ETAri BEGIRA KRONSTADTetik

Ez da erraza ETAri buruz hitz egitea. Gutxiago oraindik idaztea. Eta, hala ere, ETAri buruz asko idazten da. Zergatik? Bi arrazoi nagusi daude horretarako nire uste apalean, batetik sentsazionalismoa, bestetik nazionalismo espainolaren egitarau politikoaren eragina. Gaur iruzkindu nahai dugun liburua, bistan da, ez da zio bi horietako ezeinekin lerratzen, baina hura aztertzeari ekin aurretik garrantzitsua iruditzen zait bere testuinguruan kokatzea, liburua ondo ulertzeko ezinbestekoa baita gaur egungo testuingurua kontuan hartzea, testuinguru hori erabat kontrakoa, are etsaia, denez gero, egilea apur bat ezagutzen duen edonork erraz atzemango duen bezala. Eta argi esan dezadan: liburu berezi baten aurrean gaude, bete-betean giro nagusiaren eta kultura hegemonikoaren kontra argitaratu den liburu bat baita beherago iruzkinduko duguna. Hemendik aurrera saiatuko naiz azaltzen baieztapen multzo horien oinarrian dauden arrazoiak.

liburua
1. irudia: “Biolentzia politikoaren memoriak” liburuaren azala.

Lopez Adan, Emilio: Biolentzia politikoaren memoriak: 1967-1978, Baiona: Maiatz, 2014, 390 or.

Sentsazionalismoa da gaur egun ETAri buruz idazten den gehienaren arrazoi nagusia, itxura akademikoagoa dituzten liburuak barne. Arrazoia oso sinplea da: gure gizarte kontsumista eta mendebaldetarrean iskanbilak dirua ematen du (saldu egiten da komunikabideetan), eta ETAren inguruko albisteek, analisiek, edonolako kontsiderazioek, iritzi publikoaren arreta erakartzen dute oso erraz. Beraz, dirua irabazteko baliatu daitezke, aldez edo moldez. Mundu akademikoa ere ez da giro horretatik kanpo bizi: ezaguna denez, azken hamarkadatan unibertsitatearen merkantilizazio-prozesu batean sartuta gaude, gero eta gehiago, eta irakasle eta ikerlariek, intelektual bokazioa ez dutenek barne (horiek ziren lehen komunikabideak monopolizatzen zituztenak) gero eta ahalegin handiagoak egin behar dituzte beren ikerketak, beren azterketak, beren karrera akademikoa, finean, merkatu akademikoan saltzeko. Zer hobeagorik inpakto mediatiko handia duten lanak kaleratzea baino, horrek berehalako eragina baitu gizartean eta laster hasten dira kongresu, jardunaldi, mintegi eta abarretan parte hartzeko gonbidapenak, liburu eta artikuluak idazteko eskaerak, zuzentzen dituzten ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak, eta abar. Merkatuaren legea da, gure gizarte kapitalista honetan gero eta zabalagoa, gero eta sakonagoa, gero eta gordinagoa. Mundu akademikoa barne.

Baina Espainian bigarren faktore bat dago ETAren inguruko albiste, azterketa eta lan akademikoak sustatzen dituena: nazionalismo espainolaren programa politikoa. Ezaguna denez nazionalismo espainola da, gaur egun, estatu mailako indar soziopolitiko nagusia, krisi ekonomikoaren inpakto suntsigarriari ongien eutsi dion ideologia, beste indar tradizonal guztiek baino askoz ere hobeto: katolizismoaren inguruko mugimendu soziala, edo langileen erreibindikazioen aldekoa, edo progresoaren ideiaren inguruan antolatzen dena… hiru horiek izan dira, nire ustez, XX. mendean espainiarren masak mugimendu soziopolitiko zabal eta indartsuetan antolatzeko gai izan diren ideologia nagusiak, nazionalismoak (espainola eta lehiakide dituen besteak) alde batera utzita. Bada, hiru horiek oso motelduta daude gaur egun eta, aldiz, nazionalismo espainolak inoiz baino indar handiagoa eta leku zentralagoa hartu du Espainiako gizartean. Inoiz baino trinkoagoa da, inoiz baino antolatuagoa, eta bere lehiakide tradizionalak (arestian aipatu dugun hirukotea) inoiz baino motelago daude. Ikusi besterik ez dago, adibidez, nola PPk berriki ez duen batere arazorik izan abortoaren inguruko gaia agenda politikotik baztertzeko, hots, katolizismoaren inguruan antolatzen den masa soziala alde batera uzteko, ia-ia inolako kosturik gabe. Esanguratsua.

