UEUko nire esperientzia euskararen munduan emandako lehenengo urratsekin lotzen dut.
Euskaraz hitz egitea lagun on batzuei zor diet batez ere. Haien gonbidapenei, eman dizkidaten aukerei eta bultzakadei. Duela urte dezente, nire “euskara animatzaileetako” batek hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduen, berak UEUn antolatutako ikastaroan hain zuzen (mila esker, Gidor). Gogotsu eta arduratsu prestatu nuen hitzaldia (Ibanen, nire beste animatzaileetako baten laguntzaz). Euskaldun oso –benetan oso– berria nintzen eta nire lehenengo jarduera publikoa zen euskaraz; egoera nahiko konprometitua niretzat. Larraona egoitza etortzen zait gogora eta baita ere sentitzen nuen urduritasuna, bai hitzaldiaren aurrean bai irratian ateratzeko gaiaren inguruan egin behar zidaten elkarrizketaren aurrean. Ai ama!
(Temati, antolatzaile berberak beste gonbidapen bat luzatu zidan hurrengo urtean, eta gai berria gogo berberarekin prestatu nuen, baina apur bat lasaiago).
Ze ondo, bukatu eta gero, lagunartean kaña bat hartzea Larraonako barran!
UEUko beste ikastaro batzuetan egon naiz geroago (ikasle, hizlari nahiz bisitari), baina lehenengo hurbilpen haien indarra kariño eta esker on handiz gogoratzen dut.
Amelia Barquin (UEUko Literatura Saileko kidea) / Argazkia: Larraona