UEUn nire lehenengo urratsak

UEUko nire esperientzia euskararen munduan emandako lehenengo urratsekin lotzen dut.

Euskaraz hitz egitea lagun on batzuei zor diet batez ere. Haien gonbidapenei, eman dizkidaten aukerei eta bultzakadei. Duela urte dezente, nire “euskara animatzaileetako” batek hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduen, berak UEUn antolatutako ikastaroan hain zuzen (mila esker, Gidor). Gogotsu eta arduratsu prestatu nuen hitzaldia (Ibanen, nire beste animatzaileetako baten laguntzaz). Euskaldun oso –benetan oso– berria nintzen eta nire lehenengo jarduera publikoa zen euskaraz; egoera nahiko konprometitua niretzat. Larraona egoitza etortzen zait gogora eta baita ere sentitzen nuen urduritasuna, bai hitzaldiaren aurrean bai irratian ateratzeko gaiaren inguruan egin behar zidaten elkarrizketaren aurrean. Ai ama!

larraonako barra(Temati, antolatzaile berberak beste gonbidapen bat luzatu zidan hurrengo urtean, eta gai berria gogo berberarekin prestatu nuen, baina apur bat lasaiago).

Ze ondo, bukatu eta gero, lagunartean kaña bat hartzea Larraonako barran!

UEUko beste ikastaro batzuetan egon naiz geroago (ikasle, hizlari nahiz bisitari), baina lehenengo hurbilpen haien indarra kariño eta esker on handiz gogoratzen dut.

Amelia Barquin (UEUko Literatura Saileko kidea) / Argazkia: Larraona

Batako biologoa botekin

UEU zer den zabaltzen laguntzeagatik Tablet zoragarri bat egokitu zait. Ordainean, hortxe nire istoriatxoa.

1997an, Biologiako ikasle ginela, hainbat gelakide egin ginen UEUko Natur Zientziak Saileko bazkide. Orduan internetik ez eta UEUko Bilboko egoitzara joaten ginen ikastaroetarako izena ematera.

 

Gure lehen Udako Ikastaroak Miarritzen izan ziren; basogintza, arrantza… Uztaila, udararen hasiera, beroa, hitzaldi interesgarriak, lagunak, gaueko saio osagarriak, “irteera” Baiona Ttipira… Oroitzapen politak. Hurrengo urtean, aldiz, Iruñan antolatu genuen hainbat lagunek bioteknologiaren erronka berrien inguruko ikastaroa. Gerora, nire lehen hitzaldia ere Larraonan eman nuen. Genetikako laborategiko bekaduna nintzela, Euskal abere arrazen genetikaren inguruko hitzalditxo bat eman nuen. Urduritasunagatik edo ez naiz oroitzen nola egin nuen ere (Txarliri galdetu beharko diot ea bera gogoratzen den).

 

pagoetaUdako ikastaroak bai, baina Natur Zientzak Sailean asteburu eta zubietan egiten genituen irteerak ziren beste ardatzetako bat. Laborategiko bata erantzi, mendiko botak jantzi, kataloxak hartu eta disfrutatzera. Atapuerca, Pagoeta, Urdaibai… Ikastaroetan bezalaxe, ikasle nahiz irakasle batera ibiltzen ginen lagun artean. Gauetako juergatxoak ere gogoan ditut bai; solasaldiak, jolasak,… Ez naiz detaileetan sartuko inor ebidentzian ez uzteko (ni neu barne, noski) baina uste dut ez naizela erratzen patxarana UEUko irteeretan edaten hasi nintzela esaten badut. Eta hurrengo egunean… goizean goiz berriro gora gauza berri gehiago ikastera.

 

Ikasteko eta gozatzeko leku aproposa aurkitu nuen UEUn.