Bada, nazionalismo espainolak, azken bi hamarkadatan, ETA bihurtu du bere leitmotiv nagusia. ETA arbuiatzea, garaitzea, porrokatzea, suntsitzea. Ez da gauza harrigarria; urrunago joan gabe, nazionalismo frantsesak Alemania izan zuen, hamarkada luzetan, leitmotiv kohesionatzaile eta mobilizatzaile nagusi; edo, Estatu Batuetan, komunismoaren kontrako borrokak (SESB, Txina, Kuba…) bete zuen antzeko papera. Adibide gehiago jar daitezke, baina aski delakoan nago. Bai Frantzian zein Estatu Batuetan nazionalismoak lortu egin zuen gizarteari bere hegemonia ezartzea, hamarkada luze-luzetan kontsentsu sozial oso zabala erdietsiz. Espainian ere azken bi hamarkadatan nazionalismo espainolak bere hegemonia inposatu du ETA leitmotiv nagusi gisa erabiliz, kontsentsu sozial izugarri zabala lortuz eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera. Egun oso-oso zaila da ETAren gaineko diskurtso ofiziala zalantzan jartzea, hala nola oso zaila zen, adibidez, AEBn komunismoaren gaineko diskurtsoa zalantzan jartzea 50etan, haren kontrako arbuio militantea gizartearen kohesioaren faktore nagusietako bat baitzen.

Kontsentsu sozial hori mundu akademikora ere ailegatzen da, eta sentsazionalismoarekin lotutako faktoreek (goian zehaztu ditugunak) indartzen dute sektore honetan ere. Indar biek, sentsazionalismoak eta nazionalismoak, elkar elikatzen dute. Eta, hortaz gain, gauza jakina da nazionalismo espainolaren ideologoek aspaldi dekretatu zutela ETAren kontrako borroka ez dela amaitzen erakunde horren disoluzioarekin; aitzitik, ETAren kontrako borroka ideologiko etengabe bat eraman behar dela eskolan, komunikabideetan, gizartean, unibertsitatean, elizetan, hots, kontsentsu soziala sortu eta garatzen den inguru guztietan, terrorismoaren mamua behin betiko desagertarazteko. Beraiek memoria historikoa deitzen diote. Askotan bezala, termino ohoragarri baina anbiguo xamar batek asmo politiko zehatzak mozorrotzen ditu, zeren nire ustez nazionalismo espainolaren hegemonia soziala eta programa politikoa finkatzeko, betetzeko eta iraunarazteko tresna baten gisa erabiltzen baita oso sarritan. Testuinguru horretan ETAren gaineko ikerketa unibertsitarioak paper garrantzitsua jokatzen du eta eskuzabaltasunez ordaintzen da, mila eta bat modutan.

Bada, testuinguru horretan ETA aztertzeko (hots, kondenatzeko) saioak etengabe ugaritzen direnean, Lopez Adanen liburua guztiz kontrako giroan jaio da: euskaraz eta ETA kondenatzeko inolako asmorik gabe. Aitzitik, hura ulertzea du helburu esplizitutzat, ulertzea termino historikoetan hiz eginda, alegia, kondenatu gabe, historialari profesional askok betidanik defenditu izan duten terminoetan (behin baino gehiagotan entzuna nago era horretako kontsiderazioak ikasle nintzela unibertsitatean, alegia, uler dezagun nork eta zergatik hil zuen Julio Zesar, ekintza etikoki epaitzen hasi gabe). Ondorioz, sentsazionalismorik ez, Historia baizik, eta nazionalismo espainolaren esparrutik erabat kanpo. Non gaude, beraz? Zer dugu esku artean?

Azken ohar bat. Bereziki ohartarazi nahi nuke ez dudala azterketa edo ikerketa oro zaku komun batera bota nahi, testuinguru orokor bat marraztu baizik, zeinetan banan-banan aztertu beharrekoak diren guztiak, errazkerietatik ihes eginez. Hartara, unibertsitari edo ikerlari batek sinatutako testu batean faxismo, totalitarismo, extermino edo are, genozidio bezalako terminoak ikusten baditugu, haiek erabiltzeko eskaintzen diren argudiobideei eman beharko diegu arreta, horiek haztatuz eta epaituz banan-banan. Eta horren arabera eman gure iritzia kasu bakoitzean. Inongo argudiorik ez badago, ezin izango da oso aldekoa izan, jakina.

