Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian #txiotesia5eko esaldien hari-eroa, Iñaki Sanz-Azkueren eskutik

Dokumentuaren akzioak

#txiotesia5eko esaldien hari-eroa, Iñaki Sanz-Azkueren eskutik

2020/11/25 - Unibertsitatea.net
Parte hartu duten txiolarien esaldiak bata bestearekin lotu eta esaldien hari-eroa osatu du Iñaki San-Azkuek.

 Iñaki San-Azkue #txiotesia5 lehiaketako epaimahaiko kidea izan da eta parte hartu duten ikertzaileen txioetako esaldiak bata bestearekin lotu eta esaldien hari-eroa osatu du.

Merezi du hasieratik amaierara irakurtzeak! Eskerrik asko Iñaki opari eder honengatik!

 

TXIOTESIKO ESALDIEN HARI-EROA, Iñaki Sanz-Azkue.

Txioak idaztea erraza omen da. Erraza, hitzak elkartu eta sarera bidaltzea buruan dugun hori. Edo elkartu gabe ere. Argazkia jarri, eta bota. Bota, denek ikusteko moduan. Eta listo.

Tesia egitea, ordea, hori beste kontu bat da. Ez da momentu batean egin dezakezun zerbait. Ez asko pentsatu gabe, derrepentean, supituki, “oraintxe egingo dut” batekin aurrera ateratzeko modukoa. Hor bai. Hor kontzeptu guztiak lotu behar dira. Direnak eta ez direnak. Hitzak hartu eta josi. Zentzu bat emateko bilatzen ari garen horri. Erantzun bat emateko buruan dugun hipotesi horri. Eta ez pentsatu gabe gainera. Ez, ez. Metodologia batekin. Eta hori dena, zertarako? Zertarako egin zabalduko ez badut?

Txioen eta tesien artean, ordea, bada erdigune bat. Hitzak josi behar diren horietakoa. Zentzu bat eman behar zaiena, galderak erantzuteko. Baina motzean, eta zabalduz. Gizarteari zabalduz. Hori da gure txiotesia. Eta hor, irekitzen zaigu mundu bat. 74 partehartzailek osaturiko mundu anitz bat. Hitzak josita ere ulergarriena ulergaitz, eta ulergaitzena ulergarri egingo duena. Mundu zoro eta eder bat, 6 txioren neurrian.

Galderak erantzutea ez delako erraza. Bestela, galde iezaiogun geure buruari. Zer kontatu digu aurtengo txiotesiak?

Aurtengo txiotesiak kontatu digu, esaterako, Pertsonen inplikazioak antolakuntzaren errendimenduan eragina duela (1). Eta batek pentsa dezake, horrekin, Agian hondakin plastikoen arazoa amaituko genuke? (2); baina urteak aurrera joan ahala, jarrera horretan aldaketarik (3) ez da eman. Izan ere, Mando merkea, nagusiaren nekea (4).

Dena ez baita konpontzeko erraza, eta euskarari buruz ari garenean, are gutxiago. Estrategia ezberdinak daude; esaterako, hizkuntzen arteko loturak modu planifikatu batean bultzatzea (5). Izan ere, Munduan milaka hizkuntza daude; egoera zaurgarrian. Euskara da bat (6). Baina gauza konplikatuez hitz egiten hasita, zer da euskararen zailtasuna zientziaren mundu abstraktu horren aldamenean? Entzun, entzun, bestela: Jokaera kritikoaren eta efektu magnetokalorikoaren azterketa material intermetalikoetan. Baina, erotu egin al gara?? Tesien izenburuek beldurgarriak izateko joera dute (doktoregoa lortzeko baldintza dirudi) (7). Gure txiolarien esanak dira horiek.

Baina, gu aurrera jotzen dugun horietakoak gara. Hori dela eta, Betaurreko aktibistak jantzita, tesi hau egin dut (8). Bai, bai. Azaltzea baino hobea izaten da egitea, beraz irudikatu (9)

Batetik, Munduko ordenagailu guztiak batuta ere, ebaztea ezinezko liratekeen problemak (10) ditugu. Hortaz, abesti askoren letrak hutsalak diren sinesmena dago. Baina, horrela da, ala, besterik gabe, euskal identitatea komunikatzeko modua aldatu da? (11)

Benetan. Egia esango dizuet: "Beste mundu bat nahi genuen" (12)

Baina… Ocoxin osagarri naturalaren eragin antitumorala pankreako minbiziko eta kolon-ondesteko metastasi hepatikoko eredu esperimentaletan (13) eman ziguten. Eta konformatu behar. Tanpoiak droga balira bezala partekatzen ditugu (14) dagoeneko eta. Eta horregatik, edo auskalo zergatik, Genero estereotipoek emakume & gizonen arteko desberdintasuna sustatzen dute eta horregatik kaltegarriak dira. (15)

Horiek denak entzunda, ordea, aspertu denik ere bada. Esaterako, Bazen behin ohiko definizioez aspertuta zegoen baserri bat (16). Etxabere eta basanimaliek bizkarroiak elkarbanatu ditzaketela (17) pentsatzen zuen horietakoa. Izan ere, Hainbeste buruhauste ematen dizkidan nire tesiak (18)… ez dit lo egiten uzten ere.

Baina, ezin pentsatzeari utzi: galena nondik ekartzen zuten jakitea oso interesgarria da eta (19). Kimika, arkeologia eta geologia uztartuz (20) are gehiago. Hargatik izango da, Etxepare idazleak bidean sentiberatasun ESTETIKO argia adierazten duela. Paisaiaren deskribapen doia eginez (21)… Nork jakin...

Eta Etxeparez ari garela… Inoiz gelditu al zera mugikorreko seinalerik gabe musikako jaialdi batean edota futbol partida batean? (22). datuez inguratuta bizi garen honetan, haiek erabili eta ulertzeko gaitasuna beharrezkoa da eguneroko bizitzarako (23). Izan ere, Pentsa leku ilun ezezagun baten zaudela (24). Zitoplasmara heltzean kargoa askatu eta CRM1 nukleora bueltatzen den (25) eremu horietako batean. Eta zahartze aktiboa sustatze aldera (26), Bakterio magnetotaktikoetatik lortutako nanopartikula magnetikoen karakterizazioan (27) pentsatzen ari zarela. Interesgarria da, ezta?

Baina, hel diezaiogun garrantzitsuenari: Lehengo maitasun erlazioak areagotzen ari dira azken urteotan (28). Bai, bai. Eta Inpaktuek ibaietako bizidunetan duten eragina aztertu daiteke (29). XXI.mendea, lagunok. Zer uste zenuten ba? Egun, jada, Elektrizitatea ekoizteko hamaika iturri dago (30), eta zizareen enbrioietan jartzen dugu arreta: Zizare honen enbrioa oso berezia da, espermatozoideak obulura sartzean aktomiosina-eskeletoaren antolaketa aldatzen baitu (31). Pentsa. Zapaburu hauek espermatozoideen antz handia dute, gustura dabiltz igerian (32) esaten duenik ere bada mende honetan. Edota, Zer da PK? (33) galdetzen duenik. PKtariak…

PKtuz PKtu, baina, gizarteak bere bidea darrai. Badira emakume arrazializatuak euskal kultur adierazpenetan (34) ere. “Ez sentitu eroso zure bikotekidearen hurbiltasun nahiarekin” (35) adierazten duten pertsonak, eta “Oliba-hezurrak kiskaliz, ikatz gogorra lortzen dutenak (36)”. Hau da hau.

Kontua da, aurrera goazela, eta euskal gizartea aldatzen doala. Ikerketaren mundua euskalduntzeko lanean ari gara (37). Pentsa, diotenez, Aldaketa klimatikoaren ondorioz … geroz eta azkarrago, gorantz doa (38) eta aztarnak aztertuta garaiko bizimodua ulertzea da (39) helburua. Hori dela-eta, fluido likatsuagoekin egiten dugu lan (40). Eskolek eta familiek umeak hezteko erabiltzen duten baliabidea da (41) hori. Memoria eta Ondare Immaterialaren balioaren kudeaketan (42) oso erabilgarria. Azalera zabalek eskaintzen dituzten datu anitzak (43) hori baitute, Jolas librea beharrezkoa dela umearen garapenerako (44) eta Egungo ingurune aldakor eta ezustekoan (45) balorazioa duten hitzen zerrendak osatu ohi direla, eta horien arabera erabaki. (46). Eta horiek guztiek, zelula amen alineazioa eta neurodiferentziazioa ahalbidetzen dute (47). Ulertzen duzu, ezta?

Baina hitzen dantza honetan, gauzak argi esateko garaia da: Genero-identitatea bezala, euskal dantza tradizionala eraikuntza bat da (48) eta Covid-19ak agerian jarri du gure hirietan ezkutatzen diren bizigarritasun arazoak. (49)

Eta horrenbeste ikerketaren aurrean, txiotesiko ondorioek Gizartea sakonki banatuta utzi zutela (50) diote adituek. Eta Soluziorik existitzekotan, hura topatzeko konputazio-denbora ikaragarria izan daiteke (51) eta Gipuzkoa eta Bizkaiko hiriak alda daitezke (52). Noiz? Dopingaren aurkako borroka kirol kontu bat baino gehiago denean (53). Hortzetatik nerbioetara (54) dopinga zuzenean doanean.

Eta zuk, entzun al duzu zerbait? (55)

BULTZATU ZIENTZIA EUSKARAZ (56) dioela txioherriak!!

Eta nola egin hori? ikerketan futbolean baino milioi gehiago inbertituz. Baina pandemia bat iritsi behar izan da zientziaren garrantziaz konturatzeko (57). Gogoetara bultzatzen duen egoera baten aurrean gaude. (58) lagunok. Beta-zeluletan infekzio biral bat simulatu dugu (59) eta DNA zaborra bezala ezaguna den eremuetan aurkitzen dira (60). Ipar Iberiar Penintsulako Erdi Aroko herri ezberdinen (61) artean.

Eta, inportanteena, hartzaileek ulertzen al dituzte (62) gure txiotesiak?

Eta, Zer moduz daroazue normalitate berri hau? (63) Txioak ez ulertzearena, diot…

Lasai egon. Soluzioa dugu zuretzat: Edizio genetikoa da itxaropena gaixotasunak sendatzeko (64). Horiek denboran zein espazioan kokatu (65), tren batetik gidaria kendu nahiko bagenu bezala (66), eta Gertatzen ez diren desplazamenduak (eta berauei loturiko bestelako magnitudeak) ezin direnez neurtu (67), ba itxaropena ez galdu.

Munduko mendiko glaziar eta izotz-eremu gehienek atzera egiten eta mehetzen jarraitzen dute (68) eta Honako kontraesan etiko-politiko hau mingarria da oso (69). Hau metodo inbaditzaile eta deserosoa izanik, alternatiba ez hain mingarri baten bila hasi ginen gure ikerketa taldean (70). Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak (71) aztertzen. Eta hor ikusi genuen galdera gakoa:

Hidrogela gorputzaren kokapen desberdinetan administratu daiteke, esaterako larruazalpean (72)?

Eta erantzunarekin egin genuen topo: Euskal artea indarra, ausardia, emozio eza eta arrazoia bezalako ezaugarriekin lotu zen (73).

Izan ere, Txiotesiko ikerlariok horretarako gaude:

Euskara eta ikerketa eskutik helduta, egungo gizarteak dituen beharrei erantzun berritzaileak bilatzeko (74) sortu gara gu.

Argi gelditu da, ezta?