 

Ainhoa Solis (UEUko Natur Zientziak Saila) / Argazkia: txaille

 

Formalismo eta zurruntasun akademikotatik kanpo

Uda-giroa eta ikasketak: oxímoron tanketako esaera irudi dakioke gazte bati. Uda-giroan bero egiten du, aisialdirako denbora dago eta parrandarako aukerak eta gogoak ere bai. Ikasteak ordea nolabaiteko kontzentrazioa eskatzen du, eskolak jaso, hitzalditara joan, solasaldi burutsuak eduki eta abar.

91k-1Neure UEUko lehen gogorapenak laurogei eta hamarreko lehen urteetara naramate eta ildo horretan doaz. Eibarko udaletxean bertara joan ahal izateko diru laguntza eskatu, lortu, eta Eibartik PESAko autobus zahar bat hartu eta Iruñara heltzea gogoratzen dut. Larraonako barnetegi moduko hartara heldu eta ikasle eta irakasleak familia handi batetako partaide gisa elkartzen ginenaren gogorapena daukat. Bertan, formalismo eta zurruntasun akademikotatik kanpo, naturaz eta zientziaz jarduten genuen. Gogoan dut, Arantza Aldazabalen eskutik, Larra-Belagoara egindako irteera batean egindako bertako landarediari buruzko lanaren emaitza Aranzadik sustatutako MUNIBE delako aldizkarian plazaratu genuela. A ze ilusioa! Gogorapen politak dira, non ikastaroak, mendirako irteerak eta solasaldi zientifikoak, gau-bela eta beste aisialdiko jarduerekin modu ezin hobean uztartzen genituen.

Gauzak nola diren, gaur egun UEUk nire jaioterrian dauka egoitza nagusia, Eibarren. Markeskuako jauregi zaharrarendako erabilera ezin hobea iruditzen zait. Bertatik, edo edonondik, urte askotan jarrai dezala UEUk euskeraren erabilera arlo guztietan sustatzen!

Felix Elortza (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Txarli Ruiz

Larraona, hura eskola!

Larraona1993, 1994 eta 1995. urteetan izan zela esango nuke; UEU Udako Euskal Unibertsitateko prentsa bulegoko kidea izateko aukera (eta ohorea!) izan nuen Iruñean, Larraonan…. Hogei urte bete berri, modua izan nuen imajinatu ere ezin nituen pertsonak (nire burua Krutwig elkarrizketatzen oroitzen dudan bakoitzean lotsagorritu egiten naiz oraindik) ezagutzeko, eta gai zinez interesgarriak jorratzeko… Gazteegia izaki, segur aski ez nuen baloratu behar adina hura guztia. Ez nuen behar bezala hartu aintzakotzat UEUko kideek erakutsitako konfiantza eta eskuzabaltasuna… Mila esker! Jexux Mari Zalakain EHUko irakasleari ere esker mila, haren eskutik izan bainuen UEUren berri.

Kepa Altonaga zen garai hartan zuzendaria, eta Iñaki Irazabalbeitia haren albokoa. Joseba Zinkunegiren ondoan egin nuen lehen urtea behintzat prentsa bulegoan. Ondorengoak lausoago ditut gogoan; ezin dut ahaztu, hori bai, lanerako ilusioa… Ez nuen imajinatzen udako bi aste pasatzeko leku hoberik. Ondo gogoan ditut alboan izandako hainbat taldekide ere. Hain memoria lausokoa naiz, izenik ez aipatzea nahiago; baten bat ahaztuko zait, eta zenbaitekin harreman estua izan nuen. Miresten nuen jendea bazen tartean. Mari Karmen Meñika ezinbestean aipatu behar dut; dena kontrolatzeko gai zen lemazain trebe bat iruditzen zitzaidan emakume hura.

Eta aipatutako horien guztien alboan Garesera joatea… Beste luxu bat. Jakina.

Arantxa Iraola (UEUko Kazetaritza Saila) / Argazkia: Rufino Lasaosa

Mendekua UEUn

Ez dakit zer ordu izango den, baina pertsiana artetik eguzki-izpiak garbi
samar sartzen direnez, zazpiak ondo jota izango direla pentsatzen dut.
Nekatuta nago, baina nahiago nuke neke guztiak horrelakoak balira. Erdi esna,
erdi lo, horrelaxe nabil azken minutuetan. Taberna eta izerdi usaina dago
gelan; normala, atzo ibili ginen bezala ibili ondoren. Albo batera begiratu dut
eta hor ikusi ditut galtzak mahai gainean, kamiseta aulkitik zintzilik, beste galtza
batzuk lurrean, beste kamiseta bat mahai azpian, eta lurrean nahasturik,
galtzontziloak, kulerotxoak eta sostena. Hauen artean, ia galduta, preserbatibo
bat ageri da, ondo korapilatuta, barruan isurkin bizia duelarik. Txukuntasun
handirik gabeko paisaia da, baina era berean, eta badakit zergatik, ederra
iruditu zait. Nire ondoan, ia nire gainean dagoen neska hori bezain ederra, ia.
Amaia da. Bai, ezta? Ez nago ziur. Lehendik ere ikusia nuen,
hizkuntzalaritzako klasean eskuin aldean esertzen baita, eta herenegun
elkarrengandik oso hurbil egon ginen bazkaltzen. Atzo arratsaldean, uztailaren
2. hamabostaldian Iruñean egin ohi duen bero saparekin, futbito-partidua
jokatzera animatu zen neska bakarra izan zen. Martin kazetaria ibili zen partidua
antolatzen, Tourreko etapa ikusten aldamenean izaten dudana, eta ez nuen
espero neska hau apuntatuko zenik, “euskalkien presentzia euskara batuan”
mahai-ingurua baitzegoen ordu berean hitzaldi-aretoan. Baina han azaldu zen,
galtza motzak jantzita. Eta nola jokatu gainera? Lotsagabe, hanka sartzeko
beldurrik gabe. Horrelakoak gustatzen zaizkit niri, neska kirolzale eta
lotsagabeak. Ikastolan nenbilenean hainbeste gustatzen zitzaidan neska haren
antza hartu nion, hasiera-hasieratik. Baina, ez, hau politagoa iruditu zait.
Afalondoren ere ikusi nuen, poesia emanaldian. Kuriosoa izan zen saioa,
izenburutik bertatik hasita. Nola zen? A bai: “Poesiarik irakurtzen ez
dutenentzako poesia”. Gerardo Markuleta eta Pili Kaltzada aritu ziren
errezitatzen, gitarrista bat, ogibidez pastel pornoak egiten omen dituen tipo
bat, lagun zutela. Zerbeza eskuan hartuta Nikolasen ondoan egon nintzen, eta
inguruan neuzkan UEUko beteranoak: Xabi Rico gasteiztarra, Joxin portero ibili
zen saltseroa, J.R. jo ta ke erretzen ez den Etxeberria nekaezina, Aizpuru gure
zuzendari jauna —Andoniren anaia omen da!—, Bilboko neskazahar
musikazaleak, Nagore donostiarra eta gainerako parranderak, eta betiko
jendilajea. Tarteka Amaia eta beste neska batzuk zeuden lekura begiratzen
nuen, disimuluan, W. H. Audenen olerki hau entzun nuenean:

Forma fin bat ikus dezazunean
harrapa ezazu
eta ahal baduzu, besarka ezazu,
Neskatila dela edo mutikoa bada ere,
Ez zaitez lotsatia izan, izan zaitez ausarta, alaia,
Bizitza laburra da, goza ezazu
zure haragiaren ukiduraz
laket zaizun momentuan.
Ez dago larrua jotzerik hilobian.


“UEUn ere ez modu dotorian” esan nion Nikolasi belarrira, eta honen
algara eskandalosoek jende guztia guri begira jarrarazi zuen. Hau lotsa! Ondo
joan zen, bestela, atzoko gaua. Ekitaldiaren ondoren, atarian elkartu eta Kanpi
“buruzagiaren” atzetik Kaldereria aldera joan ginen, atzetik zebilkigun Erramun
pelmazoarengandik ihesi.
Zurito batzuk edan, futbolinean partidatxo batzuk jokatu, Tola
herrikidearekin bertsotan jardun, eta beti bezala, azkeneko tabernara arte.
Atzo dantzarako gogoa nuen, eta horrelakoetan ojo! Pare bat metro behar
izaten ditut inguruan lasai mugitzeko. Ilargi betea zela uste dut, gainera:
auuuuuuuuuuuuu! Kontuz gero gizon-otsoarekin! Azkeneko zuloko tabernaria
ere animatuta zegoen. Egongo ez zen ba; sanferminak igaro berriak, eta gau
hartan negozioa egitera zihoan gu bezalako parrandero zikin batzuekin.
Kontua da barmana umorean zegoela eta gero eta martxa gehiago jartzen
hasi zela: Negu Gorriak, Barricada, Macka B, Exkixu, Nirvana, Huajoloteak… eta
baita euskal bakailaoa ere, “goazen, goazen, euskaldun guztiok ikurrinaren
atzean” dioen kanta. Ni, normal nagoenean, Tolaren uste berekoa naiz:
“Bakailaoa? Saltsan bakarrik, eta Zubietako sagardoarekin lagunduta bada,
hobeto oraindik”. Baina atzo ilargi betea zen, eta animatuta nengoen.
Amaia eta biok aurrez aurre aplikatu ginenean, zein baino zein zoroago
aritu ginen dantza ero bero batean. Sorgina zirudien, eta berehalaxe sorgindu
ninduen atzo gaueko akelarrean. Baina pixkanaka ordu txikiak handitzen joan
ziren, eta zerbeza-barrika beherantz zihoan, azken kanta ere iritsi zenean: Bob
Marley-en “Woman no cry”. Bata bestearen aurrean geundenez, bere begi-
keinuari erantzunez gerri aldera luzatu nituen eskuak, berak nire lepo aldera.
Hordiaren erdiak izerditan bota genituela iruditzen zait, hain geunden berotuta.
Gero eta hurbilago, bularrek lehendabizikoz elkar ezagutu zuten. Buruek ere
aurreko sorbaldek eskainitako atsedenari ez zioten ezezkorik esan.
Kanta bukatu orduko, ezer esan gabe, baina konplizitate keinu batekin,
taldekoen begietatik ihes egin genuen, ahal zen erarik “disimulatuenean”.
Freskura ederra zegoen kanpoan, ez zen Ziudadelako belarretan jolasean
ibiltzeko girorik egokiena. Berak autoa bazuela aprobetxatuz, ziztu bizian abiatu
ginen Larraona aldera, Pio XII hiribidean aurrera, ez dakit zeri buruz hizketan.
Izenaz gain, debarra dela jakin nuen behintzat, eta euskal filologia ikasten
dabilela. Ni Oier naizela esan nion, Usurbilgoa, eta irakasle nagoela Zarauzko
ikastetxe batean. Eskolako atea itxi baino lehen justu antzean iritsi, atezainari
gabon esan eta giltzak hartu ondoren igogailura sartu ginen. “Dantzan
jarraitzeko gogorik bai?” galdetu zidan, eta “Zurean ala nirean?” esan nion;
“Zurean” erantzun zidan, ondoan ez dakit nor zegoela-eta.
Hortik aurrerakoa hain azkar joan zen! Basatia izan zen, baina era berean
goxoa. Zabaleran 90 cm besterik ez dituen ohe honetan zirku ederra antolatu
genuen; ekilibrista bikainak garela frogatu genuen behintzat. Ez zuen
tabernako dantza saioaren inbidiarik izan; musikarik gabe, baina erritmo
ederrarekin. Batek UH! besteak EH! berriro UH! Gora UEU!! Ederki ospatu
genituen UEUren zilarrezko ezteiak! Hau guztia gogoratzean irribarreak irten dit, eta orduantxe irten du baita ere Amaiak bere lozorrotik.