Baina ekin diezaiogun behingoz aipagai dugun liburuari, hitzaurre luze hau amaitutzat jota. Bi oinarriren gainean idatzita dagoela esango nuke: bat, egileak testigantza pertsonal bat eman nahi du ororen buru, berak bere begiekin ikusitakoa kontatuz, nolabait esanda (uler bedi metaforikoki, ez literalki, baina beti hurbiletik), eta bi, memoria horrek dimentsio historiko bat izango du, alegia, denboraren lerroan jarriko gara eta gertakari bakoitza, pertsonaia bakoitza, data zehatz batekin lotuko dugu, beti; izan ere, zentzugabea da ETA bat eta beti berdina izan dela defenditzea, aitzitik, ETA aztertzea haren historia aztertzea da (izan behar luke), eta histora hori apurketaz, hausturaz eta zatiketaz beterik dago, etengabe azkar eta sakon aldatzen joan den erakunde baten barruan. Bai, sigla berberen azpian errealitate oso desberdinak egon daitezke. Egon dira. Liburu hau konstatazio horretatik abiatzen da eta, tarte zehatz bat hautaturik (1967-1978) ETA tarte horretan zer izan zen deskribatu nahi du. Ulertu, ez kondenatu. Eta ulertzeko ariketa hori, Emilio Lopez Adanek oneski aurrera daramana, bere burua ulertzeko saioa ere izango da, hein berean. ETA ulertu eta bere burua ulertu, horra egilearen asmoa, iparra. Agian, gaineratuko nuke neure aldetik urrats bat gehiago eginez, garai zehatz horren azterketa egoki batek ETA gero izan zenaren giltza batzuk ere eskain ditzakeela pentsatzen du. Batzuk bakarrik, dena den.

emilio-600
2. irudia: Emilio Lopez Adan.

Blog honetan beste askotan egin dugun bezala, ez dugu liburua zehatz-mehatz laburtuko, ezta ere tesi nagusiak aztertu eta eztabaidatuko. Aldiz, nire arreta erakarri duten alderdi batzuk aipatzeaz konformatuko gara. Lopez Adanen arrazoibidea konplexua baita, eta ez da erraza osorik tesi bat edo gutxi batzuren barruan errenditzea. Orobat, gaia biziki zaila da eta ez dut nire burua gai ikusten gaur eta hemen ezer auzitan jartzeko. Liburua arretaz irukurri ondoren zintzotasun intelektual osoz ari dela esango nuke, argi eta garbi; hortik aurrera, betoz espezialistak (ni ez naiz horietakoa).

Lehengo eta behin, egitura. Harrigarriro, “memoriak” berak (hots, liburuari izenburua ematen dion atalak) 146 orrialde besterik ez dute betetzen, erdia baino gutxiago. Beste guztia eranskin luze bat da, garai horretako 41 dokumentu biltzen dituena (ETAren beraren dokumentuak edo inguru jendearen analisi politikoak dira gehienak). Lehen parteak sekuentzia kronologiko argi bati segitzen dio, gertakariak eta analisiak kontakizun bakar baten barruan integratuz, eta hala ere ez da irakurtzeko erraza (analisia beti gailentzen zaio narrazioari) baina bigarren parteko eranskinean 41 dokumentuak zein bere aldetik irakurri behar dira. Franko astuna suertatzen da. Ondorioz, ez gaude militante baten anekdota loriosak, eredugarriak, barregarriak edota penagarriak airoski kontatzen dituen oroitzapen-liburu baten aurrean (aski bakanak dira mota horretako pasarteak), benetako azterketa historiko baten aurrean baizik. Eta azterketa horren iparra, erabateko lehentasuna, gorago esana dugu, gertakariak bere testuinguru historiko zehatzean kokatzea da: orduko hitzak, orduko datak, orduko giroa, bere horretan ematea, gaur eguneko iragazkitik pasatu gabe, jakin gabe oraindik gero zer izango zen ETA, zertan amaituko zuen. Badu akats nabarmen bat ere: eranskineko dokumentuen jatorria ez da beti guztiz ondo zehazten, eta hori eragozpen bat da haiek kidekatu nahiko lituzkeen edonorentzat.

