberak dira (hori bai, sektorea eta enpresaren tamaina/ahalmen ekonomikoa ere kontutan hartu behar dira). Hala ere, kooperatiben soldatapekoen kasuan, sozietate anonimoetan gertatzen ez den bezala, “esplotatzaileak” gainerako langileak dira, hau da, langile kooperatibistak. Soldatapekoak, bigarren mailako langileak dira kooperatibetan. Hori tamainu handiko kooperatibetan gertatu ohi da. Nire lagun bati gertatu zaio horixe bera orain dela gutxi. Beste anekdota bat, Joseba. Arazoa da anekdota hori joera bihurtu dela kooperatiba handienetan.Zeuk aipatu duzun gazte hori, soldatapekoa zen edo bazkide kooperatibista? Lehenengo kasuan, berdin dio JP Morgaren irizpideak jarraitu dituen enpresa, kooperatiba den edo kapital sozietatea: izan ere, langileak, legez, lan zuzenbidearen bermea du (langileen estatutua eta hitzarmen kolektiboak aplikatzen zaizkio eta sindikatuen ekimena ere lagun du). Hori bai, kasu hori are larriagoa da (eta kontraesankorragoa, ikuspegi moral edo etikotik, behintza) enpresa hori kooperatiba baldin bada.Zeure gaztea bigarren kasuan baldin badago, kooperatiben beste mito bat zapuztu da: eredu kooperatiboak bermatzen al du langile kooperatibisten ongizatea? zelan defendatu daitezke kooperatibista arruntak zuzendariek jarritako lan baldintzen aurrean?
Joseba says:
Unai,
aipatu lagun hori, sartu berria zen kooperatiban eta, momentu hartan, soldatapekoa zen. “Fin de obra” moduko kontratua izango zuen, ziurrenik, zehatz mehatz ez dakit. Kaleratzea egunon esaten den erraztasunez ahalbidetzen duen kontratazio motaren bat, bistan da.
Hori bai, laguna, epe jakin baten buruan kooperatibista bihurtuko zuten uste osoan aldatu zen elkarte anonimotik kooperatiba horretara.
Kooperatibak zeharka baino ezagutzen ez ditudan honentzat, kontraesankorra eta gaitzesgarria gertatu zitzaidan kontua. Ah, eta beste gauza bat: uda langabezian eman ostean, laguna bere betiko elkarte anonimoak hartu zuen berriro lanean, alde egin baino lehenago zituen baldintza berberekin.