Xabier Azkue (UEUko Soziolinguistika Saila). Zumaiako Julene Azpeitia ipuin lehiaketako irabazlea 1997. Mendekua UEUn. / Argazkia: Nanagyei

Barrutik aberasten gaituen eremu bat

UEUren 40. Urteurrena dela eta, UEUn izan ditugun bizipenen inguruko hausnarketatxo labur bat egitea eskatu digute eta gogotsu baietz erantzun diet, UEUk eman didana oso garrantzitsua izan delako nire bizitzaren ibilbidean, eta hori eskertzeko aukera izatea beti pozgarria baita. Jarraian, nire hausnarketatxoa hiru ataletan banatuko dut.

Lehendabizi, UEUk eremu euskaldun batean bizitzeko aukera ezin hobea eskaini dit. Ni euskaldun berria naiz; nerabean, Franco hil zorian zegoenean, hasi nintzen euskara ikasten Sestaon, gure lagun batzuk martxan jarritako auzolanari esker. Gogo handiz geunden guztiok baina eremu erdaldun batean oso zaila izaten zen kalean mintza praktika egitea. Ondoren, euskara hutsez bizitzeko barnetegi batzuetara joan nintzen, baina unibertsitate euskaldun batera joatea izugarrizko erronka iruditzen zitzaidan garai horretan, ia-ia amets bat. Hortaz, lehenengo aldiz heldu nintzenean Larraona ikastetxera ilusioz eta beldurrez heldu nintzen, baina ateratzerakoan ilusioa gero eta handiagoa izan zen eta beldurra bertan desegin zen. UEUk ausartak izan behar dugula erakutsi zidan eta irabazteko asko genuela.
Bigarren ekarpena edukietan kokatuko nuke. UEUk aukera anitz eskaini baitizkit gure garaiko erronken inguruan hausnarketak eta eztabaidetan parte hartzeko. Bai Euskal Herriko historia ekonomikoan oinarrituta, etorkizunari begira ditugun erronken inguruan, bai nazioarte mailan bizi diren aldaketetatik abiatuta gure hausnarketak egiteko parada eskaini dizkiguten ikastaroak eskaini baitizkigulako. Oso ondo oroitzen naiz Ipar Euskal Herriaz antolatu diren mintegi interesgarriaz edo euskal finantza sistemaz, bi aipatzearren. Eta gainera Irunean egiteaz gain Miarritzera joateko ere aukera eskaini digu eta bertan Euskal Herrian dagoen aniztasuna eta ikuspegi ezberdinaz gozatu izan dugu, lagun berriak eginez.
Eta hirugarren ekarpena, irakaskuntza-metodologian kokatuko nuke, UEUk oso dinamika parte-hartzaileak bultzatu ditu beti, eta hori asko eskertzen da. Dinamika horietan murgilduta, ikasle izatetik irakasle izatera pasa nintzen eta gogoan ditut emakume eta zientziaren inguruko eztabaida interesgarriaz edo kooperatibismoaz antolatu ziren mintegiak, besteak beste. Eskolak oso horizontalak izaten dira, guztiok zerbait elkartrukatzeko baitaukagu, hara heltzen gara gure esperientziekin eta gure gogoarekin gure bizipenaz eta ikasitakoaz eztabaidatzeko, eta horrek ikastaroei izugarrizko bizitza eta indarra ematen die eta aldi berean aukera ezin hobea eskaintzen du lagunak egiteko eta oso ondo igarotzeko ere.
Azkenik, hau idazten ari naizen honetan aurrean dut iaz parte hartu nuen ikastaroaren harira bidali ziguten argazkia. Talde ederra osatzen dugu eta guztiak irribarretsu agertzen gara. Eibarreko Markeskoa egoitzan bildu ginen, auzolanez hitz egiteko, ez soilik teoriaz praktikaz baizik eta niri ikuspegi feministaz hitz egitea egokitu zitzaidan. Bertan ekintzaileak, idazleak, bertsolariak, akademikoak, etabar,..bildu ginen, teoriak eta praktikak txertatu ziren eta nire ustez guztiok asko ikasi genuen. Ikastaro osoan egon ginenak indar berriturik irten ginelakoan nago, hor sortutako dinamikak, ezbaika eta praktika horiekin aberastuta. Hori da niretzako UEU, barrutik aberasten gaituen eremu bat eta euskal komunitatea sendotzen laguntzen duen ekimen eder bat. Animo eta aurrera!!

Yolanda Jubeto (UEUko Ekonomia Saila) / 2001ko Udako Ikastaroak Eibarren.

Sigi-saga, denok batera, aurrera

EHUko IXA taldearen bitartez ezagutu nuen nik UEU. Lehenagotik ere banuen entzutea nire ahizparen kontakizunetatik, baina barruan egoteko parada ikerkuntza-mundutik etorri zitzaidan. Ia urteroko zita zen; gehienetan Hizkuntzalaritza Sailari lotutako zereginetan murgiltzeko, baina baita oso bestelako zaletasunekin lotutako ezagutzetan ere.

Udako oporren ataria, jendea giro atsegin eta jatorrean biltzeko gogoa, aspaldiko lagunak topatzeko bilgunea… Hori guztia euskaraz eta euskal kulturaz jantzia.

Giro honetan oso prozesu naturala izan zen ikasle-eserlekutik irakasle-eszenatokira pasatzea. Nire hasierako garaietan (1996-97az ari naiz gutxi gorabehera) ikerlari izaki, irakasle-lanek leku gutxi zuten nire jardunean eta UEU izan zen aukera hori eskaini zidana. Batzuetan alde batean eta beste batzuetan bestean, denok lanean gustura aritzeko gertutasunaz.

Alderdi akademikoari begira ere, garai haietan (eta oraindik ere, neurri txikiagoan bada ere) ezezagun samarra zen gure lan-arloa, Hizkuntzalaritza Konputazionala, plazaratzeko gunea ere izan zen, Euskal Filologia lizentziaturan ezer gutxi lantzen baitzen hizkuntzalaritza aplikatuaren atal hau. Masterren eta doktoretzen bitartez zabaldu behar izan den adar honek, honenbestez, bazuen UEUrekin hedakuntzarako eta elkarlana bultzatzeko beste foro bat; ezinbestekoa.

Honek horrela jarri dezan, UEU aurrera! Gu gurean, Hizkutzalaritza Sailean, saiatuko gara behintzat horretan.

Izaskun Aldezabal (UEUko Hizkuntzalaritza Saila) / Argazkia: Jorge García-Dihinx

Euskaldun berri baten memoriak (txikiak)

Gasteizkoa eta adin batekoa izanda, ez zait erreza izan euskalduna izatea. Nahiz eta orain dela hogeiren urte euskaltegira “serioz” joaten hasi, kostatu egin zait nire burua euskaraz egiteko gai ikustea. Euskaraz ausardiaz mintzatzeko (edo hobeto esanda, entzuteko… Horretarako ere ausarta izan behar????) lehenetariko lekua UEU izan zen, 1995ean. Urte horretan, lagun baten esker, Sexualitateari buruzko ikastaro batera joatea erabaki genuen. Sexualitatea eta euskara, une horretatik elkarrekin eskutan joan dira nire bizitzan zehar. Baina ez pentsatu kemen hori laguntzarik gabe agertu denik. Oso eroso sentitzen nintzen UEUn ezagututako pertsonekin hasieratik: garrantzitsuena ez da inoiz izan zuzentasun ortodoxoa (euskarazko gaitasun agiria lortzeko eskatzen dizuten bezalakoa), baizik eta elkar ulertzea, hanka sarritan sartu arren.

1998an beste sexologo eta lagun batzuekin (Agurtzane, Iñaki,…) Sexologia Saila sortzea erabaki genuen. Une horretatik orain arte, batzuetan energiaz beteta, beste batzuetan nekez, urtero ekarpen txikiak egin nahi izan dizkiot UEUri. Egia esanda, UEU eta bion arteko harreman honetan, ni irabazten ateratzen naiz. Dudarik gabe.

Ana Ramírez de Ocáriz Sorolla (UEUko Sexologia Saila) / Argazkia: lizmonsterx

Antzerkilaritzatik begira

Udako Euskal Unibertsitateak “ Arte eta Komunikazioa ” saila martxan jarri zuenetik
(25 urtetik gora), gaur arte loturik egon gara, sailburu eta bazkide bezala.

Urtero, uztailean, San Fermin jaiak pasa ondoren iristen ginen Larraona Ikastetxera
antzerki ikastaroa ematera. 2 astetan jarduten genuen. Talde handiak izaten genituen eta goiz-arratsaldez aritzen ginen lanean. Antzerki teknika ezberdinak lantzen genituen: Stanislavski metodoa,: interpretazioa, ahotsa, gorputza, mimoa, Pantomima, Clown, zirko teknikak,…

Hainbat ikuskizun burutu genituen .bertan zegoen aretoan, Sormena eta irudimena bazter guztietara eramaten saiatu ginen (aretoa,jangela,taberna….). Bertsolaritza eta musika sailekoekin elkar lanean aritutako egunak bihotzean ditugu. Baita ere zuzenbide naiz matematikako ikasle irakaslearen partaidetza.

Gustura gogoratzen dugu Stevie Wonderen abesti bati letra aldatu eta nola jarri genuen Larraona Ikastetxean zeuden guztiak abesten, MUNDIALA! izan zen. Musika ,dantza, bertsoak eta interpretazioa uztartuz egin genuen.

Beste ikuskizun batekin jendea ikaratu genuen. Aretora jaisteko eskailerak hildakoen artetik zeharkatu behar izan zutenean eta aretoan bertan hil-biziak aurkitu zituztenean.

Ikusleak oso motibatuak egoten ziren eta txalo mordoa jasotzen genuen. Irria
ezpainetan eta ilusioa arnasten genuen.

Gogoan ditugu Iruña ondoko jaietara joaten zirenak eta hurrengo goizean txintxo etortzen zirenak, baita ere klasea ez galtzeko goizaldean bere logelara joan beharrean Ikasgelan lo aurkitu genuena.

Eguerdi batean jendea bazkaltzen ari zela osasun departamendutik zetorrela esanez aurkeztu genuen neska bat, bata txuriz jantzita. Digestioa ondo egiteko ariketa batzuk egitea proposatu eta jende guztia zutik ipini zuen. Jendeak bazkaria platerean laga eta serio demonio aritu zen.

Gau batean afaltzera gindoazela platerean zegoen saltsa susmagarria iruditu zitzaigun gutxi batzuei eta ez genuen jan. Hurrengo goizean klasera joan ginen eta bakarrik aurkitu ginen. “Salmonellak”jota ohean gelditu behar izan ziren pila bat eta hiru bat Clinica Universitarian “ingresatu zituzten Larraonan euron logelan gaizki zeudenei “sueroa” eramaten pasatu genituen egun batzuk. Lehenengo astean izan zen eta ikastaroa suspenditu behar izan genuen.

Edurne Lasa eta Joxemari Larrañaga (UEUko Antzerkilaritza Sailburuak) / 2007ko Udako Ikastaroa. Baiona