Bigarren ohar azpimarragarria: biktima guztiak banan-banan izendatzen dira, bakoitza bere izenarekin, noiz hil zuten (data zehatza), zein testuingurutan, zergatik (zein terminotan erreibindikatu edota justifikatu zen, ETAren aldetik edo poliziaren aldetik). Atentatu guztiak ez dira berdinak izan, poliziaren ekintza denak ere ez, batak bestea elikatzen zuen urte haietan, beraz, ikus dezagun zein izan zen lehena, nola sortu zen gurpil zoroa. Eta hemen konstatazio ezohiko bat: errelato bakarrean bildu dira ETAren biktimak eta poliziarenak, modu bereizezinean. Izan ere, Lopez Adanentzat prozesu historiko berberaren protagonistak dira guztiak. Lekutan dago, beraz, gaur egun ohikoa bihurtu zaigun erralato estandarra, hots, ETAren krimenen kontakizuna eta hura justifikatzen zutenena. Nire uste apalean hemen dago liburu honen berezitasun handiena: prozesua bere osotasunean ulertu nahi du, aurreiritzietatik edo aldez aurreko kondenetatatik hastanduz, ETA diktadura faxista baten testuinguruan sortu baitzen, hori da bere historiaren lehen datua, harrigarriro gaur egun apenas aipatzen dena. Ez ote da garrantzitsua? Bego.

argala
3. irudia: Argala.

Hirugarren ohar aipagarria da egileak marrazten digun mapa ideologikoa: ETA barruko talde desberdinak, barne-borrokak, zatiketak, banaketak, deskonfiantzak, trikimailuak… Eta magma konplexu horretatik hamarkadaren amaiera aldera trinkotzen eta nagusitzen den milien talde gogorraren sorrera eta garapena, borroka ideologikoetatik aski autonomo. Jakina baita ETAren barruan aldi zehatz honetan hiruzpalau zatiketa handi gertatzen direla, eta erakunde batek baino gehiagok erabili zuela ETAren izena aldi berean. Azkenean, 1980a ondo pasatuta (liburu honen analisietatik kanpo, beraz) bat bakarra geratuko da, komunzki ETA (m) deitzen duguna. Bada, ETA zer zen ulertu nahi badugu (eta ez soilik kondenatu), oso garrantzitsua da talde horiek guztiak banan-banan aztertzea eta beren garapena eta berezitasunak zehazki marraztea. Orobat, talde desberdinen arteko borroka ideologikoak eta zatiketarako arrazoiak, haien ondorioak, eta abar. Ez da hori egileak liburu honetan bere gain hartzen duena (luzeegia litzateke) baina bai, berriz ere, prozesu osoa bere konplexutasunean aurkeztea. Horri lotzen zaio. Neuk neure aldetik bereziki azpimarratuko nuke Lopez Adanek Argalari  ( Jose Migel Beñaran, 1949-1978 ) ematen dion garrantzi erabakigarria: milien taldearen benetako ideologo eta antolatzailea, hark taxutu zituen gero hamarkadaz hamarkada iraungo duten egitarau politikoa eta egitura militarra. Egia ote? Ez dakit. Esanguratsuki, gure egilearen kontakizuna Argalaren heriotzarekin amaitzen da, 1978an, eta nolabait aditzera ematen digu inork ez dakigula Argalak lideratutako ETA batek hortik aurrera segitu zuen bidea segituko ote zuen. Baina agian ez naiz guztiz zehatza izan, Lopez Adanek ez baitu hitzez hitz horrelako ezer esaten; hala ere nire espirituan galdera hori geratu zen dindilizka memorien atala bukatu bezain laster. Galdera egokia ote da?

Laugarren oharra testuinguru sozial eta intelektualari dagokio. Jakina denez, garai hartan inor gutxik kondenatzen zuen borroka armatua edo, egokitzat ikusten ez zutenak ere (EAJk edo PSOEk, adibidez) oso urrun zeuden gaur egun erabiltzen duten hizkeratik. Zer esanik ez, intelektual progresista edo iraultzazaleei (orduan guztiz gehienak giro akademiko gazteetan) ez zitzaien burutik pasatu ere egiten ETAren jarduna kondenatzea; aitzitik, erregimen faxista baten kontrako borroka legitimotzat jotzen zen, dudarik gabe, eta hala egiten ez zutenak erregimenaren kide, konplize eta kolaboratzailetzat hartzen ziren, edo gaitasunik gabeko diletantetzat. Beste hitz batzuetan esanda, nire uste apalean orduan biolentzia kondenatzea gaur egun ez kondenatzea bezain zaila eta zentzugabea izango zen giro gehienetan, bereziki unibertsitatean: kontsentsu zabala zegoen biolentzia iraultzailearen legitimotasunaren inguruan, bere komenigarritasunaz gorabehera (horretaz iritziak askoz ere banatuago zeuden). Gauzak, jakina, asko aldatu ziren handik urte batzuetara eta oso-osorik aldatuta daude gaur egun. Nola esplikatu beharko genuke aldaketa hori? Zeren ezagutza historiko minimo bat duen edonori guztiz anakronikoa begitandu behar zaio besterik gabe gaur egungo egoera frankismo garaira proiektatzea. Esango nuke arazo hau oso kontuan hartu duela Lopez Adanek, baina ez dio ia-ia lerro espliziturik eskaintzen, zanbait alusio solte eta labur alde batera utzirik. Horren ordez, gorago esan dudan bezala, orduko giroan zentratzen da eta irakurlearen esku uzten du nork bere ondorioak ateratzea. Azertu bat, ziur aski.

Bosgarren oharra eta azkena. Memorien atala eta, areago, eranskin dokumentala arreta apur batez irakurtzeko lana hartzen duen edonorentzat oso nabarmena da urte haietan ezkerreko militante antifrankista aktibo gehienek zuten sinesmen sakona: Iraultza gertatzear zegoen, laster, oso laster gertatuko zen, eta ezinbestekoa zen abagadunea profitatzeko prest izatea. Hain zuzen ere abagadune horren etorrera bizkortzeko edota horretara hobeto egokitzeko proposatzen ziren estrategia edota taktika aldaketa asko, haserreak, borrokak eta zatiketak eragiten zituztenak. Berriz ere azpimarratuko dut anakronikoa dela gure egungo egoera eta guztiz gehienen usteak, aurreikuspenak eta sinesmenak urte haietako militanteen gain proiktatzea, haiek guztiz bestelako balio eta aurreikuspen batzuen arabera bizi baitziren. Eta ez militanteak soilik, gizartea bera ere, ziur aski, beste gako batzuen arabera mugitzen zen. Noiz hasi zen aldaketa? Zergatik ETA ez zen gai izan prozesu sozial hori ulertzeko eta hartara egokitzeko? Liburu honetan inplizituki egiten diren galderak iruditzen zaizkit horiek, erantzun errazik ez dituzten galderak. Nik neuk behintzat ez dut erantzun argirik ezagutzen.

Ohar pertsonalago batekin bukatuko dut. Denok dakigunez, Emilio Lopez Adan “Beltza” anarkista da eta iritzi horretan finkatu zenetik, hain juxtu ere liburu honetan aztertzen den garaiaren bukaeran (gutxi gorabehera) tinko eutsi die bere ideia nagusiei, alegia, askatasuna ororen buru eta edozein botereren kontrako mesfidantza osoa. Liburu honetan behin baino gehiagotan inpresioa izan dut Kronstadteko marinelek partidu boltxebikeari begiratzen zioten bezala begiratzen diola berak ETAri, edo beste modu batean esanda, marinel haiek egin zuten oinarrizko galdera, galdera klasikoa mundu osoan XX. mendean zehar, beste behin paratu nahi izan duela gure historia propioari egokituta: posiblea da alderdi iraultzailearen antolaketa demokratikoa?

Ez legoke esan beharrik, baina esan egingo dut badaezpada, mende hasierako Errusiaren eta frankismo bukaerako Euskal Herriaren arteko aldeak oso-oso handiak dira eta, besteak beste, hemen ez zen iraultzarik gertatu; orobat, ETA alderdi boltxebikearekin erkatzea iradokikorra izan daiteke, baina modu argiki mugatu batean baino ezin daiteke egin. Hala eta guztiz ere, esango nuke baita ere, galdera haizean igeri geratzen zaigula denoi, eta nik neuk behintzat eskertzen diodala Beltzari hura berriz ere egiteko zintzotasuna eta ausardia. (Kronstadteko Matxinadari buruzko oinarrizko informazioa gaztelaniazko Wikipedian aurki daiteke, sarrera luze eta oso dokumentatu batean, hemen ; azpiko irudia ere handik hartua da).

Kronstadt_attack
4. irudia: Ejerzito gorriko tropak Kronstadt erasotzen.

Eta azken baieztapen bat: liburu hau ETAri buruz inoiz egin den analisi bikainetako bat da nire uste apalean. Jakina, horrek ez dakar bere tesi guztiekin bat egitea, baina oso kezkagarria litzateke giro akademikoetan ignoratua eta ezereztatua izatea. Izango ote du irakurlerik? Nekez. Euskaraz dago eta, gainera, euskal kulturaren munduan bertan marjinala den argitaletxe batean agertu da (Baionako Maiatz). Eta hala ere egileak honetan ere erabaki du main stream-aren kontra igeri egitea. Esku artean hartzen duzunean, irakurle, jakin ezazu liburu bitxi eta bikain bat duzula esku artean, gutxi bezalako bat. Zorionekoa zara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude