Cultura vasca vs. euskal kultura (IV): gogoeta eta ondorioak

Pako Sudupe

Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015),  liburuaren aipamenaren amaieran, hona hemen azken gogoeta eta ondorioak.

pako sudupe

Irudia: Pako Sudupe idazleak eta Euskal Ikasketetan doktoreak, Iban Iztuetaren “Cultura vasca vs. Euskal Kultura” lana disekzionatu du apur-apurka Ingumak Laborategian blogean.

Gure herrian hizkuntza eta kultura aldetik bizi den populazioaren aniztasuna eta askotarikotasuna konstatatzetik abiatzen da:

Badira, besteak beste, bertan nahiz atzerrian jaiotako hiritarrak eta bertan nahiz atzerrian jaiotako hiritarren ondorengoak; badira, euskaraz egiten ez dakitenak, euskaraz egiten dakitenak, euskaraz jakin arren, batez ere, erdara erabiltzen dutenak edota euskaraz hizketan jakin arren, idazten ez dakitenak; eta badira, halaber, bai gizartean prestigiozko tokiak dauzkatenak bai zeinahi botere gunetatik urrun bizi direnak.

Orok du Espainiaren eta Frantziaren eta Euskal Herriaren arteko menderakuntza/subordinazioari buruzko nolabaiteko kontzientzia eta, testuinguru honetan, jendea hainbat eratan sentitzen da interpelaturik bere herri identitateari eta hizkuntzei buruzko harremanen sarean” (349).

Ramon Zallok Kulturaren Euskal Planaren koordinatzaile gisa formulatu zuen diskurtsoak gorago aipatutako interpelazio horiei erantzun nahi ziela dio, kulturari buruzko diskurtsoak, gehienetan, herritartasunari buruzko diskurtsoak izan ohi direlako. Eta Euskal Plan horren puntu giltzarritzat honako hau jotzen du:

Diskurtso honek euskaldunagoa/ez hain euskalduna bereizketari kosta ahala kosta zirrikiturik ez uztearen printzipioak hauspotzen du eta, ildo honetan, besteak beste, euskaraz egiten duena euskaraz egiten ez duena baino euskaldunagoa dela baieztatzea arbuiatzen du”, eta horri honako kritika hau egiten dio: “aurreikusten duela Euskal Herriko nortasun eta hizkuntzaren normalizazioa erdaldunen premia identitarioak asetzetik bakarrik eratorriko dela eta, aldiz, euskaldunen behar identitarioak ez dituela zaintzen, ezpada gaitzetsi.

Esan gabe doa euskaldunagoa/ez hain euskalduna planteamendua bera erdaratik dagoela pentsatua eta erdaldunaren beldurrak adierazten dituela. Beldur hauek bi motatakoak izan ohi dira (…) alde batetik, euskaldunagoa/ez hain euskalduna horren bazterketarekin bere burua espainol/frantses herritartzat duen populazioaren errekonozimendua bilatu nahi da, abertzaletasunaren partetik eta euskaldunen partetik, berriz, euskaraz ez dakiten abertzaleena” (350).

EAEn hegemonikotzat jo litekeen diskurtso horren alde makurrak zein dira:

Horietan garrantzitsuena da, adierazi bezala, euskaldunaren identitate premiak gaitzesten dituela. Beharbada abertzale erdaldunari begi-bistakoa iruditzen zaiolako, diskurtso honek ez du aintzakotzat hartzen euskaraz egiteak zentzu bat behar duenik. Euskara erabiltzen duenak, hau da, espainolaren habitus-ari uko egiten dionak, funtsean, hala jokatzen du euskara euskalduntasunaren funtsa dela uste duelako, euskal identitatea eta euskararen erabilera gauza bera direla ulertzen duelako.(…)

Euskal Herriko erdaldunek euren identitatearekin eta hizkuntzekiko harremanarekin problema bat daukatenik ukatzea erdaldunen taldearen hegemoniarekin eta euskaldunen taldearen subordinazioarekin loturiko zerbait da”.

Problematika hori begirunez lantzeko baliagarri izatea nahiko lukeen bi termino bitxi samar aurkezturik ematen dio amaiera bere lanari: incolak eta diasporak.

Eta horrela azaltzen ditu: “Hizkuntzarekiko harremanaren eta arroztasun sentimenduaren inguruan eraikitako dikotomia da, euskara erdigune sinbolikoan ipintzen duena. Incolak, euskaraz egiteak norbera bere lurrean arrotz nola bihurtzen duen adierazten du; diasporak, berriz, euskaraz ez dakien “euskaldunaren” izaera diasporikoa, euskararen lurraldean bizirik, hizkuntzarekiko bizi duen erbestea. Bi termino hauen arteko dialektikan, helaraz litekeen diskurtsoa da diasporek erdararen erbestea utzi ahala hasiko garela incolak geure herriko sentitzen” (350-351).

Bibliografia ugariz hornitua dago. Beste hainbat puntu jakingarri ere baditu, labur-beharrez bazter utzi ditugunak.

Aurreko atalak:

Cultura vasca vs. euskal kultura (III): Txilladergi eta Ramón Zalloren diskurtsoak

Pako Sudupe

Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015),  liburuaren aipamenaren hirugarren zatian horixe jo dugu begiz:Txillardegi eta Ramón Zalloren kulturaren gaineko bi diskurtso Euskal Herrian.

Liburuaren egileak, Ibai Iztuetak, honela justifikatzen du bi diskurtso horiek hautatu izana:

Txillardegi eta Zalloren pentsamoldeak bere buruari abertzale esaten dion munduan aurki ditzakegun euskal kulturaren eta euskararen harremanari buruzko bi diskurtso nagusiak ordezkatzen dituztela uste dugu” (215).

Laburregi bildurik,Txillardegirentzat hizkuntzak garrantzi absolutua du, eta Zallorentzat, aldiz, euskal kultura euskara baino zerbait gehiago da. Txillardegirentzat kultura herri baten desberdintasuna izango da, eta Zallorentzat herri edo lurralde baten partaide diren biztanleen halako identitate sentimendu komun bat.

Argi uzten du bai Txillardegi eta bai Zallo ez direla manipulatzaile, eta argi uzten du halaber, diskurtso horien salaketa ez, baizik eta kritika egingo duela:

Txillardegiren diskurtsoak gutxituriko herri batek ezinbestekoa duen asertibotasuna du ona: hizkuntza propiotik esplikatzen da identitatea eta hori ezinbestekoa da haren berreskurapenari eta erabilerari eutsiko bazaio. Zorionez ala zoritxarrez, hizkuntza gutxituen kasuan, hizkuntza eta herri identitatea ezkondu ezean, hizkuntzak ez du etorkizunik izango.

Baina bere argudioei halako zientifikotasun egiaztagiria eman nahia alde batera utzirik [60ko hamarkadan garatu zuen nagusiki bere diskurtsoa Txillardegik, eta orduko zientifikotasunaren seme da], Txillardegiren diskurtsoaren hutsune aipagarriena litzateke euskaraz ez dakiten “euskaldunen” kopurua euskaraz dakitenena baino handiagoa dela eta hauek nolabait ere bazterturik sentiaraz ditzakeela. Egia bada ere Txillardegiren testua euskaraz idatzia dagoela eta, hortaz, bereziki euskaldunei zuzenduriko diskurtsoa dugula, garrantzitsua deritzogu puntu hau azpimarratzeari. Gero, Txillardegiren diskurtsoaren beste zailtasun bat behin eta berriz aurpegiratuko zaion “esentzialismo” salaketa da. Ez da, ikusi dugunez, diskurtsoaren beraren hutsunea; baina eztabaida behar den tokian mozten asmatzen jakin ezean, salaketei erantzun nahirik, nekatu eta gogaitzeko arriskua darama berekin” (291-292).

Zalloren diskurtsoaz den bezainbatean:

Zalloren diskurtsoaren bertutea bere borondate integratzailea eta izaera “antiesentzialista” dela esan liteke. Euskaltasuna herrialde bateko populazioarekiko identifikazio sentimendu zehaztugabe baten arabera definitzeak horretarako aukera ematen du eta liburuak xede dituen etorkinei ez ezik, euskaraz ez dakitenei “bertakoen” ezaugarriei ezin hobeto egokitzen zaie: teorian, ez du inor baztertzen eta oro errekonozitzen du.

Euskara gutxiturik ez balego eta Euskal Herriak euskara estatu propioa balu, diskurtso hau balekoa zatekeen. Mendekotasun harremanak ezartzen duen praktikan, ordea, Zalloren diskurtsoak baditu bere ahulune eta arriskuak, handi samarrak. Arrisku nagusia, funtsean, da diskurtso hau bera, praktikan, erdaren erabilera hegemonikoen eta euskararen subordinazioa edota subkultura izaera “normalizatzeko” erabil litekeela. Izan ere, azken batean, espainola –Espainian– eta frantsesa –Frantzian– edota beste hizkuntzaren bat euskal nortasunaren adierazpide jator ere baldin badira, zergatik bilatu minorizaturiko hizkuntza bat erabiltzeak dakarren ondoeza?” (292).

Bi diskurtso esanguratsu horien kritika egin ondotik, hainbat gogoeta eta ondorioetara heltzen da, eta hor ikusten dugu ekarpenik nagusiena atal honetan:

identitateaz eta kultur gaien arteko harremanaz ari garelarik, klarifikazio ideologikoaren amorez benetan interpelatzen gaituena zer den itauntzeak onuragarri dirudi. Hau da: bere burua “euskalduntzat” daukanak, zer nahi du, euskal identitateak iraun dezala ala euskaraz egiten duen giza taldearen bizitza iraunkortu eta normaliza dadila? Lehenengo galderak, inplizituki hizkuntza identitatearekiko ulertu beharreko zerbait balitz legez adierazten du; bigarrenak, berriz, identitatea hizkuntzarekiko harremanean jarriz esplikatzen du.

Auzia sozializatu gabe dagoenez, ezin da esan bere burua “euskalduntzat” jotzen duen populazioak, aukeran, zer hobesten duen. Nolanahi den ere, pertsonalki eman dezakegun erantzuna da –eta susmoa dugu euskal hiztunen gehiengoak partekatuko lukeena dela[nik neuk ere hor dakusat neure burua–, halako “euskal identitate” zehaztugabe bat galtzeak ez digula guri behintzat kezka handirik eragiten.(…)

Zentzu horretan, esan liteke gaur egun justu kontrakoa gertatzen dela, hots, eztabaida identitatearen inguruan dagoela ardaztua eta ez hizkuntzaren inguruan. (…)

Subordinazio diskurtsibo hau euskararen biziberritzeak daukan arazo handienetako bat izan daitekeela uste dugu. Bereziki Zallok ordezkatzen duen arrastoan, zenbait eremu abertzaletatik ere gizarteratzen den diskurtso hauetan nortasunaren gaineko ikuspegi subjektibista baten aldeko aldarri eta ikuspegi objektibistaren kontrako arbuio “aurrerakoia” ageri da, garrantzitsuena “euskaldun” sentitzea dela azpimarratzen duena. Kontua da, ordea, hizkuntza gutxiagotua duen Euskal Herria bezalako herri azpiratu batean, eztabaidaren muinean hizkuntza ez, baizik eta identitatearen auzia jartzeak espainolaren/frantsesaren erabileraren normalizazioa dakarrela, espainola nahiz frantsesa euskararen baliokide bihurtu eta, praktikan, euskararen ezagutza eta erabilera hautu pertsonal izatera subordinatzen duelako” (297-298).

Aurreko atalak:

 

Cultura vasca vs. euskal kultura (II)

Pako Sudupe

Aurreko astean Ibai Iztueta Azurmendik idatzitako “Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015),  liburuaren aipamenaren lehen atala argitaratu genuen, gaurkoan gure asmoa da hasitakoari jarraipena ematea lan horren lagin batzuk aurkeztea eta irakurtzea gomendatzea.

Aurrekoan azaldu genuen asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten duela Ibai Iztuetak.

Asertibitatearen diskurtsoak, bi dimentsio ditu; batetik, herri dimentsioa, herri izaeran oinarriturik euskararen erabilerari ematen dio bultzada, eta, bestetik, gizarte mailan, euskararen ezagutza orokorraren, unibertsalizazioaren eskaera normalizatzen du; eta, betoari buruzko diskurtsoak agerian utziko luke euskaraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea ez dela norbanakoaren eskubide bat aldarrikatzea, baizik eta auzo dugun hiritarrak euskaraz egitearen aurkako betoa ezartzea, hau da, euskaraz egin nahi duen auzoarekiko gutxiespen jarrera mantentzea.

Ibai Iztueta “Cultura vasca vs. euskal kultura” liburuaren egilea. (Argazkia: Deia)

Ibai Iztueta “Cultura vasca vs. euskal kultura” liburuaren egilea. (Argazkia: Deia)

Euskaraz egitearen aurkako betoa

Liburuaren VI. atal giltzarria iruzkintzen jarraitzen dugu. Herria eta gizartearen arteko bereizketa aipatu aurretik, euskaraz egitearen aurkako betoarena aipatu nahi dut, nahiz eta liburuaren ordena aldatzen dudan horrela jokaturik.

Delako betoaren ideia hori adibide konkretu batekin ilustratzeko irakaskuntzako hiru ereduak dakartza hizpidera. Jakinda D eredua dela bakarra hein nabarmen batean euskararen ezagutza bermatzen duena –3tik bi kasutan, hortxe nonbait; ez osorik, halere–: dio arduradun politiko abertzaleen erantzukizuna dela Euskal Herriko alderdi espainolistei eskatzea balio demokratiko eta zibikoen izenean euren soziologiaren artean D ereduaren aldeko mezua zabaltzeko, eta euskalduntzea bermatzen ez duten ereduen aurka azaltzeko: “Bada ordua, beraz, “euskara ez ezagutzeko askatasuna” delako marko inposatzailea haizatzen duten diskurtsoei presio egin eta “hizkuntzaren erabilera bermatzeko askatasuna” sozializatzen hastekoa”.

Garbi utzi nahi du gizarte elebidunean, norbanakoak askatasuna duela erabiliko duen hizkuntza aukeratzeko, baina inondik ere ez gizarteko hizkuntza bat ezagutzeari uko egiteko; azken hori bizikidetzari irain egitea baita, balizko solaskideari hizkuntza hori erabiltzeko askatasuna kentzea.

Hori guztia –deigarria gertatzen zaigu– oin-ohar batean garatzen du –70. oin-oharra, 204-205 orr.–. Niri testuaren gorputz nagusian sartzekoa iruditzen zait, eta horregatik ezarri dut hemen, eta liburuaren ordena testuala aldatu. Eskaera hori oin-oharrera baztertzearen arrazoia zein ote? Debaldetan izango dela uste duelako?, gogorregia iritzi diolako?

Herria eta gizartearen arteko bereizketa

Argitze ideologikoaren atal berarekin jarraitzen dugu. Nola bereiz litezke biak gurean? Testua oso garbi mintzo da:

Kontuan hartu behar da Euskal Herria deritzogun lurraldean bizi den populazioa herri eta gizarte ezberdinetan dagoela banatua. Hala, hitz batean, zenbat administrazio eremu, hainbat gizarte: Bidasoaz alde batera zein bestera bereizirik, espainiar eta frantziar gizarteetan zatitua dago Euskal Herriko populazioa; era berean, eremu administratibo partikular ezberdinen baitako dinamika propioetan garatzen da, hau da, Euskal Autonomi Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Pirinio Atlantiarraren Departamentuaren baitan.

Bestalde, herri atxikipen edo sentimendu nazionalak ere hiru grabitate zentruren inguruan banatzen dira, zeinaren arabera, bere burua euskal herritartzat, espainoltzat, frantsestzat dauzkatenak aurkitzen baitira. (…)

Testuinguru honetan Euskal Herria menperatua dagoen herria da bizi deneko gizarteari loturiko ezein erabaki politikoren gaineko azken hitza espainiar eta frantses herriei dagokielako. Honela, estatu arrotzen politikei subordinaturik dagoen heinean, ez da bere hizkuntzan adierazitako kultur bizitza askatasunez erreproduzitzeko gai: minorizazioak, presio asimilatzaileak eta harekiko erresistentziak ezaugarritzen du.

Beste puntu hau beherago hizkuntzei buruz adierazten duenarekin lotu behar da:

Beraz, Euskal Herriko hiritarrak eta euskal herritarrak bereizi behar dira. Euskal Herriko hiritarrak Euskal Herrian bizi diren horiek guztiak ditugu, euren herri atxikipena edo sentimendua zeinahi delarik ere; euskal herritarra, berriz, jatorria nahiz hizkuntza zeinahi duelarik ere, bere burua euskal herritartzat baino jotzen ez duena da, herritartasun hori espainiartasunari eta frantsestasunari subordinatu gabe, ez esplizituki ez inplizituki.

Herri ikuspegiari soilik heldu eta gizartearen parte garela ahazteak, Euskal Herria bezalako lurralde batean nahasten diren ibilbide eta esperientzia pertsonal ugariak kontuan ez hartzera eraman gaitzake, norberarenak ez diren herri atxikipenak ez errekonozitu eta herri ezberdin horiekiko harremana kudeatzeko desafioari ezikusiarena egitera eta, are, arbuioa elikatzera. Gizarte klabeak, hala, munduko hainbat bazterretatik iritsitako etorkinen integrazioaren auziaz eta ezberdinen arteko elkarbizitzak gogoeta egiteko modua ematen digu. Integrazioa, funtsean, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin berdintzen da.

Aitzitik, Euskal Herriko testuinguruan, gizarte ikuspegiari soilik heldu eta herri kontzeptua baztertzeak euskal kultura, praktikan, kultura estatalaren baitako subkultura autonomikoen baitako subkulturatzat tratatzea dakar. Hau da, herri kontzeptuari uko eginez gero, euskarazko adierazpena hiritarraren arazo edo hautu indibidual izatera lerratzen da berez, edota, gehienez ere, gizarteko komunitate baten adierazpen apolitiko eta estetiko partikularra, estatuak promozionaturiko kultur adierazpen publiko zein pribatuen normaltasunarekin edota hegemoniarekin nahastu ezin dena” (183).

Hizkuntzak herrienak izaten dira, eta era berean gizarteetakoak (Honetaz ari nintzen goragoko oharrean):

Hala, adibidez, espainola Bidasoaz mendebalderako Euskal Herriko gizarteko hizkuntza hegemonikoa da. Euskal Herriko gizartekoa da, baina espainolen hizkuntza da, ez “euskaldunena”. Eta beste hainbeste esan liteke frantsesaz Bidasoaz ekialdera. Hizkuntza hauek Euskal Herriko gizarteetakoak dira, baina ez dira “euskaldunen” taldearenak, nahiz eta askok eta askok beste hizkuntzarik ezagutu ez: menderakuntza harremanetan ohikoa denez, menderatuen taldeak berea ez den hizkuntza hartzen du eta berea dena, berriz, utzi.

Euskal Herriaren arazoa izan da espainolaren eta frantsesaren presioz euskarak gizarteko transmisio hizkuntza izateari utzi diola eta, ondorioz, euskal herritarrek eurena ez den hizkuntza –erdara– baliatu behar izan dutela. Erronka, beraz, bikoitza da, euskara gizarteKOA eta herriaRENA bihurtzea. Horretarako “euskaldunek” euren hizkuntza ezagutu eta erabili egin behar dute; espainol edota frantses herritar sentitzen den populazioak, berriz, gutxienez, ezagutu, gizarte mailako erabilera ez eragozteko.” (188-189).

Atala burutan ateratzeko, gogoeta interesgarri hauek paratzen ditu:

“Hizkuntzen gaiari dagokionez, uste dugu beharrezkoa dela abertzaleen arteko elkarrizketaren izaera eta, bestetik, abertzaleen eta nazionalista espainol/frantsesen arteko elkarrizketarena bereiztea, loturarik baduten arren, izaera ezberdinekoak direlako. Gure ikuspegiaren arabera, abertzaleen eta nazionalista espainol/frantsesen arteko elkarrizketa gizarte bizitzaren esparruan garatu behar da. Herri sentsibilitate ezberdinen arteko bizikidetza gogoa izango luke ardatz eta horretarako, noski, ezinbestekoa gertatzen da –bestearen– hizkuntzaren ezagutza.

Abertzaleen arteko elkarrizketa, berriz, herri bizitzaren mailan da ematekoa, eta hemen gogoeta gai izango litzateke herri nortasunaren eta hizkuntzaren erabileraren arteko harremana edo, beste era batera esanda, hizkuntzaren erabileraren eta herri nortasunaren arteko harremana.

Bere burua abertzaletzat dutenek, aukera izanik, euskararik erabiltzen ez badute, itxuragabea iruditzen zaigu abertzale ez direnei euskaraz ikasteko eta, are, euskara erabiltzeko eskatzea. Nola eskatu besteri norberak egiten ez duena? Lehena bete ezean, nekez beteko da bigarrena.(…) abertzaleen euskararen erabilerak ekarri du eta ekarriko du, elkarbizitzaren izenean, bere burua abertzaletzat ez daukan jendearen artean, euskararen ezagutza. Eta horregatik dauka abertzaleen hizkuntza erabileraren demak lehentasuna” (215).

Cultura vasca vs. euskal kultura (I)

Pako Sudupe

Ibai Iztueta Azurmendik lan mardula eta irakurtzea merezi duena egin du, “Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015),  galdera honi erantzun nahian: “Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainolez edo frantsesez ere bai?”. Lau zatitan banatu du, eta gure asmoa artikulu honekin lan horren lagin batzuk aurkeztea da, eta irakurtzea gomendatzea.

Irudia: Ibai Iztueta "Cultura vasca vs. euskal kultura" liburuaren egilea. (Argazkia: Gara)

Irudia: Ibai Iztueta “Cultura vasca vs. euskal kultura” liburuaren egilea. (Argazkia: Gara)

Lehen zatian, aurrekari eta abiapuntuaz ari dela, aditzera ematen digu delako galdera horri erantzuteko akuilu eta ezten Euskal kultura eta nortasuna XXI. mendearen hasieran (Baxok et al., 2006) lana izan duela. Hiru arrazoi hauengatik: 1. Eusko Ikaskuntzak babesturiko argitalpena delako, erakunde horrek duen izenarekin; 2. Euskal kulturaren gaia XXI. mendearen hasieran kokatzen duelako, eta 3. Egileak eta arduradunak prestakuntza akademiko bikainekoak direlako.

Alabaina, hori irakurrita, liburua Eusko Ikaskuntzak oniritzitako lanaren oihartzun eta iruzkin eta erresonantzia-kaxa izanen dela pentsatzen duenak huts egingo du; izan ere, hartan hautemandako planteamendu okerrek daramate egilea berea idaztera, haiek zuzendu edo berbideratu nahiak. Hona hemen hari egiten dion kritika orokorra:
…ez duela “kultura” nozioaren adiera ugaritasuna menperatzen; aitzitik, esan liteke kultura nozioaren adiera aniztasunak lanaren gogoeta ildoa zurrunbilo batean nahasi eta haren norabidea baldintzatzen duela. Ez du kulturaren ikuspegi erreifikatua gainditzen eta kultura hainbat elementuz edo osagaiz –horietako erdiak-edo, tradizioari nahiz folkloreari lotuak, gainera–, osaturiko “gauza” bat bailitzan aurkezten da” (14).

Eta kritika zehatzagoetara etorriz:
Nahiz eta euskal kultura delakoaren, nortasunaren edota hizkuntzen egoera interpretatzeko lehen mailako datua izan, Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estatuek azpiratua eta horien menpeko izatea isildu edo, gutxienez, ikuspegi zientifiko batetik onartezina zaigun puntu bateraino erlatibizatu egiten da lan honetan. Aipatzen dira bai, beste eragin batzuekin nahasturik, “estatuek bultzaturiko akulturizazioak” (Baxok et al., 2006: 155), baina honezkero gaindituriko gertaerak balira bezala emanez, ez da kontuan hartzen alderdi hori gaur egun egiazko eragina duen faktore bat dela.

Ildo horri jarraiki, talde-lan horretan, halako bi azpi-munduren arteko continuum bat deskribatzen da, non erpin batean nortasuna euskaltasunaren inguruan eratzen duten nortasun “sendoak” leudekeen, eta beste erpinean, berriz, nortasuna erdaltasunaren inguruan eratzen dutenak. Aldiz, bi ertzak lotzen dituen continuum-a osatuz, bi azpi-munduen adierazpen eta ezaugarri ia guztiak bere egiten dituen nortasun “malguak” bereiziko lirateke. Honela, Iparraldean eta EAEn nagusi den nortasun malgu hau integratzailea ei da eta bere adierazpenean bitarikoa: “euskal herritarrena gehi estatuarena” (Baxok et al., 2006: 153). Ez hemen aurkezten den bezala baina, continuum-aren ideiak merezi duela uste dugu egoera konplexuak deskribatzeko. Alabaina, estatu espainol eta frantsesak euskal herritarrei herri izaera bera espreski ukatzen dieten egoera batean elebidunak diren euskaldun abertzaleak eta elebakarrak diren nazionalista frantses eta espainolak maila berean jartzea eta, gero, balizko bi mutur hauen artean, zer eta, estatu nortasuna eta eskualdekoa adierazten dituen “nortasun malgu eta bitarikoaren” irtenbidea aipatzea, falazia benetan txundigarria begitatzen zaigu.” (15-16).

E. Baxo eta gainerakoen lan hori kritikatzearekin batera, bere lanaren nondik norakoaren eta ikuspegi nagusiaren berri ematen digu argi eta garbi sarreran bertan:
Laburbilduz, hortaz, euskal kultura zer den zehaztea ez da auzi “zientifikoa”, hain gutxi kuantifika litekeen zerbait, baizik eta diskurtsiboa eta ideologikoa. Gure gogoeten abiapuntua ikerketa kulturalen eta diskurtsoaren analisiaren eremuan kokatzen da (…).

Beraz, ahaleginduko gara arrazoitzen, lehenik, euskal kulturaren eta hizkuntzaren arteko harremanari buruzko galdera planteatzea bera Euskal Herriak estatu espainiarrarekiko nahiz frantsesarekiko daukan subordinazio harremanak baldintzatzen duela, eta, bigarrenik, enuntziatuen indar performatiboagatik, galderari baietz ala ezetz erantzuteak euskararen normalizazioan ondorio zuzena duela. Bigarren puntu honi dagokionez, zehazki, erantzunak estrategikoa izan behar duela proposatuko dugu, hau da, Euskal Herriko hizkuntzarekiko harreman ezberdinen testuinguruan batzuetan baiezko borobilaren eta, beste batzuetan, ezezko erlatibozko erantzunen arteko dantza ematea komeni dela arrazoitzen ahaleginduko gara. Esan nahi baita, helburua ingurune erdaldunduko erdaldunak euskararen ezagutzara hurbiltzea bada, ezezko erlatiboa aldeztuko dugu, euskal kulturarekiko identifikazio[a] sustatu eta bide horretatik euskararen ezagutzari ere bidea ireki diezaioten; aldiz, helburua ingurune aski euskalduneko elebidun abertzaleen artean erdararen erabilera normalizatuari bidea itxi eta euskararen erabilera sustatzea bada, erantzunak baiezko borobila izan beharko duela defendatuko dugu” (16-17).

Argitze ideologikoaren beharra (VI. atala)

Liburuaren bigarren zatian esanguratsuentzat VI. atal hau jotzen dugu, argitze ideologikoaren premiaz diharduena.

Irudia: asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten du Ibai Iztuetak haren lanean.

Irudia: Asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten du Ibai Iztuetak haren lanean.

M.N. Jausorok bere tesian –La práctica discursiva y el interdiscurso. Una propuesta metodológica para la investigación social del euskera. 1997. Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa–, euskarak gizartean duen lekuaren arabera, bi mundu bereizten ditu: espainolaren atxikimendu komunitatea, eta euskararena. Espainolaren komunitate afektiboaren diskurtsoa trinkoa eta sendoa da, baina euskararena ez; batetik, atxikipen komunitate berean bi hizkuntza-komunitate ari direlako, eta, bestetik, euskarari zor zaion lekua gizartean argitu eta adostu gabe dagoelako.

Euskarak gizartean bete behar duen lekua argitzeko etsairik handiena euskararen aldeko ideologia bera tabu bihurtu izana da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun euskara politikarekin eta ideologia konkretu batekin lotzea txarra dela, euskarak alderdi guztiek onarturiko ondasun komun bat izan behar duela.

Ildo horretan, esanguratsua da Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzuaren buru den Mikel Zalbidek “klarifikazio ideologiko argiaren” beharra azpimarratzea 2011ko lan batean, hots, euskararen aurrerabidea soilik etorriko dela euskaraz bizitzeko hautua egin eta hizkuntza eguneroko bizitzan txertatuko duten elebidunen eskutik –“Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka” in BAT soziolinguistika aldizkaria, 79/80, otsaila-martxoa. Andoain. 13-152 orr.–, baina non paratuko ohar axola handiko hori eta 140 orriko idatzi mardulean oin-ohar xume batean, ez idatziaren gorputz nagusian. Adierazgarria oso, ezta?

Gai horretaz zenbait hausnarketa egin ondotik, ondorio hauetara heltzen da:
Argitze ideologikorik emango bada, beraz, ezinbestekoa da euskararen despolitizazio ideologikoa gaindituko duen politizazio egoki bat aldarrikatzea. Horregatik, kritikoki aztertu beharrekoak dira hizkuntzaren despolitizazio politikarekin lotu izan den erakargarritasunaren ideiaren eta estrategiaren aldeko apustuak eta bestelako diskurtso eta estrategiak baztertzeak berarekin daramatzan ezinak. Izan ere, esan bezala, erakargarritasunaren diskurtsoari lepora lekiokeena da oposizio faltsu eta elkorrak elikatzen dituela, hain zuzen ere, hizkuntzaren biziberritzea kale itxira daramatenak, inplizitoki eta automatikoki, erakargarria eta askea ei dena arbuiagarri eta inposiziozko ei denari kontrajartzen dion markoa birproduzitzen duelako” (165-167).

Patxi Baztarrikaren, Iñigo Urkulluren eta Markel Olanoren diskurtsoak aztertu eta gogoetatu ondotik, kontsiderazio hauek egiten ditu:
Izan ere, menderakuntzazko harremanen baitan erakargarritasunaren diskurtso edo estrategia soilik baliatzeak duen beste ahulune handi bat indar harremanak faltsuki inbertitzekoa da. Zeren eta gobernu autonomiko bati dagokion subordinaziotik formulatzen denean, erakargarritasuna[ren] aldarrikapena menderatzailearen taldeko sentitzen denaren begitan, subordinatuaren onargarritasun erregu bihurtzen baita. Erakargarritasunaren diskurtsoa bereziki euskararekiko indiferente, uzkur eta, are, erasokor ageri diren hiritarrei zuzendua dago. Gertatzen da, ordea, erdararen aldeko atxikimendu komunitatearen erantzuna bilatzeak badituela bai bere ordainak bai bere mugak. Hala, arrazoirik ez da falta planteatzeko euskararen eta euskaltasunaren arteko loturari uko egiten dion diskurtso hegemoniko honek, abertzaletasunaz kanpoko sektoreetan euskararen aldeko neurri politiko batzuk hartzeko unean halako tolerantzia formal eta zalantzati bat jasotzearen truke, ez ote duen abertzaletasunaren baitako soziologian hizkuntzarekiko atxikimenduaren neutralizazioa ekarri, hau da, ez ote duen, abertzaletasunaren parte bati dagokionez, paradoxaz, euskararekiko erakargarritasuna epeldu” (169).

Erakargarritasunaren diskurtsoak eta estrategiak baditu bertute ukaezinak, noski, borondate onaren erakusle delako, eta borondate ona bizikidetza osasungarriaren lehen baldintza, baina mendekotasunezko indar-harremanak eta hizkuntza-politika estatalak erkidegoetakoekin gurutzatzen direneko testuinguruan, diskurtso hori errekonozimendu, asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten du Ibai Iztuetak.

Asertibitatearen diskurtsoak, berriz, bi dimentsio ditu; batetik, herri dimentsioa, herri izaeran oinarriturik euskararen erabilerari ematen dio bultzada, eta, bestetik, gizarte mailan, euskararen ezagutza orokorraren, unibertsalizazioaren eskaera normalizatzen du; eta, betoari buruzko diskurtsoak agerian utziko luke euskaraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea ez dela norbanakoaren eskubide bat aldarrikatzea, baizik eta auzo dugun hiritarrak euskaraz egitearen aurkako betoa ezartzea, hau da, euskaraz egin nahi duen auzoarekiko gutxiespen jarrera mantentzea.

ETAri BEGIRA KRONSTADTetik

Ez da erraza ETAri buruz hitz egitea. Gutxiago oraindik idaztea. Eta, hala ere, ETAri buruz asko idazten da. Zergatik? Bi arrazoi nagusi daude horretarako nire uste apalean, batetik sentsazionalismoa, bestetik nazionalismo espainolaren egitarau politikoaren eragina. Gaur iruzkindu nahai dugun liburua, bistan da, ez da zio bi horietako ezeinekin lerratzen, baina hura aztertzeari ekin aurretik garrantzitsua iruditzen zait bere testuinguruan kokatzea, liburua ondo ulertzeko ezinbestekoa baita gaur egungo testuingurua kontuan hartzea, testuinguru hori erabat kontrakoa, are etsaia, denez gero, egilea apur bat ezagutzen duen edonork erraz atzemango duen bezala. Eta argi esan dezadan: liburu berezi baten aurrean gaude, bete-betean giro nagusiaren eta kultura hegemonikoaren kontra argitaratu den liburu bat baita beherago iruzkinduko duguna. Hemendik aurrera saiatuko naiz azaltzen baieztapen multzo horien oinarrian dauden arrazoiak.

liburua

1. irudia: “Biolentzia politikoaren memoriak” liburuaren azala.

Lopez Adan, Emilio: Biolentzia politikoaren memoriak: 1967-1978, Baiona: Maiatz, 2014, 390 or.

Sentsazionalismoa da gaur egun ETAri buruz idazten den gehienaren arrazoi nagusia, itxura akademikoagoa dituzten liburuak barne. Arrazoia oso sinplea da: gure gizarte kontsumista eta mendebaldetarrean iskanbilak dirua ematen du (saldu egiten da komunikabideetan), eta ETAren inguruko albisteek, analisiek, edonolako kontsiderazioek, iritzi publikoaren arreta erakartzen dute oso erraz. Beraz, dirua irabazteko baliatu daitezke, aldez edo moldez. Mundu akademikoa ere ez da giro horretatik kanpo bizi: ezaguna denez, azken hamarkadatan unibertsitatearen merkantilizazio-prozesu batean sartuta gaude, gero eta gehiago, eta irakasle eta ikerlariek, intelektual bokazioa ez dutenek barne (horiek ziren lehen komunikabideak monopolizatzen zituztenak) gero eta ahalegin handiagoak egin behar dituzte beren ikerketak, beren azterketak, beren karrera akademikoa, finean, merkatu akademikoan saltzeko. Zer hobeagorik inpakto mediatiko handia duten lanak kaleratzea baino, horrek berehalako eragina baitu gizartean eta laster hasten dira kongresu, jardunaldi, mintegi eta abarretan parte hartzeko gonbidapenak, liburu eta artikuluak idazteko eskaerak, zuzentzen dituzten ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak, eta abar. Merkatuaren legea da, gure gizarte kapitalista honetan gero eta zabalagoa, gero eta sakonagoa, gero eta gordinagoa. Mundu akademikoa barne.

Baina Espainian bigarren faktore bat dago ETAren inguruko albiste, azterketa eta lan akademikoak sustatzen dituena: nazionalismo espainolaren programa politikoa. Ezaguna denez nazionalismo espainola da, gaur egun, estatu mailako indar soziopolitiko nagusia, krisi ekonomikoaren inpakto suntsigarriari ongien eutsi dion ideologia, beste indar tradizonal guztiek baino askoz ere hobeto: katolizismoaren inguruko mugimendu soziala, edo langileen erreibindikazioen aldekoa, edo progresoaren ideiaren inguruan antolatzen dena… hiru horiek izan dira, nire ustez, XX. mendean espainiarren masak mugimendu soziopolitiko zabal eta indartsuetan antolatzeko gai izan diren ideologia nagusiak, nazionalismoak (espainola eta lehiakide dituen besteak) alde batera utzita. Bada, hiru horiek oso motelduta daude gaur egun eta, aldiz, nazionalismo espainolak inoiz baino indar handiagoa eta leku zentralagoa hartu du Espainiako gizartean. Inoiz baino trinkoagoa da, inoiz baino antolatuagoa, eta bere lehiakide tradizionalak (arestian aipatu dugun hirukotea) inoiz baino motelago daude. Ikusi besterik ez dago, adibidez, nola PPk berriki ez duen batere arazorik izan abortoaren inguruko gaia agenda politikotik baztertzeko, hots, katolizismoaren inguruan antolatzen den masa soziala alde batera uzteko, ia-ia inolako kosturik gabe. Esanguratsua.

Bada, nazionalismo espainolak, azken bi hamarkadatan, ETA bihurtu du bere leitmotiv nagusia. ETA arbuiatzea, garaitzea, porrokatzea, suntsitzea. Ez da gauza harrigarria; urrunago joan gabe, nazionalismo frantsesak Alemania izan zuen, hamarkada luzetan, leitmotiv kohesionatzaile eta mobilizatzaile nagusi; edo, Estatu Batuetan, komunismoaren kontrako borrokak (SESB, Txina, Kuba…) bete zuen antzeko papera. Adibide gehiago jar daitezke, baina aski delakoan nago. Bai Frantzian zein Estatu Batuetan nazionalismoak lortu egin zuen gizarteari bere hegemonia ezartzea, hamarkada luze-luzetan kontsentsu sozial oso zabala erdietsiz. Espainian ere azken bi hamarkadatan nazionalismo espainolak bere hegemonia inposatu du ETA leitmotiv nagusi gisa erabiliz, kontsentsu sozial izugarri zabala lortuz eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera. Egun oso-oso zaila da ETAren gaineko diskurtso ofiziala zalantzan jartzea, hala nola oso zaila zen, adibidez, AEBn komunismoaren gaineko diskurtsoa zalantzan jartzea 50etan, haren kontrako arbuio militantea gizartearen kohesioaren faktore nagusietako bat baitzen.

Kontsentsu sozial hori mundu akademikora ere ailegatzen da, eta sentsazionalismoarekin lotutako faktoreek (goian zehaztu ditugunak) indartzen dute sektore honetan ere. Indar biek, sentsazionalismoak eta nazionalismoak, elkar elikatzen dute. Eta, hortaz gain, gauza jakina da nazionalismo espainolaren ideologoek aspaldi dekretatu zutela ETAren kontrako borroka ez dela amaitzen erakunde horren disoluzioarekin; aitzitik, ETAren kontrako borroka ideologiko etengabe bat eraman behar dela eskolan, komunikabideetan, gizartean, unibertsitatean, elizetan, hots, kontsentsu soziala sortu eta garatzen den inguru guztietan, terrorismoaren mamua behin betiko desagertarazteko. Beraiek memoria historikoa deitzen diote. Askotan bezala, termino ohoragarri baina anbiguo xamar batek asmo politiko zehatzak mozorrotzen ditu, zeren nire ustez nazionalismo espainolaren hegemonia soziala eta programa politikoa finkatzeko, betetzeko eta iraunarazteko tresna baten gisa erabiltzen baita oso sarritan. Testuinguru horretan ETAren gaineko ikerketa unibertsitarioak paper garrantzitsua jokatzen du eta eskuzabaltasunez ordaintzen da, mila eta bat modutan.

Bada, testuinguru horretan ETA aztertzeko (hots, kondenatzeko) saioak etengabe ugaritzen direnean, Lopez Adanen liburua guztiz kontrako giroan jaio da: euskaraz eta ETA kondenatzeko inolako asmorik gabe. Aitzitik, hura ulertzea du helburu esplizitutzat, ulertzea termino historikoetan hiz eginda, alegia, kondenatu gabe, historialari profesional askok betidanik defenditu izan duten terminoetan (behin baino gehiagotan entzuna nago era horretako kontsiderazioak ikasle nintzela unibertsitatean, alegia, uler dezagun nork eta zergatik hil zuen Julio Zesar, ekintza etikoki epaitzen hasi gabe). Ondorioz, sentsazionalismorik ez, Historia baizik, eta nazionalismo espainolaren esparrutik erabat kanpo. Non gaude, beraz? Zer dugu esku artean?

Azken ohar bat. Bereziki ohartarazi nahi nuke ez dudala azterketa edo ikerketa oro zaku komun batera bota nahi, testuinguru orokor bat marraztu baizik, zeinetan banan-banan aztertu beharrekoak diren guztiak, errazkerietatik ihes eginez. Hartara, unibertsitari edo ikerlari batek sinatutako testu batean faxismo, totalitarismo, extermino edo are, genozidio bezalako terminoak ikusten baditugu, haiek erabiltzeko eskaintzen diren argudiobideei eman beharko diegu arreta, horiek haztatuz eta epaituz banan-banan. Eta horren arabera eman gure iritzia kasu bakoitzean. Inongo argudiorik ez badago, ezin izango da oso aldekoa izan, jakina.

Baina ekin diezaiogun behingoz aipagai dugun liburuari, hitzaurre luze hau amaitutzat jota. Bi oinarriren gainean idatzita dagoela esango nuke: bat, egileak testigantza pertsonal bat eman nahi du ororen buru, berak bere begiekin ikusitakoa kontatuz, nolabait esanda (uler bedi metaforikoki, ez literalki, baina beti hurbiletik), eta bi, memoria horrek dimentsio historiko bat izango du, alegia, denboraren lerroan jarriko gara eta gertakari bakoitza, pertsonaia bakoitza, data zehatz batekin lotuko dugu, beti; izan ere, zentzugabea da ETA bat eta beti berdina izan dela defenditzea, aitzitik, ETA aztertzea haren historia aztertzea da (izan behar luke), eta histora hori apurketaz, hausturaz eta zatiketaz beterik dago, etengabe azkar eta sakon aldatzen joan den erakunde baten barruan. Bai, sigla berberen azpian errealitate oso desberdinak egon daitezke. Egon dira. Liburu hau konstatazio horretatik abiatzen da eta, tarte zehatz bat hautaturik (1967-1978) ETA tarte horretan zer izan zen deskribatu nahi du. Ulertu, ez kondenatu. Eta ulertzeko ariketa hori, Emilio Lopez Adanek oneski aurrera daramana, bere burua ulertzeko saioa ere izango da, hein berean. ETA ulertu eta bere burua ulertu, horra egilearen asmoa, iparra. Agian, gaineratuko nuke neure aldetik urrats bat gehiago eginez, garai zehatz horren azterketa egoki batek ETA gero izan zenaren giltza batzuk ere eskain ditzakeela pentsatzen du. Batzuk bakarrik, dena den.

emilio-600

2. irudia: Emilio Lopez Adan.

Blog honetan beste askotan egin dugun bezala, ez dugu liburua zehatz-mehatz laburtuko, ezta ere tesi nagusiak aztertu eta eztabaidatuko. Aldiz, nire arreta erakarri duten alderdi batzuk aipatzeaz konformatuko gara. Lopez Adanen arrazoibidea konplexua baita, eta ez da erraza osorik tesi bat edo gutxi batzuren barruan errenditzea. Orobat, gaia biziki zaila da eta ez dut nire burua gai ikusten gaur eta hemen ezer auzitan jartzeko. Liburua arretaz irukurri ondoren zintzotasun intelektual osoz ari dela esango nuke, argi eta garbi; hortik aurrera, betoz espezialistak (ni ez naiz horietakoa).

Lehengo eta behin, egitura. Harrigarriro, “memoriak” berak (hots, liburuari izenburua ematen dion atalak) 146 orrialde besterik ez dute betetzen, erdia baino gutxiago. Beste guztia eranskin luze bat da, garai horretako 41 dokumentu biltzen dituena (ETAren beraren dokumentuak edo inguru jendearen analisi politikoak dira gehienak). Lehen parteak sekuentzia kronologiko argi bati segitzen dio, gertakariak eta analisiak kontakizun bakar baten barruan integratuz, eta hala ere ez da irakurtzeko erraza (analisia beti gailentzen zaio narrazioari) baina bigarren parteko eranskinean 41 dokumentuak zein bere aldetik irakurri behar dira. Franko astuna suertatzen da. Ondorioz, ez gaude militante baten anekdota loriosak, eredugarriak, barregarriak edota penagarriak airoski kontatzen dituen oroitzapen-liburu baten aurrean (aski bakanak dira mota horretako pasarteak), benetako azterketa historiko baten aurrean baizik. Eta azterketa horren iparra, erabateko lehentasuna, gorago esana dugu, gertakariak bere testuinguru historiko zehatzean kokatzea da: orduko hitzak, orduko datak, orduko giroa, bere horretan ematea, gaur eguneko iragazkitik pasatu gabe, jakin gabe oraindik gero zer izango zen ETA, zertan amaituko zuen. Badu akats nabarmen bat ere: eranskineko dokumentuen jatorria ez da beti guztiz ondo zehazten, eta hori eragozpen bat da haiek kidekatu nahiko lituzkeen edonorentzat.

Bigarren ohar azpimarragarria: biktima guztiak banan-banan izendatzen dira, bakoitza bere izenarekin, noiz hil zuten (data zehatza), zein testuingurutan, zergatik (zein terminotan erreibindikatu edota justifikatu zen, ETAren aldetik edo poliziaren aldetik). Atentatu guztiak ez dira berdinak izan, poliziaren ekintza denak ere ez, batak bestea elikatzen zuen urte haietan, beraz, ikus dezagun zein izan zen lehena, nola sortu zen gurpil zoroa. Eta hemen konstatazio ezohiko bat: errelato bakarrean bildu dira ETAren biktimak eta poliziarenak, modu bereizezinean. Izan ere, Lopez Adanentzat prozesu historiko berberaren protagonistak dira guztiak. Lekutan dago, beraz, gaur egun ohikoa bihurtu zaigun erralato estandarra, hots, ETAren krimenen kontakizuna eta hura justifikatzen zutenena. Nire uste apalean hemen dago liburu honen berezitasun handiena: prozesua bere osotasunean ulertu nahi du, aurreiritzietatik edo aldez aurreko kondenetatatik hastanduz, ETA diktadura faxista baten testuinguruan sortu baitzen, hori da bere historiaren lehen datua, harrigarriro gaur egun apenas aipatzen dena. Ez ote da garrantzitsua? Bego.

argala

3. irudia: Argala.

Hirugarren ohar aipagarria da egileak marrazten digun mapa ideologikoa: ETA barruko talde desberdinak, barne-borrokak, zatiketak, banaketak, deskonfiantzak, trikimailuak… Eta magma konplexu horretatik hamarkadaren amaiera aldera trinkotzen eta nagusitzen den milien talde gogorraren sorrera eta garapena, borroka ideologikoetatik aski autonomo. Jakina baita ETAren barruan aldi zehatz honetan hiruzpalau zatiketa handi gertatzen direla, eta erakunde batek baino gehiagok erabili zuela ETAren izena aldi berean. Azkenean, 1980a ondo pasatuta (liburu honen analisietatik kanpo, beraz) bat bakarra geratuko da, komunzki ETA (m) deitzen duguna. Bada, ETA zer zen ulertu nahi badugu (eta ez soilik kondenatu), oso garrantzitsua da talde horiek guztiak banan-banan aztertzea eta beren garapena eta berezitasunak zehazki marraztea. Orobat, talde desberdinen arteko borroka ideologikoak eta zatiketarako arrazoiak, haien ondorioak, eta abar. Ez da hori egileak liburu honetan bere gain hartzen duena (luzeegia litzateke) baina bai, berriz ere, prozesu osoa bere konplexutasunean aurkeztea. Horri lotzen zaio. Neuk neure aldetik bereziki azpimarratuko nuke Lopez Adanek Argalari  ( Jose Migel Beñaran, 1949-1978 ) ematen dion garrantzi erabakigarria: milien taldearen benetako ideologo eta antolatzailea, hark taxutu zituen gero hamarkadaz hamarkada iraungo duten egitarau politikoa eta egitura militarra. Egia ote? Ez dakit. Esanguratsuki, gure egilearen kontakizuna Argalaren heriotzarekin amaitzen da, 1978an, eta nolabait aditzera ematen digu inork ez dakigula Argalak lideratutako ETA batek hortik aurrera segitu zuen bidea segituko ote zuen. Baina agian ez naiz guztiz zehatza izan, Lopez Adanek ez baitu hitzez hitz horrelako ezer esaten; hala ere nire espirituan galdera hori geratu zen dindilizka memorien atala bukatu bezain laster. Galdera egokia ote da?

Laugarren oharra testuinguru sozial eta intelektualari dagokio. Jakina denez, garai hartan inor gutxik kondenatzen zuen borroka armatua edo, egokitzat ikusten ez zutenak ere (EAJk edo PSOEk, adibidez) oso urrun zeuden gaur egun erabiltzen duten hizkeratik. Zer esanik ez, intelektual progresista edo iraultzazaleei (orduan guztiz gehienak giro akademiko gazteetan) ez zitzaien burutik pasatu ere egiten ETAren jarduna kondenatzea; aitzitik, erregimen faxista baten kontrako borroka legitimotzat jotzen zen, dudarik gabe, eta hala egiten ez zutenak erregimenaren kide, konplize eta kolaboratzailetzat hartzen ziren, edo gaitasunik gabeko diletantetzat. Beste hitz batzuetan esanda, nire uste apalean orduan biolentzia kondenatzea gaur egun ez kondenatzea bezain zaila eta zentzugabea izango zen giro gehienetan, bereziki unibertsitatean: kontsentsu zabala zegoen biolentzia iraultzailearen legitimotasunaren inguruan, bere komenigarritasunaz gorabehera (horretaz iritziak askoz ere banatuago zeuden). Gauzak, jakina, asko aldatu ziren handik urte batzuetara eta oso-osorik aldatuta daude gaur egun. Nola esplikatu beharko genuke aldaketa hori? Zeren ezagutza historiko minimo bat duen edonori guztiz anakronikoa begitandu behar zaio besterik gabe gaur egungo egoera frankismo garaira proiektatzea. Esango nuke arazo hau oso kontuan hartu duela Lopez Adanek, baina ez dio ia-ia lerro espliziturik eskaintzen, zanbait alusio solte eta labur alde batera utzirik. Horren ordez, gorago esan dudan bezala, orduko giroan zentratzen da eta irakurlearen esku uzten du nork bere ondorioak ateratzea. Azertu bat, ziur aski.

Bosgarren oharra eta azkena. Memorien atala eta, areago, eranskin dokumentala arreta apur batez irakurtzeko lana hartzen duen edonorentzat oso nabarmena da urte haietan ezkerreko militante antifrankista aktibo gehienek zuten sinesmen sakona: Iraultza gertatzear zegoen, laster, oso laster gertatuko zen, eta ezinbestekoa zen abagadunea profitatzeko prest izatea. Hain zuzen ere abagadune horren etorrera bizkortzeko edota horretara hobeto egokitzeko proposatzen ziren estrategia edota taktika aldaketa asko, haserreak, borrokak eta zatiketak eragiten zituztenak. Berriz ere azpimarratuko dut anakronikoa dela gure egungo egoera eta guztiz gehienen usteak, aurreikuspenak eta sinesmenak urte haietako militanteen gain proiktatzea, haiek guztiz bestelako balio eta aurreikuspen batzuen arabera bizi baitziren. Eta ez militanteak soilik, gizartea bera ere, ziur aski, beste gako batzuen arabera mugitzen zen. Noiz hasi zen aldaketa? Zergatik ETA ez zen gai izan prozesu sozial hori ulertzeko eta hartara egokitzeko? Liburu honetan inplizituki egiten diren galderak iruditzen zaizkit horiek, erantzun errazik ez dituzten galderak. Nik neuk behintzat ez dut erantzun argirik ezagutzen.

Ohar pertsonalago batekin bukatuko dut. Denok dakigunez, Emilio Lopez Adan “Beltza” anarkista da eta iritzi horretan finkatu zenetik, hain juxtu ere liburu honetan aztertzen den garaiaren bukaeran (gutxi gorabehera) tinko eutsi die bere ideia nagusiei, alegia, askatasuna ororen buru eta edozein botereren kontrako mesfidantza osoa. Liburu honetan behin baino gehiagotan inpresioa izan dut Kronstadteko marinelek partidu boltxebikeari begiratzen zioten bezala begiratzen diola berak ETAri, edo beste modu batean esanda, marinel haiek egin zuten oinarrizko galdera, galdera klasikoa mundu osoan XX. mendean zehar, beste behin paratu nahi izan duela gure historia propioari egokituta: posiblea da alderdi iraultzailearen antolaketa demokratikoa?

Ez legoke esan beharrik, baina esan egingo dut badaezpada, mende hasierako Errusiaren eta frankismo bukaerako Euskal Herriaren arteko aldeak oso-oso handiak dira eta, besteak beste, hemen ez zen iraultzarik gertatu; orobat, ETA alderdi boltxebikearekin erkatzea iradokikorra izan daiteke, baina modu argiki mugatu batean baino ezin daiteke egin. Hala eta guztiz ere, esango nuke baita ere, galdera haizean igeri geratzen zaigula denoi, eta nik neuk behintzat eskertzen diodala Beltzari hura berriz ere egiteko zintzotasuna eta ausardia. (Kronstadteko Matxinadari buruzko oinarrizko informazioa gaztelaniazko Wikipedian aurki daiteke, sarrera luze eta oso dokumentatu batean, hemen ; azpiko irudia ere handik hartua da).

Kronstadt_attack

4. irudia: Ejerzito gorriko tropak Kronstadt erasotzen.

Eta azken baieztapen bat: liburu hau ETAri buruz inoiz egin den analisi bikainetako bat da nire uste apalean. Jakina, horrek ez dakar bere tesi guztiekin bat egitea, baina oso kezkagarria litzateke giro akademikoetan ignoratua eta ezereztatua izatea. Izango ote du irakurlerik? Nekez. Euskaraz dago eta, gainera, euskal kulturaren munduan bertan marjinala den argitaletxe batean agertu da (Baionako Maiatz). Eta hala ere egileak honetan ere erabaki du main stream-aren kontra igeri egitea. Esku artean hartzen duzunean, irakurle, jakin ezazu liburu bitxi eta bikain bat duzula esku artean, gutxi bezalako bat. Zorionekoa zara.

Muina. Joxe Azurmendiren azken liburua (VI. atala, azkena)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi

– Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Seigarren atala dugu gaurkoa, eta horrek esan nahi du sei atal behar izan dugula liburuaren muinera ailegatzeko, hots, Frantziaren porrotak 1870eko gerran eta, ondorioz, Alsazia eta Lorrena eskualde historikoen galerak eragiten duen polemika intelektual luzera. Polemika horretan hainbat intelektual ilustrek, alemanak eta frantsesak, esku hartzen dute. Gaia, beti, Alsazia eta Lorrena da, lehenago Frantzia barrukoak izandakoak (XVII. mende bukaeratik), baina hizkuntzaz eta kulturaz oso-osorik alemanak.

Gure seigarren iruzkina da, dena den, eta nekea sumatzen hasita gaude denok, bai zuen iruzkingile apala zein bere irakurle saiatuak. Hala esango nuke nik. Beraz, liburuaren muina osatzen duen polemika intelektual franko-alemana orokorki marraztu ondoren, iruzkin-serie hau bukatutzat joko dugu, irakurle guztiei gonbita eginez liburua osorik irakurtzeko. Izan ere, orain arte laburpen aski xehea egin badugu ere, hemendik aurrera Azurmendiren analisiaren xehetasunak jaso nahi izanez gero, asko luzatuko ginateke oso kontu zehatzetan. Zehaztasunez gainezka baitago liburua. Beraz, hari nagusia laburbilduko dugu hemen, eta horretan interesatuak jo dezala zuzenean testura.

Ekin diezaiogun, bada, polemika intelektual hori iruzkintzeari, baina alorrean barneratu aurretik komenigarria da apur bat hitz egitea bi eskualde horiei buruz. Ez ziren territorio guztiz uniformeak, beraien barruan ere aldeak eta berezitasunak badira, baina sinplifikatuz esan dezagun, adibidez, 1870 aldean bi eskualde horretako biztanle gehienek ez zirela gai hitz egiteko frantsesez, gutxi gorabehera garai bereko Ipar Euskal Herrian bezala, hor ere elite mehar bat alde batera utzita inork gutxik zekien frantsesez hitz egiten, ganoraz behintzat. Ideia bat egiteko, aldeak alde apur bat gaur egun ingelesarekin gure artean gertatzen dena gertatzen zen: asko dira zerbait dakitenak, baina gutxi taxuz moldatzeko gai direnak, eta beste askok eta askok, bereziki adin batetik gora, ez dakite ezer. Hala ere, Alsaziak eta Lorrenak 100-200 bat urte zeramaten Frantziako monarkia/errepublikaren barruan eta, esan dezagun, pozik zeuden horrela. Arestian esan dugun adibidearekin segituz, garai berean Ipar Euskal Herria Espainiak anexionatu izan balu, gerra garaile baten ondorioz, bertako biztanle guztiz gehienen oposizioa izango zuen, euskararen kontua gorabehera. Dena den, bada gure kasuarekiko desberdintasun handi bat: lurralde handiak dira, oso populatuak eta aberatsak. Adibide erraz bat emanda, Alsaziako hiriburua Estrasburgo da, gaur egun Europako Legebiltzarraren egoitza ofiziala dena. Europaren historiaren, kulturaren eta ekonomiaren bihotzean gaude, bete-betean. Bada, eskualde horiek kontrolatzeko borrokatzen ziren politikoak, militarrak eta, baita ere, intelektualak. Azurmendik azken horiei heltzen die.

Eta gure autoreak lehenengo eta behin polemikaren birpasa luzea egiten du, Renan aipatu gabe, beste batzuen hitzak eta jarrerak analizatuz. Kasu guztietan (edo ia-ia) ondorioztatzen du frantsesak, polemikaren beroan, alemanen tesiak manipulatu eta faltsifikatu dituztela lotsarik gabe. Areago, teoria ad hoc bat sortu dute, erabat antialemana, eta gero Frantziari (eta munduari) sinestarazi diote hori zela alemanek sostengatutakoa; gaineratzen du Azurmendik, umore puntu mikatz batez: “Alemaniak berak, aurrena inperialak eta gero naziak, asko erraztu baitu hari buruz edozein narraskeria sinesgarri agertaraztea” (287.or.). Adibidez, hizkuntza bateko kide guztiek nazio bakarra osatzen dutela eta nazio bakoitzak bere estatua behar duela sostengatzen duen teoria, italiarra da, ezer izatekotan, baina ez frantsesa eta ezta alemana ere. Baina aipu bat egingo dugu:

“Garbi esateko: autore alemanontzat nazioaren mugak hizkuntzarenak dira; baina nazioarekin Estatua ulertzen bada, Estatuaren mugak hizkuntzarenak direla edo izan behar dutela esaten duen autore aleman ganorakorik, nik ikusi dudala, ez dago bat bakarra; aitzitik, tesi “aleman” horren bozeramaile bezala beti aipatuak aurkitzen diren autoreak—Fichte, Mommsen, Treitschke, etc.–, haien testuak irakurtzen badira, guztiz kontrarioa espreski esaten dutela denek egiaztatzen da.” (301. or.)

Azurmendiren ondorioa erabatekoa da: ez dago teoria nazionalista alemanik (frantsesari oposatua) edo, egotekotan, ez dator bat hizkuntza = mugak = nazioa = estatua ekuazioarekin, baizik eta, batetik, nazioa eta estatua kontzienteki desberdintzeko asmoa dago eta, bestetik, nazionalitatearen printzipioaren erabilera oportunista, frantsesen kasuan bereziki (baina baita alemanen kasuan ere). Bakoitzak bere astoari arre. Eta hizkuntza = estatua ekuazioa, inorena izatekotan, italiarrena da garai honetan.

Eta Renan? Aurreko atalean garbi utzi genuen bezala, Azurmendik ez du pentsatzen Renanen pentsamenduan eboluzio bat dagoenik eta nazionalitatearen printzipioa (alegia, herriak erabaki behar duela, aldez edo moldez, beraz, herriaren borondatean oinarritzen den nazionalismoa) ontzat ematen zuenik inoiz ere ez. Analisi sofistikatu eta luzea burutzen du horretaz, liburuaren hainbat ataletan. Autore asko aipatzen ditu, testu asko. Berriz ere esango dugu, aurreko ataletan bezala, erudizio katarata baten azpian jartzen gaituela eta lanak ditugula denok bere analisiak xehe-xehe segitzeko. Zeren Azurmendik ez du tesi hori hutsean afirmatzen, ez; aitzitik, mila eta eta bat testu eta datu, Renanenak eta zuzen edo zeharka polemikan inplikaturiko autore ugarirenak aztertzen ditu eta elkarren ondoan kokatzen, ondorio ezin sendoago bat gorpuztuz. Beti-beti lehen eskuko informazioa, iturritik zuzenean hartua, jatorrizko hizkuntzan gainera. Lekutan gaude hemengo espezialista askoren afirmazio puztu bezain gratuitoetatik! Eta ez nabil debaldetan. Gogoratu dezadan, adibidez, orain dela urte batzuk (eta gaur egun ere, baina gutxiago), aski arrunta zela nazionalismoa jorratzen zuten liburuetan Volksgeist hitza (espezialista askoren fetitxe guztiz-aipatua) erdiko “s” gabe idaztea, ingelesarekiko mimetismoz, konturatu gabe alemanak “s” hori atxikitzen duela. Begira itzazue duela urte batzuetako liburuok, eta ikusiko duzue hortxe zebiltzala aditu bat baino gehiago Volkgeist [sic] gora eta Volkgeist [resic] behera, beti alemanezko hitz hori ozenki aitatuz, eta nazionalismo etnikoaren zazpi sekretuen jabe balira bezala teoriarik hutsalenak promulgatzen! Ez ote zuten horretaz jatorrizko testu bat bera ere irakurri? Hala ematen du, bada.

Eta ez, badakit ez dela dotorea, baina ez noa izenik ematera, iruzkin-serie hau bukatzeko zorian nago eta ez dut inorekin haserretu nahi. Nahiago dut itsuskeria txiki honen hobenarekin gelditu. Azpimarra dezadan, hori bai, Azurmendirekin beste dimentsio batean gabiltzala beti: doaneko argudio harroen ordez, testuak, aipuak, analisiak, erudizio ikaragarria. Hain ikaragarria ezen, sarritan, kosta egiten zaigu segitzea. Niri ere bai.

Azken puntu gisa gure iruzkinen balantzea eginez: liburuaren erdia eta apur bat gehiago iruzkindu dugu, besterik ez. Gelditzen dena, batez ere, polemika intelektual franko-alemanaren analisi xehea da, horretan leku bereziki garrantzitsua hartzen duelarik Renanen testurik ezagunenak, Zer da nazioa? (1882). Eta, horretaz gain, berriz ere ohar gehiago eta berriak Renani buruz, haren pentsamenduaren iturriak, haren arrazakeria ezkutaezina, haren nazionalismoa…. Eta Frantzia, nazionalismo frantsesaren kritika zehatza, hori ere arretaz iruzkindua eta oso garrantzitsua nazionalismoaren teoriaz interesatutako edonorentzat. Espainola ere jorratzen du, laburrago baina. Hori bai, guztia zegamarrak hain berea duen estilo dotore eta nahasezin horretan idatzia. Benetako pentsamendua, benetako euskaran idatzia, kontseziorik gabe, ez puristak, ez populistak.

Baina ni nekatu naiz eta beldur naiz zuek ere nekatu zaretela. Mesedez, jo ezazue zuzenean liburura, ez zarete damutuko. Ondo izan.

 

Mendeku-gosearen gainean eraikitako pentsamendua. Joxe Azurmendiren azken liburua (V. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi

Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Orain arte oso poliki egin dugu aurrera liburua iruzkintzen (dena berria zen!) baina une egokia da pedalari sakatzeko. Laugarren atalean gaude eta Azurmendik Renanen pentsamendua esplikatzeko garrantzi berezia duen gertakariaren inguruan arituko zaigu: Frantzia eta Prusia arteko gerra 1870ean, hots, Frantziaren erabateko porrota eta Alemania batu potentearen sorrera, badakizue, Inperio Aleman berria, beste hitzez II. Reich-a, I. Mundu Gerraren sarraskiarekin amaituko dena. Bi data horien arteko Frantzia (1870-1914) ideia obsesibo baten nagusitzapean biziko da: errebantxa. Eta puntu honetan esanguratsua da Nola Erran frantses-euskara hiztegiari begiratu bat ematea (Euskalbar-en aurkituko duzue): frantsesezko revanche hitza euskaratzeko aukera hauek eskaintzen dizkigu: ordain, mendeku, errebantxa, kitara. Bada, Frantziak berrogeita lau urtez biziko duen giroa ondoen islatzeko dudarik gabe bigarrena hautatu beharko genuke: mendekua, Frantziak porrot umiliagarriaren mendekua hartu nahi izango du, kosta ahala kosta. Hau ulertzea ezinbestekoa da Renanen pentsamendua eta, areago, oro har nazionalismoaz geroztik egin den kontzeptualizazioa ulertu nahi badira: aldez edo moldez mendeku-gosearen gainean eraikitako pentsamendua da.

Jakina, ez dugu esan nahi frantses guztiak goizetik gauera ideia horrekin obsesionaturik bizi zirenik; hirietako artisau eta langile kaletarrek edo kanpañako baserritarrek, badakigu, mila eta bat kezka eta buruhauste izango zuten gogoan hori baino lehenago, ez dago horren gaineko azalpen luzeetan ibili beharrik; aldiz, elite politiko eta intelektualek badirudi besterik ez zutela buruan: nola eman ordaina Alemaniari, nola mendekatu ohore zapuztua. Bereziki Renanentzat gai gakoa da, bi arrazoirengatik: batetik, pentsalari alemanak izan dira aurreko hamarkadatan bere gidari intelektual nabarmenak, bai Filologia, Historia edo Antropologiaren arloetan zein Filosofian, zentzu orokorrean hartuta; hara, Renanek inoiz ez zuen ezkutatu Alemaniarekiko miresmena eta bere ametsik kuttunena izango zela bi nazioen arteko kolaborazio eta adiskidantza. Baina, eta hau da bigarren arrazoia, gerra etorri zen lehenengo eta erabateko porrota gero. Eta gero, gainera, bi estatuen arteko mugan zeuden bi eskualde historiko eder eta aberats, Alsazia eta Lorrena, Frantziari kendu eta Alemaniaren menpe geratu ziren sinatu zen bake-hitzarmenean. Ondorioz, umilazioa ez zen une zehatz bateko kontua izan, aitzitik, modu iraunkor batez perpetuatu zen, nazioaren saihetsean egindako zauri gaizto baten moduan, giroa kirastuz etengabe. Pentsa daiteke horrek aldaketa handi bat eragin zuela Renanen espirituan.

Ala ez? Betiko Renanek betiko moduan segitu zuen, eta kitto? Azurmendik orrialde asko dedikatzen dizkio arestian aipatu ditugun gai horiek guztiak azaltzeari. Egia esanda, atal honetan orain arte Azurmendiren arrazoibidea baino bestelako argibide orokorrei ekin diegu, bere azalpenak segitzeko ezinbestekoa delako Europaren historiaren oinarrizko ezagutza batzuk izatea, eta horiek aipatu nahi izan ditugu beste ezeren aurretik. Baina bada ordua gaiari bete-betean ekiteko. Dirudienez, zalantza egin daiteke Renanen baitan benetako pentsamendu-aldaketa bat egon zen (ikerle batzuk aldeztu omen duten bezala) edo azaleko aldaketa bat besterik ez den, arrazoi episodiko batzuk eraginda, sakoneko eraginik gabe. Azurmendik argi eta garbi bigarren aukeraren alde egiten du eta, dirudienez, hori da, baita ere, ikerle gehienen jarrera. Bi interpretazioen arteko aldea ez da makala: lehenaren arabera, posible da onartzea Renan pentsalari kontserbadore, are erreakzionario gisa (monarkiazalea eta legitimista), baina gaineratuz 1870eko gerraren ondoren nolabaiteko jira progresista bat entseatu zuela, posizio demokratikoetara hurbilduz; aldiz, bigarrenaren arabera Renan beti izan zen pentsalari kontserbadore bat eta, hortaz gain, oportunista lotsagabe xamarra ere, aldian-aldian iritzi publiko errepublikanoaren aurrean bere pentsamendua moldatzen baitzuen, ondo gelditzeko plantak eginez; baina une labur bateko trabestismo-operazio hutsak ziren, sakonean ezer aldatu gabe.

Bi interpretazio horien borroka-leku nagusia Parisko Sorbonan 1882ko martxoaren 11n eskaini zuen hitzaldi sonatua da, Qu´est-ce qu´une nation? izenburupekoa; bere testurik ezagunena dudarik gabe, hain ezaguna eta erreferentziala ezen euskarara ere itzuli den (Zer da nazioa?/ E. Renan; sarrera eta itzulpena Esteban Antxustegi Igartua, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2004). Testu hori da, kolokialdi esanda, bildotsaren ama Renani edo nazionalismoari buruz eztabaida guztietan. Iruzkintzen ari garen liburuan Azurmendik atal ugari dedikatuko dizkio haren analisi xehe-xeheari, eta baita ere aurrekari eta ondorioei. Orain okupatzen gaituen etapa honetan Azurmendik azpimarratzen du 1870eko hamarkadan Renanek segitzen duela aldezten monarkiaren berrezarkuntza eta aristokraziarekiko aliantza estua (errepublikanismoaren kontra, beraz), baina aldaketatxo batzuk entseatzen dituela, adibidez, arrazarekiko aipamenak, hain ozenak lehenago, orain lausotu egiten dira. Arrazoia begi bistakoa da: Alsazia eta Lorrena arrazaz alemanak dira (nolabait esanda), eta ez dirudi momentu ona iritzi publikoaren aurrean horrelako kontuei garrantzia emateko. Eta iritzi publikoa Renanek bereziki zaintzen zuen kontua da.

Dena den, hamarkadak aurrera egin ahala aldaketarako faktoreak pilatzen dira: adiskidantza franko-alemanean izan duen betiko esperantza gero eta gehiago zimeltzen da eta, aldi berean, errepublika sendotzen ari da Frantzian, balizko berrezarkuntza monarkiko baterako aukerak hastanduz. Ondorioa, gero eta gehiago burgesia urbano, laiko, kulturzale eta errepublikazalearen ordua dela, eta Renanek horretara moldatu behar duela famaren kriseiluaren argitan iraun nahi badu, baina, azpimarratzen du behin eta berriro Azurmendik, aldaketa guztiak azalekoak dira, sakonean beti bezala dirau: “Renanek inoiz ere ez baitu batere gogoko demokrazia” (215. or.). Iritzi horren alde, besteak beste gaian autoritate nabarmena den C. Digeoenen hainbat aipu egiten dira, adibidez, orrialde berean (215.a) jasotzen duen bat, bereziki kategorikoa. Ez dugu kopiatuko hemen.

Laburbilduz: Zer da nazioa? (1882) saiakera ospetsuan jasotzen dena neurri handi batean iritzi publikoaren aurrean egindako mozorrotze operazio bat da, Parisko orduko giroak eta iritzi publiko errepublikanoak eragindakoa. Zeren, besteak beste, Renan oportunista bat zen eta, gainera, frantses nazionalista dudagabe bat. Right or Wrong, my France, hori da atal bati (219-221 or.) Azurmendik ematen dion izenburu ironikoa. Eta hurrengo bi ataletan datoz bai “frontera naturalen” gaiaren analisia, zein nazionalitatearen printzipioarena. Kasu bietan Azurmendik garbi uzten du pentsalari frantsesek oro har, Renan barne, bi printzipio horiez egiten duten erabilera partidista eta desonesta: komeni zaienean eta komeni zaien neurrian inbokatzen dituzte, eta bestela ez. Oportunismo hutsa. Baina gaurkoz ere nahikoa luzatu gara. Hurrengoan helduko diogu eztabaidari.

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

 

 

Ilustrazioaren mitoa. Joxe Azurmendiren azken liburua (IV. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi

Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Euskaldunoi beti gustatu izan zaigu predikatzea. Txillardegik esaten zuen bezala (neuk hari entzun nion, buruz-buru) hau apaizen herria izan da beti. Bada, beti-beti ez dakit, baina XVI.mendetik aurrera kontaezinak dira euskal apaiz, fraide eta mojak, hainbeste non, erlijio katolikoa maldan behera sartu denean ere (XX. mendearen bukaera aldera) predikatzaile mota berri bat sortu zaigun, Europaren eta Ilustrazioaren predikatzaileak. Badakizue, progre militanteak. Tira, umorez hartu beharreko kontua da, ziur bainaiz webgune honen irakurle ia guzti-guztiak ere progreen lerroetan kokatzen garela, aldez edo moldez, eta batzuk biziki maite dugula predikatzea, hau ez bada, beste hori edo beste hura. Neure burua ezartzen dut zerrendaren hasieran, inor minduta senti ez dadin.

Eta aurrekoan esanda legez, une zehatz honetan dator Joxe Azurmendiren aizkorakada, galdetzen digularik mitoak eraisten hasita ea zergaitik ez diogun Ilustrazioaren mitoari ere igurtzi pare bat egiten, ea zer dagoen beti erakusten digun janzkera dotore horren azpian. Baina bere argudiobidea segituko dugu, lehenengo eta behin aipu erreduntate xamar batekin:

“Renan arrazista da: hitorialari gisa, orientalista gisa, filosofo gisa, arrazismoa erabili egiten du bere zereginetan, horretarako egokituriko arrazen teoria bat ad hoc adelatuz, komeni zaizkion nolanahiko baiespenez josia. “Garaiko artxibotik” ari da. Ia ebidentzia bat bezala erabiltzen du. Tradizio zabal, sakon errotu batean dago ere, eta hartaz eskrupulu barik baliatzen da. Todorovek idatzi duen legez, Renanengan aurkitzen duguna, ez da “les sédimentations d´une idéologie racialiste commune et anonyme de l´époque” baizik [“garaiko ideologia arrazialista arrunt eta anonimo baten sedimentazioa”] (itzultzailea, P.G.)]” (175. or.)

Horra, progreen heroi bat, Renan, berriz ere arrazista gisa pintatua, eta oraingoan T. Todorov bezalako autoritate dudaezin baten bermeaz (Todorov paristar intelektual tipiko horietako bat da). Zalantza batzuk sortu beharko lizkiguke progreoi, ezta? (Ez dezagun ahantz, hemen gehienok gara progreak, neurri handi edo txiki batean). Baina Todorovek ez dio hori bakarrik, baita beste hau ere: “Le portrait des Sémites fait par Hitler doit néanmoins beaucoup à Renan” (Todorov, aipatuta hemen: 176. or.) [“Hitlerrek semitez egindako potretak, haatik, asko zor dio Renani” (Todorov, itzultzailea, P.G.)]. Hitler aipatu digute, autoritate paristar baten eskutik, eta hain zuzen ere, ez betiko abertzale gaiztoak kondenatzeko, kristo guztiak espero izango zuen bezala (ohituta gaude danok), ez, horretarako ez, baizik eta Renanekin konexio zuzenean jartzeko! Ai amatxo maitea!

Baina hasi besterik ez gara egin. Gaia konplikatua eta bihurria da eta Azurmendik berriz ere erudizio-uholdeka erasotzen digu, olatuka, eta berriz ere katarata baten azpian bezala sentitzen gara, ura jaso-ta-jaso, eta arnasa hartzeko eta zerebroa martxan ipintzeko zailtasunekin. Saiatuko naiz uholdea ur-xirripa bihurtzen eta handik bizpahiru katilukada edaten, lasaitasunez; baina zuek ez ahaztu uholde batetik edaten ari garela. Has gaitezen aipu batekin:

“Tradizio ilustratua kontuz hartzeko kontua da. Hor dabiltza batzuk, Elizako santuak galdu dituztenean, Ilustrazioaren elizan santuak bilatzen. Voltaire, Kant, Marx, ordea, edo Renan, pentsatzaile handiak dira, ez pentsatzaile santuak. Espiritu kritikoz irakutzeko espiritu kritikoak dira. Maisu intelektual diskutigarriak, ez derrigor beneratzeko ereduak, gutxiena eredu moralak. Bi gauzok nahasten dituenak, hain zuzen arrazoimen kritikoaren irakasleak, fedearen eta debozioaren objektu bihurturik dauzka. Argien Mendearen ordezkari hoberik zein Voltaire baino? Hala ere, Voltaireren ederrak, propaganda “ilustratuak” egun eratxikitzen dizkion horeik ote dira, ala ez ote dira horietxek hain zuzen falta dituenak, eta berari bezala tradizio europar ilustratu osoari falta zaizkionak?” (176. or.)

Baina aski da. Puntu honetan utziko diogu Azurmendiren testua kopiatzeari eta, zuzenean (Azurmendik ez bezala) Jaun Done Voltaireren aipu batzuk txertako ditugu, irakurleak jakin dezan zertaz ari garen. Aipuak bere testinguruan ulerteko behar direla? Bai, noski, horretan ari da Azurmendi ere, baina geuk moztu eta soildu egingo dugu, apropos. Irakurle, ikara zaitez:

[Voltairentzat] beltzak, hotentoteak, etab., edo txinatarrak, etab., kuantitatiboki giza-jendearen gehien-gehiengoa, arras bestelako abere jendeak dira. Beltza, esaterako, da “un animal noir qui a de la laine sur la tête, marchant sur deux pattes, presque aussi adroit qu´un singe, moins fort que les autres animaux de sa taille, ayant un peu plus d´idées qu´eux, et plus de facilité pour les exprimer; sujet d´ailleurs à toutes les mêmes nécessités; naissant, vivant et mourant tout comme eux” (Voltaire, 179. or.)

[Beltza, esaterako, da “animalia beltz bat zeinak daukan artilea buru gainean, dabilen bere bi hanken gainean, ia tximino bat bezain trebe, bere tamainako beste animaliak baino makalago, beroriek baino ideia apur bat gehiago duelarik, eta erraztasun handiagoa haiek adierazteko, beharrizan guztiz berdinen menpeko bestalde; jaio, bizi eta hiltzen delarik beraiek bezala”](Voltaire, itzultzailea, P.G.)

“(…) Est bien difficile qu´Adam qui était roux, et qui avait des cheveux, soit le père des nègres qui sont noirs comme l´encre, et qui ont de la laine noire [ardiek bezala!] sur la tête” (Voltaire, 179. or.)

[“(…) Benetan zaila da Adam, ilegorria zena, eta ileak zeuzkana, izatea beltzen aita, beroriek direlarik tinta bezain beltz, eta artile beltza dutelarik [ardiek bezala!] buru gainean”] (Voltaire, itzultzilea, P.G.)

“Les Blancs sont supérieurs à ces Nègres, comme les Nègres le sont aux singes, et comme les singes le sont aux huîtres.” (Voltaire, 179. or.)

[“Zuriak beltzak baino goragokoak dira, hala nola diren beltzak tximinoak baino goragoko, eta tximinoak ostrak baino”] (Voltaire, itzultzailea, P.G.)

“La race des Nègres est une espèce d´hommes différente de la nôtre… on peut dire que si leur intelligence n´est pas d´une autre espèce que notre entendement, elle est très infèrieur. Ils en sont pas capables d´une grande attention, ils combinent peu et ne paraissent faits ni pour les avantages, ni pour les abus de notre philosophie.” (Voltaire, 179. or.)

[“Beltzen arraza giza-espezia desberdin batekoa da gurearen aldean… esan daiteke beraien adimena gure enteleguaren aldean beste espezie batekoa ez bada ere, oso azpikoa dela. Beraiek ez dira gai arreta handirik jartzeko, gutxi antolatzen dira eta ez dirudite eginak gure filosofiaren ez abantailetarako, ez gehiegikerietarako”] (Voltaire, itzultzailea, P.G.)

Lau aipu jaso ditugu, guztiak orrialde beretik. Ez dira bakarrak. Segitzen du, eta segitzen du, eta segitzen du… gogorrenari ere malkoak isuriarazi arte. Honez gero ez dakizu zer pentsatu. Voltaire, tolerantziaren maisu hori! Ederra maisua!

Baina, esango digu Ilustrazioaren fededunak bere azken lubakian gorderik, beltz afrikarrei buruzkoak dira horiek guztiak, bere testuinguruan kokatu beharrekoak, europarrokin desberdina zen… Bon, testuingurua bada ere jakitea Voltaire esklabismoaren aldezle argia zela eta beltzen trafikotik dirutza ederrak irabazia, baina, bada marka, juduei buruz oso-oso antzera pentsatzen zuen, apur bat aurrerago irakurtzen dugun beste aipu parrastada batean erakusten zaigun bezala. Aipu bakarra kopiatuko dugu, dena den:

“Vous ne trouverez en eux [juduengan] qu´un peuple ignorant et barbare, qui joint depuis longtemps la plus sordide avarice à la plus détestable superstition et à la plus invincible haine pour tous les peuples qui les tolèrent et qui les enrichissent.” (Voltaire, 181. or.)

[“Zuek ez duzue aurkituko beraiengan [juduengan] baizik eta herri ezjakin eta barbaro bat, zeinarengan bat egiten duen aspaldi-aspalditik zekenkeriarik okaztagarrienetik sineskeriarik hastiagarrienera eta, toleratu eta aberastu egiten dituzten herri guztienganako, gorrotorik garaiezinena”] (Voltaire, itzultzailea, P.G.)

Ez dugu segituko frogak pilatzen. Azken aipu batekin despedituko gara. Ez da Voltairena, ezta Azurmendirena ere, Léon Poliakov (1910-1997) historialari frantses ospetsuarena da. Izan ere, norbaitek pentsa dezake Azurmendik ikuspegi oker bat aurkeztu nahi izan digula, apropos. Bada, ikus dezagun zer dioen Voltairez arrazakeriaz eta antisemitismoaz dagoen autoritate intelektual prestigiotsuenetako batek:

“Pour l´historien, le paradoxe ou l´énigme présentés pour Voltaire est qu´il demeure dans la mémoire des hommes le prince des apôtres de la tolèrance, en dépit d´un impitoyable exclusivisme qu´on en saurait qualifier autrement que de raciste, et dont ses écrits témoignent autant que sa vie” (L. Poliakov, 185. or., 775. oinoharra).

[“Historialariarentzat, Voltairek paratzen digun paradoxa edota enigma da beronek irauten duela gizakien memorian tolerantziaren apostoluen printze gisa exklusibismo gupidagabe baten despit, zeina ez genuke jakingo kalifikatzen arrazistatzat baizik, beraren idazkiek bezala bizitzak beste horrenbesteko lekukotasuna ematen dutelarik”] (Poliakov, itzultzailea, P.G.)

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

 

Arrazakeria, Europa, Renan. Joxe Azurmendiren azken liburua (III. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi

Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Gaur iruzkinduko dugun zatian arrazismoaren gaia aztertuko du, luze, zabal eta sakon. Horretarako bederatzi atal beharko ditu, berak bi multzotan banatzen dituenak: lehenenean ohar orokor batzuk emango dizkigu XIX. mendeko pentsamenduaren gako nagusi batzuk azalduz, eta bigarrenean bete-betean sartuko da gaian, zazpi ataletan zehar.

Lehenengo atalak izenburu hau du: “Modernia, Historiaren garaia, filologiaren orena”. Atal laburra da eta XIX. mendeko bigarren erdiko zientziaren ezaugarri nagusi batzuk iruzkintzen dizkigu, gaingiroki: zientzia erlijio gisa hartuta agertuko zaigula, historiaren paper zentrala XIX. mendeko zientzian (“historia da zientzien zientzia” 88.or.) eta, hari horretatik tiratuz, filologoen paper gidaria ikerketa historikoetan. Hurrengo atalean, “Historia, Zientzia, Progresoa”, gai berberetan sakontzen segitzen du, progresoaren kategoria sartuz, eta batez ere bere arrazakeriari lehen hurbilpen bat eginez eta bere mendeko Frantziaren testuinguruan jarriz. Ildo horretan ikaragarriak dira 110-111 orrietan jasotzen diren aipuak eta komentarioak, bai beltz eta txinatarrei buruz, bai emakumeei buruz. Benetan beldurra eragiteko modukoak. Pare bat kopiatuko ditugu, iruzkinik gabe:

Qu´on se figure le spectacle qu´eût offert la terre si elle eût été uniquement peuplé de nègres, bornant tout à la jouissance individuelle au sein d´une médiocrité générale, et substituant la jalousie et le désir de bien-être aux nobles poursuites de l´idéal?” (Renan; 110. or.)

[“Imajina dezagun nolako ikuskizuna eskainiko zukeen lurrak baldin eta bakar-bakarrik beltzez habitatua balego, guztia mugatuz norberaren gozamenera erdipurdikeria orokor baten barruan, eta jeloskortasunak eta ongizatearen desirak idealaren eginbide noblea ordezkatuz?”] (Renan, itzulpena, P.G.)

Horra nola aipatzen dituen Renanek beltzak (“les nègres”), alfer alaenak norberaren jeloskortasun eta desira egoistez harandi joateko gai ez direnak (zuriak ez bezala, noski). Bada, txinatarrei buruz oso antzera (110. or.) eta, emakumeei buruz, zer esango dizuet, benetan latza egingo zaizue horrelakoak irakurtzea (111. or., 477. eta 478. oinoharrak). Azurmendiren ondorioa da jakina dela garai horretan denak zirela arrazistak, baina Renan bereziki arrazista zela. Emakumeei buruz ez du ezer esaten, baina ez da zaila antzerako ondorio batera ailegatzea.

Eta hemendik aurrera, hurrengo zazpi ataletan arrazakeria izango da aztergaia.

Arrazaren kontzeptua Renan baitan aztertzen da, sistematikoki. Arestian esan dugunez, indar handia egiten da baiestean testuinguru orokorra arrazista zela, baina gure protagonista bereziki arrazista, eta bere ekarpen handiena “arraza zurien” barnean bi adar handi bereiztea dela: indoeuropearrak eta semitak. Hori da bere ekarpen espezifiko nagusia.

Bereziki nabarmentzekoa, J.A. Gobineau (1816-1882) arrazakeriaren apostoluaren lagun mina eta guztiz irizkidea da. Baina egin dezagun aipu bat (ez da bakarra):

“Orain mitologia errepublikarra ez kirasteko, Gobineau bakarrik aipatzen da arrazismo frantsesaren aita zatar bezala, baina arrazismoaren sorrerako bi teoriko nagusiak Frantzian, A. Sudrek goiz asko erremarkatu zuenez, Gobineau eta Renan izan dira, biok “systématisant les vues et les recherches antérieures, ont élevé la théorie des races à la hauteur d´une philosophie de l´histoire, et lui ont démandé l´explication des plus grans faits religieux, moraux et politiques. Les interprètes les plus déterminés et les plus habiles de cette théorie sont, en France, MM. de Gobineau eta Ernest Renan.”” (118. or.).

[“biok, sistematizatuz aurreko ikuskera eta ikerketak, jasotzen dute arrazen teoria historiaren filosofia baten mailara, eta galdatzen diote egitate erlijioso, moral eta politiko handien azalpena. Teoria horren interpretatzaile erabakienak eta abilenak, Frantzian, Gobineau jauna eta Ernest Renan dira”] (Sudre, itzulpena, P.G.)

Garbi dago, Renan ez da bigarren mailako arrazista, Gobineauren pareko garrantzia duena baizik. Baina ez da bakarrik hori: Arrazak edo herriak eta hizkuntzak berdintzea esentzialismoa bada, zaila izango da Renan baino esentzialistagorik aurkitzea” (123. or.). Zeren arrazen arteko mailak bereizteaz gain, Renanek hizkuntzen artekoak ere argi eta garbi markatzen ditu, ez baitira berdinak, adibidez, hizkuntza indoeuroparrak eta semitikoak. Aipu bakar bat egingo dugu:

“Hizkuntza semitikoak “sont peu précises, et ne disent les choses qu´à peu près. Leurs formules n´ont pas cettte exactitude qui, chez nous, ne laisse point de place à l´équivoque”. Hasteko, hizkuntza semitikoen lexikoa—primitibo, materialista—ideia abstraktuak adierazteko ezgauza da, esperientzia materialen isla inmediatoa besterik ez baita.” (126. or.)

[“Hizkuntza semitikoak ez dira oso zehatzak, eta gauzak gutxi gorabeherak esaten dituzte. Beren formulek ez dute zehaztasun hori, zeinak gure artean ez dion inolako tokirik uzten erratzeari”] (Renan, itzulpena, P.G.)

Aipuak segitzen du Renanen hitzekin, baina hortxe utziko dugu. Konturatu zara, ezta? Hau da don Migel Unamunokoaren betiko matraka, euskarak ez du gaztelaniaren mailarik, hizkuntza primitiboa da, ez du balio ideia abstraktuak adierazteko, eta abar. Bada, Renan da topiko horien guztien guraso intelektual nagusietako bat, berak hizkuntza semitikoei buruz (hau da, hebraiera eta arabiera) esan zuena, beste batzuk euskarari buruz esan zuten, berdin-berdin edo oso antzera. Renanen ondoan H. Taine (1828-1893) dugu, bera bezala gaur egun oso ezaguna ez den pentsalaria, baina XIX. mendearen bigarren erdian egundoko prestigioa zuena; bada, hori ere arrazista argia eta Unamuno bezalakoen inspiratzailea.

Baina Renanen arrazismoaren espezifikoena, ziur aski, bere antisemitismoa da, erran nahi baita, arabeen eta juduenganako mespretxua (guri arraroa egiten bazaigu ere, bere begietan biak dira arraza beraren bi adar, oso antzekoak). Honela, “abismo bat dago arraza zurien eta beste guztien artean; eta berdin—beti Renanen hitzekin—abismo bat dago arraza semitiko eta indoeroparren artean ere” (138. or.). Kontua erredikuluraino luzatzen da, adibidez, “Jesus ez da judua, ez hura eta ez haren mezua ulertu duten juduen biktima baizik. Ariarrak dira Jesus ulertu dutenak”. Hain da estranbotikoa ezen baliteke aurreko aipua ondo ez ulertu izaneren sentzazioa izatea. Bada, ondo ulertu ez baduzue, apur bat geroago berriz zehazten zaigu: “Galilean zegoen arraza nahasketarekin, ezin da ziur jakin Jesus zein arrazatakoa zen, idatzi du Renanek; gauza ziur bakarra dago, deritzo Chamberlainek Renanen laguntzaz: ez zela arraza judukoa.” (139 or.). Dena den, hori izan baldin bada ere Renanen posizio klasikoa (“Au fond, Jésus n´a rien de juif”, 138. or.) bere zahartzaroan iritzia aldatu du: “Jésus était un Juif” (140. or.). Bere pentsamendua sakonki aldatu duelako, apika? Ez dirudi Azurmendik horrelakorik pentsatzen duenik; zeren aski da 151. orrian jasotzen diren aipu antisemita ikaragarriak errepasatzea. Apur bat luzea izan arren, kopiatuko ditugu zati batzuk:

“À l´heure qu´il est, la condition essentielle pour que la civilisation européenne se répande, c´est la destruction de la chose sémitique par excellence, la destruction du pouvoir théocratique de l´islamisme, par conséquent la déstruction de l´islamisme […] L´islamisme est la plus complète négation de l´Europe; l´islam est le fanatisme.” (Renan, 151. or.)

[“Gaurko orenean, baldintza esentziala europar zibilizazioa heda dadin, da ereduzko gauza semitikoaren suntsipena, islamismoaren botere teokratikoaren suntsipena, beraz, islamismoaren suntsipena (…) Islamismoa Europaren uko osoena da, islama fanatismoa da”] (Renan, itzulpena, P.G.)

“Moi, le plus doux des hommes, moi qui me reproche de ne pas haïr assez le mal, d´avoir pour lui des complaisances, je suis sans pitié pour l´Islam. À l´Islamisme je souhaite la mort avec ignominie.” (Renan, 151. or.)

[“Neu, gizonetan goxoena, neure buruari kargu hartzen diodana gaiztakeriari nahiko gorroto ez izateagatik, harekiko konplazentzia izateagatik, ni gupidagabea naiz islamarekin. Islamari desio diot heriotza laidogarria.”] (Renan, itzulpena, P.G.)

Herri semitiko oriental hauekiko mespretxua, jakina, Europarekiko goramenarekin osatzen da. Eta Europan, Frantzia. Baina ez edozein Frantzia ere, baizik eta Frantzia tradizionala, monarkikoa, aristokratiko-germanofiloa, ez Frantzia errepublikano eta herrizale-galiarra, Renan monarkikoa baitzen, legitimista, lehenago ere esan dugunez.

Arrazakeria, Europa, Renan. Hitzak pilatzen zaizkigu, aipu durduzagarriak irakurtzen ditugu, Azurmendiren ereduzio-uholdearen azpian jartzen gara eta kostatzen zaigu arnasa hartzea, non gauden ulertzea. Baina okerrena hurrengo zatian etorriko da. Okerrena izango da konstatatzea hango eta hemengo progreon mito nagusiak (Europa! Ilustrazioa!), alde ilun bat ere baduela, benetan triste eta iluna. Presta gaitezen okerrenerako, baina ez gaur, hurrengo batean baizik. Gaur jada asko luzatu gara.

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

 

 

 

Joxe Azurmendiren azken liburuaren iruzkina (II. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi

Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Lehenengo atalean hiru kapitulu daude, nolabaiteko sarrera orokorra gero liburuan zehar xehe-xehe tratatuko denari. Hori dela eta, honez gero aipatzen dira ondoko kapituluetan polikiago aztertuko diren hainbat kontu, baina fokoa beste nonbaiten dago beti: lehen atalean Euskal Herrian Renanez idatzi dena aztertzen da; bigarrenean haren bizitzaren nolabaiteko laburpena egiten zaigu; eta hirugarrenean haren bretoitasunaz hausnartzen da.

I.- RENAN EUSKAL HERRIAN

Kapitulu honetan errepasatzen du nola aipatua izan den Renan gure artean, lehenengo euskaraz, gero gaztelaniaz.

Euskarazkoen artean Villasante (maitekiro aipatua) azpimarratuz “beharbada zerbait harrigarriagoa Unamuno eta Baroja berak Villasanteren ez oso urruti aurkitzea da Renani buruzko aburuetan Jesusi eta kristologiari dagokienez.” (16. or.). Kuriosoena Joxe Lasa Apalategi da, jeltzale klasiko bat, zeina 70etako bueltan dagoeneko oso goraki aintzatzen duen (harrigarria beharko luke hemengo antinazionalistentzat). Segidan Lopez Adan eta Ludger Mees aipatzen dira, diskretuki, eta Jon Suduperen txanda, zorrotz epaitzen delarik: ikuspegi topiko funtsgabea, nazionalismo frantses-aleman dikotomian funtsatua. Eta ondoren Esteban Antxustegi iruzkintzen du, oraindik zorrotzago: lehenengo Bitarte aldizkarian atera zuen artikulu bat eta gero EHUko argitaratutako Zer da nazioa (2004) itzulpena, bere eskuko sarrera luze batez hornitua. Zaila da kritika latzagorik egitea: behin eta berriro nabarmen uzten du Antxustegirena Andres de Blas irakasle unibertsitari donostiarraren beste hitzaurre baten (¿Qué es la nación? 1987) kopia dudagabea dela, aitortu gabea eta batzuetan txarto eginda (“hemen ere originala aldrebes itzuli dizu eta” 29. or., edo Antxustegiren patchworkean handik eta hemendik harturiko hainbat testu inkoherente bilbatzen da, hala zaila baituzu ideia garbi bat ateratzea” 81. oinoharra; baina gogorrena oinohar berean dago: “Dena dela, Antxustegi jauna ez da ideia hauen erruduna, horiek kopiatzearena baizik.” 81. oinoharra, 30. or.). Hortaz gain, jakina, nabarmen uzten du Renanez duen ezjakintasuna.

Ondoren, gaztelaniazko testuekin hasita, Andres de Blasen testu hori bera iruzkintzen du, labur, eta baita Javier Villanueva, Jose Ramon Rekalde eta I. Alvarez Dorronsoro. Ez gara ñabarduretan sartuko; hauek apur bat hobeto ezagutzen dute Renan eta ez diote txeke zuririk ematen, baina harrigarriro, argumentazioan baiesten dutena gehiago edo gutxiago (haren arrazakeria, antidemokrazia, etab.) ondoriotan ez da jasotzen, berriz ere nazionalismo onaren ispilutzat agertzen baita. Tartean, paragrafo bat Jon Juaristirentzat, hola laburbil daitekeena: “”Arraza linguistikoaren” kritika egiten dizu (zuzena), ageri-agerian utziz berak Renan irakurri ez duena (antza M. Olenderen lanaz aprobetxatzen da” (36. or.).

Bukaeran, bi ondorio:

batetik, nazionalismo frantses-alemanaren dikotomia ospetsu horigaian sartzeko kantinela obligatua da gaurko akademian (39. or.) eta horrek abertzaleengan ere du eragina: “hainbeste mailukatu digute buruan, azkenean denok etortzen gara, ulertzera ez, baina bai aitortzera dogma hori, eta denok jausten gara topikoan” (39. or.),

eta bestetik, topiko hori erabat faltsua eta funtsgabea da, zeren “ez dago nazioaren kontzeptu bat, bakarra, hurbilketa kontzeptual diferenteak baizik. Ez dago nazionalismoA [sic], nazionalismoak baizik; ez dago nazioaren eta nazionalismoaren teoria unibertsal batik, teoria partzialak baizik, diferenteak, eta denak ez derrigor eurozentrikoak.” (41. or.).

Azken hori pisu handiko ondorioa da nazionalismoaren kontzeptualizazioan.

RENAN PARISEN

Atal luzea, funtsean Renan bizitza eta lanen errepasoa. Oso arin eta atseginez irakurtzen da, Azurmendiren estilo zalu eta argia lagun. Nota bat behin eta berriro nabarmentzen du: Renanen oportunismo intelektuala eta bere gorazaletasun mugagabea, mota orotako hautsi-mautsi intelektual eta pertsonaletara daramatena, arazorik gabe. Katolikotasunetik laizismora, legitimismotik errepublika zaletasunera bonapartismotik pasatuz. Dena den, beti frantses burgesia laiko eta ordenuzkoaren ordezkari arketipikoa da. Gehien nabarmentzen duen liburua haren lehen liburu handia da, zinezko best-sellerra bere garaian, Vie de Jésus (1862) [Jesusen bizitza]. Ikaragarri ondo idatzia eta, batez ere, Frantzian gero eta indar eta garrantzi handiagoa duen burgesia laiko eta ordenuzko batek behar zuena. Ez da ikerketa baten ondorio, baizik eta aleman filologia eta teologiaren aurkikundeen laburbilduma eta aurkezpen ederra, hori bai, bere aportazio pertsonal ugariez hornitua. Arazoa da aportazio pertsonal horiek, funtsean, Renanek berak imajinatutakoak direla, ez ezelako ikerketaren ondorio: Renanek ez du ikertzen, asmatu egiten du” (52. or.) eta “Kritikoek, gisatasun literarioa goratu adina, seriotasun zientifikoa beheratu diote obra honi” (54. or.).

Ondorioz, ezin esan liburu hori (Jesusen bizitza) benetan katolizismoaren kritika balios bat denik, ezta hurrik eman ere. Funtsean nobela bat da eta bere balioa inon baino hobeto ikusten da konparatzen bada aldi berean Nietzsche Alemanian argitaratzen ari zen liburuekin: egundoko aldea dago!

Azpimarratzen diren beste kontu batzuk: zientzia erlijio bihurtzen du, arrazista da, antisemita deklaratua, kolonialista, Errepublikaren kontrakoa (funtsean legitimista bat izango da beti) baina karanbola bitxi baten ondorioz III. Errepublikaren heroi intelektuala bilakatua (erlijioaren kritika dela-eta). Orobat, Zer da nazioa konferentzia ospetsuan kontsezio bat egin nahi izan dio Errepublikari eta iritzi publikoari: “Parantesi bat baino ez da izango bere obran; kontzeptu oinarrizkoenak betiko esanahietara itzuliko dira. Konferentzia famatua nolabait damu aitortza publiko bat da eta aldi berean iritzi publiko errebantxistari arrazoi emate bihurritu bat […] Men egite bat ordena berriari: esker onezko erreberentzia Errepublikari. Renan abila da holako kamuflaje operazioetan; bakarrik, horkoan nabarmentxo gelditzen den kamuflajea dela. Larrua aldatzeak ez du barrua aldatzen.” (70.or.).

ARRAZA BRETOIAREN ESPIRITUAZ

Kapitulu honetan ez naiz luzatuko. Esplikatzen duena, funtsean, da Bretainia bere jaioterriari dion atxekimentua, oportunista eta, aldi berean, bere arrazakeriaren erakusle bihurtzen dena, Volksgeisten erabilera arrunta tarteko. Honela bukatzen da:

Guri interesatzen zaiguna: literatura, erlijioa, etc., baita sentimendu barrenkorrenak ere, Renanek arraza kategorietan ulertzen ditu. Lehengo obretatik haren heriotzeraino, momenturen batean gutxietsi bezala egin nahiko du, baina arrazaren kategoria zentrala da eta beti hala geratu da haren pentsamenduan.” (86. or.)

Ondorio orokor gisa: esango nuke hiru kapituluek ez dutela lotura argi bat beraien artean, pertsonaiari aurkezpen orokor bat egiteaz gain. Eta hemen, dagoeneko, bete-betean agertzen zaigu Azurmendiren saiakeren ezaugarri nagusietako bat: olatuka hurbiltzen zaio gaiari, alegia, pentsamendu, analisi eta erudizio-olatuen bidez. Badirudi aurrez trazaturiko plan bati segitzea baino nahiago izaten duela gogoa libre utzi eta haren hegaldatze kapritxosoari segitu. Edo, beste metafora bat erabiliz, guk mutikotan ikusten genuen indio eta bakeroen pelikuletan bezala, bere pentsamenduek eraso egiten digutela olatuka, hala nola erasotzen zuten indioek bakeroen (edo soldado urdinen) lerro mehea, olatuka lehenengo, zirkulu konzentriko etengabeak eginez ondoren. Neurri batean inpresio faltsua da: azpitik bada logika sendo bat argudiobidea gidatzen duena, baina erudizioa uholdeka datorkigunez gero, iparra galtzeko arriskua dugu sarri. Dena den, hondartzan bainatzen garenean bezala, bata bestearen ondoren datozkigun olatuok atsegina besterik ez dute sortzen, niri behintzat.

Argazkia: http://ow.ly/J7NQM 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3