Iñaki Markotegi eta Ana Elias: “Liburutegirik gabeko eskolek asko galtzen dute, egoera larria da”

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen III. Bilkura izan zen atzo UEUren 45. Udako Ikastaroen harira. ALDEErekin elkarlanean antolatutako jardunaldiak eskola liburutegiak izan ditu mintzagai. Beste askoren artean Iñaki Markotegi Intxausti Intxaurrondo Ikastolako eskola liburuzainak eta Galtzagorri Elkarteko presidenteak, eta Ana Elias Goikoetxea Amara Berri ikastetxeko eskola liburuzainak parte hartu dute.

IKUSI BIDEOA

Nerea Elias eta Iñaki Markotegi

Nerea Elias eta Iñaki Markotegi.

Eskola liburutegien etorkizuna kolokan dago? Zein da egoera? Iñaki Markotegi: Guk sare publikoaz hitz egin dezakegu. Eta hor bai, etorkizuna nabarmen dago kolokan.

Ana Elias: Hori baino gehiago, egoera larria da.

I.M: Printzipioz Hezkuntza Sailak markatu duen ildoa da eskola liburutegietan lanaldi osoa duten langileei lanaldi hori murriztea. Horrek dakarrena da lanaldi osoan dauden langileak adinagatik erretiratzen diren neurrian, 15 ordutara ordezkatzen direla urtebetez eta hurrengo urtean ez dela lanpostu hori ateratzen. Hori da egoera. Hori da etorkizuna.

Zein da eskola liburutegiek betetzen duten funtzioa? A. E: Eskola bakoitzak du hezkuntza proiektu konkretu bat eta eskola liburutegi bakoitzak paper desberdin bat betetzen du. Zenbait eskolatan, dudarik gabe, eskola liburutegia ardatza da. Askotan gela desberdinetatik, departamendu desberdinetatik jasotzen den informazio iturri handia da.

Zergatik da hain garrantzitsua? I.M: Baliabide pedagogikoa delako, azken finean. Hezkuntza proiektua garatzeko baliabide pedagogiko bat. Batean indarra egingo du irakurmenaren edo idazmenaren garapenean, beste batek informazioaren trataeran edo nahi duzun horretan. Neurri batean eskola liburutegi batek aglutinazio efektua egiten du eskolan baitan. Ondo antolatuta baldin badago, lan egiten du bai ikasleekin bai irakasleekin baita gurasoekin ere. Efektu hori oso baliagarria da eskolak bere buruari ezarri dion proiektu hori garatu ahal izateko.

Nolako harremana behar luke herriko liburutegiarekin? I.M: Nik lotzen dut bitartekariaren lanarekin. Azken finean, helduok haurraren inguru naturalean egiten dugu bitartekaritza lan bat; sortzaileek edo idazleek egiten duten lanaren artean eta haurren artean, beraiek irakurle diren neurrian. Guk egiten dugu zubi lan hori. Zubi lan hori egiten dugu guk, egiten dute irakasleek, egiten dute gurasoek eta egiten dute ere liburutegietako langileek. Maila horretan erarik koordinatuenean eta gehiago elkar ezagutuz lan egiten bada, haurraren inguru naturaletik gertuago egongo gara eta irakurketaren inguruko eta informazioaren trataeraren inguruko jarduera eta ekintzek lotura eta erabilgarritasun handiagoa izango dute.

Nolakoa behar luke eskola liburutegi idealak? I.M: Ideal asko egongo dira. Bakoitzak izango ditu bere ezaugarriak. Eskola bakoitzak bere ezaugarriak dituen bezala. Eskola idealik ba al dago? Ba batzuentzat bai, izango da hola funtzionatzen duen eskola eta beste batek esango du, ez, niretzat hala funtzionatzen duen eskola. Eskola liburutegi ideala izango da lotuta dagoena hezkuntza proiektuarekin, haurraren garapenean lagunduko duen liburutegia. Motibatuko duena, ilusioa piztuko duena… Gauza asko izango dira. Betiere haurraren garapenean lagungarri izateko asmoarekin.

Eskola liburutegi batek liburuzaina behar du? A. E: Nik uste dut liburuzain baten presentzia ezinbestekoa dela. Liburutegi baten presentzia hutsarekin ezin dugu gauza handirik egin eskola batean. Nik uste dut bitartekaria izan behar duela. Dagoen funts hori guztia, Ikasleen eta irakasleen artean ematen den harreman horretan berak erdian egon behar duela eta jaso behar dituela beraien beharrak, interesak… Espazioa kudeatzeko pertsona heldu baten presentzia ezinbestekoa da.

I.M: Komentatu duguna, liburutegi onena zein izango da? Bada programazio bat duena eta egonkorra dena. Egonkorra izango da aurrekontuan. Egonkorra izango da lekuan, leku atsegin batean. Egonkorra izango da ordutegi batekin. Egonkorra izango da formatuta dagoen pertsona baten gidaritzapean edo dinamizaziopean oinarrituta baldin badago. Zuk baldin badaukazu leku bat, izan daiteke fantastikoa, baina ez badago funtsik, ez badago nork dinamizatu hori… Hezkuntza sailetik esaten da pribilegio bat izan dela, eta orduan eskola barruan irakasleek dauzkaten ordu libreekin, dauzkaten kredituekin kudeatu behar dutela. Bueno, bai, modu bat izan daiteke, baina argi dago ez dela onena. Eta nire ustez horren azpian daudenak ez dira argudio pedagogikoak, argudio ekonomikoak dira. Liburuzainen lanaldia murriztearekin irabazten dutena dirua da. Dirua aurrezten dute. Niretzako ez dago beste arrazoirik.

Eta liburutegirik gabeko eskolek zer galtzen dute?
I.M: Guri galdetuta zer esango dugu, horretan aritzen gara eta. Baina galtzen dute ilusioa, dinamismoa, galtzen dute…

A.E: Ikasleek galtzen dute erreferente piloa liburutegiak ematen duena eta askotan eskolatik kanpo agian aukerarik ez dute holakorik jasotzeko. Hori eskaintzen die eskola liburutegiak.

I.M: Esaten dute eskola publikoak berdindu egin behar duela, pertsonak garapenerako dituen aukerak berdindu egin behar dituela. Kentzen baditugu, etxean eta bere ingurunean aukera gehien ez dituzten horiek.. Berdintasun hori galdu egingo da. Gero batzuetan galtzen da babesleku bat. Tontakeria bat dirudi, baina ez da. Zenbait eskoletan eguerdi garaian liburutegia leku espeziala da ikasle askorentzat. Hori ere galtzen da. Galtzen da gurasoak etorri ahal izatea erreferentzia eske. Galtzen da irakasleei ekimenak bultzatzeko plangintzak edo jarduera motak planteatzea. Galtzen dira gauza asko. Guk behintzat hala pentsatzen dugu.

A.E: Bai, azken batean merkatuan dagoen material piloa… Askotan denborarik ez duzula kanpora jotzeko, murgiltzeko liburu-dendatan, udal liburutegietan… hori guztia aurkitzen duzu eskola liburutegi batean. Gertu gertu daukazu, eskura. Eta liburuzain bat badaukazu aurkezteko dagoen funts hori guztia, zer esango dugu… Asko, asko galtzen da. Guk jarraituko dugu hori defendatzen. Horretan gaude. Eskola liburutegietan sinesten dugu guztiz.

I.M: Irakaskuntza guretzat lanbide polita da. Batzuk pentsatuko dute hauek bere lanbideari, bere lanaldiari eusten. Ni bidaltzen baldin banaute liburutegitik eta tutore jartzen banaute beste eskola batean nik ondo pasatuko dut. Iruditzen zait gehien galtzen dutenak ikasleak direla, familiak direla eta eskola bera. Eta gero ez dugu batere komentatu, baina orain arte egin diren inbertsio ekonomiko guztiak eskola liburutegietan funtsak erosteko, zer geratuko dira, ez dakit nork kudeatuko duen sistema baten baitan? Hor sekulako dirutza sartu da. Hori pikutara bota behar da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

47 − 40 =