Pako Sudupe
Ibai Iztueta Azurmendik lan mardula eta irakurtzea merezi duena egin du, “Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015), galdera honi erantzun nahian: “Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainolez edo frantsesez ere bai?”. Lau zatitan banatu du, eta gure asmoa artikulu honekin lan horren lagin batzuk aurkeztea da, eta irakurtzea gomendatzea.
Lehen zatian, aurrekari eta abiapuntuaz ari dela, aditzera ematen digu delako galdera horri erantzuteko akuilu eta ezten Euskal kultura eta nortasuna XXI. mendearen hasieran (Baxok et al., 2006) lana izan duela. Hiru arrazoi hauengatik: 1. Eusko Ikaskuntzak babesturiko argitalpena delako, erakunde horrek duen izenarekin; 2. Euskal kulturaren gaia XXI. mendearen hasieran kokatzen duelako, eta 3. Egileak eta arduradunak prestakuntza akademiko bikainekoak direlako.
Alabaina, hori irakurrita, liburua Eusko Ikaskuntzak oniritzitako lanaren oihartzun eta iruzkin eta erresonantzia-kaxa izanen dela pentsatzen duenak huts egingo du; izan ere, hartan hautemandako planteamendu okerrek daramate egilea berea idaztera, haiek zuzendu edo berbideratu nahiak. Hona hemen hari egiten dion kritika orokorra:
“…ez duela “kultura” nozioaren adiera ugaritasuna menperatzen; aitzitik, esan liteke kultura nozioaren adiera aniztasunak lanaren gogoeta ildoa zurrunbilo batean nahasi eta haren norabidea baldintzatzen duela. Ez du kulturaren ikuspegi erreifikatua gainditzen eta kultura hainbat elementuz edo osagaiz –horietako erdiak-edo, tradizioari nahiz folkloreari lotuak, gainera–, osaturiko “gauza” bat bailitzan aurkezten da” (14).
Eta kritika zehatzagoetara etorriz:
“Nahiz eta euskal kultura delakoaren, nortasunaren edota hizkuntzen egoera interpretatzeko lehen mailako datua izan, Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estatuek azpiratua eta horien menpeko izatea isildu edo, gutxienez, ikuspegi zientifiko batetik onartezina zaigun puntu bateraino erlatibizatu egiten da lan honetan. Aipatzen dira bai, beste eragin batzuekin nahasturik, “estatuek bultzaturiko akulturizazioak” (Baxok et al., 2006: 155), baina honezkero gaindituriko gertaerak balira bezala emanez, ez da kontuan hartzen alderdi hori gaur egun egiazko eragina duen faktore bat dela.
Ildo horri jarraiki, talde-lan horretan, halako bi azpi-munduren arteko continuum bat deskribatzen da, non erpin batean nortasuna euskaltasunaren inguruan eratzen duten nortasun “sendoak” leudekeen, eta beste erpinean, berriz, nortasuna erdaltasunaren inguruan eratzen dutenak. Aldiz, bi ertzak lotzen dituen continuum-a osatuz, bi azpi-munduen adierazpen eta ezaugarri ia guztiak bere egiten dituen nortasun “malguak” bereiziko lirateke. Honela, Iparraldean eta EAEn nagusi den nortasun malgu hau integratzailea ei da eta bere adierazpenean bitarikoa: “euskal herritarrena gehi estatuarena” (Baxok et al., 2006: 153). Ez hemen aurkezten den bezala baina, continuum-aren ideiak merezi duela uste dugu egoera konplexuak deskribatzeko. Alabaina, estatu espainol eta frantsesak euskal herritarrei herri izaera bera espreski ukatzen dieten egoera batean elebidunak diren euskaldun abertzaleak eta elebakarrak diren nazionalista frantses eta espainolak maila berean jartzea eta, gero, balizko bi mutur hauen artean, zer eta, estatu nortasuna eta eskualdekoa adierazten dituen “nortasun malgu eta bitarikoaren” irtenbidea aipatzea, falazia benetan txundigarria begitatzen zaigu.” (15-16).
E. Baxo eta gainerakoen lan hori kritikatzearekin batera, bere lanaren nondik norakoaren eta ikuspegi nagusiaren berri ematen digu argi eta garbi sarreran bertan:
“Laburbilduz, hortaz, euskal kultura zer den zehaztea ez da auzi “zientifikoa”, hain gutxi kuantifika litekeen zerbait, baizik eta diskurtsiboa eta ideologikoa. Gure gogoeten abiapuntua ikerketa kulturalen eta diskurtsoaren analisiaren eremuan kokatzen da (…).
Beraz, ahaleginduko gara arrazoitzen, lehenik, euskal kulturaren eta hizkuntzaren arteko harremanari buruzko galdera planteatzea bera Euskal Herriak estatu espainiarrarekiko nahiz frantsesarekiko daukan subordinazio harremanak baldintzatzen duela, eta, bigarrenik, enuntziatuen indar performatiboagatik, galderari baietz ala ezetz erantzuteak euskararen normalizazioan ondorio zuzena duela. Bigarren puntu honi dagokionez, zehazki, erantzunak estrategikoa izan behar duela proposatuko dugu, hau da, Euskal Herriko hizkuntzarekiko harreman ezberdinen testuinguruan batzuetan baiezko borobilaren eta, beste batzuetan, ezezko erlatibozko erantzunen arteko dantza ematea komeni dela arrazoitzen ahaleginduko gara. Esan nahi baita, helburua ingurune erdaldunduko erdaldunak euskararen ezagutzara hurbiltzea bada, ezezko erlatiboa aldeztuko dugu, euskal kulturarekiko identifikazio[a] sustatu eta bide horretatik euskararen ezagutzari ere bidea ireki diezaioten; aldiz, helburua ingurune aski euskalduneko elebidun abertzaleen artean erdararen erabilera normalizatuari bidea itxi eta euskararen erabilera sustatzea bada, erantzunak baiezko borobila izan beharko duela defendatuko dugu” (16-17).
Argitze ideologikoaren beharra (VI. atala)
Liburuaren bigarren zatian esanguratsuentzat VI. atal hau jotzen dugu, argitze ideologikoaren premiaz diharduena.
M.N. Jausorok bere tesian –La práctica discursiva y el interdiscurso. Una propuesta metodológica para la investigación social del euskera. 1997. Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa–, euskarak gizartean duen lekuaren arabera, bi mundu bereizten ditu: espainolaren atxikimendu komunitatea, eta euskararena. Espainolaren komunitate afektiboaren diskurtsoa trinkoa eta sendoa da, baina euskararena ez; batetik, atxikipen komunitate berean bi hizkuntza-komunitate ari direlako, eta, bestetik, euskarari zor zaion lekua gizartean argitu eta adostu gabe dagoelako.
Euskarak gizartean bete behar duen lekua argitzeko etsairik handiena euskararen aldeko ideologia bera tabu bihurtu izana da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun euskara politikarekin eta ideologia konkretu batekin lotzea txarra dela, euskarak alderdi guztiek onarturiko ondasun komun bat izan behar duela.
Ildo horretan, esanguratsua da Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzuaren buru den Mikel Zalbidek “klarifikazio ideologiko argiaren” beharra azpimarratzea 2011ko lan batean, hots, euskararen aurrerabidea soilik etorriko dela euskaraz bizitzeko hautua egin eta hizkuntza eguneroko bizitzan txertatuko duten elebidunen eskutik –“Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka” in BAT soziolinguistika aldizkaria, 79/80, otsaila-martxoa. Andoain. 13-152 orr.–, baina non paratuko ohar axola handiko hori eta 140 orriko idatzi mardulean oin-ohar xume batean, ez idatziaren gorputz nagusian. Adierazgarria oso, ezta?
Gai horretaz zenbait hausnarketa egin ondotik, ondorio hauetara heltzen da:
“Argitze ideologikorik emango bada, beraz, ezinbestekoa da euskararen despolitizazio ideologikoa gaindituko duen politizazio egoki bat aldarrikatzea. Horregatik, kritikoki aztertu beharrekoak dira hizkuntzaren despolitizazio politikarekin lotu izan den erakargarritasunaren ideiaren eta estrategiaren aldeko apustuak eta bestelako diskurtso eta estrategiak baztertzeak berarekin daramatzan ezinak. Izan ere, esan bezala, erakargarritasunaren diskurtsoari lepora lekiokeena da oposizio faltsu eta elkorrak elikatzen dituela, hain zuzen ere, hizkuntzaren biziberritzea kale itxira daramatenak, inplizitoki eta automatikoki, erakargarria eta askea ei dena arbuiagarri eta inposiziozko ei denari kontrajartzen dion markoa birproduzitzen duelako” (165-167).
Patxi Baztarrikaren, Iñigo Urkulluren eta Markel Olanoren diskurtsoak aztertu eta gogoetatu ondotik, kontsiderazio hauek egiten ditu:
“Izan ere, menderakuntzazko harremanen baitan erakargarritasunaren diskurtso edo estrategia soilik baliatzeak duen beste ahulune handi bat indar harremanak faltsuki inbertitzekoa da. Zeren eta gobernu autonomiko bati dagokion subordinaziotik formulatzen denean, erakargarritasuna[ren] aldarrikapena menderatzailearen taldeko sentitzen denaren begitan, subordinatuaren onargarritasun erregu bihurtzen baita. Erakargarritasunaren diskurtsoa bereziki euskararekiko indiferente, uzkur eta, are, erasokor ageri diren hiritarrei zuzendua dago. Gertatzen da, ordea, erdararen aldeko atxikimendu komunitatearen erantzuna bilatzeak badituela bai bere ordainak bai bere mugak. Hala, arrazoirik ez da falta planteatzeko euskararen eta euskaltasunaren arteko loturari uko egiten dion diskurtso hegemoniko honek, abertzaletasunaz kanpoko sektoreetan euskararen aldeko neurri politiko batzuk hartzeko unean halako tolerantzia formal eta zalantzati bat jasotzearen truke, ez ote duen abertzaletasunaren baitako soziologian hizkuntzarekiko atxikimenduaren neutralizazioa ekarri, hau da, ez ote duen, abertzaletasunaren parte bati dagokionez, paradoxaz, euskararekiko erakargarritasuna epeldu” (169).
Erakargarritasunaren diskurtsoak eta estrategiak baditu bertute ukaezinak, noski, borondate onaren erakusle delako, eta borondate ona bizikidetza osasungarriaren lehen baldintza, baina mendekotasunezko indar-harremanak eta hizkuntza-politika estatalak erkidegoetakoekin gurutzatzen direneko testuinguruan, diskurtso hori errekonozimendu, asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten du Ibai Iztuetak.
Asertibitatearen diskurtsoak, berriz, bi dimentsio ditu; batetik, herri dimentsioa, herri izaeran oinarriturik euskararen erabilerari ematen dio bultzada, eta, bestetik, gizarte mailan, euskararen ezagutza orokorraren, unibertsalizazioaren eskaera normalizatzen du; eta, betoari buruzko diskurtsoak agerian utziko luke euskaraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea ez dela norbanakoaren eskubide bat aldarrikatzea, baizik eta auzo dugun hiritarrak euskaraz egitearen aurkako betoa ezartzea, hau da, euskaraz egin nahi duen auzoarekiko gutxiespen jarrera mantentzea.
Iruzkinak (3)