Orain zer? Zein da hurrengoa?

AEBak aparteko egoeran egon dira 1971tik, non urre-estandarrak dolar-estandarri utzi zion lekua. Harez geroztik, erdigunea soil eta bakar bat egon da ekonomia globalean, AEBetako Fed-en (Erreserba Federala) eta Altxor Publikoaren menpe. 2008ko krisiaren ondoren, non Quantitative Easing (QE-1) martxan egon zen, Wall Street azaldu da nagusi AEBetako ekonomian eta, oro har, ekonomia globalean. Hala ere, esparru global horretatik BRIC herrialdeek (Brasil, Errusia, India eta Txina) beren bidea egin dute. Kasu, Txinan, barneko arazoak egonik ere, nazioarte mailan soberakindun herrialde ahaltsu gisa agertu da. Hori dela eta, AEBek barruko egitura ekonomikoari begiratu eta kontuan eduki barik, Txinari berari bote diote AEBetako ekonomiaren egoera txarraren errua. Kontua da, txinatarrek asko ikasi dutela aspaldi honetan.


AEBetan erreskatea izeneko diru laguntza erraldoia ezagutu genuen 2008an[1]. Aparteko diru laguntza hori bankuetara joan zen, ez inbertsio ukigarrietara. Badaezpada, errepikatu beharra dago: kredituak luzatuz, zorra handituz doa. Izan ere, zor orokorra areagotu zen nonahi. Eta baten batek zor hori ordaindu behar du.


Gaur egunean ‘quantitative easing’ (QE-2) delakoaren bidez, antzeko erreskateak ikusten ari gara. Printzipioz, QE erabil daiteke diruaren interes tasak jaitsiz[2], mailegu gehiago lortzeko asmoz. Baina AEBetan kontsumitzaileek eta enpresa txikiek eta ertainek ez dituzte horrelako maileguak erabiltzen, beren jabegoak ekitate negatiboan daudelako. Hortaz, kreditu (merke) horiek espekulatzaileek usatzen dituzte atzerrian negozioak egiteko, kasu, Europako Batasunean (EB). Hori dela eta, jadanik existitzen den FIRE (Finance, Insurance and Real Estate) sektorean inbertitzen dute, beste Ponzi eskema bat puztuz: aktiboko inflazio horrek ekonomia zor menpeko deflaziora eramaten du, jadanik ikusi dugunez eta honezkero jakina izan beharko lukeen moduan. Prozesu horretan bankuak dira irabazleak, banku handiak. Lehendabizi galtzaileak izan diren banku berberak, oso handiak izanik eta ekonomiarako ‘beharrezkoak’ (sic) direlakoan, diru-laguntzaren bitartez (ekonomia bera ez hondoratzeko aitzakoarekin!), irabazle bilakatzen dira. Fenomeno hori nonahi ikusi dugu: orain EB-ri tokatzen zaio.


Egoera horretan, non FIRE sektorea nagusi den, QE-ren erabilera berria zenbait ekonomialarik salatu dute (ez gehiegik): W. Mosler[3], R. Wray [4] eta M. Hudson[5].


EBri dagokionez, aspaldian idatzi genuenez[6], “Nonahi Greziaren kasua aipatu da. Baina oso sinplista da euroaren arazo sakona soilik Grezian jartzea. (…) Italia, Irlanda eta Espainiar estatua antzeko egoeran daude defizit publikoari eta kanpo-zorrari dagokienez.”


Hori horrela izanda, Randall Wray-k zenbait proposamen aurkeztu zituen EB-rako[7], baina kasurik ez. Greziaren gainbehera ikusi dugu. Orain Irlandaren txanda da. Zein izango da hurrengoa? Segur aski Portugal, eta gero Espainia (una, grande y libre). Ez dago dudarik. Ez dago inolako domino-eraginik. Merkatuak ez dira zoro bilakatu. Ez. Politika ekonomiko eta monetario zehatz batek eraman gaitu egoera honetara. Eta beste neurriak hartzen ez diren bitartean (ikus goian aipaturiko Wray-ren proposamenak) jai daukagu, zeren EBko herrialdeak, bata bestearen atzean, ildo beretik joango baitira.


Erreskatea aipatzen duten bakoitzean, ez da ahantzi behar diru-laguntzak atzera itzuli behar direla, hots, diru laguntza horiek zorrak ere badirela. Beraz, nork ordainduko du zorra? Bankuek ala herritarrek? Beste aldetik, EBko politika makroekonomikoa ezagunegia da: austeritatea gehi inbertsio publikoa eta gastu sozialak murriztea, horrek dakarren langabeziarekin. Paradisu ofizial berria gure begien aurrean dago. (Paradisu zaharrez hobe lehenbailehen ahanztea.)


Ortodoxiak Keynes berpiztu nahi du. Ongi, hobe hori ohiko monetarismoa baino. Baina Keynes ez da nahikoa. Izan ere, Keynes-ek ezagutu zuen kapitalismoak ez dauka inolako zerikusirik gaur egungo finantza-kapitalismoarekin, non FIRE sektorea handituz joan den, non kredituak sektore horretan usatzen baitira eta ez inbertsio ukigarrietan.


(Bien bitartean politikeroek aspertu egin gaituzte beren hitzaldi zaharkituekin, topikoz eta gezurrez beteriko berbekin. Ezkerretik ere deus gutxi entzuten da, hitz ponposoak baino ez -‘sozialismo berria’, ‘sozialismo identitarioa’,…-, alegia, edukirik gabeko berbak.)


Finantza-sektoreak ekonomia erreala gailendu du, eta jadanik jakina izan beharko duenez, ekonomia erreal hori da martxan jarri behar dena, FIRE delakoaren inguruko ekonomia epe motzeko mozkin itzelak lortzeko fikzio hutsa baita. Eginkizun horretan langileria berriak eta enpresari berriek, biek, asko daukate esateko, eztabaidatzeko eta martxan jartzeko. Izan ere, beraien aliantza estrategikoa gauden putzutik atzeratzeko giltza da, puntu garrantzitsuenetarikoa. Eta aliantza horrekin batera, politika fiskal egokia, gobernuak bultzaturiko inbertsio publikoak eta gastu sozialak (erretiro planak barnean) babestea (inolaz ere, murriztea) eta abar luzetxo bat: ekonomia misto berri bat da etorkizuneko apustu nagusia, hitz potoloekin zer ikusirik ez duen ekonomia berria.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude