The Myth of the Cooperatives

Historikoki, kooperatibak soldatapeko langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Beste estatus berri bat asmatzea izan zen abiapuntua. Horretarako langilegoaren jabetza integrala kontzeptua erabili izan dute.

Kooperatibismoak langilegoaren partehartze juridikoa eta ekonomikoa ahalbideratzen du: partehartze juridikoa, langilea bera enpresaren bazkidea delako, enpresaren jabe. Partehartze ekonomikoa, irabaziak langileen artean banatzen direlako eta bestetik, langileak bere lanpostuaren jabetza eskuratzen duelako, hau da, enpresaren eguneroko kudeaketan parte hartzen du, gestio eredu partehartzaileen bitartez. Partehartze multidimentsional honi langilegoaren jabetza integrala deitu diote.

Gaur egun, kooperatibek (eta horien artean, Euskal Herrian kokatuta dauden kontsumo eta industri kooperatiba ahaltsuek) beren izaera partehartzailea erabiltzen dute marketing tresna gisa. Eta marketing estrategia honen inguruan, mitologia konplexua gauzatu dute. Baina mitologia hori, %100ean benetazkoa da? Kooperatiben izaera autoeratua itxura hutsa baino zerbait gehiago da?

Sharryn Kasmirrek The Myth of Mondragon liburu polemikoan aztertu zuenez (1999. urtean Txalaparta argitaletxeak gaztelerara itzuli zuen), gaur egungo kooperatibetan menpekotasun harreman berri bat sortu da. Eta horretarako ez gara bakarrik garatu gabeko herrialdeetara joan behar (herrialde horietan, Euskal Kooperatibek enpresa kapitalistak sortu dituzte). Gogora ekarri dezagun Euskal Herriko kooperatibetan lanean diharduten soldatapeko langileak. Menpekotasun harreman berri baten bazkide dira. Eta XIX mendean gertatzen zenarekin alderatuta, orain soldatapeko langile horien “ugazabak” ez dira enpresari kapitalistak, bazkide kooperatibistak dira. Aurrerago aipatu dugun bezala, kooperatibak elkarte kapitalistetan langilegoaren menpekotasun estatusa gainditzeko sortu ziren. Orain, kooperatibak bestelako prozesu batean sartu dira.

Jesús Rubio EHUko irakasleak ondo baino hobeto azaltzen du menpekotasun harreman honen sorrera eta zergatia (Analisi ekonomikotik hurbilpena, Kooperatiben enpresa-ekonomia liburuan argitaratutako artikuluan, Arrasaten, 2005. urtean): egungo kooperatibistek, beren irabaziak maximizatu nahi dituzte eta horretarako, soldatapeko langileak kontratatzen dituzte. Soldatapeko langileek beren lan produktiboaren bitartez enpresaren jarduera ekonomikoa sustatzen dute, irabaziak sortuz. Kontua da langile horiek ez dutela irabazietan parterik hartzen: irabaziak kooperatibistek jasotzen dituzte. Esplotazio eredu hau berria da kooperatibetan (90. hamarkadan hedatu zen) eta kasu honetan, esplotatzailea bazkide kooperatibista bera da. Eta noski, menpekotasun harreman hori eremu juridikoa eta ekonomikoa gaindituz, eremu psikologikora ere heltzen da (bigarren mailako personak, pertsonez zuzendutako enpresa batean: diskriminazioa).

Euskal Kooperatibismoak mitoa baino zerbait gehiago izan nahi badu, soldatapeko langilegoaren egoerari aurre egin behar dio. Horretarako, maila mikroekonomikoan behintzat, Arizmendiarrietak berak proposatutako proiektuaren oinarrietan sakondu beharko genuke eta menpekotasun harreman berriak gainditzeko tresnak aurkitu.

Bukatzeko, Euskal Herriko Kooperatiben soldatapeko langileak omendu nahi nituzke, eta bereziki, zu, Uritz. Kolpeak lagunek jasotzen dituztenean, orduan ohartzen gara gaitzaren benetako tamainaz.

Iruzkinak (7)

  • Ander Alvarez says:

    Zure kritikarekin erabat ados nago. Kooperatibista eta soldatapekoen arteko aldea nabaria da (Bizkaiko kooperatiba batean, epe mugatuko kontratupean lanean ibili den txori txiki batek abestu zidan kantu hori).Hala ere, zure jarrera ere kritikatu behar dut: kritikak, irtenbideei lotuta egon behar du eta zure mezuan, ez dut aukera ez alternatiba berririk antzeman. Kritikak egiten ausartak izan behar gara. Baita proposamen berriak argitara ematen ere.

  • Egia
    da, Ander, kritika orok proposamen zehatza eta pragmatikoa alboan
    izan behar duela. Ultra-ezkertiarrek kritika zorrotzak botatzen
    dituzte, baina beren proposamenak ezin dira epe laburrean aplikatu.
    Proposamen horiek ez dira errealistak eta ezin dira errealitatean
    zuzenean aplikatu sistema bera errotik aldatu gabe.

    Nire
    mezuaren bukaeran, MCCek bere oinarri ideologikoetan sakondu behar
    zuela proposatzen nuen. Hori da hain zuzen LANKI
    ikertegitik proposatzen dutena: bidean geldi aldi bat egitea, “nondik
    gatozen eta nora goazen”
    hausnartzeko. Hausnarketa
    horretatik, autoeraketaren baloreak egoera berrira moldatzeko erak
    bilatu nahi dituzte.
    Hona
    hemen filosofia horri lotuta (edo apalki lotu nahirik), bota
    ditzakedan zenbait irtenbide:

    Soldatapeko
    langileak, “aldi baterako bazkide koopetibistak” bihurtzea
    .

    Soldatapeko
    langileak elkartu behar dira, goi-mailako egitura batean, eta
    egitura horren bitartez, hau da, langileen elkartasunaren
    bitartez, kooperatibaren kudeaketan eta irabazietan parte hartu
    .

    Bi
    alternatiba horiek ez dizkizut mezu honetan azalduko. Ander,
    ez zaitut aspertu nahi! Jarraitu nire mezuak irakurtzen: bertan,
    argibide gehiago izango dituzu.

  • Ander, aurreko mezuan bi proposamen aipatu dizkizut. Orain lehenengo proposamena garatu nahi dut (kritika zehatzek proposamen zehatzak behar dituzte):
    Soldatapeko
    langileak, “aldi baterako bazkide koopetibistak” bihurtzea
    . Bi
    arazo topatu ditzakegu:

    Lehenengo arazoa: Aldi
    baterako bazkideek Gizarte Segurantzaren erregimen orokorraren
    prestaziorik garrntzitsuena jaso beharko lukete: langabeziaren
    prestazioa
    . Aldaketa honek administrazioaren parte hartzea
    eskatzen du. Aldi baterako bazkideek Gizarte Segurantzaren erregimen
    orokorrean kotizatu beharko lukete (era horretan, prestazio minimoak
    jasoko lituzkete, esate baterako, langabezia). Gaur egun, aldi
    baterako kooperatibistek, gainontzeko kooperatibistek bezala, ezin
    dute erregimen orokorrean kotizatu, eta horrek formula juridiko honen
    erabilera oztopatzen du (ez da erakargarria aldi baterako
    bazkidearentzat, bere kontratua bukatzean, ez duelako langabezia
    kobratzen: hau da legez aldatu behar dena).

    Bigarren
    arazoa: bazkide kooperatibisten irabaziak txikituko dira, aldi
    baterako bazkide berriek irabazi horietan parte hartuko baitute
    .
    Zelan zuzendu jatorrizko bazkideen irabazien jeitsiera? Aldi baterako
    bazkideen irabaziak ez dira zuzenean bazkideen artean banatuko (ez
    dira monetarizatuko), kooperatiban bertan inbertituko dira, kapital
    sozialean. Hala ere, ez dira bazkideen ekarpen moduan
    kontabilizatuko, Menpeko Finantza Ekarpen moduan
    kontabilizatuko dira. Horrek enpresa finantziarioki indartuko du.
    Zergatik? Kooperatibaren bazkidea, enpresa uzten duenean, bere
    kapitala/inbertsioa berreskuratzeko eskubidea du. Horrek, enpresaren
    deskapitalizazioa eragiten du. Aldi baterako bazkideen inbertsioa,
    ekarpen moduan kontabilizatuz gero, ez litzateke baliabide finkoa
    izango. Eta horrek ez luke enpresaren bideragarritasuna bematuko.
    Hala ere, Menpeko Finantza Ekarpenak (MFE) erabiliz gero, arazo hau
    ekiditu dezakegu: Kooperatibaren Enpresaren Fondoak osatzen dituzten
    kapital ekarpenak dira eta ekarpen horien kitapena, kooperatiba
    beraren kitapenean gertatuko da (baliabide finkoa edo
    ez-galdagarria). Ekarpenak zuzkitu duenak, bere inbertsioa
    berreskuratu nahi badu, merkatuan saldu ditzake. Ondorioz: aldi
    baterako bazkideak, bere irabazien %100a enpresan inbertituko ditu
    eta bere kontratua bukatzen denean, bere inbertsioaren %100a
    berreskuratuko du, MFEen tituluak merkatuan salduz (diru hori ez da
    kooperatibatik aterako: tituluen jabetza eskubidearen titulartasuna
    aldatuko da). Jatorrizko bazkideek irabazi gutxiago jasoko dituzte,
    baina kooperatiba indartsuagoa izando da. Aldi baterako langileak,
    irabazietan parte hartuko du eta bere egoera pertsonala hobeagoa
    izando da (partehartze ekonomikoa eta juridikoa).

  • Oraingoan, Ander, aipatu dudan bigarren proposamena garatuko dut:
    Langileen
    arteko elkartasunaren bitartez, soldatapekoek kooperatibaren
    kudeaketan eta irabazietan parte hartu dezakete.

    Estatu
    Batuetako sindikatuek, “Democratic ESOP” tresnaren bitartez
    (Employee Stock Ownership Plans), enpresatik autonomoak diren
    inbertsio fondoak sortu dituzte. Fondo hori enpresa bateko
    soldatapeko langileen kapital ekarpenek sortzen dituzte. Bestetik,
    fondoa bera enpresaren kapitalean txertatzen da eta era horretan,
    enpresaren erabakietan eta irabazietan parte hartzen du. Fondoaren
    barruko antolaketa demokratikoa da: boto eskubidea ez da langile
    bakoitzak egindako kapital ekarpenaren arabera zehazten, “pertsona
    bat, boto bat” printzipioaren arabera baizik.

    ESOP-ak
    kapital sozietateetan erabili izan dira: hala ere, kooperatibetan ere
    aplikatu daitezke. ESOPa beste enpresa baten izaera izango du, eta
    hainbat formula juridiko erabili ditzake (kooperatiba, sozietate
    anonimoa edo sozietate zibila). ESOP-a bezala sortutako erakunde
    autonomo berria kooperatiba elkartearen barnean txertatuko da
    kooperatibaren “bazkide laguntzaile” bezala. Era horretan, ESOP
    enpresaren bazkideek (kooperatibaren soldatapekoak) kooperatiban
    parte hartuko dute (finantziarioki, ekonomikoki eta politikoki).

    Nork
    gidatuko du ESOP enpresa berria? Kooperatibaren soldatapeko langileek
    eragin zuzena izango dute bertan, noski. Hala ere, ESOPak egitasmo
    iraunkorra izan behar du eta ondorioz, soldatapeko langileez gain
    beste eragile “egonkorragoa” egon beharko litzateke ESOParen
    gidaritza lanetan. Eragile horiek sindikatuak dira. Hona hemen
    sindikalgintzaren beste erronka bat: enpresetan zuzenean parte
    hartzea eta partehartze horretatik, langileen lan baldintzak hobetzea
    (Alemaniako kogestio kasuetan bezalaxe).

    Nire
    azalpena bukatu aurretik:

    Zein
    da kooperatibetako “bazkide laguntzailea”-ren arauketa?

    Euskadiko kooperatiben legearen 19.2. artikuluak bazkide
    laguntzailearen arauketa ezartzen du: kooperatibaren xedea bete
    betean gauzatu gabe ere, kooperatibari xede hori betetzen laguntzen
    dioten pertsona fisiko edo juridikoak, pribatu zein publikoak,
    bazkide laguntzaileak izango dira. Beren eskubide eta betebeharrak
    elkartearen estatutuetan erabakitakoaren arabera arautuko dira eta
    estatutuetan horren gaineko arauketarik ez balego, aldeen artean
    hitzartutakoaren bidez. Bazkide laguntzaileak ezin izango dute,
    guztira, botuen herena baino gehiago izan, ez Batzar Nagusian, ez
    Artezkaritza Kontseiluan. Hala ere, legeak salbuespen bat ezartzen
    du: Kooperatiba Elkarteren bat bazkide laguntzaile izanez gero,
    botuen herena baino gehiago kontrolatu ditzake. Salbuespen hori,
    Kooperatiben arteko elkartasun printzipioaren aplikazio praktikoa
    da.

    Errealitate
    kooperatiboan ESOParen antzeko tresnarik inoiz aplikatu izan da?

    Badugu adibide zehatz bat. GESPA eredua Eroski Taldearen hedatze
    prozesuan aplikatu da. Eroski Kooperatibak Kapital Elkarteen bidezko
    zabalkunde egitasmo bat burutu du, alde batetik Espainiar Estatuko
    merkatua kontrolatzeko eta bestetik, kooperatibaren izaera
    juridikoak ahalbideratzen ez dituen baliabide finantziarioak lortu
    ahal izateko. Eroski Taldeak estatuko kapital elkarteen soldatapeko
    langileen partehartzea sustatzeko tresna juridiko bat sortu du:
    GESPA elkartea (Gestión de Participaciones, Sociedad Civil
    Particular). Elkarte Zibil honen bitartez, EROSMER IBERICA SA-ko
    soldatapeko langileek euren enpresaren kapital sozialaren %4,50a
    kudeatzen dute (beti ere, kooperatiba nagusien kontrolpean eta
    langileen ordezkaritza zuzenik gabe). Horrez gain, kapital zuzkidura
    txiki honek ahalbideratzen duen partehartzea sendotzeko, EROSMER
    IBERICA SA-ren estatutuak egokitu egin dira, langileen eskumenak lan
    erregimenean zabaldu ahal izateko. Geure ustez, EROSKI Taldeak
    proposatutako tresna juridikoa oso eragile interesgarria da hedatze
    prozesuetan filialen demokratizazioaren hastapenak eraikitzen
    hasteko: alde batetik, langileen partehartzea sustatzen du, hauen
    inplikazio sozio-produktiboa bultzatuz. Bestetik, eredu oso
    “prakmatikoa” da, guztiz “posibilista”, izan ere filialekiko
    kontrol osoak Kooperatiben esku izaten jarraitzen du. Azken
    ezaugarri honek kontraesan nabari bat sortzen digu, kooperatiben
    ohiko balioekin alderatuz; ondorioz, GESPA eredua Kooperatiba baten
    partehartze mailarekin konparaezina dela ziurtatu dezakegu. Filialen
    demokratizazioaren abiapuntua izan daiteke, guztiz balizkoa baita
    horrelako eredu bat aplikagai izatea; baina, gehienez jota,
    autoeraketa baino, egitura kogestionatu baten antolaketa maila
    eskuratu dezake. Edonola ere, gure ustez Kooperatiba Transnazionalei
    alternatiba osotuago bat planteatu ahal izateko, GESPA ereduak
    azterketa sakon baten premia dauka.

  • Gipuzkoako herri txiki bateko kooperatiba handi batean gertatua: aita izan eta etxea erosi berri zuen herriko gazte bat, urtetan enplegua eman zion elkarte anonimoa utzi eta herriko kooperatiban sartu zen. Bi hilabete lanean zeramatzala, denbora luzean belauniko egoteko arazoak zituela argudiatuz (tendiniti kronikoa), lanpostu aldaketa eskatu zion giza baliabideen arduradunari. Erantzuna: nik konponduko dizut arazoa. Kalera. Eta kale gorrian geratu zen gaztea. Ez al dal XX: hasierako JP Morgan batek sinatzeko moduko erabaki edo jokaera ? Bada XXI. mendean euskal kooperatibetan gertatua da, “anekdota”. To eta no.

  • Soldatapeko langileek kooperatibetan izaten duten lan baldintzak, sozietate anonimoetan izaten dituztenen berberak dira (hori bai, sektorea eta enpresaren tamaina/ahalmen ekonomikoa ere kontutan hartu behar dira). Hala ere, kooperatiben soldatapekoen kasuan, sozietate anonimoetan gertatzen ez den bezala, “esplotatzaileak” gainerako langileak dira, hau da, langile kooperatibistak. Soldatapekoak, bigarren mailako langileak dira kooperatibetan. Hori tamainu handiko kooperatibetan gertatu ohi da. Nire lagun bati gertatu zaio horixe bera orain dela gutxi. Beste anekdota bat, Joseba. Arazoa da anekdota hori joera bihurtu dela kooperatiba handienetan.Zeuk aipatu duzun gazte hori, soldatapekoa zen edo bazkide kooperatibista? Lehenengo kasuan, berdin dio JP Morgaren irizpideak jarraitu dituen enpresa, kooperatiba den edo kapital sozietatea: izan ere, langileak, legez, lan zuzenbidearen bermea du (langileen estatutua eta hitzarmen kolektiboak aplikatzen zaizkio eta sindikatuen ekimena ere lagun du). Hori bai, kasu hori are larriagoa da (eta kontraesankorragoa, ikuspegi moral edo etikotik, behintza) enpresa hori kooperatiba baldin bada.Zeure gaztea bigarren kasuan baldin badago, kooperatiben beste mito bat zapuztu da: eredu kooperatiboak bermatzen al du langile kooperatibisten ongizatea? zelan defendatu daitezke kooperatibista arruntak zuzendariek jarritako lan baldintzen aurrean?

  • Unai,

    aipatu lagun hori, sartu berria zen kooperatiban eta, momentu hartan, soldatapekoa zen. “Fin de obra” moduko kontratua izango zuen, ziurrenik, zehatz mehatz ez dakit. Kaleratzea egunon esaten den erraztasunez ahalbidetzen duen kontratazio motaren bat, bistan da.

    Hori bai, laguna, epe jakin baten buruan kooperatibista bihurtuko zuten uste osoan aldatu zen elkarte anonimotik kooperatiba horretara.

    Kooperatibak zeharka baino ezagutzen ez ditudan honentzat, kontraesankorra eta gaitzesgarria gertatu zitzaidan kontua. Ah, eta beste gauza bat: uda langabezian eman ostean, laguna bere betiko elkarte anonimoak hartu zuen berriro lanean, alde egin baino lehenago zituen baldintza berberekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude