“Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015), liburuaren aipamenaren amaieran, hona hemen azken gogoeta eta ondorioak.
Gure herrian hizkuntza eta kultura aldetik bizi den populazioaren aniztasuna eta askotarikotasuna konstatatzetik abiatzen da:
“Badira, besteak beste, bertan nahiz atzerrian jaiotako hiritarrak eta bertan nahiz atzerrian jaiotako hiritarren ondorengoak; badira, euskaraz egiten ez dakitenak, euskaraz egiten dakitenak, euskaraz jakin arren, batez ere, erdara erabiltzen dutenak edota euskaraz hizketan jakin arren, idazten ez dakitenak; eta badira, halaber, bai gizartean prestigiozko tokiak dauzkatenak bai zeinahi botere gunetatik urrun bizi direnak.
Orok du Espainiaren eta Frantziaren eta Euskal Herriaren arteko menderakuntza/subordinazioari buruzko nolabaiteko kontzientzia eta, testuinguru honetan, jendea hainbat eratan sentitzen da interpelaturik bere herri identitateari eta hizkuntzei buruzko harremanen sarean” (349).
Ramon Zallok Kulturaren Euskal Planaren koordinatzaile gisa formulatu zuen diskurtsoak gorago aipatutako interpelazio horiei erantzun nahi ziela dio, kulturari buruzko diskurtsoak, gehienetan, herritartasunari buruzko diskurtsoak izan ohi direlako. Eta Euskal Plan horren puntu giltzarritzat honako hau jotzen du:
“Diskurtso honek euskaldunagoa/ez hain euskalduna bereizketari kosta ahala kosta zirrikiturik ez uztearen printzipioak hauspotzen du eta, ildo honetan, besteak beste, euskaraz egiten duena euskaraz egiten ez duena baino euskaldunagoa dela baieztatzea arbuiatzen du”, eta horri honako kritika hau egiten dio: “aurreikusten duela Euskal Herriko nortasun eta hizkuntzaren normalizazioa erdaldunen premia identitarioak asetzetik bakarrik eratorriko dela eta, aldiz, euskaldunen behar identitarioak ez dituela zaintzen, ezpada gaitzetsi.
Esan gabe doa euskaldunagoa/ez hain euskalduna planteamendua bera erdaratik dagoela pentsatua eta erdaldunaren beldurrak adierazten dituela. Beldur hauek bi motatakoak izan ohi dira (…) alde batetik, euskaldunagoa/ez hain euskalduna horren bazterketarekin bere burua espainol/frantses herritartzat duen populazioaren errekonozimendua bilatu nahi da, abertzaletasunaren partetik eta euskaldunen partetik, berriz, euskaraz ez dakiten abertzaleena” (350).
EAEn hegemonikotzat jo litekeen diskurtso horren alde makurrak zein dira:
“Horietan garrantzitsuena da, adierazi bezala, euskaldunaren identitate premiak gaitzesten dituela. Beharbada abertzale erdaldunari begi-bistakoa iruditzen zaiolako, diskurtso honek ez du aintzakotzat hartzen euskaraz egiteak zentzu bat behar duenik. Euskara erabiltzen duenak, hau da, espainolaren habitus-ari uko egiten dionak, funtsean, hala jokatzen du euskara euskalduntasunaren funtsa dela uste duelako, euskal identitatea eta euskararen erabilera gauza bera direla ulertzen duelako.(…)
Euskal Herriko erdaldunek euren identitatearekin eta hizkuntzekiko harremanarekin problema bat daukatenik ukatzea erdaldunen taldearen hegemoniarekin eta euskaldunen taldearen subordinazioarekin loturiko zerbait da”.
Problematika hori begirunez lantzeko baliagarri izatea nahiko lukeen bi termino bitxi samar aurkezturik ematen dio amaiera bere lanari: incolak eta diasporak.
Eta horrela azaltzen ditu: “Hizkuntzarekiko harremanaren eta arroztasun sentimenduaren inguruan eraikitako dikotomia da, euskara erdigune sinbolikoan ipintzen duena. Incolak, euskaraz egiteak norbera bere lurrean arrotz nola bihurtzen duen adierazten du; diasporak, berriz, euskaraz ez dakien “euskaldunaren” izaera diasporikoa, euskararen lurraldean bizirik, hizkuntzarekiko bizi duen erbestea. Bi termino hauen arteko dialektikan, helaraz litekeen diskurtsoa da diasporek erdararen erbestea utzi ahala hasiko garela incolak geure herriko sentitzen” (350-351).
Bibliografia ugariz hornitua dago. Beste hainbat puntu jakingarri ere baditu, labur-beharrez bazter utzi ditugunak.
Aurreko atalak:
- Cultura vasca vs. euskal kultura (I)
- Cultura vasca vs. euskal kultura (II)
- Cultura vasca vs. euskal kultura (III): Txilladergi eta Ramón Zalloren diskurtsoak