Bizkaia maite (ipuin euskaldun kostunbrista bat)

Bai, oroitzen naiz, eta ez dira urte gutxi pasa, ez. Matrikulatzea uste baino zailagoa izan zen. Pentsa, izen- -emate orriak eskuratu, saria ordaindu, paperak bete eta EHUko Zuzenbide fakultateko idazkaritzan utzi nahi izan nituen, nire ikastetxean hain zuzen ere. Zer esanik ez, hango atso zaharrek –funtzionaritza Sindikatu Bertikalaren garaian lortu zuten horietakoak, ezbairik gabe– ez zekiten Udako Euskal Unibertsitatea zer zen ere, eta auskalo telefonoz zenbat jende mareatu zuten Leioan ni handik bota aurretik. Ez naiz gogoratzen nola lortu nuen, azkenik paperak behar zen tokira igortzea. Beranduegi baina, gerora egiaztatu ahal izan nuen bezala.

Zuzenbide ikastaroan eman nuen izena; ez gaia interesatzen zitzaidalako –kokoteraino nengoen erromatarren kontuez eta sozietate komanditario edo kolektiboen ezaugarriez–, baina fakultateko irakasle batek hitzaldi pare bat emango zituela ikusi nuen, eta haren eskolak behintzat arretaz-edo jarraitzea erabaki nuen, ea horrela gainetik kentzen nuen kabroi hark behin eta berriro suspenditzen zidan eta ondorioz laugarren deialdian neukan ikasgai hura.

Bazegoen arrazoi sakonagorik, halere. Xuxurlatutako informazioa nahiko konfidentziala bazen ere, behin baino gehiagotan ailegatua zen nire belarrietaraino: udako ikastaro haietan ligatu egiten zen. Banekien horrelako esamesei ezin zaiela kasu handiegirik egin, Kimikako fakultatean antolatzen zuten megamakro festa ultraeuskaldun (teorikoki) orgiastikoan urteroko patxaran-aitzur berbera baino ez nuela ligatzen gogora ekartzen banuen behintzat; baina itxaropena galtzen den azkeneko gauza dela diotela eta, badakizue… Ez nien kasurik egin hura Euskal Herri ttipi bat zela aldarrikatzen zutenei: esaldi publizitariotzat hartu nuena, ordea, errealitatearen isla gordina baino ez zela frogatu nuen. Nire intentzioetarako batere itxaropentsua ez zen errealitatea, alegia.

Hortaz, uztaileko goiz batean Iruñeko barnetegi hartara, Larraonara, heldu nintzen, kristoren beroa egiten zuela. Ni Donostiako udatiarrez jantzita nindoan, nautikoak, bakeroak eta Lacoste-a, eta hala ere gehiegi zen: prakamotzetan eta ia biluzik zebilen jende hark arraro begiratzen zion sorbalda gainean neraman Burberrys finari. Mahai potroso baten bestaldean zeuden moja alferez itxurako idazkariek lehenengo atsekabea eman zidaten: ez neukan lekurik barnetegian bertan –informazio iturri guztien arabera haragikeria guztien erdigunea–, baizik eta bospasei kilometro harago, hiriaren beste puntan, eskola edo pentsio edo halako zerbaitetan. Hurrengoan lehenago matrikulatzeko etab. Protesta egin nahi izan nuen, erreklamazio-liburua non zegoen galdetu; baina nire atzean eratzen ari zen errenkada luzeegia zen, eta ez zegoen ezertarako astirik: paper guztiak jaso eta harantz abiatu nintzen.

Urteetako hautsak estalitako gela beltz hartan maletak desegiten nituen bitartean, arazoak bere alderdi positiboa bazuela pentsatuz kontsolatu nintzen: giro-apurtzailea izan beharrean, nire kokapen miserableak aukera berriak irekitzen zizkidala otu zitzaidan: gauez, neska xarmangarriren batekin nengoela, berba eta berba, berandura arte, noski, nitaz errukitu eta bere gelan lo egitera gonbidatuko nindukeen, ilunpean hain bide luzea egin ez nezan. Irribarretsu, badaezpada ere apunteen karpetan hortz-eskuila ezkutatzea erabaki nuen. Kondoiak, beti bezala, karteran, Gipuzkoako Kutxaren txartelarekin pega-pega eginda.

Ikastaroetan aurkikuntza harrigarria egin nuen, totala, nire bizitza betiko aldatuko zuena, hurrengo hamabost egunetan behintzat. Ez naiz hitzaldien kalitateaz ari (lehenengoa fakultatetik ondo baino hobeto ezagutzen nuen irakasle batek eman zigun: ikasturtean zehar bere eskoletan jartzen nuen babo aurpegi neutro berbera konposatzea lortuko nuela espero dut), ezta janaz ere (arrantxo izena mereziko zukeena, gehienez), ezta gaueko giro paregabeaz ere: hara non, heldu eta lehenengo gauean troglodita itxura zuen morroi batek gelatik gitarra jaitsi eta Benito Lertxundiren kantak errezitatzen-edo hasi zen… han zeuden guztiek ozenki lagunduta! Hurrengoetan, Musika saileko madarikatu haiek muntatzen zituzten trikitixa saioak edota antzerki kontzeptual sedanteren bat izango ziren. Enpin. Baina ez, beste zerbaitez ari naiz: bizkaitarrez alegia.

Ez, agian ez zen halako ezer gertatuko ikastaro hartan bizkaitar faktorea azaldu ez balitz. Bai, aitortu egin behar dut, mea culpa, esan dut, donostiarra naizela. Ez ezazue, halere, nitaz ideia faltsurik egin: Donostiatik kanpora joan izan naiz noski, eta sarritan gainera. Baita atzerrira ere! Hamalau urte nituenean gurasoek Londres aldera bidali ninduten, familia batekin, ea ingelesik ikasten nuen (gero haien semea lau urtez aguantatu behar izan genuen etxean; beti Aste Nagusian, gainera), eta hilean behin edo amak autoa hartu eta Frantziara eramaten gintuen, Baionako Carrefour-era erosketak egitera. Bilbotarrak zer eta nolakoak ziren banekien, ziur egon zaitezkete, zazpi urte bete nituenetik Errealeko bazkidea naiz eta: benetako bizkaitarrez ari naiz, beraz, ez Atotxara etortzen ziren bilbotar harroputz haiek bezalakoez. Ikastolan bizkaitarrak zer ziren azaldu ziguten, teorian behintzat; baina lau mendi eta bost erreken izenak eta arraro samar hitz egiten zutela alde batera utzita, ez ziguten inoiz gelara ikusteko edo ukitzeko alerik ekarri eta, hortaz, ez nengoen prestaturik han ikusi behar nuenerako. Dena esan behar da: nigan horrenbesteko zirrara sortu zuten bizkaitar haiek bazuten sexurik; neskak ziren alajaina. Liluratuta geratu nintzen, xaxaxaxa hemendik eta sheshesheshe handik. Xarmangarriak, ulertezinak ziren. Egunero maitemintzen nintzen haietako batekin. Ia egunero jaso nituen kalabazak, edo hala uste dut behintzat, entzundako guztia momentuan dekodifikatzeko gaitasuna falta zitzaidan eta.

Eguna ez zen ekintzak gauzatzeko unerik egokiena; esan bezala, sekulako beroa egiten zuen eta, gainera, ikasgeletan pilatuta eta, are okerrago, mugikortasuna erabat mugatuta genuela aritzen ginen: klaseak umeentzako eskola batean ematen zizkiguten, eta gehienok ez ginen idazmahaietan kabitu ere egiten. Gerturaketa mugimenduek gainera, ahalegintzekotan, beste oztopo bat gainditu behar zuten: bizkaitar neska haiek guztiak Euskal Herriko ikasle saiatuenak ziren edo, behintzat, hala zirudien. Apunte piloa hartzen zuten! Baita uztailean eta siesta orduan ere! Batzuek galderak eta guzti egiten zizkieten irakasleei. Nolanahi ere, hitzaldiari baino ez zioten kasu egiten.

Hurrengo oztopoa hizkuntzarena zen, noski. Nork dio bizkaiera euskalkia dela? Noiz izendatuko dute hizkuntza propio eta independente? Ez nintzen Hizkuntzalaritza ikastarora gerturatu, baina gai horri buruz banuen zeresanik –hartara, euskarak lortuko zukeen, azkenik, ahaide bat, bizkaiera alegia, eta ez zen gehiago hizkuntza isolatua izango–. Tira, gehienak edukazio oneko ikastolakumeak zirenez, nirekin zeudenean batuaren antza zuen nahikoa euskara ulergarrian hitz egiten zidaten, mesede modura edo. Kostatu zitzaidan ohitzea, baina tira. Okerrena zen beren artean aritzen zirenean: orduan ez nuen tutik ere ulertzen, eta ulertzeko amorruz geratzen nintzen, ze argi zegoen ni ez enteratzea nahi zutela, nitaz ari ziren seinale, eta orduan ni saiatu egiten nintzen hitz jario hartan guztian gure Larramendik goratutako hizkuntzaren arrasto ñimiñoena aurkitzen, baina ezinezkoa zen, konjuntzioek ere ihes egiten zidaten.

Baina hori bigarren mailako arazo bihurtu zen. Aipatu ingurugiroan, bazkalordua edota afaria ziren erasorako momenturik egokienak. Printzipioz behintzat: bazkaria eta gero siesta dator, eta gauean, badakizue, juerga. Siestakoaz laster ahaztu nintzen. Lehenengo egunetan juntatu nintzen neska koadrilakoei –saltus-eko auskalo nongoak–, beste ezer baino gehiago, billarrean aritzea gustatzen zitzaien. Hasieran pentsatu nuen beren bizi­tzan ikusten zuten lehenengoa zelako-edo izango zela, eta nire abileziaren hainbat lezio ematera prestatu nin­tzen. Baina ez zegoen zereginik: neska haiek makila poltsikoan zutela jaio zirela zirudien. Bola guztiak, berenak eta geureak, amen batean sartzen zituzten, aurretik seinalatzen zuten zuloan gainera, eta nirekin jolastea egokitzen zitzaionak ez zidan hitzik ere egiten hurrengo bi egunetan (eta eskerrak irainak ez nituen ulertzen). Izan ere, nik billar mahaiak ikusi, ikusita nituen, noski, Alde Zaharreko bolatokira askotan joaten baikinen txikitan… beti futbolinean jolastera, baina. Ez oso ongi, gainera.

Iluntasunak egokiagoa zirudien. Noski, horretarako lehenengo kantu abertzaleak etengabe kateatzen zituen saloiko mozoloa, kalejira amaiezinak edota presoei buruzko bertso-saioa irentsi beharra zegoen; no problemo, desioak bultzatuta edozer egiteko prest nengoen, infernuaren ondoren Iruñean barreneko poteoa baitzetorren eta, han, pertsona zibilizatuak bezala solasean aritzeko aukera, zibilizazioak berak txaparen gainean ematen digun margo geruza (etab.) eranzteko azkenengo helburuarekin, noski. Jakina, ez nuen zorte gehiegirik izan. Txikiteoko lehen bi orduetako hizketa gaiak agorturik, Maite edo halako zerbait zeritzon Ondarruko ilehori bati euskal kantagintzaz nuen iritzi mamitsua ematera ausartu nintzen, Laboa eta panda hark guztiak lokartu egiten ninduela, eta niri benetan U2 gustatzen zitzaidala: sandey, blaady sandeeeey… Kale erdian gelditu eta, fresko egiten bazuen ere, nire harridurarako kaikua erantzi eta azpian zeraman Kortaturen elastikoa erakutsi zidan. Pijo hutsa nintzela eta pikutara joateko esan zidan, ulertu ez nituen beste gauza askorekin batera; aitak irakatsitako Ternuako pidgin-en batean hitz egin zidalakoan nago.

Horrek ez ninduen, beraz, bizpahiru ordu baino gehiago aguantatu, gutxi gora-behera. Hurrengoarekin gehiago iraun nuen, ia sei, tira, lau ordu inguru. Gernikarra zen. Iraultzak –zin dagit horixe zuela izena– ikusi dudan Amnistia Batzordeen anagramarik handienaz apaindutako kamiseta zeraman jantzita eta, auskalo nola, politikaren gaia alde batera uztea lortu nuen, nire alkandoraren poltsikotik ageri zen Bic urdinaren tapoiak –produktu frantsesei boikotik egiten ez nien seinale barkaezina– Iraultza pixka bat moskeatuta bazuen ere. Ikastaroen barnetegira (goxo-goxo) bueltatzekoak ginenean, hara non azkenengo tabernan, luze eta zabal, Mario azaldu zitzaigun. Mario Onaindia. Eta, okerrena, ni ezagutu eta agurtzera gerturatu zitzaidala. Zin egiten dut ordura arte ez zidala batere kasurik egin, ezta partiduaren Kongresuetan mahaira ur botilak eramaten nizkionean ere. Ez nekien non sartu. Gaua amaitutzat eman nezakeen, eta ez oso modu atseginean, gainera. Kalera irten ginenerako edozer gauza asmatzeko prest nengoen: familiakoa nuela, klaseko lan (benetan kritiko) baterako elkarrizketa egin niola, beste norbaitekin nahastu ninduela. Azkenean Euskadiko Ezkerrako kartelak behin (behin bakarrik baina) pegatzera irten nintzela esatea bururatu zitzaidan: kanpaina hasiera zen, badakizu nolakoak ziren gauza haiek, gaztea nintzen, sineskorra, amaitzean pintxo batzuk jatera gonbidatzen gintuzten… Beste ordu erdi egon ginen elkarrekin, alde zaharretik barnetegirako bidean, eta etzazue pentsa isildu zenik, ez. Ez zen nirekin ezta igogailura sartu ere egin: azken iraina bota eta eskaileretan gora abiatu zen, aberriarekiko traidorerik miserableena berriz ere larrua jo gabe utziz. Eta gainera, pentsiorako bide luze eta bakartia egitea falta zitzaidan.

Horrelako beste bospasei konta nitzake, baina ez zaituztet aspertu nahi. Guztia ez baitzen porrota izan. Zortzigarren egunean Elorrioko neska ahaztezin, samur, eder, begi marroidun bat ezagutu nuen: Miren. Ez dakit zer gertatu zen, baina berehala konturatu nintzen bazegoela zereginik: abertzalea bazen ere –baina nor ez da abertzalea, inguru haietan?–, ez zirudien erradikalegia zenik eta, gainera, ze demontre, lasaiago egon nintekeen, Elorrio ia-ia Gipuzkoa da, han ere arraro hitz egiten badute ere –iritzia galdetzen didazue, dena den, nigatik Gipuzkoa Urola bailararaino iritsiko litzateke soilik, gainontzekoa Bizkaiari ematearen alde nago; paraje horietakoak, gainera, Athletic-en aldekoak dira nagusiki edo, okerrago dena, SD Eibarreko zaleak–. Elkarrekin bazkaldu genuen, kafea elkarrekin hartu genuen, bera zihoan arratsaldeko hitzaldi berberera joan nintzen, euskal animalien edo koloreen edo zenbakien inguruko zerbait, auskalo; zerbait izugarri euskalduna zela baino ez dut gogoan. Zaila egiten zait oroitzea zertaz hitz egin genuen gero; ez dakit Elorrio bezalako herrixka bateko bizitzari buruz ezer asko esan daitekeen; nik, seguru asko, Urgull mendira kanoien artean jolastera joaten ginenekoa kontatuko nion, eta halako aurrepubertaroko beste hamaika txepelkeria. Edo akaso antzinako telebista serieez, badakizue, OVNI, Starsky & Hutch, La casa de la pradera eta halakoez –Curro Jiménez, badaezpada, ez nuen aipatu nahi izan, propio–. Beno, laburbilduz, argi zegoen poltsikoan nuela, eta afaldu aurretik barnetegiaren inguruan pare bat buelta eman genituen, ia-ia –berak esango zukeen bezala– nobixuak bagina bezala. Ez nuen uste afaldu ondoren txikiteoaren erritoa bete eta alde zaharrerako bide nekosoa egin beharko genuenik ere; eta betiko dudari zegokionez (zure gelan ala neurean?) ez zen kontuan hartzekoa ere, nirea, urrun izateaz gain, kristo bat egina zegoelako eta ez nuelako berak halako txerritokirik ikus zezan nahi. Afaria, nahiko astuna izan bazen ere (arraina maionesa piloarekin, beti bezala), elkarri begira igaro genuen, ia txintik esan gabe, ohartu barik; izan ere, ondokoak platerean utzi zuen guztia ia konturatu gabe irentsi nuen, Mirenen begi sakonez gozatzen jarraitzeko besterik ez. Mahaitik gelara abiatu ginen, eta horretarako tabernatik pasa ginen; gau hartan aguantatu beharko ez nuen txistu saioa berehala hastekoa zen –ala bertsolariak ziren? Egia esan, ordutik aurrera gauzak gero eta lainotsuagoak bihurtu ziren: maitasunak hori izan behar zuela pentsatu nuela gogoratzen naiz–. Nolanahi ere, pozik nindoan eskaileretan gora, lurretik bi zentimetrora flotatzen, Miren ondoan neukala, irribarretsu, gero eta mareatuagoa, gero eta maiteminduagoa, gero eta haluzinatuagoa. Mirenek gelaren atea ireki orduko, botagurea eta guzti nuen, eta zuzenean ohera sartu beharrean, komun-ontzia besarkatzea erabaki nuen. Ez dakit zenbat denbora eman nuen han, botaka, izerditan blai, minutuak eta minutuak, Miren noizean behin Rocarekin nuen idilioa apurtzen saiatzen bazen ere: berari ere amodioak goraka egiteko gogoa ematen zion, antza. Azkenean, korridoretik laster zebilen jendeari entzun genionez, konturatu egin ginen hura ez zela maitasuna, salmonelosia baizik. Auskalo nondik atera zuen Mirenek gelatik arrastaka irteteko indarra, baina hala edo nola lortu zuen eta, minutu batzuk geroago, ohatilan atera gintuzten handik, ospitalerantz. Ez dut istorio kostunbrista hau gore bihurtu nahi, eta gau horretako gainontzeko xehetasunak nire baitan gordeko ditut, zuhurki.

Hurrengo goizean, esnatu nintzenean, erabat hodituta nengoen, eta kosta egin zitzaidan ea Miren ondoko ohean zegoen ikustea. Baina han zegoen, cyborg-a bailitzan, ez dakit zenbat aparatutara entxufaturik. Izugarrizko tripako mina banuen ere, irribarretxo bat diseinatzea lortu nuen. Laster ezabatu nuen, halere: ohearen beste aldean nire ama zegoen! Eta Mirenen ondoan, aurki jakin nuenez, haren ama. Gure aitak elkarrekin ospitaleko tabernara joanak ziren, egunkaria irakurtzera. Eta horrela izan zen infernuko bost edo sei egunetan zehar. Gure aitak, gehienez, futbolaz diskutitzen; eta amak gero eta gehiago lagunmintzen, gaztelaniaz noski, eta Mirenen eta bion bertuteak elkarri etengabe goraipatzen. Ez nekien non sartu. Mirenek ez zidan deus ere esaten, eta gainera tripako minez jarraitzen nuen. Handik irten ginenetik ez dut, noski, Mirenen berri gehiagorik izan. Amak oraindik galdetzen dit, noizean behin, “¿y qué fue de aquella chavala tan maja?”. Ez dakidala esaten diot, eta bakean uzteko, arren. Ez uste, halere, Miren ahaztu dudanik. Oraindik, noizean behin, begiradatxo bat botatzen diot gordeta dudan urte horretako uztailaren 18ko Egineko egunkari-zatiari; salmonelosiarena portada izan bazen ere, moztu nuena barne-orrialdeetako argazki bat zen: oinean zera dio, «Salmonelosiaz gaixotutako Udako Ikastaroetako bi ikasle ospitalean sendatzen», eta argazkian Miren eta biok gaude, begiak platerak bezala zabalik, ondoan ama biek propio jarritako kezka aurpegiz begiratzen digutela. Batzuetan koadro surrealista ergela iruditzen zait. Gehienetan barre egiten dut, eta Ikastaroetako programa zahar horren orrien artean gordetzen dut, Historiak horitzen jarrai dezan.

Iban Zaldua / Argazkia: 1997ko Udako Ikastaroak, Larraonan

Ipuin hau bertsio bat da. Jatorrizkoa “Ipuin euskaldunak” liburuan dago (Donostia, Erein, 1999).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude